Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 5 eta 4 kostata irabazi zuen UZ S. Coop. urretxuarraren aurkako derbia

Derbi bizi eta orekatua ikusi ahal izan zuten pasa den larunbatean Usabalera hurbildutako zaletuek. Laskorainek sailkapeneko azken postuetan dabilen UZ S. Coop. urretxuarraren bisita jaso zuen eta aurrez amestu baino arazo gehiagorekin izan bazen ere hiru puntuak Tolosan gelditu ziren. Gorabeherez josiriko berrogei minuturen ostean 5 eta 4-koa izan zen azken emaitza.

Partida oso bihurria suertatu zen horitxoentzat. Sailkapeneko mamuak uxatu nahian edo, urretxuarrak lanerako eta sufrimenturako prest etorri ziren Usabalera, konzentrazioz gainezka, eta ahalegin fisiko eskuzabala burutuaz oso neurketa serioa jokatu zuten. Taktikoki, jokoaren ekimena laskoraindarrei utzi eta atzekaldean kokatu ziren, kontraerasora min egiteko eta baloi geldituko estratejiari zukua ateratzeko asmo eta itxaropen argiarekin.

Orain arteko jardunalditan ohikoa bihurtu den moduan Alonsoren mutilek ez zioten muzin egin partidaren ekimena hartzeari eta larunbaten ere baloiaren jabetza beraiena izan zen. Egia esateko partida ederki ulertu zuten eta eraso posizionalean pazientziaz aritu ziren urretxuarren defentsa zonalaren aurka. 3-1 eta 2-2 kokapenak txandakatuaz gol aukera dezente sortu zituzten gainera, baina ikastolakoak ate aurreko punteria kamustuta dabiltza aurtengoan.

Nola lehen zatian hola bigarrenean bi taldeek bakoitzaren rolari inongo aldaketarik gabe eutsi zioten eta partidak ere berean iraun zuen berrogei minututan zehar. Ikastolakoen aldeko markagailu batek dena aldatu izango zuen seguruenik baina ez zen horrelakorik gertatu. Estraineko gola urretxuarren alde erori zen kornerreko estratejian eta Telletxeak bi golekin etxekoak aurreratu bazituen ere, hurrengo jokaldian eta berriro korner baten bidez urretxuarrek binakoa sartu zuten.

Atsedenaren ondoren ere urretxuarrak izan ziren 2 eta 3 aurreratu zirenak kontra bat aprobetxatuaz eta Gil TDI-ren hirunakoaren ondoren beste kontra batean 3 eta 4 ere berriro aurreratu ziren. Minutuak aurrera partidak gero eta zailagoa zirudien laskoraindarrentzat, baina baloi jabetzak eta eraso posizionaleko pazientziak azkenean ekarri zuen fruturik. Barriolak egin zuen launakoa eta hanka orpoko arazoak zaintzeko zinta ikusgarri batekin jokatu zuen Telletxeak sinatu zuen azken 5 eta 4-koa hat-tricka osatuaz. Rockero zaharrak ez dira ez berehala desagertzen.

Murgiren lesioarekin batera, txonkatila bihurritu zuen, partidako albiste txarrena neurketaren hondarrean amaierarako lau segunduren faltan etorri zen. Barriola eta urretxuar baten arteko hikamika batek -ez zen beste munduko ezer izan, futbolean astero gertatu ohi den jokaldi horietako bat besterik ez- sekulako zalaparta sortu zuen, aulkitxoetako jokalari guztiak kantxaratu zirelarik eztabaida eta bultzakada artean murgilduaz. Norbaiti tokatu behar eta Barriola eta Alonso entrenatzailea expulsatuak izan ziren urretxuar jokalari batekin batera.

Tamalgarriena zera da, laugarren kokatu eta gero Laskorainek datorren bi jardunalditan sailkapeneko bigarrenaren eta hirugarrenaren aurka jokatu beharko duela eta partida garrantzitsu horiei baja dezenterekin egin beharko diela aurre. Larunbatean Usabalen Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Endika, Barriola, Saldias, Gil, Amatriain -haserako bostekoa-, Telleria, Telletxea, Murgi, Zabala, Zubillaga eta Urko jokalariak irten ziren garaile.
Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]