Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 3-8 menderatu zuen Ortziri Comodon taldea

Kaldereroen gauean garaiz erretiratzeko eginkizunarekin eta ihauterien lehen posta behar bezela ospatu ezinik geratu ziren laskoraindarrak joan den astean izan ere Igande goizean Bilboko La Peña polikiroldegian jokatzea egokitu bait zitzaion taldeari.

Sailkapeneko azken hirugarren postuan kokaturik dagoen Ortziri Comodon bilbotarraren etxera eginiko bisitak era guztietako susmo eta mamuak zituen aztoratuak tolosarren buruetan, gune arriskutsutik aldentzeko ahaleginak egiten ari diren bizkaitarrek Nazional B mailako oilar bat baino gehiago makurrarazi dute aurtengoan eta norgehiagoka aurrera ateratzeko gogotik borrokatu behar izango zenaren pentsamoldearekin kantxaratu ziren Alonsoren mutilak.

Inoiz baino baja zerrenda luzeagoa suertatu zen horitxoen lerroetan, Domentxe, Ekhi, Telletxea, Zabala eta Jonikok ezin izan zuten gainontzekoen alboan lehiatu arrazoi ezberdinak zirela medio.

Unerik gogorrenetan erakutsi behar du talde batek batasunaren izpiritua, eta horretan bederen ederki aritu ziren ikastolakoak, lehen zatian atzean sendo jardunik eta kontraerasoan zein estrategian asmaturiko jokaldi batzuren ostean 0-5-eko partzialarekin aldagelaratu ziren jokalariak. Neurketa maldan behera ipini zen oraindik 20 minutu luze geratzen baziren ere. Ordurarteko golegileak Barriola(3) Saldias eta Lander izan ziren.

Bigarren erdian tentsio jeitsiera batek etxekoen zenbait gol baimendu arren, soberako errentak 3-8-ko azken emaitzarekin amaitu zuen neurketa. Saldiasek beste behin, Murgik eta Gilek sinatu zituzten tolosarren sareratzeak.

Aipamen berezia egin nahi zaio filialeko Led jokalariari, haserako bostekoan ateratzeaz gain, txukunak baino zerbait gehiago izandako minutu ugari jokatu bait zituen bere “debut”-ean, merezitakoak eta bere kabuz irabazitakoak gainera.

Garaipena kantxa gainean argia izan bazen, are eta argiagoa gertatu zen bueltan autobusean Amatriain eta Landerrek musean irabazitako txapelketatxoa, karta gehiegi ikusi barik baina nagusitasun osoz bereganatua gainontzeko taldekideak aise menderatuaz.

Igandean Bilbon, Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Endika, Led, Amatriain, Saldias, Barriola, Murgi, Lander, Gil, eta Telleria izan ziren. Telletxea ere aulkitxoan eseri zen jokatzeko egoeran aurkitu ez arren.

Filialak bina berdindu zuen Idiazabalen ostiral iluntzean jokatutako partidan. Puntua txarra ez den arren, erretxinduta itzuli ziren tolosarrak garaipena epaileak eskutik kendu izanaren usteagatik.
Amatri

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]