2010-05-23

Laskorainek ezin izan zuen Allerruren aurka eta ihes egin zion txapelak eta igoerak

Areto futbol festa ederra bizi izan zen pasa den larunbatean. Txapela eta igoera jokoan, Nazional B-ko lehenengo eta bigarrenaren arteko neurketak jende andana bildu zuen Usabalgo harmailetara eta bi zalegoek sorturiko giroa aparta izan zen berrogei minututan zehar.

Laskoraindarrentzat noski okerrena azken emaitza izan zen, 0-2, emaitza honekin talde horitxoak agur esan baitzion nola txapelari nola igoerari. Playoffa ere ezin izango du jokatu, Arnedo errioxarra izango da eta azkenean bigarren sailkatu onena, ikastolakoen eta Liebana kantabriarraren aurretik.

Neurketak egia esan ez zuen areto futbolak berezkoa duen ikusgarritasunik izan. Puntuen garrantzi itzelagatik arduratuta, bi taldeak atzean 15 metrotan irmo eusteko eta aurkariari zirrikiturik ez oparitzeko asmoarekin kantxaratu ziren; Allerrukoei berdinketak balio zien eta ikastolakoek, Allerrukoen kontraeraso jokoaren beldur, partida poliki poliki sukaldatu beharrekoa zela erabaki zuten.

Honela, defentsa erasoari gailenduaz, joan ziren aurrera minutuak. Beharbada laskoraindarren jokoa hobexeagoa zen, eraso posizionala landuagoa eta baloiaren presioa oldarkorragoa, baina ez nahikoa.

Gol aukera bakanak izan ziren bi ateetan, honetan ere gehixeago eta argixeagoak agian etxekoentzat, baina txapelketako bi atezain onenek ez zuten hutsik egin. Gol batek, edozeinek sartuta ere, ondorenean oso bestelako partida ekarriko zukeen ziurrenik, baina ez dugu sekula jakingo.

Bigarren zatiaren erdian eta 0-0 markagailuan, tolosarrak arrisku maila areagotzeari ekin zioten. Lehendabizi defentsa igo zuten presina aurkariaren kantxa erdian kokatuaz, minutu batzu aurrerago, Zlatan Elola kantxaratu zuten, horitxoek egoera zailetarako duten lata-irekigailua, eta azkenik, bi minuturen faltan, atezain jokalaria.

Txapela bi minututara eta gol bakar batera zegoen, atezain jokalariaren esku. Ideia 3-2 kokatzea zen, pibot allerrutarraren presina ekidin eta 2-3-rako transizioa egitea, baina ez zen asmatu. Momentu erabakior honetan kanpotarren defentsak oso sendo iraun zuen eta horitxoen estratejia erraz menperatu zuten saria txapela eta igoera dutelarik. 0-1-koa minutu baten faltan etorri zen eta azken segunduetan 0-2-koa.

Allerrutarren algara horitxoen negarraren sinonimoa zen eta jokalari horitxoek buru makur amaitu zuten partida. Baina burua tentetu beharra dago, gauza positiboekin gelditu, horretatik asko egon da eta aurtengo denboraldian. Inoiz baino urrutiago iritsi dira eta larunbateko partida sekula ahaztu gabe, disgustua bai ahaztu behar dutela lehenbailehen.

Amaieran Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Telleria, Gil, Murgi, Lander, Txiki, Barriola, Otxoa, Elola, Zabala, Urko, Aratz eta Zubillaga jokalariak, lotailu gurutzatua hausteagatik aste honetan ebakuntza egin dioten Mikel Alonsoren etxera joan ziren.

2010-05-17

Laskorainek ligako final handia jokatzeko aukera izango du Elorrion beste hiru puntu eskuratu eta gero

Merezitako saria izango du aurtengoan ikastolako taldeak, azken jardunaldian, liga erabakiko duen norgehiagoka jokatzeko aukera izatea ez baita nolanahiko lorpena. Izan ere, kasualitateak ala nahi izan eta sailkapeneko lehen bi sailkatuak nor baino nor izango ditugu datorren larunbatean usabalen. Herri giro eta lagunartean osatuta, liga txapelketa bikaina burutu duten bi talde, lidertzan sendo etorriko den Lezoko Allerru eta azken unean lidertza lapurtzen saiatuko den Laskorain.

Horretarako ordea, oso irteera zaila zuen Laskorainek Elorriora egin beharrekoa. Etxeko partida ia denak irabazita eta ligako talde goleatzaileena den Elorriokori aurre egin behar izan baitzion. Larunbatean urdinez aritu ziren horitxoek ordea, defentsa bikaina erakutsi dute aurtengoan eta aste honetan ere erabat kamustu zuten aurkariaren erasoa. Endika atezain horitxoaren gelditu eder batzuk tarteko, aurkariaren golen markagailua zeroan utzi zuen ikastolako taldeak.

Markagailuan aldeak handiak izan baziren ere tentsio handiarekin jokatu beharreko partida izan zen larunbatekoa. Hasiera hasieratik harmailetako giroa oso beroa izan zen eta aurkaria ere oso bero irten zen kantxara, berotuegi agian. Talde horitxoak ordea, badu presiopean patsadaz eta dotore jokatzeaz zerbait badakien beltxarga hankaluze bat eta Beñatek egindako bi golek maldan behera ipini zuten partida. Bigarren gola, baloia ate barrura zihoala eskuarekin jotzeagatik kaleratua izan zen aurkari batek egindako penalti bat maisuki gauzatu ondoren iritsi zen.

Atsedenaldira bitartean, Laskorainek kontraerasoan min handia egin zuen eta Joniko, Lander eta Murgiren golei esker bost goletako errentarekin itzuli ziren aldagelatara. Atsedenaldian, lanean jarraitu beharra zegoela agindu zien Jorge entrenatzaileak jokalariei, Elorriokok ez baitu alferrik 6 goletako batazbestekoa etxeko partidetan.

Entrenatzailearen esana zintzo beteaz, jokalari horitxoek tentsioa gorenean mantendu zuten bigarren zati osoan. Markagailuak aldaketarik izan ez zuen minutu batzuen ostean atezain jokalaria ipini zuen aurkariak baina ez zion etikinik atera, ikastolakoek aldiz aldea hareagotzeko probestu zuten. Arratsaldeko bere hirugarren gola sartu zuen Beñaten ondotik, Barriolak, Jonikok eta Txikik birritan sartutako golek aitzakiarik ez duen garaipena eman zion talde horitxoari, 0-10.

Etxeko lanak ondo beteta, Laskorainek inoiz lortu duen puntu pilaketa handiena burututa eta datorren asteko partidurako ilusioz beteta, pozik itzuli ziren Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Lander, Beñat, Murgi, Gil, Barriola, Joniko, Txiki, Elola eta Aratz jokalariak Elorriora egindako txangotik.

Asteburua borobila izan da ikastolakoentzat, izan ere, euren partida galdu arren igoerako play off-era sailkatzea lortu baitu Aitorrek gidatzen duen Laskoraingo bigarren taldeak, zorionak denei!
Unai

2010-05-10

Laskorainek 3-5 irabazi zuen Billabonan Transportes Lakunza taldearen aurkako derbia eta bigarren darrai

Denboraldiaren amaiera gerturatzen doan einean, taldeek jokoan izaten duten altxorraren garrantzia biderkatzen joaten da jardunaldiz-jardunaldi eta apostuan ipinitako puntu kopurua aldatu ez izanagatik, mundu makroekonomikoarekin konparaketa bat egin ezkero, garaipena edota porrotaren arteko aldea interesak kobratu edo interesak ordaintzean datza. Larunbatean Laskorainek hiru puntu jarri zituen jokoan eta guzti horien balio nominala oso-osorik berreskuratzeaz gain, indarberriketan bilakatutako dosi garrantzitsu bat kobratu zuen interes gisa.

Errespetu haundiz jokatu ziren estraineko minutuak, aurkaria aztertu eta gutxi arriskatuaz hasieran behintzat, etxekoak 1-0 aurreratu arren, Murgiren bi golek markagailua biratu eta atsedenaldira 1-2-ko itxaropentsu batekin aldagelaratu ziren Alonso eta Javiren mutilak.

Billabonakoek ordea, sailkapenak esaten duenaren oso bestelako talde dotorea osatzen dute eta bigarren zatia hasi bezain pronto ipiniko zuten berdinketa elektronikoan, hori gutxi balitz, Barriolak aurreratuko zituen beste behingoz horitxoak baina 3-3-koa berehala etorriko zen. Endikaren lan ona arduratu zen laskoraindarrak galbidetik gordetzeaz ondorengo minutu arriskutsuetan, etxekoak nagusitzen ari ziren emeki-emeki baina Alonso entrenatzaileak arkume larrupean mozorrotutako otso harrapari bat izaten du beti izkutaturik sakelean.

Elola “killer”-a soinurik atera gabe sartu zen kantxara, noraezean, alprojaren irrifarra kamuflatuaz despistatu itxuraren atzean, baina bere taldeak bidalitako S.O.S. mezuaren jakitun. Bi baloi ukitu, kontrola, “dribling”-a eta jaurtiketa sareetara 3-4-koa igoaz markagailura. Betebehar zaila baina ongi burutua, azken 3-5-ekoa Telleria zilarrezko beltxargak egin zuen lasaitasunaren gola ipiniaz.

Harmailetan ziren Iñaki Egizabal eta Josu Etxeberria Euskadiko kutxaren langile eta “broker” adituek egindako analisiaren arabera, IBEX-35-aren grafikak jasandako kontrako norabidean, Madrilgo burtsaren aste beltza Laskorainen urrezko astean bihurtu da eta Elorrion edo Tolosan jokatzear diren neurketa interesgarrietan arratsalde bat inbertitzea gomendatzen diote zalegoari, lortu litekeen irabazia egundokoa izan bait daiteke. Txapelketak oraindik ez du jaberik ezagutzen.

Larunbatean Billabonan, Javi delegatua, Imanol prestatzailea, Alonso eta Javi entrenatzaileak, Endika, Barriola, Telleria, Lander, Gil, Murgi, Belloso, Elola, Joniko eta Aratz izan ziren.

Gorka

2010-05-02

Interri 5 eta 3 irabazita bigarren postuan da Laskorain txapelketa amaierarako hiru jardunaldiren faltan

5 eta 3 irabazi zion Laskorainek Inter Euskal Sofa talde donostiarrari Maiatzaren lehenean jokaturiko partidan. Ikastolakoek gogotik egin behar izan zuten lan hiru puntuak poltsikoratzeko eta garaipen berri honekin sailkapeneko zilarrezko postuan darraite liderratik bi puntutara txapeldun gelditzeko ametsak indarrean dirauelarik oraino.

Ondo zekiten etxekoek Interren aurkako neurketa ez zela batere erraza suertatuko, denboraldi amaieran jaitsiera eragozteko lanetan ari diren aurkariak oso arriskutsuak izaten bait dira. “Ciudad de Juarez hiri mexikarrean gaupasa bat egiteak baino arrisku handiagoa du gaurko partidak” zioen laskoraindar batek Usabalera iristean. Ez zebilen oker, ez horixe.

Puntu premi gorriak estututa intxaurrondotarrak kementsu kantxaratu ziren Usabalgo beheko kantxara, ikastolakoak goian presionatuz ustekabean eta lehenengo bi aukeretan bina gol sartu zituzten 0 eta 2 aurreratuaz markagailuan.

Jokoaren ekimena ezin harturik eta markagailua malda gora, horitxoek minutu latzak igaro behar izan zituzten jarraipenean baina bapo sufritzeaz gain gutika gutika partidaren jabetza hartzeko gai izan ziren. Honela, atsedenaldiaren aurretik Landerrek 1 eta 2-ko itxaropentsua sareratuko zuen eta aldageletatik bueltan Gil TDI-k binakoa.

Interrekoak jada atzekaldean pilatu eta kontraerasora irtetera mugatzen zirenean ordea, binakoaren ondoren hirugarrena egiten asmatu zuten eta azken 15 minutuetan zuten guztia ipini behar izan zuten horitxoek berriro; Barriola kapitaina ikutuak minutu batzuz berragertu behar izan zuen bere txonkatila arriskatuaz eta defentsak zoratzeko ahalmen berezia duen Elola piboteak ia minutu guztiak jokatu.

Azken hau izan zen hain zuzen, Landerrekin batera, garaipena bideratu zuena. Hirunako berdinketa Lander Starskyk sartu zuen Elolak bizkarraz zapaldutako baloi bat aprobetxatuaz eta 4-3-koa berriz Elola Hutchek Landerrek bigarren zutoinera sartutako baloia bultzatuaz. Starsky ta Hutch bikote ahaztezina Usabalen.

Garaipena baina oraindik ez zegoen zakuan eta are eta gutxiago bi minuturen faltan baloia eskuaz jokatzeagatik epaileek Murgi egotzi zutenean. Puntuen balioaz jabe atezain eta hiru jokalarirekin horitxoak ez ziren kokildu eta abantaila eusteaz gain bosgarrena ere egin zuten, Endikaren sake luze bati eskerrak Gil TDI izan zelarik golegile, bere ezizenaren zergatia erakutsi zuen indar harrigarrizko lasterketa baten ostean.

Oso pozik irten ziren Usabaldik Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Gil, Murgi, Lander, Otxoa –haserako bostekoa-, Txiki, Telleria, Elola, Barriola eta Aratz jokalariak.

Eski