Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Puntu banaketarekin amaitu zen Laskorainek eta Allerruk Lezon jokatutako derbia

Lehen itzulia amaitzeko azkeneko zita Lezoko Bekoerrota kiroldegian izan zuten ikastolako mutilek. Azken urteotan nazional mailako derbi garrantzitsuenetakoa bihurtu denaz gozatzeko beste aukera berri bat izan zuten Lezora gerturatutako zaleek 3 eta 3koarekin amaitu zen norgehiagokan.

Ligako kantxarik gogorrenetako batean, partida oso zaila zuen Laskorainek. Allerru taldea ez baita alperrik fisikoki ligako talderik indartsuena. Aurreko denboraldian jasotako bi porrotak lekuko, gauzak oso ondo egin ezean esku hutsik bueltatuko zirela jakinda bidaiatu zuten Jorgeren mutilek Oarsoaldera.

Dena den, partidu hasieran Lezotarrak atzean sartu eta jokuaren pisua eramateko erantzukizuna Laskoraini eman zioten. Lan horretan ikastolakoak ederki moldatu ziren eta joku maila ederra erakutsiz baloia hara eta hona mugitu zuten lehen gola egiteko aukera onak sortuz.

Lehen zati honetan ordea, aurkarien atezainak protagonismo berezia izan zuen eta gelditu apartak egin zituen. Horrelakoetan gertatzen den moduan, Lezotarrek egindako lehen jaurtiketan gol ederra sartu zuten. Dena den, J bikoitzaren mutilek lan oso ona egiten jarraitu zuten eta atsedenaldiaren aurretik banakoa ezarri zuen markagailuan Beñat beltxargak, Jonikori egindako penalti argi bat sareratuz.

Bigarren zatiari ere, jokuan nagusi ekin zion Laskorainek, baloia kriterio handiz ibilarazi eta mugimendu onak eginez. Hala ere, aurkariaren defentsa indartsua zulatu ezinik ibili ziren, nekeak ere bere eragina egin baitzuen minutu asko pilatzen ari ziren ikastolako jokalarien artean.

Emozioa pil pilean zegoenean Allerruk aurre hartu zuen markagailuan kantxa aldez alde zeharkatu zuen pase bat bolea ikaragarri batekin errematatu ostean. Gol honek groggy utzi zituen laskoraindarrak eta hurrengo jokaldian egindako baloi galera baten osteko kontraerasoan 3 eta 1 aurreratu ziren Lezotarrak. Gol honekin itxura eskasa zuen partiduak, markagailuan atzetik eta aurkariak defentsan sendo.

Hala, partida nolabait nahastu beharra zegoen eta joku horretan inor baino hobeto moldatzen den Elola kantxaratu zuen J bikoitzak. Ordurarte minuturik jokatu gabe zegoen Elola zurrunbiloak, aurkariaren defentsa erdian jarri eta denak nahastu zituen. Area barruan harrapatutako bi baloietan, beste horrenbeste gol egin eta partidua 3nako berdinketarekin jarri zuen aitaren batean.

Partiduaren tentsioak gora egin zuen azken minutuetan baina bi taldeei galtzeko beldurra sartu zitzaien eta nork bere atea ondo zaintzea erabaki. Hala ere, partidako emozio puntu gorena azken segunduan iritsi zen Lezotarrek izan zuten doble penalti baten ondorioz. Endikak ordea, beste behingoz ligako atezainik onenetakoa dela erakutsiz, gelditu bikaina egin zuen eta guztiz bidegabekoa izango zen Laskorainen porrota ekidin.

Puntu ona eskuratuta eta joku maila hobea erakutsita itzuli ziren Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Beñat, Barriola, Murgi, Lander, Joniko, Gil, Elola, Mikel, Iñigo eta Urko jokalariak Lezora egindako bisitatik.

Unai

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]