2008-09-29

Laskorainek 3-2 galdu zuen 2008-09 denboraldiko lehen partiduan

Duela bost aste hasitako aurredenboraldi lanpetsu eta gogorrari jarraipen egokia emateko aukerari ihes egiten laga zion Laskorain areto futbol taldeak larunbatean, Lezoko Bekoerrota polikiroldegian Aierru Algeposa aurkariaren kontra esku hutsik bueltatu izanaren ondorioz.

Egindako merezimenduei erreparatu ezkero, Alonsoren mutilek larregizko zigorra jasan zutela esan genezake, izan ere, makina bat abagune gardenen jabe izaki, tolosarrek norgehiagokaren kontrola eraman bait zuten behin eta berriz. Dena den, kirol honetan puntuak ez dira zirraren arabera banatzen eta etxekoek, izandako aukerei etekin bikaina ateratzen jakin zutela aitortu behar da.

Partida maldan gora ipini zen estraineko minutuetan, horitxoek 2-0-eko kezkagarri batekin oldartu behar izan bait zuten hasieran oparitutako bi golen ondorio legez. Tolosarrek ez zuten inungo momentutan amorerik eman eta arerioaren atea inguratzeko erabakia hartu zuten, ondorio legez hamaika aukera garbi sortuaz atezain lezotarraren aurrean. Baloiak ordea, birritan soilik sartu nahi izan zuen sare barruan eta 2-2-ko emaitzarekin aldagelaratu ziren bi taldeak. Saldias eta Telleria izan ziren golegileak.

Bigarren zatiko lehen minutuetan bi taldeen indarrak parekatu egin ziren, Aierruk zein Laskorainek markagailua desorekatzeko aukera nabarmenak garatu zituzten, baina txanpona Lezotarren aldean erori eta minutu baten faltan epaileak adierazitako hamar metrotako jaurtiketa bati esker puntuak Bekoerrota polikiroldegian geratu ziren.

Porrot honek ez luke taldeak aurredenboraldian hasitako bide ona zapuztu behar. Yustos, Domentxe eta Arribilaga baja suertatu diren arren, atezainaren posturako, Endika gaztea eta aski ezaguna den Mikel Sanz atxekitu zaizkio taldeari. Bestalde eta jokalari moduan, Lander Camio “hegal-pibota” izango du Alonso entrenatzaileak bere aginduetara. Bermazko betegarriak inungo zalantzarik gabe beraz, tolosarren lerroetan aurten arituko direnak.

Datorren astean Ancla Dosampor bizkaitarrak, hots, Nazional B mailako egungo liderrak, bisitatuko du Usabalgo polikiroldegia, aurtengo lehen 3 puntuak etxeko zalegoaren aurrean batzeko asmotan kantxaratuko dira Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Sanz, Telletxea, Saldias (1), Gil, Barriola, Murgi, Zabala, Camio, Telleria (1), Joniko, Endika eta Amatriain taldekideak.
Amatriain

2008-09-23

Laskorainek eraman zuen Andoaingo txapelketa

Ohitura bihurtzen ari da Laskorainek Andoaingo Euskalduna elkarteak antolatzen duen txapelketan garaipena lortzea, izan ere azken lau urteetatik hirutan gailendu da ikastolako taldea.

Aurreko asteko andoaindarren aurkako porrotaren (1-3) mendekua hartzeko aukerarik izan ez bazuen ere, Clinica Dental Aldaz lehenik (2-1), eta Inter UPV ondoren (finalean, 3-1) menperatuaz, kuadrangularra merezimendu osoz eraman zuela aitortu behar dugu.

Beste behin, Euskalduna elkarteari gonbidapenarengatik eskerrak eman eta bide hortatik jarrai dezaten animatzen diegu.

Bestalde, datorren asteburuan lehiaketa hasiko dute horitxoak. Lehenengo partida, Lezoko Bekoerrota kiroldegian izango da, larunbata arratsaldeko sei terdietatik aurrera.

Animo mutilak!!!

2008-09-12

Bihar aurkezpena

Azken orduko partidarik lotzen ez bada behintzat, bihar izango da Laskorain berria denboraldia hasi baino lehen Tolosan ikusteko aukera bakarra. Gainera, lehenengoa ezezik, Laskoraingo bi taldeak izango dira Andoaingo Euskalduna klubeko bi taldeen aurka arituko direnak.

Probintzial mailako partida arratsaldeko hiru terdietan hastekoa da eta Nazionalekoa, bostetan.

Datorren astean berriz, ikastolakoek bisita bueltatuko die andoaindarrei bertan urtero legez jokatu ohi den txapelketan parte hartuz, Inter UPV eta Clinica Dental Aldaz taldeekin batera. Final erdiak, ostiralean, eta hirugarren posturako lehia eta finala, larunbatean, beti bezela.

Lehengo astean jokatutako bi partidekin, hauexek osatuko dituzte aurredenboraldiko norgehiagokak, Iraileko azken asteburuan Lezon hastekoa den txapelketari begira. Gogoratu, Gipuzsalaren aurka 3-4 galdu eta Anoetan 1-9 irabazi zutela horitxoek. Bietan ere erritmo altua ezartzen saiatu ziren Jorgenak eta, gauza dexente hobetu behar diren arren, jokaldi politak ikusteko aukera ere izan zen.