2009-04-27

Laskorainek nagusitasunez gainditu zuen Orioko taldea 5 eta 2

Bisitariek horrela eskatuta igandean angelusaren orduan jokatu zuten Usabalen Laskorainek eta Oriokok denboraldiko azken derbi gipuzkoarra. Horitxoek jokoan ezer ez zuten arren derbiak bazuen erakargarritasunik, kostakoak jaitsieraren mamua behin betirako urrundu nahiean lasaitasunaren garaipenaren bila baitzetozen Usabalera.

Neurketa ez zen batere samurra suertatu ikastolakoentzat. Aulkitxoan sakontasun gehiago zutenaren jabe, Alonsoren mutilak derbiari erritmo altua ipini zioten, laukoteak txandakatuaz baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena bereganatuaz, baina aurrean, betiko lepotik burua, Orioko arrokatsu batekin topatu ziren. Telletxearen gol azkarrak ere ez zuen erraztasunik sortarazi eta atsedenaren aurretik kontraerasoan banakoa egin zuten oriotarrek.

Bigarren erdiaren hasiera lehen zatiaren klon bat izan zen. Jokoan jaun eta jabe horitxoak berriro aurreratu ziren Barriolak jira-bira batean sartutako gol eder bati eskerrak, baina minutu gutxitara bisitariek binakoa ipini zuten berriro kontra batean. Beste behingoz denboraldi guztiko komeria zuten laskoraindarrek: jokoan erakusten zuten nagusitasuna ezin markagailuan islatu, alegia.

Igandean ordea ez zen partida gehiago okertu eta jokoa orekatu, horitxoen konfiantza gainbehera hasi eta oriotarren itxaropenak biderkatu aurretik, unerik egokienean, Barack Telleriak hirugarrena sareratu zuen ikastolakoak orain bai betirako aurreratuaz.

Golaren ondorengo minutuetan eta partidaren hondarrean ez zen gehiegi sufritu gainera, zer esan handia izan zutelarik Saldias kapitainak eta Telletxea areto futbol katedratikoak. Betirako gaztaroan diruditen bi rockero zaharrek laugarrena eta bosgarrena sinatu zituzten 5-2 azken emaitza igoaraziaz markagailura.

Etxeko lanak ederki betetako sentsazioarekin irten ziren Usabaldikan Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Endika, Telleria, Amatriain, Barriola, Telletxea, Lander, Murgi, Gil, Zubillaga, Saldias eta Otxoa jokalariak.

Aipatu amaitu aurretik Javi eta Andoniren filialak 2 eta 1 galdu zuela liderraren aurrean baina igoerarako play-offean sartzeko aukerak indarrean dirauela. Hain zuzen, aste honetan izango du hil ala biziko partidua 2king-uak taldearen aurka.
Eski

2009-04-06

Laskorainek 3-1 galdu zuen Bilbon Iturriondo taldearen aurka

Bien partetik jokaturiko norgehiagoka trakets baten ostean, 3-1-eko emaitzarekin bueltatu zen Laskorain joan den larunbatean, horitxoen moduan sailkapeneko erdiko postuetan kokaturik dagoen Iturriondoren aurka galdu ondoren.

Erronka berrien beharrean da taldea, izan ere, sailkapeneko erdiko postuetan katiaturik daraman denboran eta bestelako pizgarririk eskaintzen ez duten norgehiagoka gehienetan ez bait dute behar adinako mailarik eman ikastolakoek, eta aste hontakoa ez da salbuespen batean bilakatu. Beste munduko ezer egin barik baina beti ere horitxoek baino apur bat konzentratuago agertzea nahikoa izan zuten bizkaitarrek hiru puntuak etxean lotzeko.

Norgehiagokaren hasierak ez zuen nagusi garbirik erakutsi, baina etxekoak izango ziren 1-0-ekoa ipintzen asmatuko zutenak kontraeraso bati etekina atereaz. Bitartean Alonsoren mutilek erreakzio izpiren bat erakutsi bazuten ere, markagailua ez zen mugitu eta horrela amaitu ziren lehen 20 minutuak.

Bigarren zatian, etxekoak ernatuago kantxaratu ziren golaukera garbienak sinatu zituztelarik tolosarren ate aurrean, Endika atezainak gelditu bikainak egin zituen baina 2-0-ekoa ekiditeko orduan ezin izan zuen ezer egin. Telleria zilarrezko beltxargak aldea murriztea erdietsi zuen 2-1-eko a ezarriaz elektronikoan, ondorengo minutuetan gertatu ziren norgehiagoka berdintzeko aukerarik gardenenak baina Alonsoren mutilek ez zuten asmatu eta bilbotarrak izango ziren berriro ere behin-betiko 3-1-ekoa igoko zutenak markagailura.

Denboraldia bukatzeko 4 norgehiagoka geldintzen dira oraindik eta jokoan ezer ez izanagatik urtea ahalik eta hobekien amaitzea da laskoraindarren helburua, bi asteetako atsedenaldi baten ondoren, indarrak berritu eta Usabalgo polikiroldegia bisitatuko duen Orioko Tabernak taldea menderatzeko asmotan direlarik dagoeneko Alonsoren mutilak.

Larunbatean Bilbon Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Endika, Amatriain, Murgi, Gil, Lander, Telletxea, Telleria, Saldias, Barriola eta Domentxea izan ziren.

Filialari dagokionez 5-4 menderatu zuen Gure-txokoa taldea eta igoera faseko postuetei eutsita darrai. Pradosen neskek 0-0 berdindu zuten eta “Sancho”-ren gazte taldeak berriz 6-1 galdu arren hirugarren postu dotore batean kokaturik jarraitzen du.
Amatri