2010-12-19

Laskorain esku hutsik bueltatu zen Elorriotik urteko azken partidan

Makina bat poz eta garaipen eman dizkigun 2010. urte paregabeari amaiera emateko igande goizean goiz joan ziren Elorriora gure lehen taldeko mutilak. Bertan, taldea eraberritu eta lan paregabea egiten ari den Elorrioko talde sendoa zuten zain partida gogor bat lehiatzeko.

Ligako bi talde goleatzaileenek elkarren aurka jokatutako norgehiagokan, golak ez zuen hutsik egin eta 40 minutuen ostean, Elorriotarrak izan ziren garaile 8-7. Partidaren gakoa ordea defentsan egon zen, Ikastolakoak gol gutxien jasotako taldea izaki, ez zuten bere maila eman eta garesti ordaindu zuten.

Partida hasi orduko okertu zen horitxoentzat, minutu erdia pasatzerako aurretik baitziren bizkaitarrak. Elgetako bihurguneetan zorabiaturik geratu bailiran, ikastolakoen ez zuten ezertan asmatu eta atsedenaldira bitartean min handia egin zuten Elorriotarrek, 4-0.

Partidak itxura iluna izan arren, ideiak antolatu eta gogotsu ekin zioten Javiren mutilek bigarren zatiari. Etxekoen 5. golak ordea, lehen iluna zena oso beltz bilakatu zuen.

Une latz horietan ordea, Laskorainek bere izaera lehiakorra plazaratu eta Illunberen golari jarraiki izandako minutu eroetan 6-4 hurreratzea lortu zuen. Atezain jokalari taktikak baina, arrisku handiak hartzea dakar eta bi baloi galera inozotan punteria zorrotza erakutsi zuten etxekoek, berriz ere, 4 goletako errenta lortuz.

Ondorengo minutuetan, 8-7 estutu zuen markagailua Laskorainek hat trick bana sinatu zuten Gil eta Jonikoren golekin emozioa gorenean ipiniz. Minututik gora falta zen oraindik eta puntuen kai muturrera iristeko ahaleginean igerian jarraitu bazuten ere, ur ertzean itota geratu ziren horitxoak.

Amaieran, lehen zatiko itxura negargarriari buelta eman izanaren sentsazioa eduki arren, esku hutsik aldagelaratu ziren Elorriora joandako gure mutilak.

Kirol arloan emaitza bikainak lortu arren, azken urte honetan gaizki portatu garenaren ustea izango du Olentzerok, ikatza bezain beltza izan den asteburua oparitu baitigu oraingoan. Aitor eta Ikerrek gidatzen dituzten filialeko taldeek ere, dezenteko porrotak jaso baitituzte etxean jokatutako partidetan, 3-8 eta 0-7 hurrenez hurren. Dena den, gure ikazkinak badaki zeini ondo egin eta neskei garaipen polita oparitu zien igande arratsean arabara egindako bisitan, 1-5.

Unai

2010-12-14

Laskorain 7-2 gailendu zitzaion Clinica Dental Aldazi eta lidergoan kokatu da

Asteazkenean Gallartan 0-5 lortutako garaipena dastatzeko betarik gabe, larunbat ilunabarrean Lasarteko Clinica Dental Aldazen bisita jaso zuen Laskorainek Usabalen. Horitxoek joko sasoi harrigarrian daudela frogatu zuten beste behin eta buruhauste larriegirik gabe, ia azeleragailua zapaldu gabe, 7-2 nagusitu ziren.

Aski izan ziren ohiko defentsa zonala eta aurkariaren ateko sakeetako presina jokoaren ekimena bereganatzeko, baloiaren jabetza horitxoena izan zelarik partidako fase guztietan. Lasartearrek atzean 12-15 metrotan eustea erabaki zuten eta ez zuten beraien ideia gehiegi mutatu markagailuan azpitik joanagatik.

Saldias rockero zaharra, nola ez, izan zen arratsaldeko estraineko golaren egile eta bisitarien berdinketaren ostean, Ekhi Zubillaga arratsaldeko izarrak hautsi eta erabaki zuen partida hiru gol sinatuaz erreskan eta ikastolakoak 4-1 aurreratuaz. Korner batean aldaztarrek sareratutako bigarrenak ez zuen urduritasunik eragin etxekoen aldagelan atsedenaldian zehar.

Bigarren zatian are eta garbiagoa izan zen etxekoen nagusitasuna eta joko dizdiragarririk gabe izan bazen ere -jokalari horitxoak behintzat ez ziren asebete-, hiru gol gehiago sartu zituzten Barack Telleriaren, Ekhiren eta Otxoa pistoleroaren eskutik.

Goraipatu noski Ekhiren partida, Nazional mailan lau gol egitea, azkena zoragarria gainera, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Doai ikaragarrien jabe ez dakigu noraino iritsi daitekeen mutil hau, baina larunbateko jokoak behintzat miresmen handia piztu zuen jarraitzeleengan -hiru hilabeteko haurtxoren bat ere ahozabalik utziaz-, eta asko poztu zituen denboraldietako bere lan mutu eta eskuzabalaren lekuko izan diren bere taldekide eta entrenatzaile guztiak.

Aipatu bukatu baino lehen, poltsikoraturiko 6 puntuez gain aste honetan albiste gehiago izan dela Laskorainen inguruan. Wikileaks-ek argitaraturiko filtrazio entzutetsuan, EEBB-etako enbaxadoreek Washingtonera bidalitako kable horietako batean zera jakin dugu: Javi Mugica entrenatzaile horitxoari kirol arloan ezezik (31 puntu 36-tik, ez da broma) arlo sentimentalean ere gauzak oso ondo dihoazkiola. Bejondeiola Mr Mugica-ri.

Filialari dagokienez, biak galdu egin zuten. Aitorren bigarren taldeak 2-1 Zarautzen eta Sanchoren hirugarrenak 4-2 Beran. Daviden neskak aldiz, 2-4 gailendu ziren Gasteizen.
Eski

2010-12-08

Laskorainek garaipen berri bat lortu zuen Gallartan

Durangoko liburu eta disko azoka arrakastatsua ospatu den honetan, beste orrialde eder bat idatzi du Laskorainek 2010-2011 denboraldiko bere liburuxkan. Aste erdian Gallartara eginiko txangoan 3 puntu garrantzitsu eskuratu baititu Meatzari taldea 0-5 mendean hartu eta gero.

Partidaren azken emaitzetik urrun norgehiagoka parekatu eta gogorra jokatu behar izan dute gure mutilek arerio bizkaitarra garaitzeko. Meatzari taldeak Txikito frontoian jokaturiko partida guztiak garaituak zituen orain arte eta Jabiren mutilek ederki antzeman dute lorpen horren zergaitia.

Partida erritmo bizi eta eroan hasi da, etxekoek ustekabean harrapatu nahi izan dituzte ikastolakoak baino azken hauek sendo mantendu dira. Joan etorriko lehen 10 minutu eroen erdian horitxoen kapitaina den Barriolak aurretik ipini du taldea kontraeraso bati amaiera emanez.

Erritmoak bere horretan iraun du atsedenaldira bitarte baina markaigailuak ez du aldaketarik izan. Bigarren zatiaren hasieran ordea, Laskorainek aldea areagotzea lortu du beste bi kontraeraso maisuki amaitu ostean, Saldias eta Gil izan dira goleatzaile kasu honetan.

13 minuturen faltan atezain jokalaria kantxaratu du Meatzari taldeak baina ez dio etekinik atera. Aukera garbiren bat izan badute ere, ezin Endikak zaindutako atean zirrikiturik aurkitu. Minutuak aurrera egin dute eta Saldiasek lasaitasunaren 4. gola egin du aurkariak jokalari bat gutxiago zirela probestuz egindako jokaldi eder batean. Golera zihoan baloi bat eskuaz jotzeagatik egotzia zuen epaileak aurkarietako bat.

Azken minutu itsusi batzuetan, etxeko taldeak ez du galtzen jakin eta sarrera eta ostiko zikinez josi dituzte jokalari horitxoak. Ostiko horietako franko jaso dituen Elolak egin du partidako azken gola segundu gutxiren faltan.

Punturen bat talde gutxik urratuko duten kantxa honetan, garaipen garrantzitsua lortu du Laskorainek gaurkoan. Dena den gozatu bezain pronto ahaztu beharko dute gure mutilek, larunbateko Klinika Dental Aldazen aurkako norgehiagoka uste baino lehenago iritsiko baita.

Unai

2010-11-29

Laskorainek 2-1 menperatu zuen Concepto Createch liderra

Urtero ohikoa izaten ari den moduan, urrezko orrialde berri bat idatzi du beste behingoz Laskorainek bere memorien liburu sakratuan, oraingo honetan Concepto Createch lider ahaltsua izan zelarik horitxoen harrapakin eta kaltetu nagusia.

Gertakizunaren ikusmina zela eta, jendetza ugaria bildu zen Usabalgo harmailetan eta lehen sailkatua eta bigarrenaren arteko demak ez zien ikastolako jarraitzaile sutsuen aurreikuspenei hutsik egin. Horren lekuko ditugu taldeak erakutsitako maila, konfidantza eta erabateko nagusitasuna, ondorioz zapore benetan gozoa geratu zelarik laskorainzale guztiengan.

Norgehiagoka modu txarrean hasi zen etxekoentzat, kanpotarrak berehala aurreratu bait ziren estrategiako jokaldi bati bukaera bikaina emanaz. Egoera ezin okerragoa Javiren mutilentzat, lehengo minutuan 0-1 galtzen hasi, zalantza guztiak pizturik eta parez-pare Nazional B mailako joera ekonomiko guztiak apurtzen dituen talde baten aurka gailendu beharra zutelarik ordundik aurrera.

Urteetan zehar eskeini izan ditu Laskorainek arratsalde dizdiratsuak bere jarraitzaileen aurrean eta joan den larunbatekoa ez zen ezberdina izan. Arerioak ordurarteko partidu guztiak garaipen banarekin ebatziak zituen, jokalari eta entrenatzailearen “curriculum vitae”-ak edonor dardarazteko modukoak ziren era berean, baina zulogune guzti horien parean kikildu beharrean, taldekideek egoeraren aurrean hazi eta oldartzeko erabakia hartuaz zailtasuna gailendu zuten.

Presioa, defentsa, jokoa, intentsitatea eta erantsi daitezkeen arlo guztietan nabarmenki nagusitu ziren etxekoak bigarren zatian markagailuari itzulipurdia ematea lortu zuten arte. Elgoibartarrei arnasa hartzeko betarik ere eman gabe eta 2-1-eko emaitza eskuratu bitartean ez zuten bakerik izan tolosarrek, eta Saldias eta Barriolak egindako golei esker hiru puntuak etxean geratu ziren azkenean.

Murgik emandako erakustaldia ezin goraipatu gabe utzi, arerioaren jokalaririk ospetsuenen oso gainetik ere aritu zelarik 40 minutuetan zehar. Taldea eta lana ardatz moduan dituen klub baten filosofiak, onenekin ere neurtu daitekeela erakutsi du beste behingoz eta ondorioz liderretik 2 puntura ipini da Laskorain aukera paregabea eta amets egiteko eskubide osoa ondo irabaziak dituelarik.

Larunbatean Usabalen Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Murgi, Gil, Saldias, Barriola, Telleria, Joniko, Belloso, Ekhi, Ilunbe eta Aratz izan ziren liderra menperatu zutenak.
Gorka

2010-11-26

Laskoraingo nesken taldeak 6-1 galdu zuen Gasteizen

Neskek, igandean ezin izan zituzten 3 puntuak etxera ekarri. Partidu gogor baten ondoren, markagailua 6-1 geratu zen.

Lehenengo zatia hasi eta berehala Tolosarrek baloia galdu ondoren, Gasteiztarrek kontraeraso azkar batekin egin zuten lehen gola. Laskoraindarrek ez zuten amore eman eta markagailuan banakoa jartzen saiatu ziren arren, aurkariek bigarrena egin zuten aurreko golaren antzeko jokaldi batean.

Baina hori ez zen izan okerrena, epailearen jarrera baizik. Hainbat falta adierazi zituen Laskorainekoen desadostasunerako. Hauek kexatu egin ziren eta epailearen hortik aurrerako jarrera, harroa eta ezjakina izan zen.

Minutuak aurrera joan ahala, hirugarrena iritsi zen eta egoerak okerrera egin zuen. Horitxoek ezintasuna sentitu zuten eta egoera areagotzeko, atezainari txartel gorria atera zion. Beraz, Anek aldageletara joan behar izan zuen eta bere ordez Mireia atera zen. Azken bost minutuak ziren eta hiru jokalari eta atezaina zeuden kantxan, ustez, arauak horrela zirela pentsatuz.

Atsedenaldia iritsi eta Davidek epaileari komentatu zion bost minutu egon zirela jokalari baten faltan, eta ez zuela abisatu. Honek erantzun zuen ez zegoela zertan jokalari bat kendu beharrik, arauetan ez duela hori jartzen. Jarrera onartezina izaten ari zen eta bigarren zatian sinesgaitza badirudi ere, okerrera egin zuen egoerak. Jokalariek ezin zuten sinetsi zer nolako erantzunak jasotzen ari ziren epailearen aldetik.

Laugarren gola ere iritsi zen eta honen ondoren, Aitanak, bigarren zutoinean zela, lehena sartu zuen.

Tolosarren alde area kanpoan falta bat adierazi zen. Eiderrek berehala atera zuen aurkariak ustekabean harrapatuz, Joneri pasa eta honek gola sartu zuen. Gola baliogabetu egin zen ordea eta ondoren, epaileak Eiderri ondorengoa esan zion: “No por mucho madrugar, amanece antes”.

Jarraian, etorri ziren aurkariaren beste bi golak partidua amaitzeko. Horitxoak haserre joan ziren aldageletara, jokalari bat gutxiagorekin eta punturik gabe.
Laskorain K.E.

2010-11-21

Laskorainek 2-4 irabazi zuen Orion eta bigarren darrai sailkapenean

Tolosarron zain nagusiak, Oria ibaiak alegia, itsasoraino egiten duen ibilbide berbera egin zuen Laskorainek larunbat arratsean. Horitxoek sailkapeneko azkenaren kantxa bisitatu zuten, Oriokoren Karela dotorea eta hiru puntu gehiago poltsikoratu zituzten 2 eta 4 irabazita.

Azkenaren aurka sarri gertatzen den moduan, neurketa ez zen samurra suertatu. Hil ala biziko egoeran dauden taldeak oso arriskutsu bihur daitezke eta ikastolakoek ikasgai hau ondo ikasia duten arren larunbatean eskola berri bat jaso zuten.

Zailtasunak hasera haseratik azaldu ziren, laskoraindarrak baloiaren jabetzarekin egin aurretik oriotarrek estraineko gola erdietsi baitzuten. Minutuak aurrera joan ahala ordea, etxekoen indarrak xahutzen joan ziren eta baloia horitxoen hanketara itsatsi zen, apurka apurka bere jokoa egiten hasi zirelarik.

Honela atsedenaren aurretik markagailuari itzulipurdia ematea lortu zuten, Jonikok penaltiz eginiko berdinketari eta bi segunduren faltan Murgik bigarren zutainean sarturiko golari eskerrak. Azken gol hau ederra bezain erabakiorra bilakatu zen, oriotarren adorean min handia eragin baitzuen.

Aldageletatik bueltan horitxoak konzentratuago kantxaratu ziren eta etxekoek ez zuten inolako aukerarik izan. “Paco Buyo” Endika arduratu zen oriotarren itxaropenak zapuzteaz, geldiketa pare batekin lehendabizi eta 1-3koa ekarriko zuen ateko sake zeatzarekin ondoren, baloia deabruaren abiadura duen Jonikoren hanketan ipiniaz. Ibartarrak ez zuen barkatuko.

Amaierarako bost minuturen faltan Mick Jagger Saldiasek beste kontraeraso bizkor bat baliatu zuen 1-4koa ipintzeko, eta azken emaitza zertxobait apaindu besterik egin ez zuen oriotarren bigarrena azken segunduetan etorri zen atezain jokalaria estratejiarekin.

Garaipen honekin Laskorainek 22 puntu pilatu ditu 9 jardunalditan eta bigarren jarraitzen du sailkapenean punturik galdu ez duen Concepto elgoibartarraren atzetik. Larunbat honetan izango du aldea murrizteko aukera, alkarren aurka jokatuko bait dute Usabalen txapelketa “clasico” nagusian. Ea Orion baja izandako Barack Telleria larunbaterako taldearekin den.

Eski

2010-11-16

Garaipena lortu zuten Daviden neskek Izarra-Amurrio taldearen aurka

Beroketa okerra izan zuten gure neskek, ostegunean zaintiratu bat izan arren, ustetan ondo zegoen Edurnek, ezin izan zuen beroketa behar bezala burutu eta aulkian geratu zen. Hori nahikoa ez eta arazo berbera izan zuen Eiderrek ere, taldeko fisioak bendaje bat ipini bazion ere jokatzen hasi orduko erretiratu beharrean suertatu zen.

Partidua, aurreko astean Gasteizen jokatu zutenean bezala hasi zen, horitxoak baloiaren kontrolaren jabe eta behin eta berriz aurkariaren atea erasotuaz. Atsedenaldira bitartean sareratzerik lortu ez bazuten ere, gogotsu jarraitu zuten ikastolakoak gola segituan etorriko zenaren esperantzarekin.

Bigarren denbora hasieran partiduak ez zuen erritmorik galdu eta gol aukerak izaten jarraitu zuten bi taldeek. Azkenean, jokaldi luze baten ondoren, Jonek zutoinera egindako jaurtiketa baten aldaratzea aprobetxatuz, erne zebilen Ane txikik, gola egin zuen (hurrengo larunbat eguerdian, Ikatzan, txipiak bere kontu).

10 minutu inguru falta ziren oraindik partida amaitzeko eta horitxoek beste gol bat sartzea zuten helburu lasaitasuna lortzeko. Bi eta hutsekoa esku-eskura izan zuen Lutxik, pase bikain bati jaso eta bera lurrera botaz egindako ahaleginean, baina ezerezean geratu zen tamalez jokaldi bikain hura.

Amaiezinak izan ziren azken minutuetan, gure neskek erasoan jarraitu zuten bigarren golaren bila baina arabarrek kontraeraso bizkorrak egin zituzten eta Ane txikik gelditu onak egin behar izan zituen, atezain lanetan oraingoan. Epaileak ikastolakoen area ertzean adierazitako falta batek urduritasun handia pasarazi zien horitxoei baina azkenean hiru puntuak etxean gelditu ziren, 1-0.

2010-11-15

Laskorainek 5-2 irabazi zuen Billabonako Egintza taldearen aurka

Sailkapeneko bigarren postuari atxikitu eta Concepto lider ahaltsuaren erritmo biziari beste astebetez eusteko aukera eman dion garaipen garrantzitsua lortu zuen Laskorainek joan den larunbatean Billabonako Egintza bizilagunaren aurka eskuratutako hiru puntuei esker.

Aurkariak estraineko urtea du Nazional B mailan pasa den denboraldian Euskal ligatik igoeraren txartela lortu eta gero, gertukoa izan arren, erreferentzi faltak tolosarrentzat guztiz arrotza eta ezezaguna egiten zuen arerioa, azaldu lezakeen errendimenduak beraz ez zituen Javiren mutilak ezustekoan harrapatu.

Neurketa nahiko parekatua suertatu zen hasierako uneetan, bi taldeek erakutsi zituzten beraien iskilu pozointsuak, baieztapen honen erakusgarri ditugularik lehen minutuetan bi atezainek egindako agerpen salbatzaileak. Dena den, horitxoak 2-0 aurreratuko ziren markagailuan Barriola eta Murgiren bitartez norgehiagoka maldan behera ipiniaz etxekoentzat. Billabonakoek ordea berean jardun eta jokaldi arriskutsuak jorratzeko ahalmena erakusten ari ziren behin eta berriz, baina lehen zatia amaitzeko 4 segundu gelditzen zirenean Ekhik 3-0-ekoa sareratu zuen Egintzakoen kalterako.

Bigarren erdia hasi bezain pronto, Elolak modu bikainean eramandako kontraerasoa Barriolak sareratu zuen beste behingoz. 5 minuturen faltan aldea 4-2-ra murriztu izanagatik, Gilek 5-2-ko azken emaitza itxi zuen.

Harmailetan “Andrex Maldini” ospetsua ikusi ahal izan genuen bi taldeetako jokalarien mugimenduak aztertu eta bere datu basea elikatzen, azken emaitzarekin pozarren azaldu eta tolosarren garaipenaren balorazio positiboa egin zuelarik norgehiagokaren amaieran.

Bigarren postuan darrai taldeak eta datorren astean Oriora mugituko dira Javiren mutilak aurretik geratzen den bide oztopatuan beste pauso bat emateko asmotan. Larunbatean Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Gil, Murgi, Telleria, Ekhi, Saldias, Belloso, Elola, Barriola, Joniko eta Aratz izan ziren Usabalen.

Filialari dagokionez, Aitorren taldeak 6-4 irabazi zuen Arcelusek 5 gol egindako norgehiagokan, Santxoren gazteek 4-2 galdu zuten Mutrikun eta Pradosen neskek 1-0 irabazi.

Gorka

2010-11-08

Nesken taldeko estreineko kronika

Laskoraingo neskek etxetik kanpo jokatu zuten joan den Igandean Gasteizeko Iparralde kiroldegian, Zubitxu taldearen aurka hain zuzen ere. Arratsaldeko lauetan hastekoa zen partidua 15 minutu beranduago hasi zen arbitroa falta zelako.

Talde bisitariak ekin zion partidari epaileak txistua jo zuenean. Baloiaren kontrola hasieratik izan zuen Laskorainek eta ia partidu osoa aurkariaren kanpoan igaro zuen. Honek, positiboa badirudi ere, bere alde negatiboa izan zuen. Bai lehenengo eta bai bigarren zatian, aurkariak atzean sartu ziren eta egoera hau ikusita, Tolosarrek gora egiten zuten ia kontrolik gabe gehiegi nekatuz. Hala ere, partidu txukuna egin zuten.

Lehenengo zatian, 15. minutu inguruan iritsi zen gure nesken lehen gola. Ekipoko 9. zenbakia erditik sartu zen baloia hanketan zuela eta atezainaren eskuin aldeko zutoin ondora jaurti zuen gola sartuz.

Pozak ez zuen asko iraun. Epaileak Laskoraingoen kontrako falta bat adierazi zuen area inguruan eta beraietako batek zuzenean jaurtiz, beraien aldeko markagailua tanto batez igo zuen.

Hala ere, Tolosarrek gogotsu jarraitu zuten eta korner batean, beraien jokaldi efikaza eginez, ekipoko ia Bilbotarra denak markagailua aurretik jartzeko aukera izan zuen, baina ez zuen lortu.

Lehenengo zatia amaitu, eta bigarrena hasi zen. Esan bezala, bigarren zatian gure neskek jarraitu zuten jokoaren kontrolarekin. Nahiz eta porterira askotan jaurti, ez zuten zorte handirik izan eta baloia ez zen 3 zutoinen artean sartzen. Epailea ere ez zen oso fin ibili, falta gehienak Tolosakoei seinalatzen zizkien, zeinak, erdiak ez ziren izan.

Zatiaren erdialdean iritsi zen azkenean Laskoraingoen gola. Aurreko golaren antzeko jokaldiarekin sartu zuen berriro ere bizkarrean 9-a daraman jokalariak. Partida aurrera zihoan eta azken minutuan, gure nesken aldekoa zen penaltia, epaileak ez zuen adierazi. Horrela amaitu zen ligako hirugarren jardunaldia.

Laskoraingo neskak, patata tortila goxoak janez hiru punturekin itzuli ziren etxera.

2010-11-07

Jarrilleros menpean hartu eta gero sailkapeneko 2. postura igo da Laskorain

Etxetik kanpo jokatu zuen aste honetako partida ikastolako talde nagusiak, Portugaleteko Zubi-Alde kiroldegian hain zuzen ere, larunbat ilunabarrean. Azken urteotan Bilbo inguruko areto futbol jokalarien erretiro talde bihurtu den Jarrilleros izan zuen aurrez aurre Laskorainek. Talde beterano eta esperientzia duna, etxeko partidei errendimendu bikaina ateratzen dien horietakoa. Larunbatean urdinez aritu ziren horitxoek berriz, zalantzaz beteta egin zuten Bizkaia alderako bidaia euritsua, Gil, Murgi eta Elolaren bajek hankamotz utzi baitzuten taldea partida zail honetarako.

Partida hasieran une hunkigarria bizitu genuen Zubi-Alde kiroldegira bertaratutako denok, Laskorain Kirol Elkarteko talde guztiek egin duten moduan, minutu bateko isilunea gorde baitzen Iñaki Mujika "Katu" ikastolako lagun eta irakasle paregabearen oroipenean.

Behin epaileak haserako txistua jo eta gero, bizkaitarrak izan ziren baloia eta jokoaren jabetza bereganatu zutenak. Hala ere, bizkaitarren gaizki ulertze bat probestuz Barriola kapitainak aurretik ipini zuen Javiren taldea inor konturatzerako.

Ameskeria hutsa izan zen ordea gol hura, Jarrilleros jaun eta jabe izan baitzen lehen zati osoan ikastolakoen kontzentrazio eta tentsio hutsegiteen erdian. Honela, pixkanaka aukerak sortu eta markagailuari buelta ematea lortu zuten portugaletetarrek hurrengo minutuetan. Atsedenaldira bitartean ez zen gol gehiagorik izan eta horixe izan zen ikastolakoentzako albisterik onena.

Bigarren zatian ordea, partida erabat aldatu zen, Jarrillerosek berdin jarraitu zuen baina ikastolakoek defentsan ikaragarri hobetu zuten eta erasoan min handia egin zuten. Berdinketaren gola zertxobait kosta bazen ere, Andonik sartutako binakoaren ostean, Beñat, Txiki eta Jonikoren golek markagailua erabat aldatu zuten.

8 minuturen faltan atezain jokalaria erabiltzea erabaki zuten bizkaitarrek eta minutu batzuetan atzean sartu behar izan zuen ikastolako taldeak. Jarrillerosek 3. gola egin zuenean mamuren bat edo beste agertu bazen ere Jonikok egindako azken golak lasaitasuna eman zion taldeari azken minutuak patxadaz jokatzeko.

Beste 3 puntu poltsikoratuta eta Illunbe parrandazalearen tortillak afalduta, gustura itzuli ziren musean jokatuz Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Beñat, Andoni, Barriola, Ekhi, Joniko, Txiki, Illunbe, Josu eta Aratz jokalariak.

Asteburu polita izan da klubarentzat, Aitorren 1. filialak 3nako berdinketarekin konformatu behar izan duen arren, bai Santxoren 2. filialak eta baita Pradosen neskek garaipena lortu baitute, 4-2 eta 1-2 hurrenez hurren.

Unai

2010-11-02

Laskorainek 2-2 berdindu zuen Bilboren aurka neurketa zail batean

Neurketa korapilatsua eta borrokatua jokatu zuen Laskorainek joan den larunbatean Usabalen. Aurrean bisitari, dela denboraldi gutxi ohorezko mailan aritutako Bilbo eraberritua izan zuen, orain artean jardunaldi guztiak garaipen bihurtu zituen taldea, baina amaierako puntu banaketak gehiago ase zituen bilbotarren desirak ikastolakoenak baino.

Honelaxe da: berdinketak ia beti garaipenetik gehiago izaten du talde batentzat eta porrotetik gehiago bestearentzat eta larunbatean partida amaierako egoera ez zen salbuespena. Azken bozinarako 30 segunduren faltan binakoa erdietsi zuten bilbotarren bisaiak genituen argibiderik onena.

Norgehiagoka maila handikoa suertatu zen oso. Lehen zatian, jokoa eta baloiaren jabetza orekatuagoak, norbaitek agintzekotan etxekoak izan genituen agintari eta markagailuan ere abantaila eskuratu zuten Barack Telleriak sarturiko golari eskerrak; eraso posizionalean talde guztiak buruturiko eta Pitagoras bera zur eta lur utziko zukeen triangelaketa bati amaiera ipiniaz.

Aldageletatik bueltan, teknikoki eta taktikoki ezin hobe hornituriko bizkaitarrak entxufatuagoak kantxaratu ziren eta beraiek izan ziren nagusi minutu dezentetan zehar. Endika atezainaren lidertzapean ordea, horitxoen defentsak bikain erantzun zion erronkari eta hau gutxi ez balitz, jokaldi solte batean Barriola kapitain adoretsuak bigarrena egin zuen.

Amaierarako bost minuturen faltan, partidak kontrolpean zirudienean, bilbotarrek atezain jokalaria ipini zuten kantxan, jokoa erabat ireki zelarik ezinbestean. Minutu zirraragarri horietan, bi taldeek jokaldi bikainak burutu zituzten eta gol aukera argi franko sortu bi ateetan. Baina, zutoinkada eta ez zutoinkada, horitxoek ez zuten partida ixten asmatu eta bilbotarrek aldiz, epaileek erabakitako etxekoen bi minutuko inferioridadea ederki aprobetxatu zuten abantaila murrizteko eta gorago aurreratu moduan amaierarako 30 segunduren faltan binakoa egin.

Kontuak kontu, Javi Mugicaren mutilek denboraldi hasiera oso ona osatu dute, egutegi hasiera gogor batean, 6 jardunalditan, 4 garaipen, berdinketa bat eta porrota bat pilatuaz. Sailkapeneko goiko bagoian kokatu dira beraz eta hortxe eutsi beharra dago orain.

Puntua Javi delegatuak, Javi entrenatzaileak eta Endika, Telleria, Barriola, Murgi, Gil, Otxoa, Saldias, Txiki, Illunbe, Elola eta Aratz jokalariek lortu zuten.

Harrobiko taldeak ere asteburu zaila izan zuten. Aitorren mutilek galtzaile irten ziren Zaldibiko Tellatuberriren aurka (2-3) eta Ikerrenak, berriz, puntutxo bat urratu zuten Tecnun donostiarren aurka (5-5). Nesken txapelketak asteburu hontan atseden izan zuen.
Eski

2010-10-25

Laskorainek 0-7 irabazi zuen Gernikan Zuzenbide liderraren aurka

Aurreikuspenik baikorrenak ere txikituz uxatu zituen Laskorainek zalantza guztiak joan den igandean Zuzenbide lider ahaltsuaren etxean izugarrizko erakustaldia eman eta gero. 0-7-ko azken emaitza zabalak ulerkuntza ezberdinak izan ditzakeen arren, horitxoek benetako neurketa bat jokatu ostean ondo merezitako garaipen bat ekarri zutela etxera inorrek ezin uka dezake, eta meritua are eta haundiagoa da ordurarteko norgehiagoka guztiak garaipen banarekin ebaztuak zituen arerio bizkaitar baten etxean lortzen bada.

Zonakako defentsa kontserbakor batekin ekin zion taldeak hasiera-hasieratik, baina etxekoek berehala erakutsi zuten beraien ahalmena eta Endika atezainak lan ikaragarria egin behar izan zuen hasierako minutuetan bere atea zulatu barik mantentzeko. Partiduaren nordik norakoa garbi definiturik geratu zen ordurako, ligako erasorik onenetarikoa, ligako defentsarik eraginkorrenaren aurka neurtzen ari zen. 0-0-eko emaitzak luzaro iraun izanagatik Jonikok apurtuko zuen markagailuaren patxada area kanpoko jaurtiketa baten bidez. Gilek beranduago aldea haunditu eta 0-2-ko emaitzarekin aldagelaratu ziren bi taldeak.

Bigarren erdian tolosarren nagusitasuna isladatzen hasi eta defensa sendoa eraso jokaldi adimentsuekin tartekatuaz arerioaren gabezia urriak nabarmendu ziren, Barriolak egingo zituen hurrengo bi golak eta Gilek bostgarrena, bizkaitarren gehiegizko presak beraien aurka jokatu zuen eta horitxoek ordurako puntuak ondo loturik utzi zituzten.

Hondarreko minutuetan, atezain jokalaria atera zuten etxekoek eta Barriolak beste bi baloi lapurtu ostean 0-7-ko azken emaitza itxi zuen bera izan genuelarik goizeko protagonista nagusia 4 gol egin bait zituen CR7 berberaren asteburua kalkatuaz.

Saldias, Belloso eta Elolaren baja garrantzitsuek garaipenaren balioa haunditzen dute eta datorren astean GSI Bilbo boteretsuaren bisitari ekiteko konfidantza txerto garrantzitsu bat jaso du taldeak, norgehiagoka horrek erabakiko ditu neurri haundi batean aurtengo Laskorainen benetako aukerak.

Igandean autobusean pozarren itzuli ziren “Garfield” eta Amatriain jarraitzaileak, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Telleria, Gil, Murgi, Joniko, Iosu, Ekhi, Ilunbe eta Aratz.

Filialari dagokionez, 2-1 galdu zuen Anoetan eta hirugarren taldeak 3-3 berdindu zuen.
Gorka

2010-10-18

Garaipen ederra lortu zuen Laskorainek Basauriko Soloarteren aurka, 7-1

Azken emaitzak bestelakorik pentsarazi badezake ere, partida serio eta borrokatua jokatu behar izan zuten horitxoek hiru puntuei etxean eusteko. Azken denboraldietan Nazional A mailan aritutako talde bizkaitarrak itxura ona eskaini zuen Usabalera gerturatu zen zalego jendetsuaren aurrean.

Maila bat goragoko taldea izaki, erritmo bizia ezarri zuen Soloartek partidaren lehen zatian eta euren atea defendatzeko baloiaren atzetik korrika nahiko lan izan zuten Javiren mutilek. Dena den, aukera garbirik ez zuten sortu bizkaitarrek eta ikastolakoek egindako lehen saiakeran aurretik ipini zituen Barriola kapitainak area barnean noraezean geratutako baloi bat arrantzatu ostean.

Gol honek talde horitxoaren urduritasunak baretzeko balio izan zuen eta jokoak aurretiko gidoi berberarekin jarraitu bazuen ere ikastolakoen konfidantzak gora egin zuen. Honela, Barack Telleriak errenta areagotu zuen kontraeraso bat bueltaerdian dotore amaituz lortutako gol bati esker. Atsedenaldirako bi minutu faltan, itxura ederra hartu zuen partidak baina bizkaitarrek euren gola egitea lortu zuten ikastolakoen kontraeraso bat moztu eta beste kontraeraso batekin erantzunez.

Atsedenerako probestutako minutuek mesede egin zien talde horitxoari. Bigarren zatia hasi bezain pronto bat-biko bikainak eginez Soloarteren presioa gainditu eta gol bana sartu baitzuten Gil TDI eta Mick Saldias Jagger rockero zaharrak. Norgehiagoka bideratuta zegoenean, nekeak gainontzeko jokalariei baino gutxixeago eragiten dion Gilek bere bigarrena egin zuen aurkarien atezaina tronpatuz eta partida erabakita utziz.

13 minutu falta zirenerako atezain jokalaria ipini zuen Soloartek baina ez zion etekinik atera. Ikastolakoak esfortzu fisiko handia eginez euren atetik urrun mantendu zituzten aurkariak eta behar izan zenean Endika irmo agertu zen atepean. Minutu hauetan Endikak berak egindako ateko sake eder bat eta aurkariaren baloi galera bat baliatuz hat tricka sinatzea lortu zuen Saldiasek.

Partida amaieran areto futboleko jakintsu batek zioen moduan “7-1koa engainagarri suertatu daitekeen arren, errealitate!” eta 12 puntutatik 9 poltsikoratuta gustura erretiratu ziren Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Beñat, Barriola, Gil, Txiki, Ekhi, Saldias, Elola, Josu eta Aratz jokalariak.

Asteburua erabat borobila izan ez bada ere, oso ona izan da klubarentzat. Izan ere, Aitorren bigarren taldeak 3-3 berdindu zuen eta Sanchoren hirugarren taldeak 3-4 irabazi.

Unai

2010-10-10

1 eta 4 nagusitasunez garaitu zuen Laskorainek La Bellota legazpiarra

Asteburu luzea bere osotasunean profitatzeko, ostegun ilunabarrean jokatu zuen Laskorainek La Bellotaren aurka Legazpiko Bikuñan. Garaipen eta porrot banarekin bi taldeak, jokoan ipinitako hiru puntuak oso baliotsuak ziren, sailkapena jardunaldi gutxietan zatikatuko bait da eta ez bait da berdin izango zein multzotan kokatu. 1 eta 4-ko garaipenarekin oso gustora itzuli ziren beraz ikastolakoak Tolosara.

Bikuñako partidaren lehen erdia orekatua suertatu zen. Tanteo minutu batzuren ostean –ez zitzaion aurkariari abantailarik eman nahi-, jokoaren erritmoa eta maila “in crescendo” joan ziren etxekoek erakutsi zutelarik beharbada intentsitate handixeagoa. Honen lekuko eta ondorio, atsedenaren atarian kornerreko estratejian sartu zuten gola dugu.

Aldagelatatik bueltan, 1-0 azpitik, Javiren mutilek partidaren bila joan beste erremediorik ez zutela ulertu zuten, ordurarteko jarrera reaktiboa jarrera proaktibo bategatik ordezkatuaz. Lerroak igo zituzten eta presinaren bitartez balio jabetza ezezik joko nagusitasuna ere erraz bereganatu zuten. Honela, etxekoen ateko sake baten presioan Barack Telleriak banakoa sareratu zuen, lapurtutako baloi bat Saldiasekin konbinatuta, eta beranduago Gil TDI-k area ertzeko falta baten jaurtiketan 1-2-koa sinatu zuen.

Zirt eta zart, zailena burututa, hiru puntuek ezin zuten ihes egin eta horrelaxe izan zen. Jokoan menperaturik eta markagailuko abantaila desagertuta, etxekoen urduritasuna dezente areagotu zen ondorenean eta neurketaren hondarrean laskoraindarrek ez zuten arazorik izan partida ixteko. Punteria zorrozten ari direla frogatuaz, bi pistolero horitxoek egin zuten gol bana: Mick Saldias Jagger rockero zaharrak eta Usain Otxoa Bolt pertxentak.

Golegileez gain Aratz atezain debutariaren lana ere goraipatu beharra dago. Atezain gazteak Endika titularraren hutsunean oso poliki estali zuen eta lan gehiegi izan ez bazuen ere –are eta papeleta zailagoa atezainaren kasuan-, ederki aritu zen taldeak gehien behar zuenean. Usabalgo harrobia ez da ez agortu oraindik.

6 puntu zakuan, baikortasunez jasoko du Laskorainek datorren asteburuan Nazional A-n denboraldi asko jokatu dituen Soloarteren bisita Usabalen. Javi entrenatzailearekin batera, Aratz, Telleria, Saldias, Murgi, Txiki –haserako bostekoa-, Gil, Otxoa, Ekhi eta Illunbe jokalariak izan ziren Legazpin. Barriola kapitaina, Endika, Urko eta Elola baja izan ziren.

Harrobiko taldeak oraingoan ere emaitza ezberdinak lortu zituzten, Aitorren mutilek amore eman behar izan zuten 5-4 Tolargiren aurkako derbian eta Iker Sanchezenak, berriz, 3-1 gailendu ziren.

Eski

2010-10-04

Laskorainek 3-2 galdu zuen Zarautzen jokatutako derbia

Elkar ondo baino hobeto ezagutzen duten bi talde izan genituen pasa den larunbat arratsaldean Zarauzko kiroldegian. Nazional B mailako derbietan klasikoenetakoa bihurtu dena jokatu baitzuten Ceramicas Nogales eta Laskorainek. Zonakako defentsa eta eraso alaia erabiltzen dituzten bi talde.

Partidako lehen jokaldietan Laskorainek arriskua sortu bazuen ere, Zarauztarrak izan ziren lehen gola egiten hasi eta minutu gutxitara. Defentsa horitxoaren kokapen hutsegite bat probestuz, bigarren zutoinean bakarrik geratu zen aurkari batek aurreratu baitzituen etxekoak.

Gola jaso arren, Javik zuzendatuko mutilek baloiaren jabetza hartu eta jokaldi politak eginez makina bat aukera sortu zituen. Aukera denak ezin gelditu eta Beñat taxista berriaren geldiketa baten aurrean, amore eman behar izan zuen lan bikaina egiten ari zen atezain zarauztarrak.

Zailena eginda zirudienean ordea, luze jokatutako baloi batera egindako irteera xelebrearen ondoren, atezain horitxoak kale egin eta Zarauztarrak berriro aurreratu ziren. Gol honekin, norgehiagoka aitzineko gidoira bueltatu zen baina oraingoan etxekoek egin zuten euren 3. gola kontraeraso bat ederki amaituz.

Bigarren zatiaren hasiera lasaitasunez hartu zuen Laskorainek, aurkariaren gol batek partida amaitutzat utziko zuenaren jakitun. Denborak aurrera egin zuen ordea eta markagailua bere horretan zegoenez pixkana euren lerroak aurreratuz joan ziren ikastolakoak. Aldaketa honek izan zuen saririk eta Gil nekagaitzak markagailua murriztea lortu zuen.

Handik aurrera ordea, Laskorainek etxekoak estu hartu bazituen ere, zarauztarrak euren atea salbu mantentzea lortu zuten eta markagailua ez zen mugitu.

Lehen jardunaldiko jokua hobetu zen arren, defentsako hutsegiteek esku hutsik bueltatzera behartu zituzten Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Beñat, Murgi, Gil, Barrila, Joniko, Txiki, Saldias, Ekhi, Illunbe eta Aratz jokalariak.

Harrobiari dagokionez, Aitorrek gidatutako taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen Idiazabalen aurka 6-3 eta Ikerren mutilek berriz, amore eman behar izan zuten Allerruren aurrean 2-8.
Unai

2010-09-26

Laskorainek 6-3 irabazi zuen Andoaingo Euskaldunaren aurka denboraldiko lehen norgehiagoka

Pauso finko bat emanez ekin dio Laskorainek aurtengoan 2010-2011 denboraldi berriari, izan ere urtero gertatzen den moduan, egon daitezkeen zalantzak uxatzea beharrezkoa bait da ahalik eta azkarren eta taldeak bere lehen garaipena eskeini ahal izan zion Usabalgo harmailetara hurreratutako zalegoari.

Parez-pare Andoaingo Euskaldunako mutilak, horitxoentzat aski ezaguna den Jacinto Díaz entrenatzaile trebatuak landutako taldea eta bere jokua ideia garbi bezain zuzenetan oinarritzen duena. Kontuak-kontu eta tolosarrek maila altuagoa dutela erakutsi arren, ezin pasa daiteke gainetik 3 puntuak galbidean izan zirela eta neurketa bakoitza irabazteko gogotik lan egin beharko dela urte guztian zehar.

Lehen zatia modu bikainean hasi zen etxekoentzat, jokoan ezezik markagailuan ere abantaila garbi bat erdietsiaz, Murgi eta Telleriaren golek elektronikoan 2-0-ekoa ipintzeaz gain, konfiantza eta erosotasunez jokatzen laga zituzten Javiren mutilak Laskorainen minuturik onenak gertatu zirelarik norgehiagokaren hasieran. Minuturik onenak, minuturik txarrenetan bihurtu daitezke kolpe batez eta kanpotarrek dizdira gehiegirik gabe baina bi jokaldi puntualetan berdinketa lortuaz bukatu zen lehen zatia.

Atsedenaldiak joera aldatu beharrean txarrera jo eta Euskaldunakoek bereak eta bi egin ondoren aurre hartzea lortu zuten lehenbiziko eta azkenengo aldiz. Arratsaldearen itxura txarra konpontzeko denbora luzea gelditzen zen aurretik eta tolosarrek berehala sartu zuten hurrengo martxa. Telleriak estrategiako falta bat sareratu zuen berdinketa ipintzeko eta Barriola, Saldias eta Murgiren golek, 6-3-ko azken emaitza itxi zuten azken minutuetan zapalgailu bat izandako Laskorain bati garaipena emateko.

Datorren astean Zarautzera egin beharko du bisita taldeak Ceramicas Nogales boteretsuaren aurka indarrak neurtzeko, denboraldia pixkanaka joango da bakoitza bere tokian jartzen baina gorako postuetan ibili daitezkeen bi talderen arteko gatazka zirraragarria izan daiteke.

Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Imanol prestatzailea, Endika, Telleria, Barriola, Murgi, Gil, Belloso, Ekhi, Joniko, Saldias eta Aratz izan ziren garaipenaren protagonistak.

Filialari dagokionez, Aitorrek zuzenduriko bigarren taldeak 5-2 galdu zuen Lazkaon eta Sanchoren hirugarren taldeak 1-4 irabazi Azpeitian.

2010-05-23

Laskorainek ezin izan zuen Allerruren aurka eta ihes egin zion txapelak eta igoerak

Areto futbol festa ederra bizi izan zen pasa den larunbatean. Txapela eta igoera jokoan, Nazional B-ko lehenengo eta bigarrenaren arteko neurketak jende andana bildu zuen Usabalgo harmailetara eta bi zalegoek sorturiko giroa aparta izan zen berrogei minututan zehar.

Laskoraindarrentzat noski okerrena azken emaitza izan zen, 0-2, emaitza honekin talde horitxoak agur esan baitzion nola txapelari nola igoerari. Playoffa ere ezin izango du jokatu, Arnedo errioxarra izango da eta azkenean bigarren sailkatu onena, ikastolakoen eta Liebana kantabriarraren aurretik.

Neurketak egia esan ez zuen areto futbolak berezkoa duen ikusgarritasunik izan. Puntuen garrantzi itzelagatik arduratuta, bi taldeak atzean 15 metrotan irmo eusteko eta aurkariari zirrikiturik ez oparitzeko asmoarekin kantxaratu ziren; Allerrukoei berdinketak balio zien eta ikastolakoek, Allerrukoen kontraeraso jokoaren beldur, partida poliki poliki sukaldatu beharrekoa zela erabaki zuten.

Honela, defentsa erasoari gailenduaz, joan ziren aurrera minutuak. Beharbada laskoraindarren jokoa hobexeagoa zen, eraso posizionala landuagoa eta baloiaren presioa oldarkorragoa, baina ez nahikoa.

Gol aukera bakanak izan ziren bi ateetan, honetan ere gehixeago eta argixeagoak agian etxekoentzat, baina txapelketako bi atezain onenek ez zuten hutsik egin. Gol batek, edozeinek sartuta ere, ondorenean oso bestelako partida ekarriko zukeen ziurrenik, baina ez dugu sekula jakingo.

Bigarren zatiaren erdian eta 0-0 markagailuan, tolosarrak arrisku maila areagotzeari ekin zioten. Lehendabizi defentsa igo zuten presina aurkariaren kantxa erdian kokatuaz, minutu batzu aurrerago, Zlatan Elola kantxaratu zuten, horitxoek egoera zailetarako duten lata-irekigailua, eta azkenik, bi minuturen faltan, atezain jokalaria.

Txapela bi minututara eta gol bakar batera zegoen, atezain jokalariaren esku. Ideia 3-2 kokatzea zen, pibot allerrutarraren presina ekidin eta 2-3-rako transizioa egitea, baina ez zen asmatu. Momentu erabakior honetan kanpotarren defentsak oso sendo iraun zuen eta horitxoen estratejia erraz menperatu zuten saria txapela eta igoera dutelarik. 0-1-koa minutu baten faltan etorri zen eta azken segunduetan 0-2-koa.

Allerrutarren algara horitxoen negarraren sinonimoa zen eta jokalari horitxoek buru makur amaitu zuten partida. Baina burua tentetu beharra dago, gauza positiboekin gelditu, horretatik asko egon da eta aurtengo denboraldian. Inoiz baino urrutiago iritsi dira eta larunbateko partida sekula ahaztu gabe, disgustua bai ahaztu behar dutela lehenbailehen.

Amaieran Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Telleria, Gil, Murgi, Lander, Txiki, Barriola, Otxoa, Elola, Zabala, Urko, Aratz eta Zubillaga jokalariak, lotailu gurutzatua hausteagatik aste honetan ebakuntza egin dioten Mikel Alonsoren etxera joan ziren.

2010-05-17

Laskorainek ligako final handia jokatzeko aukera izango du Elorrion beste hiru puntu eskuratu eta gero

Merezitako saria izango du aurtengoan ikastolako taldeak, azken jardunaldian, liga erabakiko duen norgehiagoka jokatzeko aukera izatea ez baita nolanahiko lorpena. Izan ere, kasualitateak ala nahi izan eta sailkapeneko lehen bi sailkatuak nor baino nor izango ditugu datorren larunbatean usabalen. Herri giro eta lagunartean osatuta, liga txapelketa bikaina burutu duten bi talde, lidertzan sendo etorriko den Lezoko Allerru eta azken unean lidertza lapurtzen saiatuko den Laskorain.

Horretarako ordea, oso irteera zaila zuen Laskorainek Elorriora egin beharrekoa. Etxeko partida ia denak irabazita eta ligako talde goleatzaileena den Elorriokori aurre egin behar izan baitzion. Larunbatean urdinez aritu ziren horitxoek ordea, defentsa bikaina erakutsi dute aurtengoan eta aste honetan ere erabat kamustu zuten aurkariaren erasoa. Endika atezain horitxoaren gelditu eder batzuk tarteko, aurkariaren golen markagailua zeroan utzi zuen ikastolako taldeak.

Markagailuan aldeak handiak izan baziren ere tentsio handiarekin jokatu beharreko partida izan zen larunbatekoa. Hasiera hasieratik harmailetako giroa oso beroa izan zen eta aurkaria ere oso bero irten zen kantxara, berotuegi agian. Talde horitxoak ordea, badu presiopean patsadaz eta dotore jokatzeaz zerbait badakien beltxarga hankaluze bat eta Beñatek egindako bi golek maldan behera ipini zuten partida. Bigarren gola, baloia ate barrura zihoala eskuarekin jotzeagatik kaleratua izan zen aurkari batek egindako penalti bat maisuki gauzatu ondoren iritsi zen.

Atsedenaldira bitartean, Laskorainek kontraerasoan min handia egin zuen eta Joniko, Lander eta Murgiren golei esker bost goletako errentarekin itzuli ziren aldagelatara. Atsedenaldian, lanean jarraitu beharra zegoela agindu zien Jorge entrenatzaileak jokalariei, Elorriokok ez baitu alferrik 6 goletako batazbestekoa etxeko partidetan.

Entrenatzailearen esana zintzo beteaz, jokalari horitxoek tentsioa gorenean mantendu zuten bigarren zati osoan. Markagailuak aldaketarik izan ez zuen minutu batzuen ostean atezain jokalaria ipini zuen aurkariak baina ez zion etikinik atera, ikastolakoek aldiz aldea hareagotzeko probestu zuten. Arratsaldeko bere hirugarren gola sartu zuen Beñaten ondotik, Barriolak, Jonikok eta Txikik birritan sartutako golek aitzakiarik ez duen garaipena eman zion talde horitxoari, 0-10.

Etxeko lanak ondo beteta, Laskorainek inoiz lortu duen puntu pilaketa handiena burututa eta datorren asteko partidurako ilusioz beteta, pozik itzuli ziren Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Lander, Beñat, Murgi, Gil, Barriola, Joniko, Txiki, Elola eta Aratz jokalariak Elorriora egindako txangotik.

Asteburua borobila izan da ikastolakoentzat, izan ere, euren partida galdu arren igoerako play off-era sailkatzea lortu baitu Aitorrek gidatzen duen Laskoraingo bigarren taldeak, zorionak denei!
Unai

2010-05-10

Laskorainek 3-5 irabazi zuen Billabonan Transportes Lakunza taldearen aurkako derbia eta bigarren darrai

Denboraldiaren amaiera gerturatzen doan einean, taldeek jokoan izaten duten altxorraren garrantzia biderkatzen joaten da jardunaldiz-jardunaldi eta apostuan ipinitako puntu kopurua aldatu ez izanagatik, mundu makroekonomikoarekin konparaketa bat egin ezkero, garaipena edota porrotaren arteko aldea interesak kobratu edo interesak ordaintzean datza. Larunbatean Laskorainek hiru puntu jarri zituen jokoan eta guzti horien balio nominala oso-osorik berreskuratzeaz gain, indarberriketan bilakatutako dosi garrantzitsu bat kobratu zuen interes gisa.

Errespetu haundiz jokatu ziren estraineko minutuak, aurkaria aztertu eta gutxi arriskatuaz hasieran behintzat, etxekoak 1-0 aurreratu arren, Murgiren bi golek markagailua biratu eta atsedenaldira 1-2-ko itxaropentsu batekin aldagelaratu ziren Alonso eta Javiren mutilak.

Billabonakoek ordea, sailkapenak esaten duenaren oso bestelako talde dotorea osatzen dute eta bigarren zatia hasi bezain pronto ipiniko zuten berdinketa elektronikoan, hori gutxi balitz, Barriolak aurreratuko zituen beste behingoz horitxoak baina 3-3-koa berehala etorriko zen. Endikaren lan ona arduratu zen laskoraindarrak galbidetik gordetzeaz ondorengo minutu arriskutsuetan, etxekoak nagusitzen ari ziren emeki-emeki baina Alonso entrenatzaileak arkume larrupean mozorrotutako otso harrapari bat izaten du beti izkutaturik sakelean.

Elola “killer”-a soinurik atera gabe sartu zen kantxara, noraezean, alprojaren irrifarra kamuflatuaz despistatu itxuraren atzean, baina bere taldeak bidalitako S.O.S. mezuaren jakitun. Bi baloi ukitu, kontrola, “dribling”-a eta jaurtiketa sareetara 3-4-koa igoaz markagailura. Betebehar zaila baina ongi burutua, azken 3-5-ekoa Telleria zilarrezko beltxargak egin zuen lasaitasunaren gola ipiniaz.

Harmailetan ziren Iñaki Egizabal eta Josu Etxeberria Euskadiko kutxaren langile eta “broker” adituek egindako analisiaren arabera, IBEX-35-aren grafikak jasandako kontrako norabidean, Madrilgo burtsaren aste beltza Laskorainen urrezko astean bihurtu da eta Elorrion edo Tolosan jokatzear diren neurketa interesgarrietan arratsalde bat inbertitzea gomendatzen diote zalegoari, lortu litekeen irabazia egundokoa izan bait daiteke. Txapelketak oraindik ez du jaberik ezagutzen.

Larunbatean Billabonan, Javi delegatua, Imanol prestatzailea, Alonso eta Javi entrenatzaileak, Endika, Barriola, Telleria, Lander, Gil, Murgi, Belloso, Elola, Joniko eta Aratz izan ziren.

Gorka

2010-05-02

Interri 5 eta 3 irabazita bigarren postuan da Laskorain txapelketa amaierarako hiru jardunaldiren faltan

5 eta 3 irabazi zion Laskorainek Inter Euskal Sofa talde donostiarrari Maiatzaren lehenean jokaturiko partidan. Ikastolakoek gogotik egin behar izan zuten lan hiru puntuak poltsikoratzeko eta garaipen berri honekin sailkapeneko zilarrezko postuan darraite liderratik bi puntutara txapeldun gelditzeko ametsak indarrean dirauelarik oraino.

Ondo zekiten etxekoek Interren aurkako neurketa ez zela batere erraza suertatuko, denboraldi amaieran jaitsiera eragozteko lanetan ari diren aurkariak oso arriskutsuak izaten bait dira. “Ciudad de Juarez hiri mexikarrean gaupasa bat egiteak baino arrisku handiagoa du gaurko partidak” zioen laskoraindar batek Usabalera iristean. Ez zebilen oker, ez horixe.

Puntu premi gorriak estututa intxaurrondotarrak kementsu kantxaratu ziren Usabalgo beheko kantxara, ikastolakoak goian presionatuz ustekabean eta lehenengo bi aukeretan bina gol sartu zituzten 0 eta 2 aurreratuaz markagailuan.

Jokoaren ekimena ezin harturik eta markagailua malda gora, horitxoek minutu latzak igaro behar izan zituzten jarraipenean baina bapo sufritzeaz gain gutika gutika partidaren jabetza hartzeko gai izan ziren. Honela, atsedenaldiaren aurretik Landerrek 1 eta 2-ko itxaropentsua sareratuko zuen eta aldageletatik bueltan Gil TDI-k binakoa.

Interrekoak jada atzekaldean pilatu eta kontraerasora irtetera mugatzen zirenean ordea, binakoaren ondoren hirugarrena egiten asmatu zuten eta azken 15 minutuetan zuten guztia ipini behar izan zuten horitxoek berriro; Barriola kapitaina ikutuak minutu batzuz berragertu behar izan zuen bere txonkatila arriskatuaz eta defentsak zoratzeko ahalmen berezia duen Elola piboteak ia minutu guztiak jokatu.

Azken hau izan zen hain zuzen, Landerrekin batera, garaipena bideratu zuena. Hirunako berdinketa Lander Starskyk sartu zuen Elolak bizkarraz zapaldutako baloi bat aprobetxatuaz eta 4-3-koa berriz Elola Hutchek Landerrek bigarren zutoinera sartutako baloia bultzatuaz. Starsky ta Hutch bikote ahaztezina Usabalen.

Garaipena baina oraindik ez zegoen zakuan eta are eta gutxiago bi minuturen faltan baloia eskuaz jokatzeagatik epaileek Murgi egotzi zutenean. Puntuen balioaz jabe atezain eta hiru jokalarirekin horitxoak ez ziren kokildu eta abantaila eusteaz gain bosgarrena ere egin zuten, Endikaren sake luze bati eskerrak Gil TDI izan zelarik golegile, bere ezizenaren zergatia erakutsi zuen indar harrigarrizko lasterketa baten ostean.

Oso pozik irten ziren Usabaldik Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Gil, Murgi, Lander, Otxoa –haserako bostekoa-, Txiki, Telleria, Elola, Barriola eta Aratz jokalariak.

Eski

2010-04-26

Laskorainek 4 eta 7 irabazi zion Ceramicas Nogalesi Zarautzko derbya

Garaipen gustagarria lortu du Laskorainek pasa berri den jardunaldian. Ligako azken txanpa gogor honetan, sailkapenean saltotxo bat egin eta motibazioa gorenean ipintzen duten horietakoa.

Zarautzen, hainbat jokalarien lesioengatik mermaturiko talde bat aurkeztu arren, liga haserako defentsa gogor eta eraso bizia gogorarazi zituen partida osatu zuten horitxoek. Aurkariaren joku maila altuak ere, balioa areagotzen die lortutako hiru puntuei. Erdi purdiko ekinaldi baten ostean, mailari puntua hartu eta talde indartsuenetarikoa osatu baitute Zarautztarrek.

Azken egunetan kasualitateak eta zorte txarrak bat egin ostean Ekhi, Beñat, Unai, Giller eta Mikelen bajekin egin behar izan zioten aurre partidari horitxoek. Mikelen lesioa luzerako izango da gainera, Andoaingo partidan min hartu ostean ligamentuak hautsita dituela baieztatu ostean. Jaso dezala taldekideon animorik beroena lerro hauen bitartez.

Kontuak kontu, min hartutakoen abiadurarengatik komando motela bezela ezagunak direnak harmailetatik ikusi behar izan zuten norgehiagoka. Eta jokalari kopuruan behera egin arren, abiaduran egindako aurrerapausua bikain baliatu zuten horitxoek. Lehen zati perfektu batean, kontraetaso biziak eginez behin eta berriz zulatu zuten aurkarien atea, atsedenaldira 0-4 ailegatuz. Ceramicasen aurka bereziki ondo moldatzen den Joniko hirutan eta Txiki izan ziren golegile.

Atsedenaldiaren osteko gol festan, Murgi mikolasaren jokuaz gozatzeko parada izan zuten Zarautzera bertaratutako zaleek. Etengabeko aldrebeskeriak eginez erabat xehetu zuen aurkarien defentsa lerroa eta Ceramicasen gol bakoitzari, horitxoen gol batean amaitu zen jokaldi eder batekin erantzun zion. Iñigok berak birritan eta bere laugarrenarekin arratsaldea borobildu zuen Jonikok sartutako golei esker 4-7 amaitu zen partidua.

Aipamen berezia du Josebak defentsan erakutsi zuen aginte eta segurtasunak Lesioen ondorioz, taldea atzekaldeko postuetan hankamotz geratu ondoren, bere ohiko jokalari postua aldatu eta partida bete-betea osatu zuen. Eta nola ez, kantxetatik “erretiratu” ostean, aitatxo lanetan murgilduta dabilen Ikerrek egindako konpromezuz betetako ahalegina. Plazer hutsa izan zen horitxo gazteon maisua izan dena berriz ere kantxetan ikustea.

Hiru puntuez gain, joku maila eta sentsazio onak berreskuratuta, ilusioz gainezka itzuli ziren Tolosara, Javi ordezkaria, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Joseba, Lander, Murgi eta Joniko -haserako bostekoa-, Iker, Elola, Txiki eta Aratz jokalariak.
Unai

2010-04-19

Laskorainek 2-1 menderatu zuen Orioko taldea eta gorako postuetan darrai

Duela aste batzuk lidergoa galdu ostean, bolada zail eta oztopatu bati egin behar izan dio aurre Laskorainek azkenaldian, baina Aste Santuaren atsedenaldiak garai batean Jesukristo berpiztu zuen modu berean berpiztu ditu Alonso eta Javiren mutilak. Erreskan lortutako bigarren garaipen batek gorako postuetan itsatsita mantentzen ditu tolosarrak datorren asteetan jokatuko diren norgehiagoka garrantzitsuek ekarriko dituzten emaitza erabakiorren esperoan.

Bi taldeen arteko aldea nabarmena da sailkapenean, baina azken emaitzaren isladapenak neurketa gogor eta estu baten ondorioztapena dakar, oriotarrak lehiaketarako prest eta ideia garbiekin kantxaratu ziren, banakako defentsa serio eta kontraeraso pozointsuetan oinarritu zutelarik beraien jokua eta baloiaren jabetza ikastolakoena izan arren, azken unerarte borrokatu beharreko garaipen bat suertatu zen joan de larunbatekoa.

Lehenengo zatian 2-0 aurreratu ziren etxekoak Gil TDI-ak eta Landerrek eginiko golei esker, markagailua eta zirrarak aldekoak ziren ordurarte baina kostakoek oraindik ez zuten beraien azken hitza esateko asmorik erakutsi, emaitza horrekin amaitu zen lehengo zatia.

Bigarren erdian gol aukerak oparoagoak izan ziren bi ateetan eta pasatako minutu bakoitzak edozer gauza gerta zitekeenaren sentsazioa igortzen zuen oraindik. Jokalarien doikuntza txiroak batzuetan eta atezainen lan onak besteetan berean mantendu zuen markagailua baina 6 minuturen faltan atezain jokalariaren taktika ipini zuten martxan kanpotarrek.

Horitxoek azken minutuetako momentu kritikoetan emaitzari eutsi zioten 15 segunduren faltan oriokoek markagailuaren aldea murriztu zuten arte. Hiru puntuak loturik zeuden ordurako eta 2-1-eko azken isladapenak ondo landutako garaipen baten zaporea utzi zuen laskoraindarrengan.
Datorren astean Zarautzera mugituko da taldea Ceramicas Nogales bostgarren sailkatuaren aurka indarrak neurtu beharrean. Hilabete lanpetsua geratzen da aurretik baina tolosarrek ez dute beraien azken hitza esateko intentziorik erakutsi, aurtengo Nazional B mailako txapelduna izango denaren izena beraz, jakiteke dago oraindik.

Larunbatean Usabalen, Javi delegatua, Alonso eta Javi entrenatzaileak, Endika, Telleria, Lander, Gil, Murgi, Barriola, Zabala, Joniko, Elola eta Aratz izan ziren garaipenaren protagonistak.
Amatriain

2010-04-11

Laskorainek 0 eta 3 irabazi zion Euskaldunari Andoainen eta bi puntutara dauka liderra

Dela ia bi hilabete ziklojenesiagatik atzeratutako jardunaldia jokatu zuen Laskorainek joan den larunbatean Andoaingo Allurralden. Azken hiru neurketetan garaipenik eskuratu gabe, horitxoentzat oso neurketa garrantzitsua zen Euskaldunaren aurkakoa, sailkapeneko punta puntako postuetan jarraitzeko hiru puntuak derrigorrezkoak baitziren eta ez zuten hutsik egin 0 eta 3 nagusituaz.

Azken emaitza honek besterik adierazi dezakeen arren, norgehiagoka ez zen batere erraza suertatu ikastolakoentzat. Lehen zatian etxekoak baino dezente hobeto aritu ziren, gol jokaldi eta gol aukera franko sortuaz, baina ate aurrean ez ziren oso fin ibili eta Otxoak egindako gol bakarrarekin aldagelaratu behar izan zuten atsedenaldira. Bizirik zirauen arerioak eta oraindik ez zegoen ezer erabakita.

Bigarren zatian gainera 0 eta 1-eko abantaila murritz bezain arriskutsuak denbora luzean iraungo zuen, luzeegian bi taldeen jokoa aztertuta eta minutuak aurrera joan ahala urduritasuna nagusituz joango zen lerro horitxoetan. Lasaitasuna Urko atezainaren gelditu apartek bakarrik ekarri zuten eta batez ere amaierarako bi minuturen faltan Barriola kapitainaren golak. 0 eta 2, orain bai, orain puntuak Usabal aldera zetozen eta andoaindarren atezain jokalaria probestuz Murgik hirugarrena egiteko ere astia izango zuen.

Goraipatu nola ez Urko atezainaren partida, taldeko onena izan baitzen dudarik gabe eta bikain aritu baitzen taldeak gehien behar zuenean. Urkok denboraldi itzela burutzen ari den Endika atezain titularraren azken orduko baja ezin hobeto estali zuen Laskorainek bi atezain lehiakor dituela frogatuaz. Bejondeiola.

Albiste txarra aldiz Mikel Alonsoren lesioa izan zen, belaunean min hartuta erretiratu behar izan baitzuen tolosarrak. Aurretik ere lesio luze batetik igarotakoa da Alonso eta espero dezagun oraingoan behintzat Laskorainen aurten debutatzen ari den zierre teknikoak ezer seriorik ez izatea.

Garaipen honekin eta liga amaierarako sei jardunaldiren faltan Laskorain Allerru liderrarengandik bi puntutara kokatu da sailkapenean eta indar guztiak agortu behar dira azken txanpako ahaleginean. Maila honetan Laskorainek jokatu dituen aurreko bederatzi denboraldietan aritutakoek edozer gauza emango zuketeen horrelako aukera bategatik.

Gustura amaitu zuten Allurralden Javi delegatuak, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileek eta Urko, Beñat, Gil, Murgi, Lander –haserako bostekoa-, Barriola, Alonso, Txiki, Elola, Otxoa eta Endika jokalariek.

Eski

2010-03-28

Laskorainek 4-2 galdu zuen Erandion

Ikastolakoek esku hutsik bueltatu behar izan zuten pasa den larunbat arratsean Bizkai aldera egindako txangotik. Sailkapeneko zuloan dagoen Astraburuko taldea izan zuten aurkari eta arestian aipatu bezala punturik poltsikoratu gabe itzuli ziren Tolosara.

Aurreko bi jardunaldietan ligako bi oilar handienetakoen aurka tentsio handiko partidak jokatu eta gero, lasaitasun handiagorekin jokatzea normala izan daiteke. Hala ere, lasaitasunean ez baino lasaikerian murgildu ziren horitxoak eta aurkariak ederki probestu zuen egoera hori.

Larunbat arratseko 18:30tan jokatu zen partida Astrabuduako udal kiroldegian, eta hasieran nahiko txukun hasi ziren horitxoak. Kantxa motelera ohitu arteko baloi galeraren bat kenduta, lehen hamar minutuetan nagusi izan ziren. Iñigok aurkarien defentsaren erdian jasotako baloi bat ederki erabili ostean sartutako golak partida maldan behera ipiniko zuela ematen zuen.

Pentsa zitekeenetik urrun ordea, ikastolakoak presaka eta oso trakets ibili ziren erasoan eta baldar defentsan. Honela, horitxoek egindako baloi galera eta opari baten ostean bizkaitarrek buelta eman zioten markagailuari atsedenaldiaren aurretik.

Partida hartzen ari zen tankera itsusiaz jabetuta, Jorgeren mutilak intentsitate puntu bat gehiagorekin kantxaratu ziren bigarren zatian. Presio ona eginez, jokoaren jabe egin ziren horitxoak eta Landerrek egindako jokaldi eder bati bukaeran zehatza eman zion Beñat beltxargak bigarren zutoinean.

Norgehiagoka berdintzea lortu arren ez zen ikastolakoen egunik onena eta erasoan ezin asmaturik ibili ziren. Minutuek aurrera egin zuten markagailuan aldaketarik izan gabe. 5 minuturen faltan ordea, baloi galera berri bati etekin bikaina atera zioten aurkarien, kontraeraso bizkor baten ondotik 3-2 aurreratu baitziren. Erremediorik gabe, atezain jokalaria erabili zuten horitxoek. Dena den, egun traketsa borobiltzeko beste baloi galera inozo baten ostean Astruburukok azken 4-2koa ipini zuen markagailuan.

Urteko partida inozoa jokatu izanaren sentsazio mikatzaren bultatu ziren Erandiotik, Javi delegatua, oraingoan berriz ere pastelero, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Beñat, Barriola, Murgi, Lander, Gil, Joniko, Txiki, Mikel, Elola eta Urko jokalariak.

Unai

2010-03-22

Laskorainek 3-3 berdindu zuen Iturriondo taldearen aurka

Aitaren eguna zela medio eta asteburu luzeari etekina atera nahiean, joan den ostiral goizean jokatu zuen Laskorainek denboraldiko 23. jardunaldi zail eta garrantzitsua.

Zaila diogu, parean topatutako aurkariaren mailak beste deskribapenik baimentzen ez duelako, eta garrantzitsua berriz, aurtengo txapeldunaren saria altxatzeko intentzioa duenak, Iturriondo eta bere gisako epaileen auzitegia gainditu beharrean izango bait da. Ostiralean, orokorrean, tolosarrek puntu on bat urratu zutela baieztatu daiteke.

Norgehiagoka bizia eta erritmo altukoa suertatu zen minutu gehienetan, jabetza berriz, tartekatua. Ikastolakoak nabarmendu ziren hasieran 2-0-eko abantaila dotorea eskuratuaz, gorako lerroetan eginiko presioak Barriola puxika margolariaren bi gol ekarri zituen neurketari itxura ezin hobea emanaz estraineko minutuetan bederen.

Bilbotarrek areto futbolean ere badakitela frogatzeko asmotan, emeki-emeki partiduari bere neurria hartzen asmatu zuten, markagailuak isladatutako abantaila murriztea ere lortu zutelarik, 2-1-ko gol mingarriak, bi taldekideen zentzumenak aktibaturik mantentzen zituen oraindik eta atsedenaraldirako unean, sareratze bateko alde urriarekin aldagelaratu ziren jokalariak.

Bigarren erdian, bizkaitarrek emango zuten arrapostua presio irteera bati bukaera paregabea eman eta adostasuna ezarriaz elektronikoan. Une gogorrak izan ziren ondorengoak etxekoentzat, kanpotarren 2-3-koa berehala etortzeaz gain, Endika atezainak lan ikaragarria egin behar izan bait zuen bere taldea bizirik mantentzeko.

Epaileek jokalari kanpotar bati bigarren txartel horia erakustean lasaitu ziren apur bat ikastolakoak, 2 minututako epean kide bat gehiagorekin aukera garden eta oparoak sortu eta atezain bilbotarra sakontasunez behartu zuten etxekoek, kopuruzko gailentasunari etekina atera ez arren, minutu gutxiren faltan 10 metrotako jaurtiketa baten bidez Barriola izango genuen behin-betiko berdinketa ezarriko zuena, bere “hat-trick”-ak balio ikaragarria izan zuen.

Emaitza honekin lidergoan darrai Laskorainek eta orain dela aste batzuk lortutako abantaila dexente murriztu zaion arren, norgehiagoka zuzen eta erabakigarri ugari gelditzen dira oraindik gorako oilarren artean, honek esan nahi duenez edozein momentutan aldatu daiteke berriro boladaren norabidea. Lanean jarraitzea egokitzen da oraindik.

Ostiralean Javi delegatua, Imanol prestatzailea, Alonso eta Javi entrenatzaileak, Endika, Telleria, Barriola, Lander, Gil, Murgi, Belloso, Alonso, Elola, Josu eta Urko izan ziren Usabalen.
Amatri

2010-03-14

Laskorainek 2 eta 1 galdu zuen azken segunduan Conceptoren aurka eta abantaila murriztu zaio

Hamahiru jardunaldi eta gero hamalaugarrenean pairatu zuen azkenik Laskorainek porrotaren zapore mingotsa. Elgoibarko Olaizagan izan zen, 2 eta 1 sailkapeneko hirugarren postuan zegoen eta dagoen Concepto Createch-en aurka, eta albistea baieztapen xume eta xalo bat da, alegia, laskoraindarrak hezur-haragizkoak direla eta ondorioz ez daudela porrotetik libre. Ez zitzaigun ahaztu.

Gainezka zegoen Olaizagara hurreratu ziren laskorainzale ugarien bisaiak ilundu zituena ez zen beraz kinieletan sartzen zen horitxoen porrota izan, porrot hori jasan zen modu anker eta bihotzgabea baizik. Goazen kontakizunarekin.

Lehen itzuliko Tolosako neurketa gogoan, horitxoek Elgoibarrera beste irudi bat emateko amorruz egin zuten bidaia. “Liderrak gu garela erakutsi behar diegu eta horrelaxe jarraitu nahi dugunaren anbizioa ere haseratik nabari behar digute” ziren Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileek astean zehar errepikaturiko aginduak.

Honela, etxekoak ustekabean harrapatu nahirik, horitxoek goian presionatuaz ekin zioten neurketari eta honek elgoibartarrak partidaren ekimena partekatzera behartu zituen. Usabalen ez bezela oraingoan bi taldeak nor baino nor genituen, parez pare eta ez bat bestearen meneko eta lehen zatia horrelaxe finitu zen, defentsako lana erasokoari garaile eta bi atezainak bikain sorturiko gol aukera solteetan.

Aldageletatik bueltan ez zen partidaren itxura aldatu. Jada bi taldeak ziren goian presionatzen zutenak eta honek baloiaren jabetza luzeak eragozten zituen. Haseran elgoibartarrak izango ziren nagusixeago, baloiak atxilotua zirudielarik ikastolakoen kantxa erdian, baina gutika gutika horitxoak joan ziren garaipenera gerturatzen. Lander eta Murgik presinari eskerrak baloi ederrak lapurtu zituzten, Jonikok eta Gilek beren abiadurarekin helduera eta errematea ipini, baina tamalez kamuts punteria.

Zorigaiztoko azken minutuan jazo zen guztia. Telleriak min hartutako arerio bat sorosteko kanpora botatako baloia elgoibartarrek ez zuten itzuli eta baloi jabetza horretantxe, bigarren jokaldian hori bai, gola sartu zuten amaierarako 35 segunduren faltan. Horitxoek noski atezain jokalariarekin erantzun zuten ondoren eta jokaldi josi bati eskerrak Barriola kapitainak 14 segunduren faltan berdinketa egin. Jarraipenean ordea, eta sinestezina badirudi ere, elgoibartarrek baloia erretxazez eraman eta jaurtiketa bikain batekin bigarrena sartzeko astia izan zuten. Ankerregia, esan dugu aurretik.

Gisa horretara galtzeak ematen duen minarekin lekutu ziren horitxoak Elgoibartik. “Hobe 4 eta 0 galdu bagenu” zioen zaletu beteranoren batek, baina oker. Etorkizunera begira zu baino gehiago den talde batekin topatzea askoz okerragoa da, zu baino gehiago ez den batekin azken segunduan galtzea baino. Laskoraineko jokalari gazteek txapelketa irabazteko taloitegiz eraikiriko Conceptoren pare direla frogatu zuten eta hori albiste zoragarria da.

Etorkizuna oparoa du talde horitxo gazteak, oparoa epe motxera, ertainera eta luzera, baina horretarako ez da “zer pasako da orain?” galdera egin behar, “zertan egin behar dugu lan orain?” baizik. Seguru horrela dela.

Begitarte goibelarekin itzuli ziren Tolosara laskoraindar zaletu multzo kopurutsua, Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Telleria, Barriola, Murgi, Lander –haserako bostekoa-, Gil, Joniko, Alonso, Zabala, Txiki, Elola eta Urko jokalariak.

Eski

2010-03-08

Laskorainek bolada bikainari jarraipena eman dio garaipen berri batekin

Garaipen berri bat eta hiru puntu gehiago gero eta pisu handiagoa hartzen ari den ikastolakoen zakuan. Horixe izango litzateke pasatu berri den jardunaldi berri honetako laburpena.

Larunbateko norgehiagoka, liderraren etxean eta azken sailkatuaren aurka, teorian derrigorrez irabazi beharreko partida maltzur horietakoa zen. Aurrean, Goierri aldetik etorritako aspaldiko ezagunak izan zituzten horitxoek, elkarren berri oso ondo ezagutu eta urtero partida orekatuak jokatzen dituzten bi talde. Eta nola ez, sailkapenak esaten duenetik urrun partida berdindu eta borrokatua suertatu zen 40 minutuetan.

Norgehiagoka hasieran, bi taldeek zonakako defentsa kantxaratu zuten baina baloi lapurketetan finago ibili ziren urretxuarrak eta kontraeraso arriskutsuak burutu zituzten. Horrelaxe iritsi zen aurkarien lehendabizikoa, gelditu bikainak egiten ari zen arren, Endikak amore eman behar izan baitzuen bi aurkariren aurka bakarrik geratu ostean.

Hala ere, aurtengoan ohitura bihurtu den legez, ikastolakoen animoak ez zuen beherakadarik izan eta euren jokoa eginez gol aukera mordoa sortu zuten. Aurkarien atezainaren lan onak eta horitxoen hutsegiteek ordea markagailua bere horretan mantendu zuten atsedenaldirarte.

Bigarren zatiko lehen 10 minutu bikain batzuetan ordea horitxoek markagailuari buelta eman zioten Lander, Joseba eta Iñigoren hiru golei esker. Iñigo zaldiko maldikoaren hirugarren gol ederra, denboraldi hasiera zail baten ostean konfiantza eta joko maila bikaina lortzen ari denaren berrespena izan zen.

Partidako fase horretan, ikastolakoek aldea areagotzeko makina bat aukera izan zituzten baina nekeak erasanda ez ziren fin ibili ate aurrean. Partidako azken minutuetan, azken ahalegin batean, urretxuarrek estu hartu zituzten horitxoak eta gol bakarrera gerturatu ere egin ziren. Dena den, jokua moteltzen ederki asmatu zuten eta presio handitzen zenean atezainaren jokatuz ederki moldatu ziren Jorgeren mutilak.

Epaileek azken txistua jotakoan markagailuak erakusten zuen 3-2koak sendo mantentzen ditu ikastolakoak sailkapeneko aurreneko postuan. Datorren astean, txapelketako oilar dirudunari inolako presiorik gabe eta konfiantza zein gogoz gainezka aurre egiteko prest.

Partidaz partida geroz eta jendetsuagoa den Usabalgo zaleen aurrean, garaile irten ziren, Javi ordezkaria, Jorge eta Javi entrenatzaileak, Imanol prestatzailea, Endika, Beñat, Iñigo, Lander, Barriola, Gil, Elola, Illunbe, Giller, Mikel eta Aratz jokalariak.

Asteburu borobila izan da ikastolako gainontzeko taldeentzat ere, bai Aitor eta bai Andonik zuzentzen dituzten mutilek hiruna puntu lortu baituzte, Gure Txokoaren aurka 5-2 eta Electrodomesticos ZUMYren aurka 6-3 hurrenez hurren.

Unai

2010-02-27

Andoaingo Euskalduna taldearen aurkako derbia atzeratu egin da

Tanbor eta plater bidez iragarri duten ziklogenesi leherkorraren ondorioz bertan behera geratu da Nazional B mailako aste honetako jardunaldia. Alerta gorriko egoera honetan arriskurik ez hartzeko gomendioa eman dute eta Andoainerako txangoa atzeratu egin behar izango dugu.

Nazional mailako taldeak partidarik jokatu ez arrean, filialak urteko partidarik morbosoenetakoa zuen Ibarrako bizilagunen etxean Denak tabernaren aurka. Eta gozatu ederra hartu zuten bertaratutako Laskorain zaleek, jokuan erakustaldia eman eta gero 1-6ko emaitza batekin itxi zuten partidua gure mutilek. Ederra emaitza!

Sailkapeneko bigarren postuan tinko, igoera faserako txartela esku eskura du Aitorrek maisuki gidatzen duen mutil kuadrila bikain honek.

2010-02-21

Laskorainek 6 eta 3 irabazi zion Clinica Dental Aldaz taldeari eta lider darrai sailkapenean

Tolosaldeako kirol taldeek ederki asko dakite ihauteri ondoko jardunaldia ez dela sekula samurra izan ohi; mozorro, txaranga eta kalejiren biharamunak gorputzaldian eragin nabarmena izaten bait du eta lehiaketa erritmoa berreskuratzea neketsua bihurtzen. Aurtengo Laskorain alabaina oztopo eta traba oro saihesteko gaitasuna ari da erakusten eta joan den larunbatean ere azken jardunaldietan emaitza bikainak pilatzen ari zen Clinica Dental Aldaz 6 eta 3 menperatu zuen, baleko partida batean.

Lasarteko dentistak gogotsu iritsi ziren Usabalera. Denboraldi hastapen eskas baten ondoren, jardunaldiak aurrera joan ahala, bikain egokitu dira maila berrira eta txapelketako oilartxoei kukurrukuka erantzuteko gai ere izan dira zenbaitetan, Lasarteko beraien kantxan batez ere. Tolosara ere honelaxe hurbildu ziren, liderrari sustu bat emateko asmo argiarekin eta neurketa hasi eta berehala erdietsitako 0 eta 1-ekoak asmo hau hauspotu besterik ez zuen egin.

Baina horitxoek markagailuan atzetik joanagatik ere ez kokiltzen ikasia dute jadanik, izan ere larunbatekoa galtzen hasten diren bosgarren partida baita erreskan –zuzendu beharreko datua-, eta beraien jokoa egiten jarraitu zuten patxada eta konfiantzaz gainezka. Honela, atsedenaren aurretik, markagailuari itzulipurdia emateko gai izan ziren, patxadaz eta konfiantzaz zertxobait badakien Barack Telleriaren bi goli eskerrak.

Jarraipenean aldiz, abantaila hau heldutasun handiarekin kudeatzen poliki asmatu zuten, eta hori ez zela baterre erraza izan, jokoan oreka izan bait genuen nagusi eta lasartearrek arazo handiak eman baitzizkien. Baina markagailuko abantailak indar handia ematen du eta zorionez indar hori ez zen falta izan inongo instantetan.

Gilek aldaratze batean egindako 3 eta 1-koari lasartekoen bigarrenak jarraitu zion, Telleriaren 4 eta 2-koari kanpotarren hirugarrenak eta hamar metrotatik Zlatan Elola izan zen 5 eta 3-koa ipiniko zuena. Elolak eta golak errima perfektua egiten dute. Partida hondarrean berriz Telleria izango zen berriro golegile, faltako estratejian azken 6 eta 3-koa sinatuaz.

Goraipatu nola ez, Telleriaren partida, lau gol sartzea ez bait da auntzaren gauerdiko eztula. Lasartearrek amore emanda ihauterietan ez al zen irten galdetu zioten eta Beñat “oso gutxi” esanez trufatu zitzaien, arpegian irrifarreari ezin eutsiz.

Hiru puntu berri hauekin Laskorainek 12 jardunaldi osatu ditu porrotik pairatu gabe, 9 jardunaldi lider bezela, baina lanean gogor jarraitu behar du oraindik, partida oso gogorrak ditu eta aurretik. Hurrengoa adibidez Andoainen, kinka larrian den Euskaldunaren aurka eta kantxa hori oso zaila egiten zaie beti ikastolakoei.

Nekatuta bezain kontentu irten ziren Usabaldik, Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Telleria, Barriola, Lander, Elola –haserako bostekoa-, Murgi, Gil, Alonso, Otxoa, Zubillaga, Txiki eta Aratz jokalariak.



Eski

2010-02-08

Laskorainek lidertzan ospatuko ditu Iñauteriak Santurtzin 1-2 irabazi eta gero

Iñauterien festa handia gero eta hurbilago dugun honetan, garaipen berri bat lortu zuen ikastolako taldeak. Kaldereroen biharamunean Santurtzira egindako bisitan, segundu bakarraren faltan Jon Canales Elolak sartutako gol bati esker, beste hiru punturekin etxeratu zen taldea.

Partidaren eguna eta ordua jakitean, ur izoztuzko kaldereta bat burutik behera bota izanaren sentsazioa izan zuten gure mutilek pasa den astean. Bigarren urtez jarraian, kalderero asteburuan igande goizez bilboko ezkerraldera joatea egokitu baitzaie. Larunbat gauean, aspaldian entrenamentuetan azaldu ez diren min hartutako taldekideak kaldereraz jantzita tabernetako bidean utzi eta etxerako bidea hartu behar izan zuten taldekide denek.

Igande goizean festa giroa atzean utzi eta bizkai alderako bide luzea egin behar. Sailkapenean kinka larrian egon arren, azken asteotan fitxaketa onak egin eta taldea asko sendotu duen Santurtziren aurka indarrak neurtzeko.

Partida intentsitate altuarekin hasi zuten bi taldeek. Santurtziarrek defentsa lerroa atzean ipini zuten baina edozein momentutan presio ona eginez aurrera salto egiteko inongo beldurrik gabe. Ikastolakoek berriz, ohiko legez, kantxa erdian kokatu zuten Endikaren atea babesteko harresia. Lehen zati honetan defentsa erasoari gailendu zitzaion eta ez zen golik izan atsedenaldia iristeko 3 segundu faltatu arte, ikastolakoen akats bat probestuz santurtziarrak aurreratu ziren arte.

Norgehiagoka itxura traketsa hartzen ari zela konturatuta Jorge eta Javi bikoteak atsedenaldia, bere izenak dihoen bezela, atseden hartzeko erabili eta bigarren zati osoan presio gogorra egiteko agindu zien mutilei.

Era horretan, bigarren zatia Santurtziarren zelai erdian jokatu zen. Ikastolakoek aurkaria euren atean sartuta izan zuten eta gol aukera franko sortu ere bai. Santurtziarren atezain gazteak ordea, horitxoen saiakera denak zapuztu eta kontraeraso arriskutxuren bat ere abiarazi zuen, ikastolakoen ardurarako.

Baina dena ezin gelditu, Gilek bere motor berriko V-tec teknologia martxan ipini eta hurrunetik egindako jaurtiketa bikain batek sareetarako bidea hartu zuen zutoina laztanduz 10 minuturen faltan. Gol honek ez zuen partidako gidoia batere aldatu ordea eta bere horretan iritsi ziren azken segundoetara.

6 segunduren faltan Elola pregoilaria santurtziarren areako balkoian kokatu zen Landerrek alboko saketik baloia noiz pasatuko zain. Ez zen erreza, baino Landerrek loratutako baloia bikain kontrolatu, 3 aurkarien artean dantzan ibli eta buelta erdian txupinazo bikaina jaurtiki zuen Elolak. Aterako bidean baloiak pasa zuen segundu erdian isiltasuna nagusitu zen baina zutoina joz barrura egin zuenean eztanda egin zuen ikastolakoen zorionak.

Ostegun gizeneko txupinazora itxaron gabe, iñauterietako ospakizunetan murgilduta itzuli ziren Santurtzitik, Javi pasteleroa, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Beñat, Lander, Barriola, Elola, Gil, Murgi, Txiki, Alonso eta Ekhi jokalariak.
Unai

2010-02-01

Laskorainek 4-2 menderatu zuen Portugaleteko Jarrilleros taldea eta lider moduan darrai

Joan den larunbatekoa norgehiagoka trabatu eta zirraragarria izango zenaren aurreikuspenak egin zituen zaletuak bete betean asmatu zuela baieztatu daiteke kale egiteko arriskurik gabe, azken orduan kantxa gainean emandako errealitate konplikatuak eskeinitako minutuen arabera, ez bait zen bestelakorik gertatu.

Aurtengo ikastolako taldeak, egungo areto futbol modernoak eskatzen dituen baldintza tekniko eta taktiko guztiak menderazteaz gain, horiek bezain garrantzitsua den erronka mentala ere bikain gainditzen ari da. Guzti hau eta lanerako izpiritua bere osotasunean urradurarik gabe mantentzen duen lagunarte bati esker bilakatu da Laskorain gaur egungo Nazional B mailako lider solidoa.

Neurketa itxusi ipini zen etxekoentzat, 0-1 galtzen hasi bait ziren zorte txarreko jokaldi bat zela medio, eta Telleriak 1-1-eko berdinketaren gola ipini arren, 1-2 aurreratuko ziren bizkaitarrak beste behingoz, emaitza horrekin aldagelaratu zirelarik bi taldeak. Baloiaren jabetza ikastolakoena zen, baina bizkaitarrak arriskua sortzeko gaitasun paregabea erakusten ari ziren.

Bigarren zatian, kronometroak binaka irensten zituen minutuak Portugaletekoen mesedetan, Jarrillerosek aldagai guztiak alde izan zituen garaipena Bizkaia aldera eramateko, baina gaurko egunean horitxoen gainetik pasa nahi duen taldeak akats bakar bat egiteko baimenik ere ez du izango eta kanpotarren huts nabarmen batek Jonikoren berdinketaren gola ekarri zuen 8 minuturen faltan. Hortik aurrera Endika atezaina ikusle bat gehiago izan genuen eta tolosarren azken minutuetako monologoak 4-2-koa ekarri zuen, golegileak Gil eta Lander izan genituelarik.

Garaipen garrantzitsua Alonso eta Javiren mutilentzat, modu honetan, taldeak lehen postuan jarraitzen du 5 puntuko alde erosoarekin bigarren sailkatuarekiko. Datorren astean Santurtzira egin beharko dute bidaia horitxoek azken sailkatuaren “tranpa” papera bete nahiko duen arerio baten aurka indarrak neurtu beharrean.

Larunbatean Usabalen, Alonso eta Javi entrenatzaileak, Javi delegatua, Endika atezaina, Barriola, Telleria, Lander, Gil, Joniko, Murgi, Alonso, Belloso eta Elola izan genituen garaipen bikainaren protagonistak.

Bigarren taldeak erosotasunez, 1-7 irabazi zuen bere norgehiagoka eta igoera faserako bidean da, abiadura bizian gainera.


Amatri

2010-01-25

Laskorainek nagusitasunez irabazi zuen Legazpin eta sendo darrai sailkapenaren buruan

Urola Garaiera egin zuen txangoa Laskorainek pasa den larunbat arratsean, euskal ekonomian hainbesteko pisua izan duen burdina eta altzairuaren forja-lanaren kabi nagusietako bat den Legazpira hain zuzen. “Metalurjiak ekonomian bakarrik ez, artean ere itzelezko garrantzia izan du gurean” esan ziguten Bikuña polikiroldegiko harreran, “Txillidak bere altzairuzko hainbat eskultura Patricio Echeverria enpresa legazpiarreko forjan erditu baitzituen”.

Duintasunez beteriko forja-lan gogor, sufritu baina era berean artistikoaren adibide ordainezinarekin ekin zion beraz Laskorainek Centro Extremeño La Bellotaren aurkako neurketari larunbatean. Horitxoek bazekiten kantxa horretan txapelketako beste oilartxoek ezin irabazi berdinketarekin konformatu behar izan zutela eta bazekiten ondorioz joko kalitateari lana eta ahalegina erruz gehitu beharko zietela. “Forjalariak bagina bezela!” oihukatu zuten bere barnean.

Esan eta egin, ikastolakoek oso partida sendoa burutu zuten, erasoan eta defentsan, nola aptitudez nola aktitudez eta nagusitasunez makurrarazi zuten La Bellota bai taktikoki, bai teknikoki eta bai fisikoki. 2 eta 7 izan zen azken emaitza, nahiz eta epaileek azken segunduan legazpiarrek eskuarekin sarturiko gola legezkotzat eman eta aktan 3 eta 7 idatzi. Bellotako aurrelariaren jokaldiak Martinez de Irujoren sotamano bortitz bat gogorarazi zigun guztioi, baina epaileek ez omen zuten eskukada ez ikusi ez entzun.

Tolosarren garaipen argiak badu beste meritu bat gainera, estraineko gola legazpiarrek sareratu baitzuten jokaldi bakan eta solte batean partida hasi eta berehala. Jarraipenean, aurreratu bezela, kokildu gabe ikastolakoak nagusi izan ziren, baloiaren jabe ederki mugitu zutelarik eraso posizionalean eta presinaren bidez etxekoak beraien kantxan giltzaperatu zituzten berrogei minututan zehar.

Golak ordea ez ziren berehala iritsi, baina bi zutoinkada eta gol aukera frankoren ostean azkenean bai hasi ziren erortzen, azken asteetan 26 eta 23 urte bete dituzten Barriola kapitaina eta Barack Telleria izan zirelarik golegile. Kapitainak lau sinatu zituen, 2010 jaioberrian punteria zorroztuta duela frogatuaz eta Telleriak bi, biak baloia pikatuaz, lehenengoa atezainari bizkarrez ipinita eta hanka kanpokaldearekin. Zoragarria. Zazpigarrena bere atean sartu zuten legazpiarrek ezinaren ezinez.

Amaitu aurretik, golegileez gain protagonista izan genuen beste laskoraindar peto bat goraipatu nahiko genuke. Urte luzez lehen taldean aritu eta gero, iaztik filialean ari den Yustos “Sparrow kapitaina” alegia. Taldeak zituen bajak estaltzeko ibartarrak Legazpiko deialdian hartu zuen parte, bere arima eta bihotz horitxoaren adibide bat gehiago oparituaz. Minutu dezente jokatu zituen gainera, mailari eusten diola erakutsiaz, baina hunkigarriena Laskorainekiko erakutsitako konpromezu eta inplikazioa da. Egungo Laskorainen joko eta lidergo dizdiragarria, jokalari belaunaldi askoren forja-lanaren fruitua dela esatera ausartuko ginateke eta Yustos belaunaldi horietako baten eredu handienetakoa dela.

Pozik egin zuten Urola Garaiatik Tolosaldeara itzulera bidaia Javi delegatuak, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileek eta Endika, Telleria, Barriola, Murgi, Lander –haserako bostekoa-, Gil, Mikel Alonso, Iñigo Belloso Txiki eta Yustos jokalariek. Baja izan ziren Zabala, Otxoa, Zubillaga, Elola eta Urko.

Eski