2009-11-22

Laskorainek 9-1 menderatu zuen Astraburuko talde bizkaitarra gol festa bikain batekin

Pasa den astean Iturriondo taldeari irabazita, konfidantza osoz agertu zen Laskorain Ikastolako taldea larunbat arratsaldean usabalera. Aurrean berriz, sailkapeneko azkeneko postuetan katiaturik dagoen Astraburuko talde bizkaitarra izan zuen.

Ikastolakoek sailkapeneko zuloan dauden taldeekin izan dituzten partidekin gogoeta eginda, beharrezko seriotasunarekin hartu zuten larunbatekoa. Taldeko Panomarixek eramandako opiltxo majikoak barneratu ostean gudarako prest genituen gure galiarrak.

Erromatarrak berriz, guda hasi baino ordu laurden lehenago bertaratu ziren eta beroketa ariketarik egiteko apenas izan zuten astirik. Epaileek txistua jo orduko, arrapalada bizian abiatu ziren gure mutilak eta aurrean harrapatutako dena deuseztatu zuten.

Honela, aurkariak konturatu zirenerako ikastolakoak 6-0 aurreratu ziren markagailuan. Beñat, Gil birritan, Joniko, Ekhi eta Lander izan genituen goleatzaile. Laskorainek egindako lan ona kontutan hartu behar bada ere erabakiorragoa izan zen aurkariak defentsan erakutsitako ahultasuna.

Lehenengo zatia amaitzeko, norgehiagokaren erakusgarri suertatu zen jokaldi batean, aurkariak ateko sake bat presionatzera etorri eta ikastolako 3 jokalarik bizkaitarren atezainaren aurrean amaitu zuten. Bizkaitarren beste lau jokalariek kantxa erditik ikusi ahal izan zuten ileapaindegitik pasatu berritan sekulako txispa lortu duen Gillerren aurtengo estraineko gola.

Asperraldirako ezin hobea izan zen bigarren zati batean, aurkariak ohorearen gola egin zuen eta Laskoraingo bi geziek, Giller eta Jonikok, euren arratsaldeko bigarren gola sareratu zuten partidua 9-1eko markagailu esanguratsu batekin itxiz.

Norgehiagokak izan zituen alde positibo guztien artean, Tolosako larunbat gauetako errege dugun, Mikel Alonso handiaren merezitako debuta izan genuen azpimarragarriena. Mila berbaldi tekniko-taktiko jaso ondoren, partida batean suerta litezkeen egoera guztien jakitun genuen mutila eta norgehiagoka borobila osatu zuen.

Beste hiru puntu poltsikoratuta, babarrunaren festan murgildu ziren usabalera gerturatutako zale eta Laskoraingo kideak. Oraingoan Murgi kantxako ordezkariak, Javi taldeko ordezkariak, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Beñat, Gil, Lander, Txiki, Urko, Barriola, Mikel, Giller, Joniko eta Ekhi jokalariek osatu zuten deialdia.

Filialek ere euren partidak irabazita, asteburua borobila izan da Laskorainentzat. Aitorren mutilek 3 puntura zuten liderra erraz menderatu zuten 9-3 eta Andoniren taldea sailkapeneko bigarren postura igo da garaipen berri honekin.


Unai

No hay comentarios: