2008-01-31

Galdeketak, emaitzak eta Iñauteriak

Iritsi da azkenean ostegun gizena! Eta honekin batera parranda egiteko eta neskatxaren batengana hurbiltzeko aukerak handiak dira.

Gure taldeko hiru ehiztarien artean bakoitzak bere taktika erabiliko du, barraren alde batean, barraren beste aldean edota etxerako bidean.

Guzti hori kontutan izanda Blog-eko bisitarien ustez fruitu gehien emango dituen taktika txupitoa eskuan duela Sparrow kapitainak barraren babesean erabiltzen duena izango da.

Iñauteriek izango dute azken hitza. Ondo pasa!

2008-01-30

Laskorain-Euskadi sub´21-Ibarra triangeluarra

Gaur, arratsaldeko zazpiretatik aurrera, Usabalgo polikiroldegian Laskorainek, 21 urtez azpiko Euskadiko selekzioak eta Ibarrak adiskidantzazko triangeluar moduko partidu bat jokatuko dute. Ez da guztiz triangeluarra izango, hots, selekzioak tolosaldeako bi taldeen aurka jokatuko baitu, baina azken hauek beraien artean ez.

Partida, datorren astean Galdakaon ospatuko den 21 urtez azpiko autonomien arteko txapelketarako prestakuntza bezela prestatu dute bi klubeko ordezkariek eta Juanan Rodriguez eta Cesar Roca, euskal herriko konbinatuaren gidariek.

Gogoratu behar da, selekzioarekin Beñat Telleria laskoraindarra arituko dela (bizkarreko lesioak uzten badio, behintzat), eta arazo ezberdinengatik uko egin behar izan dieten Mikel Arribillaga atezaina (azterketak) eta Jon Otxoa (lana) ere entrenatzen izan direla. Argi dago, beraz, ikastolakoek kanterako lana zaintzen dutela.

Iñauteriak baldintzatuko duten bi aste hauetako saioetarako bixigarri bat da hortaz gaurko partida eta zaletuari zein jokalariei atsegin egingo zaienaren esperantzarekin gaude.

2008-01-28

Laskorainek 6 eta 2 hartu zuen mendean Usabalen Bilbo Exbasa talde bizkaitarra

Denboraldiko hamabigarren garaipena poltsikoratu zuen Laskorainek kalderero egunez Usabalen eta 37 punturekin zakuan sailkapeneko hirugarren postuari gogor eusten dio liderrarengandik hiru puntutara. Ikastolakoek ez zuten errukirik izan iaz azpitxapeldun amaitu zuen Bilbo Exbasarekin eta 6 eta 2 gailendu ziren nagusitasun osoz.

Partidak, bigarren erdiko hasierako minutuetan ezik, Laskorain izan zuen jaun eta jabe. Horitxoek joko hobea erakutsi zuten orokorrean eta bilbotarren puntu ahulak agerian ipini zituzten. Zilarrezko mailan lehiatzen duen klub bateko filialari dagokion bezala kalitate tekniko handiko jokalariak ditu Bilbo Exbasak, baina lanerako eta ahaleginerako prestutasun eskasekoak, partidak irabazteko kalitatea edukitzeaz gain korri ere egin beharra dagoela oraindik ulertu ez duten horietakoak.

Alonsoren mutilen garaipena hasieratik antzeman bazen ere, bitxia eta korapilatsua izan zen bere bilakaera. Hasteko, bilbotarrek lehen zatian izandako gol aukera bakarrean partidako estraineko gola sartu zuten; eta egia bada ere atsedenaren aurretik, Saldias kapitain eta pitxitxiak lehendabizi eta Yustosekin batbikoa eginda Otxoa ibartarrak segidan, 2 eta 1-koa ipiniko zutela, horitxoentzako ez ziren oraindik arazoak amaituko.

Aldageletatik irtendakoan Bilbotarrek beraien bertsiorik onena eman zuten eta lan eskerga egin behar izan zuen Domentxe horitxoen atezainak 2 eta 1-koari eusteko. Bilbotarrek gainera oparia lortu zuten azkenean: kontraeraso bat ekiditeagatik epaileek Giller expulsatu baitzuten, bi minutuetarako edo berdinketararte etxekoak bat gutxiagorekin utziaz kantxan.

Baina opari honek amanita phalloides batek baino pozoin gehiago izango zuen Exbasakoentzat. Domentxe, Gil, Amatriain eta Barriolak aparteko ikustaldia eman zuten bi minutu horietan eta bat gutxigo izan arren, golik ez jasotzeaz gain partida erabaki zuten Barriolaren bi golei eskerrak. Minutu zirraragarriak izan ziren oso, baina unerik zirraragarriena parrafo oso bat merezi duen Barriolaren bigarren gola suertatu zen.

Barriolak, defentsan pase marra bikain presionatuaz, baloia berreskuratu eta kontraeraso bizkorra burutu zuen atezain bilbotarraren aurreraino iritsiaz eta jokalari txarrak, ertainak, onak eta jeinuak bereizten dituen trantze horretan, Unaiek baloia bere bizkarretik gora jaurtiaz (ez gara nahastu… ondo esan dugu… bizkarretik gora jaurtiaz) puxika bat marraztu zion atezainari, txapela kentzeko moduko gola sareratuaz. Zaletu guztiek zutik ipinita txalotu zuten sekula ahaztuko ez duten gola, Rio de Janeiroko Copacabana hondartzan edo Cirque de Soleileko emanaldi batean ote zeuden galdetuaz bata besteari.

Ondoren Barriolak bere hirugarrena sartuko zuen, hat-tricka sinatuaz eta Saldiasek bere bigarrena, azken minutuan iritsiko zelarik bilbotarren 6 eta 2-koa. Arratsalde errepikaezina igarota, oso pozik irten ziren Usabaldik laskoraindar protagonistak: Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Domentxe, Amatriain, Giller, Barriola, Saldias, Gil, Otxoa, Murgi, Zubillaga, Yustos, Telletxea, Urko eta Beñat Led jokalariak. Aipatu, debutatu ez bazuen ere, Led filialeko kapitaina goiko taldearen deialdian egon zela lehendabizikoz. Aspalditik merezi zuen sari hau.

Eski

2008-01-25

Bigarren itzuliari itxaropentsu ekingo dio Laskorainek

Bihar, arratsaldeko seiretan, bigarren itzuliari emango dio hasiera Laskorainek Zilarrezko mailan aritzen den Bilbo Exbasa taldearen filialaren aurka.

Ohi denez, azpiko taldeak, goikoa ornituko dutenaren jokalariz osatuta beharko luke, baina kasu hontan, urte hasieran makina bat jokalarik beste talde batzuetara jo zuten. Hori izan daiteke, alde batetik, talde bilbotarraren egoera txarraren arrazoietako bat. Bestea, entrenatzailearengandik jokalariak jasan behar izaten duten etengabeko presioa eta ardura.

Dena den, ikastolakoek ere badute buruhaustekorik: hiru jokalari lesionatuta eta Mikel Arribillaga "pedigree"-a zigortuta. Deialdia, hortaz, azpiko jokalariekin osatu beharrean aurkitu da Jorge "Mourinho" talde gidaria, honako hauek kolore gris-horiak defenditzeko ohorea izango dutelarik: Alonso Urko, Amatriain, Barriola, Domentxe, Elustondo, Murgi, Otxoa, Saldias, Telleria, Zabala eta Zubillaga.

Esan, aurretik ikastolakoen aurreko gonbidatu bat izango dugula, Ibarrako Lauburuk Usabalen jokatuko baitu lauretatik aurrera. Beraz, atsalde pasa polita egiteko parada dezute.

2008-01-21

Laskorainek 4-1 irabazi zuen UZ S.COOP taldearen aurka jokatutako derbia

Joan den astean Gipuzsala, Nazional B mailako lider berriaren aurka galdutako norgehiagokaren ostean, berriro zutitu eta derbi berri bati ekiteko aukera izan zuten tolosarrek larunbatean UZ S. Coop. taldearen eskutik. Emozio eta dardaraz beteriko norgehiagoka eskeini zuten bi taldeek Usabalgo polikiroldegira hurbildutako zalegoaren aurrean, eta emaitzaren zabaltasunak bestelakorik pentsa arazi dezakeen arren, azken unerarte besorik jeitsi ez zuen arerio gogor baten aurka erdietsitako garaipena sinatu zela baieztatzea da egin daitekeen aitormenik egokiena.

Norgehiagoka berehala ipini zen maldan gora etxekoentzat, bi ateetan gertatutako zenbait jokaldi arriskutsuren ostean Urretxukoen markagailura igo bait zen estraineko gola kontraeraso bikain bati esker. Telleria zilarrezko beltxargak eta Barriola puxika margolariak dena den, berehala jaregin zuten taldeak ordurarte bildutako tentsio guztia, elektronikoak 2-1-eko emaitza isladatuko zuelarik aldageletarako bidean.

Bigarren erdian, aukera garden ugari gozatu ahal izan ziren bi ateetan, gehienak Alonsoren mutilen sinadura zeramaten arren, emaitzaren estutasunak eta Urretxukoen atzaparkada arriskutsuek ez zuten erlajaziorako txartelik baimentzen oraindik. Norgehiagokaren minuturik zailenetan, Domentxe atezaina, “Def Leppard” musika talde famatu berberak ere fitxatuko lukeen “rockero” zaharra alegia, arduratu zen ikastolakoen atean segurtasuna ezartzeaz.

Amaierarako 3 minuturen faltan, Saldias taldeko kapitain, birika eta goleatzaileak, dotoretasunez ezarri zuen 3-1-ekoa eta azken minutuan, Zabala gazteak, zendu berria den Bobby Fischer maixu errespetagarriaren omenez, behin betiko “xake-mate”-arekin itxiko zituen arratsalde lanpetsu baten truke lorturiko laskoraindarren hiru puntuak.

Garaipen honi esker, hirugarren postuan eta 34 puntutako pilaketa mardularekin bukatu berri dute tolosarrek lehen itzulia. Datorren astean Bilbo Exbasa, zilarrezko mailan aritzen den taldearen filiala izango dute bisitari ligako bigarren txanpari hasiera emango dion partiduan.
Larunbatean Usabalen, Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Domentxe, Barriola, Ekhi, Amatriain, Saldias, Murgi, Otxoa, Telleria, Telletxea, Zabala, Yustos eta Urko izan ziren garaipenaren protagonistak nagusiak.
Amatri

2008-01-18

Historiako lehen itzuli onena lortzeko parada

Halaxe da. Lerro buruak dioen bezela, inoiz Laskorainek maila eta garai honetan izan dituen puntu gehien lortzeko aukera du.

Lehen itzulia amaitutzat emango duen jardunaldiak, Urretxuko U.Z.S. Coop. taldea ekarriko du Usabalera bisitari larunbata arratsaldeko seiretatik aurrera ekingo zaion partidan.

Goierriko taldea sailkapeneko postu erosoetan dago, hobe egongo zen bere irregulartasunaren ondorioz ez balitz, baina ezin ahaztu dezakegu Zierbena liderrari puntutxo bat urratzeko gai izan den talde bakarrenetakoa dela. Beraz, ikastolakoak adi ekin beharko die norgehiagokari.

Horretarako Jorge Alonso entrenatzaileak ezingo du Arribillaga eta Gil jokalariekin kontatu, lehena zigortuta eta bigarrena lesionatuta bai daude. Gainera, azken ordurarte ezingo da argitu Telletxeak jokatu ahal izango duen bere txonkatila dela eta.

Beraz, deialdia honela geratzen da: Alonso, Amatriain, Barriola, Domentxe, Murgi, Otxoa, Saldias, Telleria, Yustos, Zabala eta Zubillaga.

2008-01-14

Laskorainek 3 eta 2 galdu zuen Astigarragan Gipuzsalaren aurkako derbia

Nazional B txapelketako norgehiagokarik erakargarrienetako bat jokatu zuten Laskorainek eta Gipuzsalak pasa den larunbatean Astigarragan. Aurrez behinik behin, neurketak kirol honek maila honetan izan dezakeen glamour guztia biltzen zuen: sailkapeneko hirugarrena eta bigarrena nor baino nor, Kirolgiren babesarekin igoera helburu duen Gipuzsala proiektua ikastolakoen harrobiaren aurka alegia, derbi baten saltsa eta pay per view ordutegia, arratsaldeko zortziretan hasi baitzen partida.

Egia esan neurketak kirol arloan espero zitekeena eman zuen eta Astigarragako polikiroldegira jende multzo ederra hurreratu zen, areto futbol gipuzkoarreko hainbat arpegi ezagun barne, baina glamour gutxi arnastu ahal izan zuten Tolosatik joandako zaleek, zera egiaztatu zutelarik gainera: prentsaurrekoetako foko dizdiratsuen itzalean, Gipuzsala proiektuak, izen berberatik hasita, txabakanismora eta arrunkerira erortzeko arrisku gehiago duela glamourrera baino.

Aurreratu bezala partidak kirol maila ona eskeini zuen. Lehen zatian batez ere, bi talde sendo ikusteko parada izan genuen, talde lana bikain burutuaz defentsan eta baloia ondo ikutu eta zainduaz erasoan pazientziaz. Gol aukerak ere izan ziren, argiena Yustosek emandako zutoinkada bat, baina atezainek ez zirela arratsalde pasa joan frogatu zuten: Arribillaga ibartarrak behintzat oso lan ona burutu zuen. Horitxoentzat txarrena Telletxea areto futbol katedratikoaren lesioa suertatu zen, kantxaratu eta berehala orkatila bihurritu baitzuen. Baja garrantzitsua zalantzarik gabe.

Bigarren zatian gauzak berberean iraun zuten Astigarragakoen golerarte. Eta hauxe izan zen hain zuzen ere derbiaren gakoa, lehen gola etxekoen alde erori zela eta ondorengo jokaldietan Astigarragatarrak hazi egin zirela eta horitxoak kokildu, 1 eta 0kotik 3 eta 0kora bi minutuetan azkarregi pasa ginelarik. Segida segidan jasotako golak ohikoak dira areto futbolean eta ikasgaia argia da etorkizunerako: honelako partidoetan gol bat jasotakoan, instintoari jaramonik ez egin eta partida hoztu eta gelditzea izaten dela komenigarriena.

Markagailuan irekitako aldeagatik ere, horitxoek ez zuten amorerik eman eta bukaerararte jarraitu zuten lanean, partidak amaiera nahasi bezain zirraragarria izan zuelarik. Dena Saldiasek hamar metrotatik sartutako golarekin hasi zen, etxekoak oso urduri ipini baitzituen gol honek. Bi minuturen faltan, horitxoak gehien ari zirenean estutzen, Yustos expulsatu zuten epaileek entrenatzaileek eskatutako denbora batean, jokoa geldi zegoenean eta lau jokalarirekin jokatu behar izan zituzten horitxoek azken minutuak. Hala ere, Saldiasek berriro ere bigarren gola sartu zuen horitxoentzat eta emozioa gainezka izan zen azken segundurarte.

Azken segundurarte esan dugu baina egia aitortzekotan hori inortxok ere ez daki, aurreko jokaldi batean mahaieko epaileari kronometroa martxan ipintzea ahaztu zitzaionez, epaileek zazpi segunduren faltan eman baitzuten partida amaitutzat. Benny Hill eta Mr Beanen sketch bat bezalakoa suertatu zen beraz partida amaiera.

Kontuak kontu, porrot honekin sailkapeneko hirugarren tokira erori dira Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Arribillaga, Barriola, Giller, Saldias, Amatriain –haserako bostekoa-, Telletxea, Telleria, Murgi, Gil, Yustos, Zubillaga eta Domentxe jokalariak. Moeta guztietako bajak ahaztuta, datorren larunbateko partidan ipiini beharra dago arreta guztia orain.
Eski

2008-01-11

Derbiak ate joka

Zortzi egunetan bi bizilagunen aurka aritu beharko du Laskorainek, Ceramicas Nogales Astigarragako taldea eta U.Z.S. Coop. Goierri urretxuarra. Baina Jorge Alonso entrenatzaileak dioen bezela, partiduz partidu joan behar da eta aste hontako hiru puntuak dira lehenengo erronka.

Laskorainen antzera, Ceramicas Nogalesek urteak daramatza Nazional Lehen B mailan eta gazteez osatutako talde sendo bat lortu du urteak pasa ahala. Honi gainera, Elgoibar-ko Jon Cejuela eta Gorka Alkorta, eta Txema Lasa oiartzuarraren fitxaketak gehitu behar zaizkio. Kalitateko hiru jokalari, ezpairik gabe.

Ikastolakoek berriz, soberan ezagutzen dituzte astigarragakoen armak: zonakako defentsa landua, baloiaren aurrean jarrera gogorra eta kontraerasora ateratzeko aldez aurreko jarrera. Beraz, bi taldeak ezagututa, akats gutxien egiten dituenak eraman ditzake hiru puntuak.

Partida hontarako, Eneko Yustosen zalantzarekin, Jorgek ondorengo jokalariak deitu ditu: Amatriain, Arribillaga, Barriola, Domentxe, Gil, Murgi, Saldias, Telleria, Telletxea, Zabala eta Zubillaga.

Partida, bihar, arratsaldeko zortziretan izango da Astigarragako polikiroldegian. Giro polita izango delakoan bertara azaltzea animatzen zaituztet.

2008-01-07

Berriro ere lehiaketara

Eguberrietako oporren ostean hemen da berriz ere lehiaketa.

Hasteko aurkari gogorra izango dute gure lehen taldeko mutilek, okerrik ezean Larunbat arratsaldean jokatuko den partidan, Astigarragako Ceramicas Nogalesi egin beharko baitiote aurre. Bi taldeak sailkapeneko goiko postuetan lehia estuan ari diren honetan partida polita espero da.

Bigarren taldeak berriz, bere joku maila eta sailkapeneko postua bat ez datozela erakusteko gogo biziz ekingo dio 2008 urteari. Horretarako sailkapenean goiko postuetan dabilen Clinica Dental Aldaz taldeari egin beharko diote aurre gure gazteek.

2008-01-04

3 Jokalari Euskadiko Selekziora

Denboraldi bikaina ari da osatzen gure lehen taldea eta helburu horretan taldeko gazteenak lan ikaragarria egiten ari dira.

Eguberri hauetan olentzerok saria ekarri du eta taldeko hiru jokalari Euskadiko selekziora deituak izan dira; Sex Pistols talde mitikoaren liderra zen Sid Vicious gogorarazten digun Jon Otxoa, Marco Beñat Van Basten beltxarga eta Arribillaga Fox Terrierra.

Tamalez, ate azpian larunbat gauetan bezain ondo moldatzen den Arribillagak ezin izango du gure nazioko elastika defendatu, Galdakaon jokatuko den txapelketak azterketa garaian harrapatzen baitu.

Zorionak hirurei dena den eta ondo pasa abentura honetan!

2008-01-03

Urte berria itxura berria

Urteberrion Laskoraingo kirol elkartera inguratu ohi zareten guztioi, ikusten duzuen bezela urte berriarekin batera itxura aldaketa garrantzitsu bat egin dugu.
Aldaketa honekin, txoko elektroniko parte hartzaileago, dinamikoago eta eguneratuago bat mantentzea dugu helburu eta xede horretan zuen guztion parte hartzea eskertuko dugu.
Besterik gabe, ongi etorri txoko berri honetara.