Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 6 eta 5 galdu zuen Izkepot taldearen aurka

Arabako erresumara egin behar izan zuen bisita Laskorainek joan den larunbatean etxean oraindik porrotik ezagutzen ez zuen Izkepoten aurka indarrak neurtzeko beharrean. Azkenean esku hutsik bueltatu behar izan zuten Alonsoren mutilek hurbiletik somatu baina azkenean ospatu gabeko garaipen baten ondorio ilunaren erruz.

Norgehiagokaren hasiera parekatu bat ikusi ahal izan genuen Laudion, ate bakoitzean bina gol gertatu bait ziren lehen minutuetan, Barriolak eta Amatriainek lortu zituzten tolosarren sareraketak. Ondorengo minutuek ikastolakoen sinadura gardena eraman zuten ordea, Otxoa gaztea izan bait zen beste bi golen bitartez 2-4 itxaropentsu batekin aldagelaratzearen arduraduna.

Patuak bestalde, ez zuen laskoraindarrekin inungo kupidarik izan eta oso bestelakoa suertatu zen bigarren zati beltz batek zapuztu zuen taldeak aurretik beteriko lan guztia, izan ere eta atsedenaldia bukatu bezain pronto, arabarrek izugarrizko txikizioa gauzatu bait zuten Alonsoren mutilek defendatzen zituzten lerro guztietan.

Etxekoen jokalariek lan fina bete zuten azken 20 minutuetan eta presioa, intentsitatea eta kalitatedun jokaldi etengabeen ondorioz markagailua biratu zuten bigarren zatiko horitxoen gol bakarra egin zuen Zabalaren sareratzea alferrikakoa bihurtuaz.

Arlo guztietan nagusi agertu zen talde baten aurrean belaunikatu eta aitzakiarik merezi ez duen porrota aitortzea da joan den larunbateko partiduari buruz egin daitekeen argibiderik egokiena. Laudiotarrek gardentasunez azaldu zuten 21 jardunaldi eta gero etxean oraindaino norgehiagokarik galdu ez izanaren zergatia, izan ere bigarren erdian, jostailu baten moduan maneiatu bait zuten talde tolosarra.

Porrot honen ostean, hirugarren postuan darrai Laskorainek, baina Zierbena liderra eta Gipuzsala bigarren sailkatua urruti xamar kokatu dira azken bi jardunaldietan galdu izanaren ondorioz. Datorren astean Elorriokoren aurka gogotsu aritu eta denboraldiaren azken txanpa beharrezko seriotasun eta errekerimenduz beteko dutenaren zihurtasuna dago dena den Alonsoren mutilen aldagelan.

Larunbatean Laudion, Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Domentxe, Telletxea, Zabala, Saldias, Ekhi, Barriola, Amatriain, Otxoa, Telleria, Gil eta Arribilaga izan ziren.

Bestalde, Ayetek 9 eta 3 jipoitu zuen filiala, ahaztu beharreko asteburua borobilduaz.
Amatriain.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]