Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 1-8 irabazi zuen Jarrillerosen aurka jokatutako norgehiagoka

Aurreikuspen eta hausnarketa guztiek kontrakorik iragartzen bazuten ere, aparteko nagusitasunez ebaztu zuen Laskorainek joan den larunbatean Portugaleteko Zubi-Alde polikiroldegiak planteatutako azterketa gogaikarria.

Egungoak baino garai hobeak ezagutu dituen Jarrilleros historikoak, ezusteko bat baino gehiago eman izan ditu beti bere gotorleku korazatuan, honen adibide gisa, aurtengo txapelketa poltsikoratzeko faborito nagusia den Zierbena haundiak duela 4 aste Portugaleten jasandako jipoia azaldu bait genezake.

Partida berehala ipini zen maldan gora horitxoentzat, bizkaitarren oinetatik irtendako kalitatedun konbinaketa batek Domentxeren atea zulatu bait zuen 1-0-ekoa ezarriaz elektronikoan. Norgehiagokaren itxurak eta jasotako lehen golak, banakako defentsatik, zonakako defentsarako aldaketa bat behartu zuen Alonso entrenatzailearen sisteman. Eraldakuntza honen ondorioz, ikastolakoek irrikatutako erosotasun defentsiboa eta izpiritu erasokorra aktibatu ziren berehala, izan ere, ondorengo minutuetan tolosarrak zapalgailu baten moduan pasa bait ziren bere aurkariaren gainetik. Telleria zilarrezko beltxargak, Gil TDI-ak birritan eta Telletxea areto futbolaren katedratikoak, 1-4-koarekin biratu zuten markagailua atsedenaldiaren aurretik.

Bizkaitarrek gogotsu eta lehiakor ekin zioten bigarren zatiari, baina Gilek aldea areagotu zuen gipuzkoarren mesedetan. Gol honek, Gilen arratsaldeko “hat-trick” partikularra suposatzeaz gain, arerioaren itxaropen guztiak zapuztu zituen. Jarrillerosekoek, nabarmenki jeitsi zituzten besoak eta tolosarren esku utzi zuten ekimen osoa. Telletxeak beste bi golei esker eta Barriola puxika margolariak, markagailua itxi zuten 1-8-ko azken emaitzarekin, Telletxeak ere, beste “hat-trick” bat lortu zuelarik.

Garaipen honekin, hirugarren postuan darraite Alonsoren mutilek, eta datorren astean Iturriondo laugarren sailkatuaren bisita jasoko dute Usabalgo polikiroldegian txinparta eta indarrez betea gertatzeko osagai guztiak dituen talka batean. Bere jarraitzaile hurbilenarekin behin-betikoa izan daitekeen aldea irekitzeko aukera paregabea izango dute beraz laskoraindarrek.

Larunbatean, Portugaletetik garaile, Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Domentxe, Telletxea, Saldias, Barriola, Otxoa, Ekhi, Gil, Telleria, Zabala eta Arribilaga jokalariak atera ziren.

Filiala bestalde, esku hutsik itzuli zen Lazkaotik bertako taldearen aurka 5-4 galdu ondoren.
Amatriain.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]