2009-05-18

Laskorainek 5-6 irabazi zuen Elorrion denboraldiko azken norgehiagoka eta zortzigarren postuan amaitu du

Makina bat aste dira laskoraindarrak sailkapenaren erdiko postuetan katiaturik gelditu zirela, eta denboraldi amaierak eragingarri berezirik gabeko partidu ugari laga ditu ez aurrera ez atzera egiterik ez zuten taldeen artean. Bestalde eta litekeen neurrian behintzat, urtea ahalik eta zapore onenarekin amaitzea komeni izaten da beti ere eta Laskorainek 5-6-ko emaitzarekin ebatzi zuen 2008-2009 egutegiko bere azken lehia.

Erdipurdiko lehenengo zati baten ondoren, 3-2 ipini ziren atzetik tolosarrak Landerrek eta Telletxeak egin zituztelarik gipuzkoarren sareratzeak, ordurarte eta aurtengoan beste horrenbestetan gertatu legez, zapore mikatzarekin erretiratu ziren horitxoak atsedenaldian.

Bigarren erdiari gogotsu eta zirrara onekin ekin zioten Alonsoren mutilek, baina etxekoak izango ziren beste behingoan asmatuko zutenak 4-2-koa igoaz elektronikora. Telletxeak aldea murriztu arren berriro erantzungo zuten bizkaitarrek eta 5-3-koarekin jardun zuten ondorengo minutu luzeek. Telletxea izango zen berriro ere 5-4-koaren arduraduna hamar metrotatik 4 minuturen faltan, hori gutxi balitz, azken minutuan Barriolak berdinketa ezarriko zuen 5-5-ekoa sareratuaz. Saldias kapitainak emango zion garaipena bere taldeari amaitzeko 17 segundu exkax gelditzen zirenean.

Telletxearen lana azpimarratu nahi da bereziki, laskoraindar moduan jokaturiko bere azkenengo partiduan 3 gol egin bait zituen areto futbolean ibilbide dizdiratsu bat izan denaren irudi bizian azaldu zelarik larunbatean borobilduriko norgehiagokan.

Telletxearekin batera, elastika horia urte mordoan zehar harrotasunez defendatzeko ardura izan duten Amatriain eta Domentxek ere, horitxoen lerroetan egindako beraien azkenengo denboraldia itxi zuten. Taldea bestalde, ez da zangomotz geratuko, gazteek aurtengoan bilakaera argia nabarmendu dute, beraien eskuetan gelditzen delarik orain ikastolako ontziaren lema eta datozen urteetan Laskorainen izen ona babestearen ohorea.

Larunbatean Elorrion, Jorge, Javi delegatua, Domentxe, Telleria, Telletxea, Barriola, Lander, Murgi, Saldias, Ekhi, Gil, Joniko eta Endika izan ziren.

Filialari dagokionez, 1-0 irabazi zuen etxean eta igoera fasea jokatuko du ondorengo asteetan. “Sancho”-ren gazteek 1-8 irabazi zuten beraien neurketa eta Pradosen neskek ere beste horrenbeste egin zuten 5-2-ko emaitzarekin.
Amatriain

2009-05-11

Laskorainek 2 eta 5 galdu zuen Izkepot laudiotarraren aurka eta zortzigarren da sailkapenean

Oso esker txarrekoak izan ohi dira denboraldi amaierak sailkapenaren erdikaldean kateatuta gelditu zarenean. Baliozko helbururik gabe, motibazioa aurkitu ezin, lehiaketak derrigor aurkezten dituen zailtasunei aurre egiteko prestutasuna desagertzen da eta nagikerian eta errazkerian jaurtitzeko arriskua jasaten da. Emaitza onen balioa ez antzeman eta emaitza txarrak pilatzen dira, erremediorik gabe.

Tamalez, pasa den larunbatean, sintoma edo zantzu hauek erakutsi zituen Laskorainek Izkepot talde arabarraren bisitan. Horitxoak fede ahularekin kantxaratu ziren eta talde moduan borrokatzeko grinak ere ez zuen behar bezainbeste iraun, gauzak malda gora ipini ziren arte doi doi.

Kontakizuna sinplea da. Laudiotarrena izan zen partida hasieraren ostean, ikastolakoak ondo erreakzionatu zuten, minutu luzez neurketa orekatu bat ikusteko parada izan genuelarik. Murgi mirakusaren banakoaren ondoren, arabarrek bigarrengoz aurrea hartu zuten eta Usabalgo markagailuak 1-2 adierazten zuen atsedenaldian.

Bigarren zatia bikain hasi zen etxekoentzat. Joko erritmoa igo eta partida erabat ireki zuten, gol aukera dezentetaz gozatuaz binakorako. Atezain arabarraren erruz berdinketa ordea ez zen etorri eta gutxien espero genuenean, zorigaitzeko minutu batean, lehendabizi faltaz eta kontraerasoan ondoren, laudiotarrek 1-4koa ipini zuten.

Ondoren gertatutakoa izan zen tamalgarriena, azken minutu horietan horitxoek errazegi eman baitzuten amore, errazegi utzi baitzuten talde lanean sinesten eta transmititu edo igorri zituzten sentsazioak mentalitate ahularenak izan baitziren. Partidoak galtzea normala da, baina betidanik laskoraindarren ezaugarria izan den lehiakortasuna eta harrotasuna ez erakustea bai da larria. Zubillagaren gola eta arabarren 2-5ekoa anekdota hutsa izan ziren.

Jardunaldi bat gelditzen da txapelketa amaierarako eta Laskorainek Elorrion izango du aukera denboraldia beste modu batera amaitzeko. Horretarako, presidente ipar amerikar bat parafraseatuaz, laskoraindar bakoitzak taldeak beragatik zer egin dezakeen pentsatzeari utzi eta berak taldearengatik zer egin dezakeen ausnartu beharko du. Astebete dago horretarako, Elorrion garaipena lortzeak balio handia bait du, azkeneko aldiz zamarra horitxoa jantziko duten jokalariengatik bada ere.

Burumakur eta kopetilun irten ziren Usabaldik Javi delegatua, Alonso eta Eski entrenatzaileak eta Domentxe, Telleria, Lander, Saldias, Zubillaga, Barriola, Murgi, Gil, Amatriain eta Endika jokalariak.
Eski

2009-05-03

Laskorainek 7-8 irabazi zuen Erandion Astraburuko taldearen aurka

Bigarren astez jarraiean igandean jokaturiko norgehiagokak beste aurrerapauso berri bat zenbatu zuen tolosarren sailkapen taulan, izan ere Astraburuko udal polikiroldegian eskuraturiko garaipen neketsuaren ondorioz hiru puntuak horitxoen autobuseko maletategian itzuli bait ziren bueltako bidaian.

Alonso entrenatzailea ezin izan zen bere mutilen alboan jardun baina Saldias kapitainaren aginduek eta gainontzeko jokalari guztien elkarketak azkenean 7-8-ko emaitzarekin bideratu zuten norgegiagoka.

0-1 ipini ziren aurretik ikastolakoak Telleria zilarrezko beltxargak kontraeraso bati bukaera aparta eman bait zion, Astraburuko arerioa ordea, kalitatezko jokalari ugariz hornituriko talde alaia dugu, defentsa lanetan ahula, baina eraso eta zehaztasun maila altuko lehiakidea. Argi eta garbi frogatu zituen bere arma nagusiak kantxa gainean laskoraindarrek eskeinitako bi nahaste-borrasteetan markagailua biratuz eta 2-1 aurreratzea lortuaz lehenengo zatiaren amaieran. Bien bitartean tolosarrek makina bat aukera garbi barkatu zituzten eta modu horretan amaitu zen estraineko zatia.

Bigarren erdian beste martxa bat sartu zuten kanpotarrek eta Gilek eta Murgik 2-3-koa igo zituzten markagailura. 3-3-koa berehala iritsi zen baina beste behingoz mahai gainean kolpe bat eman eta 3-8-raino joan ziren tolosarrak. Telletxea, Gil (2) eta Ekhik (2) eginiko sareratzeek maldan behera ipini zuten norgehiagoka eta larrosaz beteriko bide baten tankera hartu zuten gelditzen ziren azken 10 minutuek.

Inoiz baino okerrago zegoen ordea modu horretan pentsatu zuenak, izan ere horitxoen tentsio jeitsiera nabarmenak eta bizkaitarren eraso jarduntsuak xakean jarri bait zuten Domentxe katuaren atea elektronikoaren isladapena 7-8-raino estutuaz, azken hau izan genuelarik bukaerako minutuetako protagonista nagusia, unerik latzenetan berak ateratako esku erabakigarriei zor bait die taldeak partida amaieran neurriz kanpoko txantxarik jaso ez izanak.

Kontuak kontu, garaile eta pozarren irten ziren Astraburuko udal polikiroldegitik Javi delegatua, Endika, Telletxea, Barriola, Gil, Murgi, Amatriain, Telleria, Ekhi, Saldias eta Domentxe jokalariak.

Bigarren taldeak 4-4 berdindu zuen etxean eta “play off”-a jokatzeko txartela eskuratzeko puntu bakarra nahikoa du gelditzen zaion azken partiduan. Pradosen neskek atsedenaldia zuten aste honetan eta “Sancho”-ren gazteek 1-6 irabazi zuten nagusitasunez beraien erronka.
Amatri