Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 8 eta 5 irabazi zion Sasikoa liderrari partida ikusgarri batean

Laskorainen kronika irakurlea behin eta berriz errepikaturiko leloarekin topatu da aurten: ikastolako taldeak bere joko merezimenduei dagokien baina emaitza eskasagoak pilatu dituela alegia eta sailkapeneko postuak ez duela inolaz ere taldearen joko maila behar bezala islatzen. Seguruenik astero astero gauza berbera irakurri duenak kronikalariaren objetibitatea ere zalantzan ipini izango du uneren batean, baina larunbateko neurketak zalantza guztiak argitzen eta deuseztatzen ditu.

Jardunaldi honetan hain zuzen txapelketako liderraren bisita jaso zuten horitxoek Usabalen, eskarmentu eta kalitate ikaragarrizko jokalariz osaturiko Sasikoa durangarraren bisita, eta sekulako partida borobildu zuten lider ahaltsua 8 eta 5 lehen minututik azkeneraino nagusitasunez menperatuaz. Erdipurdiko talde batek ez du ez honetarako gaitasunik.

Aidanez gakoetariko bat Alonso entrenatzailearen txarla teknikoan egon zen; maisutasunez aukeratutako adibidez horniturik diskurtsoak jarrera ezin hobearekin eta oso ideia garbiekin kantxaratu arazi baitzituen horitxoak, oso entxufatuta, orain esaten den moduan. Baloia gogor presionatzen zuen etxekoen defentsa zonalak min handia egin zien durangarrei eta honetaz gain horitxoek baloia ere ederki eta abiadura handiarekin jokatu zuten, nola eraso posizionalean nola kontraerasoan.

Larunbatean gainera, denboraldian orain arte gertatutakoaren kontra, kantxa gaineko nagusitasuna markagailura eramaten ere bikain asmatu zuten, Alonsorenak denbora guztian izan zirelarik aurretik hestutasun handiegirik pasa barik. Golegileak izan ziren noski protagonista eta guztion gainetik Murgi mirakusa. Murgik txapela kentzeko moduko partida osatu zuen taldearen lehenengo hiru golak sinatu zituelarik. Jaione bere neskalagunak ere, “zer demontre bazkaldu du gaur?” galdetzen zuen harmailetan.

Beste bost golak Telletxearen, Barriolaren eta Zubillagaren artean banatu zituzten. Lesiotik bueltan Telletxea rockero zaharrak hat-tricka osatu zuen Murgik bezela eta arratsaldeko golik ikusgarriena, ikastolakoen seigarrena, Ekhi Zubillagak sartu zuen, jaurtiketa bortitz batekin zutoina eta langa arteko armiarma sareak garbituaz.

Jokalari guztiek maila ikusgarria erakutsi bazuten ere, Amatriain arroka despistatu xamarra antzeman genuen, noraezean bezela arratsalde guztian. Partida amaieran mihiluzeek ziotenez Gorkak aurreko gaueko abesti baten eraginpean zirauen, erdi liluratuta erdi sorginduta. Berak noski ebidentzi guztiak ukatu zituen.

Egindako lanagatik harro eta pozik, baina aste honetako Astigarragako derbian burua, irten ziren Usabaldik Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Amatriain, Barriola, Domentxe, Endika, Giller, Lander, Murgi, Otxoa, Saldias, Telleria, Telletxea eta Zubillaga jokalariak.

Filiala bere hortan darrai "play-off"-a jokatzeko eskubidea ematen duten postuetara gerturatzeko helburuan eta asteburu honetan Allerruri 5-1 gailendu zitzaion.
Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]