2009-01-19

Laskorainek 8-6 irabazi zion Elorriokori eta zortzigarren amaitu du lehenengo itzulia

Grand Slameko tenis partida baten bosgarren setaren emaitza gogorarazten duen 8-6 batekin irabazi zion Laskorainek Elorriokori joan den larunbatean. Azken emaitzak ezezik markagailuaren bilakaerak ere areto futbol partida baino gehiago tenis partida baten itxura izan zuen, tolosarrak bost aldiz aurreratu eta beste hainbat berdinketa izan bait genuen (1-1, 2-2, 4-4, 5-5 eta 6-6); eta honela ez da batere harritzekoa Usabalgo zalegoak une askotan New Yorkeko Queenseko Flushing Meadowsen zegoela sentitu izana, John McEnroe (Laskorain) eta Jimmy Connorsen (Elorrioko) arteko neurketa ikusgarri haietako batean.

Aipaturiko markagailuaren gorabehera hauetatik erraz ondorioztatu daitekeen moduan, bi taldeak bikain ibili ziren sakearekin, eraso jokoan, baina negargarri errestoan, defentsa lanean. Norgehiagoka beraz oso irekia eta gol aukera askokoa suertatu zen, gustagarria ikuslearentzat, baina bi taldeen arteko kalitate mailan dagoen aldeari erreparatuz gero, orekatuegia joan zen etxekoen kalterako eta ekidin beharreko nerbioak pasa zituzten laskoraindarrek hiru puntuak poltsikoratzeko.

Azpimarragarriena noski golegileen zerrenda izan zen. Ikastolakoentzat Gilek, Amatriainek, Otxoak, Saldiasek eta Telletxeak gol bana egin zuten eta Barack “Yes We Can” Telleriak hiru. Protagonista nagusiak azken hiru horitxo hauek izan genituen. Telleriaren hat-tricka oinarrizkoa izan zen taldea partidan mantentzeko eta azken bi minutuetan Saldiasek eta Telletxeak sartutako bi golek partida erabaki zuten. 7-6 eta 8-6, “game, set and match” Laskorainentzat.

Garaipen berri honekin Laskorainek 23 puntu pilatu ditu lehenengo itzuliaren amaieran eta zortzigarren dago kokatuta sailkapenaren gune epelean. Txapelketaren bigarren erdirako helburuak gauzak hobeto egin eta bi datu horiek gainditzea izan beharko luke ezbairik gabe. Horretarako batez ere taldearen trinkotasuna landu beharko da gogotik, defentsa jokoa alegia, arerioek samurregi zulatzen bait dute horitxoen atea.

Amaitu aurretik aipatu Laskorain Kirol Elkartearentzat asteburu borobila izan zela azken hau, lehen taldeaz gain, Javi eta Saldiasek zuzentzen duten filialak ere irabazi egin baitzuen eta baita Pradosen neskek eta Sanchezen jubenilek ere. Azken hauek Laubururen aurkako derbian.

Bihotz taupada gehiegirekin amaitu zuten larunbatean Usabalen Javi delegatuak, Alonso entrenatzaileak eta Endika, Amatriain, Saldias, Gil, Murgi –haserako bostekoa-, Telleria, Telletxea, Barriola, Zubillaga, Otxoa eta Domentxe jokalariek. Baja izan ziren Zabala eta Lander.
Eski

No hay comentarios: