2010-12-19

Laskorain esku hutsik bueltatu zen Elorriotik urteko azken partidan

Makina bat poz eta garaipen eman dizkigun 2010. urte paregabeari amaiera emateko igande goizean goiz joan ziren Elorriora gure lehen taldeko mutilak. Bertan, taldea eraberritu eta lan paregabea egiten ari den Elorrioko talde sendoa zuten zain partida gogor bat lehiatzeko.

Ligako bi talde goleatzaileenek elkarren aurka jokatutako norgehiagokan, golak ez zuen hutsik egin eta 40 minutuen ostean, Elorriotarrak izan ziren garaile 8-7. Partidaren gakoa ordea defentsan egon zen, Ikastolakoak gol gutxien jasotako taldea izaki, ez zuten bere maila eman eta garesti ordaindu zuten.

Partida hasi orduko okertu zen horitxoentzat, minutu erdia pasatzerako aurretik baitziren bizkaitarrak. Elgetako bihurguneetan zorabiaturik geratu bailiran, ikastolakoen ez zuten ezertan asmatu eta atsedenaldira bitartean min handia egin zuten Elorriotarrek, 4-0.

Partidak itxura iluna izan arren, ideiak antolatu eta gogotsu ekin zioten Javiren mutilek bigarren zatiari. Etxekoen 5. golak ordea, lehen iluna zena oso beltz bilakatu zuen.

Une latz horietan ordea, Laskorainek bere izaera lehiakorra plazaratu eta Illunberen golari jarraiki izandako minutu eroetan 6-4 hurreratzea lortu zuen. Atezain jokalari taktikak baina, arrisku handiak hartzea dakar eta bi baloi galera inozotan punteria zorrotza erakutsi zuten etxekoek, berriz ere, 4 goletako errenta lortuz.

Ondorengo minutuetan, 8-7 estutu zuen markagailua Laskorainek hat trick bana sinatu zuten Gil eta Jonikoren golekin emozioa gorenean ipiniz. Minututik gora falta zen oraindik eta puntuen kai muturrera iristeko ahaleginean igerian jarraitu bazuten ere, ur ertzean itota geratu ziren horitxoak.

Amaieran, lehen zatiko itxura negargarriari buelta eman izanaren sentsazioa eduki arren, esku hutsik aldagelaratu ziren Elorriora joandako gure mutilak.

Kirol arloan emaitza bikainak lortu arren, azken urte honetan gaizki portatu garenaren ustea izango du Olentzerok, ikatza bezain beltza izan den asteburua oparitu baitigu oraingoan. Aitor eta Ikerrek gidatzen dituzten filialeko taldeek ere, dezenteko porrotak jaso baitituzte etxean jokatutako partidetan, 3-8 eta 0-7 hurrenez hurren. Dena den, gure ikazkinak badaki zeini ondo egin eta neskei garaipen polita oparitu zien igande arratsean arabara egindako bisitan, 1-5.

Unai

2010-12-14

Laskorain 7-2 gailendu zitzaion Clinica Dental Aldazi eta lidergoan kokatu da

Asteazkenean Gallartan 0-5 lortutako garaipena dastatzeko betarik gabe, larunbat ilunabarrean Lasarteko Clinica Dental Aldazen bisita jaso zuen Laskorainek Usabalen. Horitxoek joko sasoi harrigarrian daudela frogatu zuten beste behin eta buruhauste larriegirik gabe, ia azeleragailua zapaldu gabe, 7-2 nagusitu ziren.

Aski izan ziren ohiko defentsa zonala eta aurkariaren ateko sakeetako presina jokoaren ekimena bereganatzeko, baloiaren jabetza horitxoena izan zelarik partidako fase guztietan. Lasartearrek atzean 12-15 metrotan eustea erabaki zuten eta ez zuten beraien ideia gehiegi mutatu markagailuan azpitik joanagatik.

Saldias rockero zaharra, nola ez, izan zen arratsaldeko estraineko golaren egile eta bisitarien berdinketaren ostean, Ekhi Zubillaga arratsaldeko izarrak hautsi eta erabaki zuen partida hiru gol sinatuaz erreskan eta ikastolakoak 4-1 aurreratuaz. Korner batean aldaztarrek sareratutako bigarrenak ez zuen urduritasunik eragin etxekoen aldagelan atsedenaldian zehar.

Bigarren zatian are eta garbiagoa izan zen etxekoen nagusitasuna eta joko dizdiragarririk gabe izan bazen ere -jokalari horitxoak behintzat ez ziren asebete-, hiru gol gehiago sartu zituzten Barack Telleriaren, Ekhiren eta Otxoa pistoleroaren eskutik.

Goraipatu noski Ekhiren partida, Nazional mailan lau gol egitea, azkena zoragarria gainera, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Doai ikaragarrien jabe ez dakigu noraino iritsi daitekeen mutil hau, baina larunbateko jokoak behintzat miresmen handia piztu zuen jarraitzeleengan -hiru hilabeteko haurtxoren bat ere ahozabalik utziaz-, eta asko poztu zituen denboraldietako bere lan mutu eta eskuzabalaren lekuko izan diren bere taldekide eta entrenatzaile guztiak.

Aipatu bukatu baino lehen, poltsikoraturiko 6 puntuez gain aste honetan albiste gehiago izan dela Laskorainen inguruan. Wikileaks-ek argitaraturiko filtrazio entzutetsuan, EEBB-etako enbaxadoreek Washingtonera bidalitako kable horietako batean zera jakin dugu: Javi Mugica entrenatzaile horitxoari kirol arloan ezezik (31 puntu 36-tik, ez da broma) arlo sentimentalean ere gauzak oso ondo dihoazkiola. Bejondeiola Mr Mugica-ri.

Filialari dagokienez, biak galdu egin zuten. Aitorren bigarren taldeak 2-1 Zarautzen eta Sanchoren hirugarrenak 4-2 Beran. Daviden neskak aldiz, 2-4 gailendu ziren Gasteizen.
Eski

2010-12-08

Laskorainek garaipen berri bat lortu zuen Gallartan

Durangoko liburu eta disko azoka arrakastatsua ospatu den honetan, beste orrialde eder bat idatzi du Laskorainek 2010-2011 denboraldiko bere liburuxkan. Aste erdian Gallartara eginiko txangoan 3 puntu garrantzitsu eskuratu baititu Meatzari taldea 0-5 mendean hartu eta gero.

Partidaren azken emaitzetik urrun norgehiagoka parekatu eta gogorra jokatu behar izan dute gure mutilek arerio bizkaitarra garaitzeko. Meatzari taldeak Txikito frontoian jokaturiko partida guztiak garaituak zituen orain arte eta Jabiren mutilek ederki antzeman dute lorpen horren zergaitia.

Partida erritmo bizi eta eroan hasi da, etxekoek ustekabean harrapatu nahi izan dituzte ikastolakoak baino azken hauek sendo mantendu dira. Joan etorriko lehen 10 minutu eroen erdian horitxoen kapitaina den Barriolak aurretik ipini du taldea kontraeraso bati amaiera emanez.

Erritmoak bere horretan iraun du atsedenaldira bitarte baina markaigailuak ez du aldaketarik izan. Bigarren zatiaren hasieran ordea, Laskorainek aldea areagotzea lortu du beste bi kontraeraso maisuki amaitu ostean, Saldias eta Gil izan dira goleatzaile kasu honetan.

13 minuturen faltan atezain jokalaria kantxaratu du Meatzari taldeak baina ez dio etekinik atera. Aukera garbiren bat izan badute ere, ezin Endikak zaindutako atean zirrikiturik aurkitu. Minutuak aurrera egin dute eta Saldiasek lasaitasunaren 4. gola egin du aurkariak jokalari bat gutxiago zirela probestuz egindako jokaldi eder batean. Golera zihoan baloi bat eskuaz jotzeagatik egotzia zuen epaileak aurkarietako bat.

Azken minutu itsusi batzuetan, etxeko taldeak ez du galtzen jakin eta sarrera eta ostiko zikinez josi dituzte jokalari horitxoak. Ostiko horietako franko jaso dituen Elolak egin du partidako azken gola segundu gutxiren faltan.

Punturen bat talde gutxik urratuko duten kantxa honetan, garaipen garrantzitsua lortu du Laskorainek gaurkoan. Dena den gozatu bezain pronto ahaztu beharko dute gure mutilek, larunbateko Klinika Dental Aldazen aurkako norgehiagoka uste baino lehenago iritsiko baita.

Unai