2008-10-27

Laskorainek 3 eta 4 irabazi zuen Tecuni Bilboren aurkako norgehiagoka

Berebiziko garrantzidun emaitza eskuratu zuen Laskorainek joan den Igande goizean Bilboko San Ignacio polikiroldegian jokaturiko neurketatik garaile irtetearen ondorioz. Aurkariak, zilarrezko mailan aritzen den Tecuni taldearen filialak hain zuzen ere, ilusio betea diren jokalari gazte, iaio eta biziez josi ditu aurtengo bere lerroak. Ezaugarri positibo hauek dena den, txanponaren beste aldea izkutatu nahi izaten dute sarritan eta oraingoan, bizkaitarren esperientzi falta laskoraindarren mesedegarri bilakatu zen.

Emaitzaren estutasunak, norgehiagokak izandako nondik norakoarekin talka egiten du, goitik behera eta erabateko gardentasunez nagusitu bait ziren Alonsoren mutilak partida osoan zehar. Sareratzeak dira hala ere azken finean puntuak pilatzeko bide bakarra eta larregi sufritu behar izan zuten ikastolakoek hiru puntuak poltsikoratzeko. 0-1-ekoa Telleria zilarrezko beltxargaren eskutik etorri zen horitxoek ordurarte egindako hamaikagarren golaukeraren ondoren. Taldeak kokapen egokia agertu zuen ordurarte, baina baloiak ate barruan sartu nahi ez izanak eta lehen zatian defentsan izandako desdoikuntza bakar batek 1-1-ekoarekin aldagelaratu zituen jokalariak.

Bigarren erdian, tolosarren monologoak bere horretan jarraitu zuen eta aukera sinestezinak popatik bota ostean, Zabalak aurreratu zituen gureak 1-2-ko estu eta motz bat ezarriaz elektronikoan. Arerioaren taupadek ozenki pilpiratzen zuten oraindik eta futbolaren munduan barkazioek matxinadaren erantzuna berehala jasotzen dutenez, bi jokaldi inozoetan 3-2 aurreratu ziren etxekoak 4 minuturen faltan. Alonso entrenatzaileak atezain jokalariaren taktika ipini zuen jarraiean eta Zabala eta Telletxeak markagailuari buelta eman zioten, 3-4, partidua amaitzeko minutu bat besterik gelditzen ez zenean.

Eskuratutako garaipenak, erreskan erdietsitako hirugarrena zenbatzen du eta goraka begira jartzen ditu ikastolako mutilak. Datorren astean Goierri taldeak bisitatuko du Usabalgo polikiroldegia, Azaroko hilabete gogorrak izango dituen posta gogaikarrietako lehenengoa izango delarik beste derbi gipuzkoar berri hau.

Igandean Bilbon, Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Endika, Amatriain, Telletxea, Saldias, Ekhi, Lander, Murgi, Zabala, Telleria eta Barriola izan ziren garaipenaren protagonistak.

Filialari dagokionez, 9-1 garaitu zuen Tecnun taldea, Elola (5), Igartua, Maka, Barrio eta Jonikoren golei esker.
Amatriain

No hay comentarios: