2008-04-22

Laskorainek 2 eta 9 irabazi zion Gallartan Meatzari sailkapeneko azkenari

XIX. mendearen hondarrean -Bizkaiko industrializazio basatiaren sasoiean- eraikitako Gallartako Txikito frontoi zaharkitura egin zuen bisita Laskorainek pasa den larunbatean. Gallartako herria, Dolores Ibarruri, Manu Sarabia eta Asier Del Hornoren jaioterria izateaz gain, industrializazio garai haietan zituen burdin meatze oparoegatik da ezaguna eta garai haiek gogoratuaz hain zuzen Meatzari bezela bataiaturiko kirol elkartea zuten horitxoek anfitrioi.

Historia kontu hauek salbu, partidak ez zuen erakargarritasun handirik ikastolakoentzat. Meatzari taldea sailkapeneko putzuan dago dela jardunaldi mordoska bat eta zoritxarrez egun kirol arloan ez du eskeintzeko gehiegirik. Nolahala, beste jardunalditan bezalaxe hiru puntu zeuden jokoan larunbatean ere eta laskoraindarrek puntuak pilatzen jarraitu nahi zuten podiumeko postuei eusteko.

Partidak egia esan kolore bakarra izan zuen, tolosarren horitxoa. Hasieratik bertatik nagusi izan ziren nola jokoan hola markagailuan eta meatzariek zirrikitu txikiena ere ez zuten aurkitu punturik eskuratzeko. Atsedenaldiko 0 eta 5-koa esanguratsua da zeharo eta amaierako 2 eta 9-koa berdin.

Zerbait aipatzekotan golegile laskoraindarrak aipatu behar eta aurreko asteburuan bezala, horitxorik gazteenak izan ziren protagonista nagusi. Gil TDI-k hat tricka sinatu zuen, bigarren zutoinan kainaberarekin kokatzen iaioa dela erakutsiaz, Murgi mirakusak bi gol sinatu zituen, Bartzelonako sekia zirudienari amaiera ipiniaz eta Zabala Sport Wagonek bakarra egin zuen, baina garrantzitsuena, partidako estrainekoa.

Barriolak sartu zituen beste bi, golari dagokionean taldeko hirugarren mosketeroa bera dela aldarrikatuaz Saldias eta Telletxearen atzetik eta bederatzigarren golak berriz eztabaida piztu zuen. Barriolaren zentru baten ondoren etorri zen, defentsa bizkaitar bati jo ondoren, baina tartean Otxoa agertu zenez defentsa nahastuaz ibartarrak berak sartu zuela zioen amaieran. Futbolean telekinesia bidez sartutako historiako lehenengo gola ikusi ote genuen erantzuten zion batek baino gehiagok.

53 puntu, sailkapenean hirugarren, gustura itzuli ziren autobusean Tolosara erdipurdiko patata tortila jan eta gero Javi delegatua, Alonso eta Egizabal entrenatzaileak eta Domentxe, Giller, Barriola, Telletxea, Otxoa –haserako bostekoa-, Gil, Telleria, Amatriain, Murgi eta Arribillaga jokalariak. Saldias, Zubillaga eta Yustos baja izan ziren.

Bigarren taldea, burua ezin altxa darrai eta oraingoan jipoitua izan zen: 2 eta 8.
Eski

No hay comentarios: