Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 5-5 berdindu zuen Zierbena liderraren etxean

Meritu eta balioz betetako puntu bat urratu zuen Laskorainek joan den larunbatean Zierbena lider boteretsuari bere jauregian lotsarik gabe jarki eta nortasunez beteriko norgehiagoka bat planteatu ostean.

Tolosarrena, ez zen sailkapeneko lehen postuan kokaturik dagoen talde baten aurka indarrak neurtzeko egoerarik erosoena, izan ere, Arribilaga, Joniko, Murgi, Yustos eta Zabala jokalariek ezin izan bait zuten Muskizera bidaiatu arrazoi ezberdinak zirela medio. Dena den, gainontzeko taldekideek eta Beñat Led filialeko kapitainak, deialdia erabateko bermatasunez betetzeaz gain, sinismenez eta ilusioz gainezka ekin zioten galtzeko gutxi eta irabazteko asko zuen partidu berezi honi.

Zierbenakoak aurreratu ziren kontraeraso bikain bati esker 1-0-ekoa ipiniaz, gol honek bestalde, katalizatzaile baten papera bete zuen ikastolakoen barrenean, izan ere eta denboraren poderioz, Alonsoren mutilen sendotasuna nagusitu bait zen defentsan, jokoan eta aukeretan. Zenbait abagune garbi hutsegin arren, Telletxea areto futbolaren katedratikoa arduratuko zen ondo merezitako berdinketa ezartzeaz, bi taldeak 1-1-eko emaitzarekin aldagelaratuaz.

Bigarren erdian eta zenbait minututan zehar, bizkaitarrek Domentxeren atea estutu zuten behin eta berriz, ondorio legez markagailuan 4-1-eko kezkagarri bat ezarri eta denboraren faktoreakin jokatzeko erabakia hartu zutelarik orduz gero. Horitxoek ordea erakusteko asko zuten oraindik eta Gilek aldea murriztu zuen 4-2-koaren gola baimenduaz. Hiru minuturen faltan atezain jokalaria kantxaratu zuen Alonso entrenatzaileak eta 4-5 aurreratzea erdietsi zuten laskoraindarrek Saldiasek behin eta Barriolak bitan eginiko golei esker. Aipatzeke ezin utzi Barriolak marraztutako puxika zoragarria, grabitatearen legea desafiatuaz inoiz jeitsi eta sareratuko ez zela zirudien baloiari emandako ferekak aho zabalik utzi bait zituen inguruko denak.

Zierbenakoek dena den, badituzte kalitatedun jokalari anitz eta beraientzat hil ala biziko norgehiagoka izaki, atezain jokalaria atera eta berdinketaren sareratzea egin zuten amaieran.

Galdurik egon, irabazita somatu eta azkenean berdindurik suertatu zen norgehiagoka gogorraren ostean, puntua baliotsu bezela batailatu eta ondo merezitako atsedenaldiari ekiteko garaia iritisi zaio taldeari. Aste Santuaren ondoren Sasikoa arriskutsuaren kantxa bisitatu beharko dute tolosarrek ligako azken txanpa erabakigarri honi hasiera emango dion norgehiagokan.

Larunbatean Muskizen, Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Domentxe, Barriola, Saldias, Telletxea, Gil, Amatriain, Ekhi, Telleria eta Led jokalariak izan ziren ikastolaren koloreak duintasunez defendatzearen arduradunak.

Filialak, aldiz, ezin izan zuen punturik urratu Billabonan 6 eta 2 galdu ostean.
Amatriain.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]