2008-11-17

Derbi ikusgarri batean Laskorainek 5-5 berdindu zuen Gipuzsalaren aurka

Derbi harrigarria ikusi ahal izan genuen pasa den larunbatean Usabalen. Osagaiak primerakoa edo labeldunak ziren: Nazional B mailako bi talde gipuzkoarrik onenak aurrez aurre, areto futbolaren bi ikerlari sutsu aulkitxoetan, iazko neurketaren ajea oraindik behar bezala irentsi gabe dutela erakusten zuten arpegiak harmailetan... Inork gutxik uste zuen ordea osagai hauekin berrogei minutuetan sukaldatutako platera hain bitxia eta gustagarria irtengo zenik, bigarren zati hasieran etxekoak 0-5 galtzen ipiniko zirenik eta ondoren partida 5-5 amaituko zenik. Gogoratu Vujadin Boskov: futbola, futbola da.

Neurketak bi fase oso desberdin izan zituen eta Watson doktoreak Sherlock Holmes-en laguntzarik gabe ere asmatuko lituzke: 0-5-erarte lehendabizikoa, zibilizatua edo buruarekin jokatutakoa, eta 0-5-tik 5-5-erakoa bigarrengoa, basatia edo bihotzarekin jokatutakoa.

Fase zibilizatuan bi taldeek buruarekin jokatu nahi izan zuten, aldageletako pizarran ikusitakoari jarraituaz eta arriskuak ongi neurtuaz. Ezaugarri nagusiena astigarragakoen 2-2 presinak horitxoei sortutako gehiegizko arazoak izan ziren. Etxekoek kanpotarren presina atzerago espero zuten eta ustekabean -estrainekoz denboraldi honetan- baloi jabetzarik gabe aurkitu ziren, ekimenarik gabe jokoan eta urduri ipini. Honela, atsedenaldian 0-1 aldagelaratu ondoren, bigarren zatiaren hasieran ume akats mordo bat pilatu zituzten eta gipuzsalakoek 0-5 aurreratzea lortu zuten.

Baina neurketari fase basatia edo bihotzarekin jokatutakoa gelditzen zitzaion oraindik, amaiera bitarteko 15 minutu zirraragarri. 0-5-eko unerik kritikoenean fase aldaketa eragin zuena Barack Hussein Telleria beltxarga izan zen, kasta eta teknika depuratua uztartuaz berak sartu baitzituen etxekoen lehendabiziko bi golak. Gol hauek azken asteotan hainbesteko isla mediatikoa izan duen leloa ekarri zuen horitxoen bihotzera, "YES WE CAN" oihu iparramerrikarra eta partida erabat aldatu zen. Hirugarren gola kasta eta teknika depuratuaz ere zertxobait badakien Barriolak egin zuen eta laugarrena eta bosgarrena aurreko bien patriarka edo aitalehenak, Telletxea rockero zaharrak. Seigarrena ez zen ez urruti ibili.

Aho zapore eztiko puntu banaketa honek laskoraindarrak zazpigarren uzten ditu sailkapenean, liderra zazpi puntutara dagoelarik eta bigarrengoa hirura. Nolahala, txapelketa hasi besterik ez denean egin, 22 jardunaldi falta direnean, kontu hauek ez dute esanahi handiegirik. Garrantzitsuagoa izango da talde horitxoarentzat eritetxean dituen jokalariak lehenbailehen berreskuratzea. Dagoeneko baja ziren Lander eta Murgiri, larunbatean Barriola gehitu zitzaien eskuin txonkatilaren bihurdura batekin.

Lehendabizi KO eta ondoren OK Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Eski material arduraduna eta Endika, Amatriain, Telletxea, Barriola, Saldias -haserako bostekoa-, Telleria, Zabala, Gil eta Zubillaga jokalariak ibili ziren.

Filiala, berriz, 5 eta 1 gailendu zitzaion Bilkoin Legorreta taldeari Elola (2), Legarra (2) eta Aitor Garcian golei esker eta pixkana taula erdiko postuetara begira jartzen ari da.
Eski

No hay comentarios: