2008-05-05

Laskorainek 5-8 menderatu zuen Ortziri-Comodon taldea

Maiatzeko zubia erabat libratzeko aukerarik gabe eta talde bizkaitarrak ordutegiarekin dituen tira-birak direla eta, joan den igande goizean jokatu behar izan zuen Laskorainek aurtengo denboraldiko azken hirugarren jardunaldia bilboko Ortziri-Comodon taldearen aurka.

Helburu ezberdinetako bi talde izan ziren indarrak neurtzekotan kantxaratu zirenak. Batetik Alonsoren mutilak, ligako hirugarren postua ziurtatzeko dema bizian eta horretarako beharrezko izango den puntu kopurua biltzeko borrokan buru belarri murgilduak, bestetik Ortziri, jeitsiera marratzen duten postuen mugatik gertu dabilena eta Nazional B mailan bere iraupena arriskuan somatzen duen taldea. Txantxa gutxi onartzen zituen norgehiagoka beraz aurreikuspen guztien arabera.

Epaileek txilibitua jo bezain pronto nabaritu ahal izan zen horitxoek maneiaturiko erritmoa bere aurkariarena baino altuagoa zela, Zabala gazteak 0-1-ekoa ezarri zuen berehala eta bizkaitarrek berdinketa erdietsi arren, Otxoa eta Telletxeak 1-3-koa igo zituzten markagailura ikastolakoen lasaitasunerako. Tolosarrek itxura bikaina eta joko bizi bezain freskoa eskeini zituzten lehen zatian polikiroldegiko bero eta hezetasun mailak pairaezinak gertatu arren. Alonso entrenatzaileak bereziki zaindu du taldearen egoera fisikoa urte osoan zehar eta tankera horretako zenbait norgehiagokatan etekina ateratzen jakin du faktore horren lepotik.

Bigarren erdian aldiz, tentsio jaitsiera eta erlajazio nabarmen bat somatu ahal izan zen horitxoengan, dena den eta orokorrean, emaitza kontrolpean izan zuten gehienetan. Etxekoek atezain jokalariaren taktikaren erabilerari ekin zioten minutu luzeetan zehar, eta modu egokian gainera, profil argentinarra duen Arribilaga atezain “boludo”-aren atea zenbaitetan zulatzea lortu eta markagailuak erakusten duen 5-8-ko azken emaitza apainduaz. Tolosarren bigarren zatiko golak, Barriola (2), Telleria, Saldias eta Telletxearen eskutik heldu ziren.

3 puntu hauek, datorren astean Usabalen ospatuko den Gipuzsalaren aurkako derbi erakargarriari konfidantzaz aurre egiteko txerto moduan eragingo duten itxaropenarekin bueltatu ziren bilbotik Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Domentxe, Zabala, Amatriain, Barriola, Saldias, Telleria, Telletxea, Gil, Otxoa, Ekhi eta Arribilaga taldekideak.

Aipatu beharra dago, garaipen honekin, tolosarrek laugarren postua zihurtatu dutela dagoeneko eta Iturriondo bizkaitarrarekin izango dela brontzezko dominaren jabetza lortzeko zeharkako lehia.

Filialak, bestalde, liderra partida guztian zehar "soken aurka" izan arren, azken minutuan amore eman behar izan zuen 4 eta 5 galduaz. Golak Ekhik (2), Murgik eta Beñatek sartu zituzten.
Amatriain

No hay comentarios: