2010-02-27

Andoaingo Euskalduna taldearen aurkako derbia atzeratu egin da

Tanbor eta plater bidez iragarri duten ziklogenesi leherkorraren ondorioz bertan behera geratu da Nazional B mailako aste honetako jardunaldia. Alerta gorriko egoera honetan arriskurik ez hartzeko gomendioa eman dute eta Andoainerako txangoa atzeratu egin behar izango dugu.

Nazional mailako taldeak partidarik jokatu ez arrean, filialak urteko partidarik morbosoenetakoa zuen Ibarrako bizilagunen etxean Denak tabernaren aurka. Eta gozatu ederra hartu zuten bertaratutako Laskorain zaleek, jokuan erakustaldia eman eta gero 1-6ko emaitza batekin itxi zuten partidua gure mutilek. Ederra emaitza!

Sailkapeneko bigarren postuan tinko, igoera faserako txartela esku eskura du Aitorrek maisuki gidatzen duen mutil kuadrila bikain honek.

2010-02-21

Laskorainek 6 eta 3 irabazi zion Clinica Dental Aldaz taldeari eta lider darrai sailkapenean

Tolosaldeako kirol taldeek ederki asko dakite ihauteri ondoko jardunaldia ez dela sekula samurra izan ohi; mozorro, txaranga eta kalejiren biharamunak gorputzaldian eragin nabarmena izaten bait du eta lehiaketa erritmoa berreskuratzea neketsua bihurtzen. Aurtengo Laskorain alabaina oztopo eta traba oro saihesteko gaitasuna ari da erakusten eta joan den larunbatean ere azken jardunaldietan emaitza bikainak pilatzen ari zen Clinica Dental Aldaz 6 eta 3 menperatu zuen, baleko partida batean.

Lasarteko dentistak gogotsu iritsi ziren Usabalera. Denboraldi hastapen eskas baten ondoren, jardunaldiak aurrera joan ahala, bikain egokitu dira maila berrira eta txapelketako oilartxoei kukurrukuka erantzuteko gai ere izan dira zenbaitetan, Lasarteko beraien kantxan batez ere. Tolosara ere honelaxe hurbildu ziren, liderrari sustu bat emateko asmo argiarekin eta neurketa hasi eta berehala erdietsitako 0 eta 1-ekoak asmo hau hauspotu besterik ez zuen egin.

Baina horitxoek markagailuan atzetik joanagatik ere ez kokiltzen ikasia dute jadanik, izan ere larunbatekoa galtzen hasten diren bosgarren partida baita erreskan –zuzendu beharreko datua-, eta beraien jokoa egiten jarraitu zuten patxada eta konfiantzaz gainezka. Honela, atsedenaren aurretik, markagailuari itzulipurdia emateko gai izan ziren, patxadaz eta konfiantzaz zertxobait badakien Barack Telleriaren bi goli eskerrak.

Jarraipenean aldiz, abantaila hau heldutasun handiarekin kudeatzen poliki asmatu zuten, eta hori ez zela baterre erraza izan, jokoan oreka izan bait genuen nagusi eta lasartearrek arazo handiak eman baitzizkien. Baina markagailuko abantailak indar handia ematen du eta zorionez indar hori ez zen falta izan inongo instantetan.

Gilek aldaratze batean egindako 3 eta 1-koari lasartekoen bigarrenak jarraitu zion, Telleriaren 4 eta 2-koari kanpotarren hirugarrenak eta hamar metrotatik Zlatan Elola izan zen 5 eta 3-koa ipiniko zuena. Elolak eta golak errima perfektua egiten dute. Partida hondarrean berriz Telleria izango zen berriro golegile, faltako estratejian azken 6 eta 3-koa sinatuaz.

Goraipatu nola ez, Telleriaren partida, lau gol sartzea ez bait da auntzaren gauerdiko eztula. Lasartearrek amore emanda ihauterietan ez al zen irten galdetu zioten eta Beñat “oso gutxi” esanez trufatu zitzaien, arpegian irrifarreari ezin eutsiz.

Hiru puntu berri hauekin Laskorainek 12 jardunaldi osatu ditu porrotik pairatu gabe, 9 jardunaldi lider bezela, baina lanean gogor jarraitu behar du oraindik, partida oso gogorrak ditu eta aurretik. Hurrengoa adibidez Andoainen, kinka larrian den Euskaldunaren aurka eta kantxa hori oso zaila egiten zaie beti ikastolakoei.

Nekatuta bezain kontentu irten ziren Usabaldik, Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Telleria, Barriola, Lander, Elola –haserako bostekoa-, Murgi, Gil, Alonso, Otxoa, Zubillaga, Txiki eta Aratz jokalariak.



Eski

2010-02-08

Laskorainek lidertzan ospatuko ditu Iñauteriak Santurtzin 1-2 irabazi eta gero

Iñauterien festa handia gero eta hurbilago dugun honetan, garaipen berri bat lortu zuen ikastolako taldeak. Kaldereroen biharamunean Santurtzira egindako bisitan, segundu bakarraren faltan Jon Canales Elolak sartutako gol bati esker, beste hiru punturekin etxeratu zen taldea.

Partidaren eguna eta ordua jakitean, ur izoztuzko kaldereta bat burutik behera bota izanaren sentsazioa izan zuten gure mutilek pasa den astean. Bigarren urtez jarraian, kalderero asteburuan igande goizez bilboko ezkerraldera joatea egokitu baitzaie. Larunbat gauean, aspaldian entrenamentuetan azaldu ez diren min hartutako taldekideak kaldereraz jantzita tabernetako bidean utzi eta etxerako bidea hartu behar izan zuten taldekide denek.

Igande goizean festa giroa atzean utzi eta bizkai alderako bide luzea egin behar. Sailkapenean kinka larrian egon arren, azken asteotan fitxaketa onak egin eta taldea asko sendotu duen Santurtziren aurka indarrak neurtzeko.

Partida intentsitate altuarekin hasi zuten bi taldeek. Santurtziarrek defentsa lerroa atzean ipini zuten baina edozein momentutan presio ona eginez aurrera salto egiteko inongo beldurrik gabe. Ikastolakoek berriz, ohiko legez, kantxa erdian kokatu zuten Endikaren atea babesteko harresia. Lehen zati honetan defentsa erasoari gailendu zitzaion eta ez zen golik izan atsedenaldia iristeko 3 segundu faltatu arte, ikastolakoen akats bat probestuz santurtziarrak aurreratu ziren arte.

Norgehiagoka itxura traketsa hartzen ari zela konturatuta Jorge eta Javi bikoteak atsedenaldia, bere izenak dihoen bezela, atseden hartzeko erabili eta bigarren zati osoan presio gogorra egiteko agindu zien mutilei.

Era horretan, bigarren zatia Santurtziarren zelai erdian jokatu zen. Ikastolakoek aurkaria euren atean sartuta izan zuten eta gol aukera franko sortu ere bai. Santurtziarren atezain gazteak ordea, horitxoen saiakera denak zapuztu eta kontraeraso arriskutxuren bat ere abiarazi zuen, ikastolakoen ardurarako.

Baina dena ezin gelditu, Gilek bere motor berriko V-tec teknologia martxan ipini eta hurrunetik egindako jaurtiketa bikain batek sareetarako bidea hartu zuen zutoina laztanduz 10 minuturen faltan. Gol honek ez zuen partidako gidoia batere aldatu ordea eta bere horretan iritsi ziren azken segundoetara.

6 segunduren faltan Elola pregoilaria santurtziarren areako balkoian kokatu zen Landerrek alboko saketik baloia noiz pasatuko zain. Ez zen erreza, baino Landerrek loratutako baloia bikain kontrolatu, 3 aurkarien artean dantzan ibli eta buelta erdian txupinazo bikaina jaurtiki zuen Elolak. Aterako bidean baloiak pasa zuen segundu erdian isiltasuna nagusitu zen baina zutoina joz barrura egin zuenean eztanda egin zuen ikastolakoen zorionak.

Ostegun gizeneko txupinazora itxaron gabe, iñauterietako ospakizunetan murgilduta itzuli ziren Santurtzitik, Javi pasteleroa, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Beñat, Lander, Barriola, Elola, Gil, Murgi, Txiki, Alonso eta Ekhi jokalariak.
Unai

2010-02-01

Laskorainek 4-2 menderatu zuen Portugaleteko Jarrilleros taldea eta lider moduan darrai

Joan den larunbatekoa norgehiagoka trabatu eta zirraragarria izango zenaren aurreikuspenak egin zituen zaletuak bete betean asmatu zuela baieztatu daiteke kale egiteko arriskurik gabe, azken orduan kantxa gainean emandako errealitate konplikatuak eskeinitako minutuen arabera, ez bait zen bestelakorik gertatu.

Aurtengo ikastolako taldeak, egungo areto futbol modernoak eskatzen dituen baldintza tekniko eta taktiko guztiak menderazteaz gain, horiek bezain garrantzitsua den erronka mentala ere bikain gainditzen ari da. Guzti hau eta lanerako izpiritua bere osotasunean urradurarik gabe mantentzen duen lagunarte bati esker bilakatu da Laskorain gaur egungo Nazional B mailako lider solidoa.

Neurketa itxusi ipini zen etxekoentzat, 0-1 galtzen hasi bait ziren zorte txarreko jokaldi bat zela medio, eta Telleriak 1-1-eko berdinketaren gola ipini arren, 1-2 aurreratuko ziren bizkaitarrak beste behingoz, emaitza horrekin aldagelaratu zirelarik bi taldeak. Baloiaren jabetza ikastolakoena zen, baina bizkaitarrak arriskua sortzeko gaitasun paregabea erakusten ari ziren.

Bigarren zatian, kronometroak binaka irensten zituen minutuak Portugaletekoen mesedetan, Jarrillerosek aldagai guztiak alde izan zituen garaipena Bizkaia aldera eramateko, baina gaurko egunean horitxoen gainetik pasa nahi duen taldeak akats bakar bat egiteko baimenik ere ez du izango eta kanpotarren huts nabarmen batek Jonikoren berdinketaren gola ekarri zuen 8 minuturen faltan. Hortik aurrera Endika atezaina ikusle bat gehiago izan genuen eta tolosarren azken minutuetako monologoak 4-2-koa ekarri zuen, golegileak Gil eta Lander izan genituelarik.

Garaipen garrantzitsua Alonso eta Javiren mutilentzat, modu honetan, taldeak lehen postuan jarraitzen du 5 puntuko alde erosoarekin bigarren sailkatuarekiko. Datorren astean Santurtzira egin beharko dute bidaia horitxoek azken sailkatuaren “tranpa” papera bete nahiko duen arerio baten aurka indarrak neurtu beharrean.

Larunbatean Usabalen, Alonso eta Javi entrenatzaileak, Javi delegatua, Endika atezaina, Barriola, Telleria, Lander, Gil, Joniko, Murgi, Alonso, Belloso eta Elola izan genituen garaipen bikainaren protagonistak.

Bigarren taldeak erosotasunez, 1-7 irabazi zuen bere norgehiagoka eta igoera faserako bidean da, abiadura bizian gainera.


Amatri