Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4-1 irabazi zuen UZ S.COOP taldearen aurka jokatutako derbia

Joan den astean Gipuzsala, Nazional B mailako lider berriaren aurka galdutako norgehiagokaren ostean, berriro zutitu eta derbi berri bati ekiteko aukera izan zuten tolosarrek larunbatean UZ S. Coop. taldearen eskutik. Emozio eta dardaraz beteriko norgehiagoka eskeini zuten bi taldeek Usabalgo polikiroldegira hurbildutako zalegoaren aurrean, eta emaitzaren zabaltasunak bestelakorik pentsa arazi dezakeen arren, azken unerarte besorik jeitsi ez zuen arerio gogor baten aurka erdietsitako garaipena sinatu zela baieztatzea da egin daitekeen aitormenik egokiena.

Norgehiagoka berehala ipini zen maldan gora etxekoentzat, bi ateetan gertatutako zenbait jokaldi arriskutsuren ostean Urretxukoen markagailura igo bait zen estraineko gola kontraeraso bikain bati esker. Telleria zilarrezko beltxargak eta Barriola puxika margolariak dena den, berehala jaregin zuten taldeak ordurarte bildutako tentsio guztia, elektronikoak 2-1-eko emaitza isladatuko zuelarik aldageletarako bidean.

Bigarren erdian, aukera garden ugari gozatu ahal izan ziren bi ateetan, gehienak Alonsoren mutilen sinadura zeramaten arren, emaitzaren estutasunak eta Urretxukoen atzaparkada arriskutsuek ez zuten erlajaziorako txartelik baimentzen oraindik. Norgehiagokaren minuturik zailenetan, Domentxe atezaina, “Def Leppard” musika talde famatu berberak ere fitxatuko lukeen “rockero” zaharra alegia, arduratu zen ikastolakoen atean segurtasuna ezartzeaz.

Amaierarako 3 minuturen faltan, Saldias taldeko kapitain, birika eta goleatzaileak, dotoretasunez ezarri zuen 3-1-ekoa eta azken minutuan, Zabala gazteak, zendu berria den Bobby Fischer maixu errespetagarriaren omenez, behin betiko “xake-mate”-arekin itxiko zituen arratsalde lanpetsu baten truke lorturiko laskoraindarren hiru puntuak.

Garaipen honi esker, hirugarren postuan eta 34 puntutako pilaketa mardularekin bukatu berri dute tolosarrek lehen itzulia. Datorren astean Bilbo Exbasa, zilarrezko mailan aritzen den taldearen filiala izango dute bisitari ligako bigarren txanpari hasiera emango dion partiduan.
Larunbatean Usabalen, Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Domentxe, Barriola, Ekhi, Amatriain, Saldias, Murgi, Otxoa, Telleria, Telletxea, Zabala, Yustos eta Urko izan ziren garaipenaren protagonistak nagusiak.
Amatri

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]