Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek hirugarren postuan amaitu du denboraldia Urretxun 4-6 irabazi ondoren

Joan den astean Gipuzsalaren aurka lortutako garaipen haundiaren ostean, denboraldi bikain honi amaiera eman eta hirugarren postua zihurtatzeko helburuarekin mugitu zen Laskorain taldea Urretxura aurtengo azken oztopoa gainditzeko asmo betean.

Urretxuko U.Z. taldea, arerio gogor baten moduan azaldu da bere gotorlekuan urte osoan zehar eta tolosarren aurrean ez zuen bereganatutako eginkizuna bestelakotu. Horitxoak erdi lokarturik kantxaratu eta etxeko taldeak berehala jakinarazi zuen arratsaldeak txantxa gutxi onartuko zituena, izan ere 2-0 aurreratu bait ziren ordurarte eskeinitako merezimenduei erabateko justizia eginaz. Amatriainek aldea murriztuko zuen 2-1-ekoa sareratuaz, gol honek taldea apur bat esnarazi arren berriro ailegatu zen etxekoen 3-1-ekoa. Gil TDI-ak dena den 3-2-koa erdietsi zuen lehen zatiaren amaieran eta emaitza horrekin aldagelaratu ziren bi taldeak.

Bigarren erdian, horitxoen erritmoa guztiz nagusitzen hasi eta Saldiasek egin zuen berdinketa penaltiz. Norgehiagoka ikastolakoen alde zeihartzen hasia zen ordurako, Zabalak aurreratu zituen horiak 3-4 eta Urretxukoek berdinketaren gola eginagatik, Saldias izango zen beste bitan arerioaren atea zulatu eta 4-6-ko azken emaitza itxiko zuena.

Garaipen honi esker, hirugarren postuan amaitu dute ikastolakoek 63 puntu, brontzezko domina bat eta tarteka bere liburu sakratuan idazten diren urrezko orrialde pare bat gehiagorekin.

Ezin aipatzeke utzi Saldias kapitainak larunbatean egindako “hattrick”-aren ondoren Nazional B mailako pitxitxi legez amaitu duela 36 golekin, taldeak bide honetik jarraituko du bere kapitainak N.A.N-an azaltzen dituen urteak baino 4 gol gehiago sartzen baditu jokatzen duen denboraldi bakoitzean.

Bestalde, gogotik txalotu nahi da baita ere gazteek emandako etekina eta erakutsitako heldutasuna, unerik zailenei ere aurre egin eta gurdiaren zama gainean hartzeko ikararik gabe azaldu bait dira hilabete guzti hauetan zehar.

Datorren denboraldirako zenbait baja ziurrak izango dira baina taldeak egitura sendo bat mantendu ahal izango duela dirudi bederen, orain atsedena hartu, beharrezko hausnarketak egin eta burututako lanaz harro egotea dagokie larunbatean Urretxun izandako, Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Domentxe, Amatriain, Telletxea, Saldias, Ekhi, Barriola, Telleria, Murgi, Gil, Zabala eta Arribilagari.
Amatriain

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]