2008-03-10

Laskorainek 7 eta 5 irabazi zion Elorriokori eta hirugarren jarraitzen du

Futbolean lehiatu duenak ongi asko daki denboraldian zehar beti agertu ohi direla arratxak, onak eta txarrak, eta partidak gol bategatik edo bigatik irabazten hasten zenean, bategatik edo bigatik galtzen hasten zarenean bezalaxe, askotan emaitza berberarekin jardunaldi dezente pilatzen direla erreskan. Berehala moztu ezean emaitza arratxa hauek, burtsako tendentziak bezelakoak bilakatzen dira, batzutan gorakorrak besteetan beherakorrak, baina setatiak beti, arrazoingabeak beti eta batez ere apurtzeko oso zailak beti.

Honegatik, bi jardunalditan bi porrot pairatuta, 5-6 eta 5-4, joan den larunbateko partidak berebiziko garrantzia zuen Laskorainentzat hirugarren jarraitu nahi bazuen sailkapenean eta ikaragarri sufrituta izan bazen ere 7 eta 5 hartu zuen mendean Elorrioko talde bizkaitarra arratxa txarrari amaiera ipiniaz.

Neurketa oso gogorra suertatu zen, azken emaitzen eraginez edo, horitxoak behar bezelako arretarik gabe kantxaratu baitziren lehen zatian. Izan ere haserako lau minutuetan sailkapeneko behekaldean bizi diren bizkaitarrek bi gol sartu zituzten etxekoen hutsak aprobetxatuaz eta Telletxearen 1 eta 2-koaren ondoren 1 eta 4 ere ipini ziren, atsedenaldian garaipenak ia ezinezkoa zirudielarik ikastolakoentzat.

Alonso entrenatzaileak ordea bete betean asmatu zuen txertoarekin aldageletan eta birkantxaratzean beste Laskorain bat ikusteko parada izan genuen. Berehala etorri ziren Saldiasen 2 eta 4-koa eta Telleriaren 3 eta 4-koa (txalogarria mutil hau egiten ari den denboraldia) eta piskat beranduxeago egin zuen nola ez Saldias pitxitxiak berriro launakoa. Zailenak egina zirudienean kontra batean 4 eta 5 aurreratu ziren berriro elorriotarrak baina Telletxeak ez zuen hamar metrotatik barkatuko bi taldeak bosna adostuaz.

Azken minutuan eta berdinketa markagailuan, dela hamabost egun bezelaxe, Alonsok atezain jokalaria kantxaratu zuen garaipenaren bila eta oraingoan orduan izan ez zuten zortea lagun taktika honek ekarri zituen fruituak, hamalau segunduren faltan Gil TDI-k 6 eta 5-ekoa sartu baitzuen. Ondoren, beste gol bat ere egongo zen, bost segunduren faltan eta hamar metrotatik Saldiasek beste hat-trick bat sinatu baitzuen.

Garaipena eskafoidesa hautsita aste honetan kirofanotik pasa den eta denboraldiari agur esan dion Eneko Yustosi eskeini zion taldeak. Denek botako dugu faltan Sparrow kapitaina, nahiz eta klubaren ekonomiak arnas piskat hartuko duen, santzio fondoak aurten gehiago iraungo bait du. Animo Eneko.

Usabalen Javi delegatuarekin eta Alonso entrenatzailerakin batera, Domentxe, Zabala, Amatriain, Saldias, Zubillaga, Telletxea, Telleria, Murgi, Otxoa eta Gil jokalariak egon ziren. Baja ziren Arribillaga eta Barriola.

Filialak, Bar Buenetxea laugarren sailkatuaren aurrean amore eman behar izan zuen 3 eta 4 galdu ostean.
Eski.

No hay comentarios: