2011-12-23

Laskorainek 4-7 galdu egin zuen Alcañiz taldearen aurka

Laskorainek ezin izan zion 2011. urteari merezitako amaiera eman. Talde horitxoa, kirol elkarteak inoiz izan duen mailarik altuenean utzi duen urte oparo honek pasarte eder ugari izan baditu ere larunbatean esku hutsik bueltatu ziren aldagelara gure mutilak.

Nor baino nor, emaitza eta joko bolada onean dabilen Alcañiz izan zuten, sailkapeneko tontorrerantz begira 5. postuan kokatuta iritsi zen talde Aragoarra 400 kilometroko bidaia egin ostean.

Aurtengo denboraldian bidaia luze hauek taldeen egoera fisikoa baldintzatzen dutela jakitun, Laskorainek gogor hasi zuen norgehiagoka. Honela nagusi izan ziren ikastolakoak lehen minutuetan eta 2-0 aurreratu ziren markagailuan. Joniko eta Lander izan ziren bi jokaldi politetan horitxoen golegile.

Aurkariak ordea ez ziren urduritu eta baloi luzeen bidez talde horitxoaren bizkarra bilatuz min handia egin zuten. Modu horretan, markagailuari itzulipurdia eman zioten ikastolakoen 5 minutu zatar aprobetxatuz. Inor konturatzerako atsedenaldirarte iraungo zuen 2 eta 4koak agintzen zuen Usabalen.

Pinturas Tolosak babestutako saskiaren zozketa egin bitartean hartutako atsedenaren osten jarraitu zuen norgehiagokak, Laskorainen jokoaren susperraldiarekin batera. Kantxan nagusi izan arren ez zuen etekinik lortu ikastolako taldeak eta kontraeraso batean aurkariak bere 5. gola egindakoan noraezean geratu ziren Javiren mutilak. Segidan korner batean sartutako 6. golak partida erabakita utzi zuen.

Azken ahalegin batean Laskorainek atezain jokalaria erabiliz markagailua estutzea lortu zuen, Joniko eta Gilen golek 4-6ko emaitza ipini baitzuten. Handik aurrera laskorainek gogor egin zuen partidari emozioa ipintzeko asmotan baina markagailua ez zen gehiago mugituko Alcañizek azkena egin eta 4-7ko azken emaitza ezarri arte.

Kantxa gainean eman ezin izan dioten emaitza txarren boladari eguberrietako oporrek emango diote oraingoan. Turroia dena den lasai asko jango dute elkarteko kide guztiek, maila handiko talde indartsuen artean duintasun osoz ari baitira lanean.

Urtarrilaren 14an aurkari zuzen baten aurka Burgosera egin beharreko bidaiarekin berrekingo dion lehiaketak emaitza hobeak ekarriko dituen ziurtasunez erretiratu ziren larunbatean deialdia osatu zuten entrenatzaile, delegatu eta jokalariak.

2011-12-12

Esku hutsik itzuli zen Laskorain Caspetik porrot gogorra jaso eta gero


Denboraldiko neurketarik kaskarrena jokatu zuen Laskorainek pasa den asteburuan Caspen. Erdi aro hondarrean Aragoiko koroaren bilakaeran giltzarri bilakatu zen hiriak ez zion ezer onik ekarri talde horitxoari eta inolako eztabaidarik onartzen ez duen porrota jaso zuen. Aski esanguratsua da 10-2ko azken emaitza.

Epaileek txilibituari eragin orduko aurkeztu ziren oztopoak ikastolakoentzat. Etxekoek partidaren agintea errazegi hartu zuten eta maila altuko areto futbola josiaz estu eta larri ipini zituzten tolosarrak, 2-0 aurreratu zirelarik berehala. Falta estratejian Telleriak sareratutako golak itxaropen espejismo bat piztu zuen instant batez, baina ez zuen partidaren garapena mutatu, atsedenaldirako 4-1koa zelarik aldea.

Ondorenean, bigarren zati oso osoan, zabor minutuak jokatu ziren tamalez, denboraldian estrainekoz laskoraindarrek amore eman baitzuten ezintasunaz etsita. Caspekoei aldiz dena irteten zitzaien eta errukirik gabe zulatu zuten Endikaren atea.

Azken minutuan egin zuen Laskorainek markagailua makilatu ere egiten ez duen bigarrena, baina aipamenak merezi du, aurtengo denboraldian debutari den Xabi Diezek sinatu baitzuen, Laskorainen historiako golegileen zerrendan idatziaz bere izena. Lesio batetik osatuta bere bigarren partidan busti du aurrenekoz; ez dago batere gaizki.

Porrot mingarri honetaz haratago, azken jardunaldiak aintzakotzat hartuta, laskoraindarrak 2.B maila berriaren zorroztasuna pairatzen ari direla iruzkindu daiteke. Honek ordea ez luke inor akitu behar, ederki baigenekien aurrez txapelketaren exijentziaz eta hortxe baitago lehen jardunalditan pilatutako puntu sorta oparoa baikortasun eta motibazio iturri.

Larunbat gauean Tomas Roncerori gelditu zitzaion antzeko arpegiarekin egin zuten Caspetik Tolosarako ibilbide luze bezain astuna Javi delegatuak, Javi eta Aitor entrenatzaileek eta Aratz, Telleria, Gil, Loitzun, Murgi, Otxoa, Txiki, Zubillaga, Etxeberria, Diez eta Endika jokalariek.

2011-12-05

LASKORAINEK 4-3 GALDU ZUEN ZARAGOZAN


Ez zituen inondik inora ere emaitza onuragarri batekin bueltatzeko baldintzarik onenak betetzen hasiera batean behintzat joan den larunbatean Zaragozako Río Ebro polikiroldegian arratsaldeko 18:30-etan Laskorainek jokatu beharreko partiduak. Autobuseko bidai luzearen ostean, giro hotza sumatu eta arerio bikain baten gotorlekua bisitatu behar izateak, osagarri negatiboak gehitzen zizkion beranduago kantxa gainean ebatziko zen atalari.

Agrupación Deportiva Sala 10 talde aragoarra denboraldi hasiera polita burutzen ari da, jokalari gazte eta joko alaiean oinarritutako talde boteretsua izaki, etxekoak izan ziren aurre hartzen lehenbizikoak 1-0-ekoa egitea lortu zutelarik horitxoen kalterako.

Javiren mutilek ordea, aurrez aurre ekiteko erabakia harturik eta defentsa sendo zein kontraerasoa bortitzari etekina atereaz markagailuari biratzea lortu zuten, lehen gola zaragozako jokalari batek sartu zuen bere atean nahi barik eta bigarrena Jonikoren eskutik igo zen markagailura. 1-2-ko emaitza estuak itxi zuen lehen erdia.

Bigarren zatian, etxekoen jokoaren zamak 2-2-ko berdinketa ekarri eta segidako momentu lehiatu eta borrokatu anitzetan gertatu ez zena azkenengo minutu harrigarri batean suertatu zen. 40 segunduren faltan Gilek 2-3-koarekin aurreratu zituen ikastolakoak ordurarte betetako lanak merezitako fruitu bat emango zuenaren esperoan. Areto futbolean hamaika ezusteko eman ohi dira eta atezain jokalariaren taktikarekin aragoarrek 3-3-ko berdinketaren gola sareratu zuten 20 segundu besterik gelditzen ez zirenean. Hondarreko denbora izango zen oraindik larunbateko atal goibelaren testigurik latzena eta txirrinaren mugan atezain jokalariaren bitartez berriro 4-3-koa erori zen etxekoen eskutik.

Kolpe gogorra ezbairik gabe tolosarrek jasotakoa, nekez lorturik zirudien norgehiagokak eskuetatik modu horretan alde egin izana beti bait da mingarria. Txapelketak ordea ez du atsekabearentzako betarik uzten, datorren astean Caspera mugituko beharko da taldea helburu berdinak dituen Bajo Aragón Caspe F.S-ren aurka duela hilabete bat atzeratutako partiduan indarrak neurtu beharrean. Sailkapeneko egoera itogarria izan ez arren, garaipen batek asko lagunduko luke ikastolakoak burutzen ari diren lan itzelaren sinesmenean.  

Larunbatean Zaragozan, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Gil, Telleria, Joniko, Lander, Loitzun, Etxebe, Ekhi, Belloso eta Murgi izan ziren. 

2011-11-27

Laskorainek 2-2 berdindu zuen Concepto Egile talde indartsuaren aurka


Gaur egun Gipuzkoako areto futbolean ikus daitekeen mailarik altueneko norgehiagokaz gozatu ahal izan zuten larunbat arratsaldean Usabalera gerturatu ziren ehunka zaletuek. Aurrez aurre, diru txanponen epelean sortutako Concepto Egile indartsua eta elkarlanean arituz, ilusioz gainezka dabilen Laskorain.

Bata bestearen aurka 2.B mailan lehen aldiz aritu arren elkar ondo ezagutzen duten bi talde izan genituen 40 minutuz lehian. Maila berrira igo berritan proiektu eta jomuga ezberdinak izan arren 3 puntuak eta Gipuzkoako areto futbolaren aginte makila izan ziren jokoan Usabaleko oholtza gainean.

Epaileek txilibituari eragin zienean kanpotarrak hartu zuten baloiaren jabetza eta nagusi izan ziren lehen minutuetan. Dena den, larunbatean 23 urte bete zituen Endikak sekulako maila erakutsi eta bata bestearen atzetik zapuztu zituen Elgoibarkoen aukera denak. Minutuak pasa ahala ordea, Laskorainek hasierako beldurrak albo batera utzi eta jokaldi politak osatu zituen. Horietako batean, Murgi mirakusak parabola perfektu batez aurkarien defentsa lerroa gainditu eta bigarren zutoinean agertutako Camiok gol ederra sartu zuen bote lasterrean.

Emaitza honekin amaitu ziren lehen 20 minutuak baina atsedenalditik bueltan defentsan intentsitate nahikoa ipini ez eta markagailuari buelta eman zion Conceptok minutu gutxitan. Pase ederrak lotutako jokaldi batean lehendabizi eta penalti argi bat gauzatuz ondoren.

Egoera honek kinka larrian utzi zituen ikastolakoak ondorengo minutuetan. Aurkariak ordea ez zuen asmatu partida erabakitzen eta Javiren mutilak pixkanaka lerroak aurreratu eta partidaren bila joan ziren. Erabaki honen ostean norgehiagoka asko ireki zen eta aukera garbiak izan ziren bi ateetan baina asmatu zuena talde horitxoa izan zen, Camioren pase bati urrea atera baitzion Beñatek buelta erdian baloia sareetara bidaliz.

40 minutuek ez zuten gehiagorako eman eta puntu banaketaren amaitu zen lehia. Elkarri bostekoa eman eta zaleen txaloen artean sartu ziren aldageletara bi taldeak.

Ligako aurrekonturik handienetakoa duen talde baten aurka puntu garrantzitsua eskuratuta, arratsa txarrari amaiera eman eta datorren asteko bidaia luzeari gogoz ekiteko animoekin amaitu zuten Javi delagatuak, Javi eta aitor prestatzaileek, Endika, Beñat, Gil, Murgi, Camio, Joniko, Ekhi, Loitzun, Txiki, Etxeberria, Mikel eta Aratz jokalariek.

2011-11-23

Laskorainek 4-1 galdu zuen Kirol Sport taldearen aurka

Joan den larunbatean Laskorainek Nafarroako Orkoien herrira egin behar izan zuen bisita sailkapeneko postu erosoetan kokaturik dagoen arerio baten aurka indarrak neurtzekotan. Kirol Sport talde eskarmentatu eta ahaltsuaren etxean punturik lortzea  ez da inorrentzat ahuntzaren gauerdiko eztula izan orainarte eta azken astebukaeran gardentasunez menderatuak izan ziren horitxoak lurralde historiko foralean.

Hasieratik nabarmendu zen etxekoen nagusitasuna jokoan, neurketaren pisuak eta gol aukerek nafar kolorea izan bait zuten une oro, gauzak horrela 1-0 aurreratu ziren Kirol Sport-ekoak tolosarren kalterako. Javiren mutilak defentsan eskuzabaltasunez lanean ziharduten baina hainbatetan zorroztasunez erabili izan duten kontraerasoari behar adinako etekinik ateratzen jakin gabe oraingoan.

Bigarren zatian filmearen gidoiak berean jarraitu zuen setati eta markagailuaren aldea areagotu ere egin zen denborak aurrera egin ahala. 3-0-eko kezkagarri batek amaierarako 4 minuturen faltan eta etxetik kanpo arituaz, argudiorik baikorrenak ere zapuztu ditzake baina atezain jokalariaren taktika martxan ipintzea beste irtenbiderik ez zegoenez, ikastolakoek azken hasperena luzatzeko erabaki ausarta hartu zuten.

Modu onean egindako ahaleginak Gilen 3-1-eko baimendu zuen, segidan etxekoak estutuak ere izan ziren zenbait gol aukera garbi garatu zirelarik atezain nafarraren eremuan. Dena den eta horrelakoetan ohikoa den moduan, Gauss-en kanpaiaren lege estatistikoa beteaz eta 4-1-eko emaitzarekin itxi zen norgehiagoka.

Tolosarrek erreskan jasotako bigarren porrota dugu baina oraindik ere sailkapenean itsuroso mantentzen da taldeak eginiko denboraldi hasiera bikainari esker, hilabete lanpetsuak dira aurretik gelditzen direnak ,dena den klubaren potentzialak ez du ezkortasunerako lekurik uzten, jokalariak betetzen ari diren lana txapela kentzeko modukoa izan da orain arte.

Datorren astean Concepto Egileren aurka jokatuko den derbian kantxaratzeko irrikitan dira Javi delegatua, Javi eta Aitor entrenzatzaileak, Endika, Gil, Lander, Joniko, Telleria, Loitzun, Etxebe, Ekhi, Díez, Belloso, Alonso eta Aratz jokalariak.  

2011-11-18

J08. Atarikoa. Kirol Sport - Laskorain

Aurredenboraldian bisitari izan genuen Kirol Sport talde nafarrari egingo dio aurre bihar Laskorainek arratsaldeko sei terdietatik aurrera Orkoiengo Kiroldegian jokatuko den partidan. Zuri-gorriek jokalari eta prestatzaile beteranoak dituzte eta baita horitxoen aurka iazko "play off"-a jokatu zuten Gazte Berriak taldeko bi jokalari; Iker Toro eta Javi Oroz.

Ramon Navarro, duela urte batzuk Ibarrako taldea Zilarrezko Mailan kargu izan zuenan gidaritzapean, Sergio Burgos "Txejo" atezaina eta Charly Morteruel (Ohorezko Mailan Xotarekin aritutakoa), Andres Cruz edo Dani Alonso bezelako jokalariak aurkitu ditzakegu, denak ere esperientzidunak eta dudarik gabe norgehiagokari intentsitate haundia emango diotenak.

Nafarrek estreinekoz etxean irabazteko intentzioarekin irtengo dira, orainartean multzoko Concepto eta Ebrosala bi oilarren aurka jasandako porrotek eta Alcañizen aurkako berdinketak ez bai die bere zalegoari pozaren bat eskeintzeko aukerarik eman.

Aurkariaren informazio gehiago hemen:
http://www.kirolsport.es/



Tolosarrak aldiz, etxetik kanpo damakiten arratxari eutsi nahiko diote (bitik bi garaipen) eta erronkaren zailtasunaren jakitun, Javi eta Aitor prestatzaileek, Murgi ez beste jokalari guztiak eramango dituzte Orkoienera. Aste hontako entrenamendu saioen artean, Antonio Bores Espainiar Selekzioko eta RFEFeko prestatzaile fisikoak astelehenean Usabalen eman zuen konferentzia nabarmendu behar degu, benetan interesgarria eta parte hartze haundikoa (50 lagun inguru, Euskal Herriko probintzi ezberdinetatik etorriak batzuk).

Deialdia: Endika eta Aratz; Beñat, Gil, Camio, Loitzun, Joniko, Ekhi, Etxebe eta Alonsok osatuko dute.

Kartelera:
Nazional 2.B Maila (8. jardunaldia)
Kirol Sport - Laskorain
2011/XI/19, 18:00ean, Orkoiengo Kiroldegia

Probintzial 1. Maila (7. jardunaldia)
Laskorain - Allerru Jaizkibel
2011/XI/19, 12:00etan, Usabal

Probintzial 3. Maila (7. jardunaldia)
Pub Elorri - Laskorain
2011/XI/18, 22:30ean, Uzturpe (Tolosa)

Jubenila (8. jardunaldia)
Goierri - Laskorain
2011/XI/19, 12:15ean, Aldiri (Urretxu)

Kadetea (6. jardunaldia)
Laskorain - Inter Intxaurrondo
2011/XI/19, 09:15ean, Usabal

Neskak (4. jardunaldia)
Laskorain - Idiazabal
2011/XI/18, 20:30ean, Usabal

2011-11-13

0 eta 3 galdu zuen Laskorainek Zierbenaren aurka

Denboraldi honetan areto futbol talde apartak igaroko dira Usabaldikan eta honen frogarik esanguratsuenetakoa dastatu genuen joan den larunbatean. Laskorainek Zierbena ahaltsuaren bisita jaso zuen eta bizkaitarrek sekulako taldea osatzen dutela egiaztatu zuten 0-3 irabaziaz merezimenduz.

Azken bi urteetan txapeldun, Zierbenari aurrekontuak soilik eragozten dio 2.A Mailan egotea. Bilbon 1. Mailan lehiatutako hainbat jokalariekin -Pavesio, Rober, Pedro, etab-, jokoa soberan du eta hil honen hasieran bertan Espainiako Kopako hamaseirenetara sailkatu da 2.A Mailako Hospitalet menperatuaz.

Horitxoek ordea ez zuten porrota merke saldu. 2. minutan bisitariak aurreratu ostean markagailua malda gora izan zuten betiere eta honek puntuak urruti zeudenaren irudipena eragin zuen beharbada, baina ikastolakoak ez ziren inongo unetan behera etorri eta zierbenatarrak bapo izerditzera behartu zituzten.

Penalti eztabaidatsu bat tarteko neurketa 0-2 iritsi zen atsedenaldira eta Saldias-Miguel aseguru korreduriak lagundutako zozketaren ondotik jokatu zituen Laskorainek bere minuturik onenak. Defentsa zertxobait aurreratu eta minutu luzez parez pare izan genituen bi taldeak, baina gol aukerak sortuagatik ez zuten golik sartu. Punteria kamutsa baino gehiago atezain kanpotarraren inspirazioa izan zen erruduna.

0-3 ikusgarriak itxi zuen partida etxekoen ezintasuna areagotuz, baina Javi eta Aitorren mutilak harro egon behar dute buruturiko lanak zertxobait gehiago merezi izan baitzuen, aukeraren bat eskeiniko zien gol bat bai gutxienez. Edozein kasutan Zierbenaren aurkako porrota ez da inolako hondamendia.

Gozatzeko denboraldia dugu laskoraindar guztiok, nola jokalariek nola zaletuok, eta orain artean honelaxe egin dugu sei jardunalditan. Aurrerantzean ere berdin gozatzeko serio arraio jarraitu beharko dute lanean Javi delegatuak, Javi eta Aitor prestatzaileek eta Endika, Telleria, Lander, Gil, Zubillaga, Txiki, Otxoa, Etxebe, Loitzun, Alonso eta Aratz jokalariek.

2011-11-11

J07. Atarikoa. Laskorain - Zierbena

Areto futbola gertutik jarraitzen dugunon artean nork ez du ezagutzen Zierbenako taldea? Bada, sasoi hontan Laskorainek izango duen aurkaririk indartsuenetarikoa (indartsuena ez bada) bihar Usabalen arratsaldeko lauretatik aurrera ikusteko aukera izango dugu.

Izarrez jositako talde bizkaitarrak, oso urrun ez dauden garaietan Ohorezko Mailan aritutako zenbait jokalari ditu, besteak beste, Rober, Pavesio edo Pedro. Eta hori gutxi ez bada, Rober eta Pedro berarekin, Castro Urdialesek bizi izan zituen urte oparoenetan batera aritutako Jose Mari, Abel Macias edo Edu Vidal. Beste izen batzuk ere aipatzearren, Miguel edo Iñigo, aurten golari begira oso fin dabiltzanak.

Liga txapelketa zalantza batzukin hasi badute ere, Kopan bi kanporaketa gainditu dituzte jada maila haundiko bi arerioen aurka, Ebrosala multzoko taldea Zaragozan eta Hospitalet, 2. Mailakoa, Zierbenan mendean hartu ostean.

Beraz, Laskorainek bere historiaren liburuan urrezko hizkiekin kronika berri bat idazteko parada ezin hobea izango du eta bertara hurbiltzen denak areto futbol ikusgarria gozatzekoa.

Aurkariaren informazio gehiago, hemen:
http://zierbenafs.blogspot.com/


Horitxoen artean, oraindik minduta dagoen Murgi eta Xabi Diez jokalariei, Josu eta Balerdi azpiko taldekoen ausentziak gehituko zaizkie, gainontzekoak Javiren aginduetara egoteko prest izango direlarik.

Atsedenaldian egingo den zozketa Saldias Miguel Aseguruetako Artekaritzak eskeiniko du.

Kartelera:
Nazional 2.B Maila (7. jardunaldia)
Laskorain - Zierbena
2011/XI/12, 16:00tan, Usabal

Probintzial 1. Maila (6. jardunaldia)
Azpeitiko - Laskorain
2011/XI/12, 16:45ean, Azpeitiko Kiroldegia

Probintzial 3. Maila (6. jardunaldia)
Goierri - Laskorain
2011/XI/12, 16:00tan, Aldiri Kiroldegia (Urretxu)

Jubenila (7. jardunaldia)
Laskorain - MCM
2011/XI/12, 10:30ean, Usabal

Kadetea (5. jardunaldia)
Laskorain
Atsedena

Neskak (3. jardunaldia)
Azpeitiko - Laskorain
2011/XI/12, 15:00tan, Azpeitiko Kiroldegia


2011-11-06

Urrezko hiru puntu lortu zituen Laskorainek Pinsequen 2-3 irabazita


Ebro ibaiaren erriberako lur oparoetan Tuteratik Zaragozarako errepidean kokaturik dagoen Pinsequera egin zuen larunbatean bisita Laskorainek. Horitxoek aurreko asteburuan Usabalen pairaturiko porrota lehenbailehen ahazteko asmoarekin bidaiatu zuten eta baita lortu ere, asko sufrituta izanagatik hiru puntuak Tolosaruntz ekarri baitzituzten aragoitarrak 2-3 gaindituta.

Garaipenak meritu galanta dauka, Zaragoza hiriburuko jokalariz hornitzen den Pinseque Aragoiko areto futboleko klasiko bat baita, 2010ko ekainean 2.A mailarako igoera fasean aritutakoa. Aurtengoan gainera, nahiz eta sailkapeneko zona epelean hasi duen txapelketa, oraindik ez zuen bere kantxan punturik galdu.

Larunbatean ere horrelaxe gertatuko zela zirudien partidaren hastapenean. Javiren mutilei ia hiru orduko bidai astunak mesederik ez zien egin eta laugarren minuturako Pinsequekoak 2-0 aurreratu ziren. Neurketaren itxura beltza baino beltzagoa zenean baina, futbol handitik futbol txikira azkar eta ederki egokitu den Asier Etxeberriak gola sartu zuen etxekoen urduritasun eta ikastolakoen itxaropenerako.

Atsedenaren aurretik etorri zen Zubillagaren binakoak are gehiago auspotu zituen batzuen itxaropenak eta besteen urduritasunak eta berragerpenean emozioz beteriko bigarren zati bat bizitu zen. Jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza aragoitarrak izan ziren nabarmen eta horitxoek bere kantxan biziraun behar izan zuten, baina defentsa lanean eskuzabal oso sendo agertu ziren.

Hau gutxi ez balitz gainera, Laskorainek berezkoa duen ezaugarri nagusienetakoa erakutsi zuen beste behin: ahulen eta menperatuen dirudienean arerioa kolpatzeko ahalmena. Horretarako Otxoaren deabruzko abiadura izan zuen arma, kontraerasorako oso aproposa eta horrelaxe erabaki zen partida: Ibarrako dantzariak ziztu bizian buruturiko kontra batean.

Bost jardunalditan 10 puntu eskuratuta 2.B maila ez galtzeko ametsak gerturago dirudi eta gogoan horixe zutela pozarren itzuli ziren Tolosara Javi delegatua, Javi eta Aitor entrenatzaileak eta Endika, Gil, Telleria, Loitzun, Txiki, Zubillaga, Etxebe, Otxoa eta Aratz jokalariak. Arrazoi ezberdinak tarteko baja izan ziren Lander, Murgi, Alonso eta Xabi Diez.

2011-11-05

J06. Aurretikoa. SMD Pinseque - Laskorain

Iritsi zaio autobusean bidaiatzeko eguna Laskoraini, hain zuzen ere Zaragozatik gertu dagoen Pinseque herrira gerturatu beharko du bertako taldeari zor dion bisita egiteko. Pinsequekoak hamaikagarrenak dira sailkapenean (6 puntu) baina Laskorainekin (seigarren, 7 punturekin) duten tartea puntu bakar batekoa da.

Talde aragoarra garai bateko Zilarrezko Mailan aritutakoa da, jokalari gazteak eta esperientzia dutenak batzen dituena. Orain arteko emaitzek argi uzten digute etxean talde indartsua dela, jokatu bi partidetan beste hainbeste garaipen erdietsi dituelarik, Alcañiz 3-2 eta Ebrosala (lidergoa partekatzen duen taldea) 8-3 mendean hartu ostean. Etxetik kanpo hiru norgehiagokak galdu arren, bitan gol bakarreko aldearekin (4-3 Burgosen eta 3-2 Lizarran) eta bestean bi goleko aldearekin (5-3 Zaragozan) egin du.

Aurkariaren informazio gehiago, hemen:
http://www.smdpinseque.com/


Hortaz, galtzak bete lan izango dituzte horitxoek bihar Pinsequeko Udal Kiroldegian arratsaldeko seiretatik aurrera ekingo zaion partidan. Espedizioa Usabal Kiroldegitik irtengo da arratsaldeko ordubatean eta autobusean eserleku nahikoa izango da animatzen den jarraitzaile ororentzat. Beraz, animatu. Taldeak eskertuko dizu.

Deialdian, lehengo astetik aurpegi berri bakarra izango da eta Beñat Telleriak Beñat Balerdi ordezkatuko du. Gainera, Lander Camiok bidaiatuko duen ala ez azken ordurarte ez da jakingo.

Kartelera:
Nazional 2.B Maila (6. jardunaldia)
SMD Pinseque - Laskorain
2011/XI/05, 18:00, Pinsequeko Udal Kiroldegia

Probintzial 1. Maila (5. jardunaldia)
Laskorain - Bar Ignacio Hondarribia
2011/XI/05, 16:00, Usabal

Probintzial 3. Maila (5. jardunaldia)
Laskorain - Hirukide Denak Taberna
2011/XI/04, 20:45, Usabal

Jubenila (6. jardunaldia)
Gamon - Laskorain
2011/XI/05, 10:15. Beraungo Frontoia (Orereta)

Kadetea (4. jardunaldia)
Laskorain - Arizmendi Eskoriatza
2011/XI/05, 09:30, Usabal

Neskak (2. jardunaldia)
Laskorain
Atsedena

2011-10-31

Laskorainek 1-4 galdu zuen Labastida Atenea gasteiztarraren aurka


Areto futbolaren 2B mailan jokatzearen txanponaren bi aldeak ezagutu zituen joan den larunbatean Laskorainek beste behingoz arerioaren aurrean, barruan dagoen oro eman eta denboraldiko bere lehen norgehiagoka galdu eta gero. Alde ona, lan txukuna burutu eta Labastida Atenea bezelako talde historiko baten aurka lehiatzeko aukera eduki izana, aurtengoan horrelako txanpa ugari espero dira. Alde txarra, itxura ona eman eta gero, bere larrua garesti saldu izanagatik, neurketa galdu eta punturik batu gabe aldageletarako bidea hartu behar izana. 

Labastida Atenea, ez alferrik ligako liderra dugu momentuz eta ondo erakutsi zuen futbolerako erabiltzen dakien tresneria, atezain bikaina, defentsa sendoa eta estrategia zuhurra tartekatuaz emeki-emeki tolosarren gainetik gailentzen joan zen une bakoitzean bere sarean harrapatu zituelarik Javiren mutilak.

Presarik gabe eta erritmo aldaketa azkarrak erabiliaz, aukerek leku hartzea izan zuten Endikaren ate inguruan, tarteka estrategia, besteetan kontraerasoa, azkenean eta areaz kanpotiko zenbait jaurtiketaren ondoren, 0-1-ekoa lortu zuten kanpotarrek laskoraindarren bizkar gainean lehen kolpea emanaz.

Emaitza estua zen oraindik, eta bigarren zatian gogotsu irten ziren horitxoak jokoaren pisua ederki banatuaz, itxaropenerako betarik bazen oraindik baina arabarren arretak pizturik ziharduen eta baloi galera baten ondorioz 0-2-koa ipini zen elektronikoan. “Tourmalet”-aren ondoren igotzen da “Luz Ardiden”, eta bururik makurtu gabe jarraitu zuten etxekoek temati. Ate aurrean asmatzerik ez eta atezain jokalariaren taktikarekin azken ahaleginak egin ondoren 1-4-ko emaitzarekin amaitu zen partida. Jonikok egin zuen Laskorainen gol antzua.

Ez zen norgehiagoka txarra jokatu dena den, eta datorren astean modu positiboan pentsatzen hasi beharra dago ahalik eta azkarren, Pinseque A.D. aragoarrari egingo zaion bisitan garaipena lortzeak asko erraztuko lituzke aurtengo bide luze eta neketsuan lortu nahi diren helburuak.

Larunbatean Usabalen, Javi eta Aitor delegatuak, Javi entrenatzailea, Endika, Gil, Lander, Loitzun, Etxebe, Joniko, Ekhi, Belloso eta Aratz izan ziren. Díez, Telleria, Alonso eta Murgiren berreskurapena epe laburrean emango dela espero da. 

2011-10-28

J05. Aurretikoa. Laskorain - Labastida Atenea

Egutegiaren bitxikeriak direla eta, Laskorainek hirugarren partida jarraian jokatuko du Usabalen, bihar arratsaldeko lauretan. Ikastolakoen bisitaria, mailako lider berria dugu, aurten Labastidara higitu den Atenea Ikusnet talde arabarra hain zuzen ere.

Orain arteko lau partiduetako balantzea hiru garaipen eta porrot bakarrarekin osatu dute Ateneakoek, 17 gol alde eta 9 kontra dituztelarik.

Aurkariaren informazio gehiago, hemen: http://www.ateneaikusnetfs.com/


Ikustekoa ere izango da horitxoei zenbaterainoko kaltea egin diezaion pasa den asteburuko norgehiagokaren atzerapenak eta sasoi berri honi eman dioten hasierari eragingo dion. Horrexegatik gainera, multzoan partidarik galdu gabe gelditzen den talde bakarra da tolosarra jardunaldi hontan Ebrosala eta Concepto Egile taldeek jasandako porroten ondorioz.

Lesioak eta lan konpromezuak medio, asteko entrenamendu saioak doi-doi osatu dituzten jokalariak deitu ditu Javik: Endika eta Aratz atezainak, Gil, Etxebe, Loitzun, Camio, Ekhi, Txiki, Joniko, Josu eta Beñat Balerdi.

Atsedenaldian Bikutz tabernak eskeinitako opariaren zozketa egingo da.

Kartelera:
2.B Maila (5. jardunaldia)
Laskorain - Labastida Atenea
2011/X/29, 16:00, Usabal

Probintzial 1. Maila (5. jardunaldia)
Laskorain
Ez dago jardunaldirik
Probintzial 3. Maila (5. jardunaldia)
Laskorain
Ez dago jardunaldirik
Jubenila (5. jardunaldia)
Laskorain
Atsedena
Kadetea (3. jardunaldia)
Anoetako Ikastola - Laskorain
2011/X/29, 11:00, Abraham Olano (Anoeta)
Neskak (2. jardunaldia)
Laskorain
Ez dago jardunaldirik

2011-10-21

J04. Aurretikoa. Bajo Aragón Caspe - Laskorain

Ezinen dio talde tolosarrak asteburu honetan txapelketa hasiera on honi jarraiera eman, izan ere Caspeko taldeak, bestelako konpromezuak medio, bihar jokatzekoa zen Caspe - Laskorain partidarako ohiko zelaia erabilgarri izanen ez duelako.

Hortaz, 4. jardunaldia Abenduak 10 arratsaldeko sei terditan jokatuko den partidak itxiko du, bi taldeek adostu eta lehiaketako Epaile Bakarrak oneritzia eman eta gero.

Dena den, laskorainzaleok zer ikusia izango dugu asteburu hontan.

Kartelera:
Probintzial 1. Maila (4. jardunaldia)
Laskorain - Gorka Pinturas Makax
2011/X/23, 10:30, Usabal

Probintzial 3. Maila (4. jardunaldia)
Gimnástica de Ulía - Laskorain
2011/X/22, 20:00, Bidebieta (Donostia)

Jubenila (4. jardunaldia)
Cafetería King Kong - Laskorain
2011/X/22, 10:00, Eibarko Unibertsitate Laborala

Kadetea (2. jardunaldia)
Laskorain - Zarautz
2011/X/22, 10:30, Usabal

2011-10-17

Laskorainek 3-3 berdindu zuen Zaragozako Confort Colo taldearen aurka


Partidu orekatua bizitu zen pasa den larunbat arratsaldean Usabalen, elkarren aurka inoiz aritu gabeko bi taldeen arteko lehia 6 golekin amaitu zen, 3 alde bakoitzean.

Aurtengoan sarritan gertatuko den bezala talde historikoak izango ditu Laskorainek aurrez aurre. Aste honetan esaterako, Zaragozako Confort Colo, Aragoiko talde zaharrenarekin neurtu behar izan zituzten indarrak.

Partidari aurre egiteko, lidertzan zen ikastolako taldeak, Murgi, Belloso eta Alonsoren bajak izan zituen. Besaburuko luxazioarekin azken unerarte zalantzan zen Joniko ordea taldekideen ondoan aritu zen egoerak ala eskatuta.

Laskorainek norgehiagoka serioa jokatu zuen, hasierako minutuetako aurkariaren ekinari ondo eutsi eta kontra eraso arriskutsuak eginez pasa zuen lehen zatia. Defentsan lana bikain gauzatu zuen taldeak eta Endikak ez zuen aurreko asteetako erakustaldirik eman behar izan, baina kontraerasoei amaiera egokia ematen ez ziren fin ibili horitxoak. Lehen 20 minutuetako gol bakarra, areto futbolera bikain moldatu eta denboraldi hasiera aparta burutzen ari den Etxebek egin zuen korner batetik abiatutako jokaldi bat jaurtiketa zehatz batekin amaitu ostean.

1-0 iritsi ziren beraz bi taldeak Mujikak babestutako saskiaren zozketa burutu zen atsedenaldira. Indarrak berreskuratu eta ideiak argitu ondoren, Laskorain baloiaren jabe izan eta aldea areagotzen saiatu zen baina intentsitate eskasarekin aritutako jokaldi batean banakoa erdietsi zuen Confort Colok.

Gol honek etxekoen urduritasunak eta presak piztu zituen eta ahalegin bizian aurkariaren aterantz jo zuten Javiren mutilek. Ikastolakoen aukera argi bat eskuarekin mozteagatik aurkariek jasandako kaleratzeak asko lagundu zuen lan horretan, jokalari bat gehiago izatearen abantaila dotore probestu baitzuen Loitzunek. Etxekoen joko bolada onari Loitzun berak eman zion jarraipena, partida amaitzeko 5 minuturen faltan 3. gola gauzatu baitzuen Jonikoren batera burututako kontraeraso bizkor batean.

Zaragozarrek ordea ez zuten amore eman eta atezain jokalari taktika erabiliz 2. gola egin zuten minutu bakarraren faltan. 3 puntuak laztandu ostean markagailua hain estu ikusita urduritasunak lotuta utzi zituen horitxoak eta aurkariak bikain aprobetxatu zuren egoera hau partida amaierako bozinarekin batera berdinketaren gola egiteko.

Azken segundoan alde egindako bi puntuek taldea burumakur utzi bazuten ere, 9tik 7 puntu lortuta sailkapeneko 2. postuan dira horitxoak denboraldi hasiera aparta burututa. Kategoria berrira igotakoan sortu litezkeen beldurrak alde batera utzi eta mailari eusteko helburuan bide onetik doaz ikastolakoak.

Larunbatean 3 puntuak lortu ez arren, orain arteko jokorik onena erakutsi zuten Javi delegatuaren alboan eta Javi eta Aitorren gidaritzapean aritu ziren Endika, Beñat, Lander, Gil, Etxebe- haserako bostekoa- Joniko, Loitzun, Ekhi, Josu, Xabi eta Aratz jokalariek.

2011-10-14

J03. Aurretikoa. Laskorain - Confort Colo

Ezer gutxi dakigu Laskorainen aste hontako aurkariari buruz, Confort Colo talde aragoarra. Ikastolakoek bezela, emaitza bakarra ezagutzen dute, baina garaipenen ordez porrotak gehitu ditu jokatu bi partiduetan (3 gol alde eta 11 kontra).

Hortaz, aurrez aurre, sailkapeneko lehena eta azkena izango ditugu nor baino nor bihar Usabalen arratsaldeko seiretatik aurrera. Ez dezagun pentsa halere, partida erreza izango denik.

Tolosarrak baja garrantzitsuak izango dituzte, tartean Joniko, Murgi, Txiki eta Urko, eta deialdia hauek osatuko dute: Endika eta Aratz, Beñat, Mikel, Gil, Loitzun, Camio, Ekhi, Axi, Xabi eta Josu.

Atsedenaldian Mujika etxeak eskeinitako saskia zozketatuko da.

Kartelera:
2.B Maila (3. jardunaldia)
Laskorain - Confort Colo
2011/X/15, 18:00, Usabal

Probintzial 1. Maila (3. jardunaldia)
Tellatuberri Zaldibi 6 - 3 Laskorain
Jokatua
 
Probintzial 3. Maila (3. jardunaldia)
Laskorain - Gure Txokoa
2011/X/14, 20:30, Usabal
 
Jubenila (3. jardunaldia)
Laskorain - Noto FC
2011/X/15, 12:00, Usabal
 
Kadetea (1. jardunaldia)
Mollarri Zarautz - Laskorain
2011/X/15, 10:00, Antoniano (Zarautz)

2011-10-09

Laskorainek 8 eta 3 hartu zuen mendean Castro Urdiales historikoa


1993ko udazken arratsalde batean ekin zion areto futboleko Laskorainek bere ibilbideari Orio 6-3 menderatuaz Illarramendi frontoi desagertuan. Errejionaleko 3. maila zen eta arratsalde hartan inork ez zuen amestu ere egin, hemezortzi udazken beranduago, 525 neurketatik gora lehiatu eta 5 igoera erdietsi eta gero, Laskorainek 2.B mailan anfitrioi gisa estraineko partida jokatuko zuenik egungo Usabal ikusgarrian. Orduan ametsa ere ez zena errealitate da jadanik ehun jokalari baino gehiagoren ahaleginari, milaka entrenamentu orduko izerdi, poz eta disgusturi eskerrak.

Efemeride seinalatu honetarako horitxoek sona handiko aurkari baten bisita jaso zuten: Castro Urdiales kantabriarrarena. Osagai bikain hauekin ezin zuen ezerk huts egin eta Usabalera bilduriko zaletu kopurutsuak festa apartaz gozatu zuen larunbatean. Errematea ikastolakoen 8-3ko garaipena izan zen.

Partida oso zaila suertatu zen. Bisitariak 0-2 aurreratu ziren hasieran eta etxekoek ahalegin itzela burutu behar izan zuten partidari eutsi ez ezik, markagailuari itzulipurdia emateko atsedenera 3-2koarekin aldagelaratuaz. Lander Camio birritan –arratsaldeko onena Endika atezainarekin batera- eta Murgi izan ziren golegile.

Baina Asteasuarra tabernak babestutako zozketaren ostean, berragerpenean, kantabriarrak jaun eta jabe izan genituen berriro minutu luzez. Eraso posizionaleko kokapenarekin min handia egiten zieten tolosarren defentsa zonalari eta asko sofritu behar izan zen abantailari eusteko.

12 minuturen faltan ordea partida erabat aldatuko zen. Area ertzeko falta batean Telleriak laugarrena egin zuen zuhurtziaz eta segidan Castrotarrek atezain jokalaria kantxaratu zuten. Erabaki honek ordurarte ate bakarrean ziren gol aukerak bi ateetara zabaldu zituen eta argienak noski horitxoentzat ziren. Honela Endika atezain “hegoamerikarrak” egin zuen bosgarrena, Chilavert edo Bravo eredu, Otxoak seigarrena eta kantabriarren hirugarrenari, Zubillagak eta berriro Telleriak erantzun zieten behin betiko 8-3koa ipiniaz.

Goraipatu Endikaren arratsaldea. Momenturik latzenetan taldeari eustearekin aski ez eta gol asistentzia bat eta gol bat oparitu zituen. Jokalari frankok berarentzat nahiko luketen teknikaz horniturik, ikusgarriak izan ziren bere jaurtiketak. “Dagoeneko Gil kapitainak baino gol bat gehiago darama” zioen kapitainaren “lagunen” batek amaieran. Ezin ahaztu bestalde Asier Etxeberriaren debuta elastiko horitxoarekin, bere minutuak ederki jokatu zituelarik gainera partidaren momenturik zailenean.

Sei puntuko altxorra zakuan, mailari eusteko helburua borrokatu ahal izango dela dirudi eta gustura amaitu zuten Javi delegatuak, Javi eta Aitor entrenatzaileek eta Endika, Telleria, Gil, Lander, Otxoa –haserako bostekoa, Loitzun, Murgi, Zubillaga, Etxeberria, Alonso eta Aratz jokalariek.

2011-10-07

J02. Aurretikoa. Laskorain - Castro Urdiales

Pasa den asteburuko garaipen zoragarriaren hotsak oraindik ixildu ez diren arren, ikastolakoak partidu bakoitza erronka berri bat denaren jabe dira eta horrexegatik intentsitate berdinarekin ekingo diote Usabalen estreinekoz arituko den Castro Urdialesen aurkako norgehiagokari.

Aipatu kantabriar taldeak, historian zehar Zilarrezko Maila behin baino gehiagotan irabazitakoa da eta Ohorezko Mailarako Play Off sistemak ukatu izan dio desio zuten igoera hori.

Egun, baliabide ekonomiko eskasia dela eta, jokalari gaztez osatutako taldea eta urte batzu barru zer esana emango duena osatzeko asmoa dute. Beraz, gazteak bai, baino kalitate handikoak eta bat baino gehiago kadete mailan Espainiako txapeldun izandakoa edo eta jubeniletan Espainiako txapelketako azken faseetan aritutakoak.

Ikastolakoak berriz, etxean jokoari eman ohi dioten abiaduraz baliatu nahiko dira partida aurrera atera eta hiru puntuak Usabalen gera daitezen.

Javi eta Aitorrek osatu duten deialdia honakoa da: Endika eta Aratz atezainak, Mikel, Etxebe, Joniko, Ekhi, Beñat, Camio, Gil eta Loitzun zelaiko jokalariak.

Aurten etxeko partidetan egongo den berritasuna, atsedenaldiko zozketa izango da. Bazkide txartela azaltzen duen orori rifa bat emango zaio eta txartela ez duenak 2€ trukean rifa bat hartzeko aukera izango du.

Aste hontako babeslea: Bar Asteasuarra.

Kartelera:
2. B Maila (2. jardunaldia)
Laskorain - C.F.S. Castro Urdiales
2011/X/08, 18:00 Usabal

Probintzial 1. Maila (2. jardunaldia)
Laskorain - Zurt Taberna
2011/X/09, 10:30 Usabal

Probintzial 3. Maila (2. jardunaldia)
Umore Ona - Laskorain
2011/X/08, 17:00 Eskola Publikoak (Goizueta)

Jubenilak (2. jardunaldia)
Laskorain - Tolosala Hirukide Ikastetxea
2011/X/08, 12:00 Usabal

2011-10-02

LASKORAINEK 2-4 IRABAZI ZUEN AREA99 TALDEAREN AURKA

Nazional B mailan 11 urte luze igaro ondoren, bitarte horretan denboraldi bikainak eta eskualdeko areto futbolaren oroitzapenera pasako diren norgehiagoka ikusgarriak bizi ostean, aurtengoan, Nazional A zaharra, edo 2.B maila legez izendatu berri den ligan jokatzeko aukera izango du Laskorainek zaila bezain zirraragarria espero den denboraldi batean.

Bidaialdi honetan Saldias eta Barriolaren baja garrantzitsuen oztopoari aurre eginbeharko dio taldeak, horretarako Loitzun, Lander, Etxeberria eta Xabi Diez atsekitu zaizkielarik proiektu berri honen emborrari. Zuhaitzak dena den, iraganean jorratutako sustrai sendoak mantentzen ditu oraindik eta joan den larunbatean bere adarretatik eskegi zuen udazkeneko lehenengo fruitua Area99 boteretsuaren etxean 2-4-ko emaitza argi bat eskuratuaz.

Arerioak duen mailaren jakitun, joan den urtean ez alferrik Nazional A mailan bigarren postuan sailkatutakoa, errespetu osoz ekin zioten neurketari Javiren mutilek eta atzean sendo mantentzeko ideairekin jardun zuten hasiera-hasieratik, modu onean gainera izan ere, defentsa serio bati eta Endikaren geldiketa bikainei esker, atea hutsean mantendu bait zuten tolosarrek minutu luzeetan zehar Loitzun izan zelarik 0-1-ekoa egiten asmatzaile. Dinamikari jarraipena eman zion Telleriak aldageletara joateko minutu exkax gelditzen zenean 0-2-ko itxaropentsu bat ipini bait zuen. 

Bigarren zatia hasi bezain pronto murriztu zuten aldea etxekoek eta ondorengoak ikastolakoen minuturik estuenak izan arren, 1-2-koari eusten jakin eta Belloso eta Jonikoren arteko kontraeraso eder batean azken honek 1-3-koa egin zuen. Horitxoen azken gola beste behingoz Jonikok egingo zuen 1-4-koa igoaz elektronikora eta hondarreko minutuak atezain jokalariaren aurka aritu arren, nafarrek markagailua apaintzea lortu baino ez zuten egin 2-4-ko harrigarri batekin amaiera emanaz neurketari.

Ezin gehiago eskatu denboraldi hasierari, maila berri batean eta etxetik kanpo itxuroso aritu ondoren 3 puntu garrantzitsu eskuratu bait dira, besteak beste, datorren astean Usabalgo polikiroldegiak jasoko duen bisita beldurgarriari begi onez aurre egiteko laguntzarik onena bait da urtea garaipen batekin hastea. Castro Urdidales areto futbol talde historikoak ez du erraztasunik eskeiniko.

Larunbatean Lizarran, Javi delegatua, Javi entrenatzilea, Endika, Telleria, Murgi, Lander, Joniko, Belloso, Gil, Ekhi, Loitzun, Alonso, Etxeberria eta Aratz izan ziren garaipenaren protagonistak.

Klubeko beste taldeen asteburuko emaitzak:

Probintzial 1.go maila (1)
Oiartzun 3 - 0 Laskorain
 
Probintzial 3. maila (1)
Laskorain 2 - 0 Ibarrako Langostinoak Barrantol
 
Jubenilak (1)
Egintza 6 - 2 Laskorain


2011-09-30

Aurretikoa. J01. Zalatambor Area 99 - Laskorain Ikastola

Iritsi da eguna. Areto futboleko Laskorainek bere 18 urtetako historian inoiz jokatu duen maila altuenari hasiera emateko unerako ordu batzuk besterik ez dira falta.

Sei astez luzatu den eta karga muskular asko izan dituzten saioen ondoren, aurredenboraldiari agur esan eta jada 2011/2012 denboraldiari irteera emango dion Zalatambor Area 99 eta Laskorain izango ditugu nor baino nor, bihar, Lizarreria kiroldegian, arratsaldeko 7 terdietatik aurrera ekingo dion partidan.

Horitxoak 12 partaidekin joango dira Naparro aldera, nahiz eta Txiki eta Lohitzun azken ordurarte jokatzerik ote duten ez den jakingo lesio txikiak direla medio.

Aurten estreinatuko duen mailarako lehen deialdia, Endika eta Aratz atezainek, Beñat, Gil, Murgi, Mikel Alonso, Joniko, Ekhi, Lander, Asier eta aipatu Txiki eta Lohitzun kanpoko jokalariek osatzen dute.

Arerioa, ordagokoa. Iaz bigarren amaitu zuten Area 99 lizarratarrak. Izendatu berri duten 2. B maila (lehen 1.go Nazional A maila) hontan esperientzia duten mutilak eta Zilarrezkoan ere aritutakoak. Beraz, hasteko erronka bikaina.

Kartelera:
1. Jardunaldia
Zalatambor Area 99 - Laskorain Ikastola
2011/10/01 19:30 Lizarreria (Lizarra)

1. Jardunaldia
Oiartzun - Laskorain Ikastola B
2011/10/01 18:30 Elorsoro (Oiartzun)

1. Jardunaldia
Laskorain Ikastola C - Ibarrako Langostinoak Barrantol B
2011/09/30 20:30 Usabal

Animo mutilak!!!

2011-09-12

Laskorain 2.B mailan

Hamarkada oso batean zehar borrokatu izan dute Laskorain KE taldeko partaide eta belaunaldi ezberdinek Nazional A mailara, edo aurten 2.B maila bezela berrizenpetu den ligara igoera lortzeko helburuarekin eta berean temati aritu ondoren badirudi tolosarrek urteetan zehar egindako lanaren fruituak jaso dituztela azkenean.

Goitik hasita, maila guztiek jasan dituzten erreforma ezberdinek eta Laskorainek joan den urtean lortutako bigarren postuak, aurtengoan maila bateko aurrerapausoa egiteko aukera eman dio klubari eta jokalari, entrenatzaile, ikastola eta inguruko partaideen ahaleginaren bidez urtebeteko ametsa betetzeko aukera behintzat izango du Laskorain areto futbol taldeak.

Urte gogorra eta lanpetsua dugu aurretik, baina fedeak eta ilusioak aurrean topatuko diren oztopo guztiak gainditzeko baliabideak emango dituztelakoan ekingo zaio 2011-2012 denboraldi berriari. Taldearen egitura lehengo urtekoaren antzekoa izango da, Saldias eta Barriolaren bajak, Ibarratik etorritako Lander eta Loitzun, eta Tolosatik etorritako Asier Etxeberriaren eta Xabi Díez-en bitartez estaliak izango dira.

Urriaren 1-ean emango zaio hasiera bidai berri honi Lizarrako Area99 taldearen aurka. Zaletu guztiei zuen laguntza eskatu nahi zaizue lerro hauen bitartez urte guztian zehar.

2011-06-08

Laskoraingo nesken taldea Txapeldun izendatu da pasa den asteburuan Gasteizen jokatu Kopan

2010-2011 denboraldia amaitu da dagoeneko Tolosar neskentzat, eta nola amaitu gainera. Urte guztian zehar Arabako Ligan jokatu behar izan dute Gipuzkoan sortu ez zelako eta txapelketa bosgarren amaitu ondoren, Kopari eman zioten hasiera.

Finalaurrekoetara iritsi aurretik sei partidu jokatu eta beste hainbeste irabazi zituzten. Hala, Ekaineko lehen asteburuan Gasteizen jokatu beharreko "lauko finalera" sailkatu zirelarik.

Abetxuko auzoan, izen berberako kiroldegian, Taberna Betilo izan zuten aurkari finalaurrekoan. Hasiera kaskarra egin zuten arren, pixkanaka sasoi guztian egindako futbolari hasiera eman zioten. Jokoan leia bizia zegoela ikusi zen. Partida guztian aurretik joanagatik, norgehiagoka hiruna amaitu eta penaltien txanda iritsi zen.

Laskorainek ekin zion jaurtiketa saioari eta amaieran 5-4 gailendu eta finalerako txartela lortu zuen.

Ospakizunetarako betarik gabe, konzentrazioa galdu ezinik, biharamunean jokatzera itzuli ziren Gasteizera, oraingoan Mendizorrotzako kiroldegi zaharkitu bezain txundigarrira.

Igandean, goizeko 10:00etan abiatu ziren hiriburura, bertan Ligako Txapelduna Jesus Obrero talde gasteiztarra zai zutela. Lehen gola tolosarren eskutik iritsi bazen ere, partida bizkorra eta indartsua izan zen, bi taldeen irabazteko nahia nabarmendu zelarik.

Aurreko egunean bezela, partiduan zehar aurretik joan arren, amaieran babazorroek berdindu eta penaltietara jo zuten beste behingoz. Eta oraingoan ere, denboraldian jokalari zein prestatzaile eta delegatuak egindako lanari esker, 4-2 nagusitzea lortu eta Kopa Tolosara ekarri zuten.



Saria eskuetan zutela pozik itzuli ziren neska gazte hauek. Zorionak!

2011-06-05

Laskorainek 4 eta 6 galdu zuen Gazte Berriakekin eta ezin izan du mailaz igo

Bigarren denboraldiz jarraian areto futbol festa itzela bizitu genuen joan den larunbatean Usabalen. Nazional B-tik Nazional A-rako igoera play-offeko itzulerako neurketan, Laskorain eta Gazte Berriak talde nafarra izan genituen aurrez aurre, eta bigarren denboraldiz jarraian horitxoak hainbeste irrikatzen duten igoeraren atarian gelditu ziren.

Ansoaindik hirunako berdinketa ekarriagatik, argi zeukaten ikastolakoek oso norgehiagoka korapilatsua zutela aurretik, baina itxaropentsu ziren denboraldian zehar Usabalen eskuraturiko emaitzak (13 garaipen eta berdinketa eta porrot bana) eta erori diren taldeen maila (Concepto, Soloarte, Gernika…) gogoratuta. Laskoraindar guztion etsipenerako ordea, Gazte Berriakoek itxaropen hauek goitik behera zapuztu zituzten eta 4-6 gailendu ziren, 7-9 emaitza agregatuari esker igoera erreinu zaharraren bihotzeruntz eramanaz merezimendu osoz.

Iaz jazo ez bezela, hori bai, aurtengoan arratsalde eguzkitsua tokatu arren Usabalera bildutako zalego kopurutsuak kirol honek berezkoak dituen hainbat ezaugarri dastatzeko parada izan zuen gutxienez: eraso jokoa, gol asko, ikusgarririk bai tartean, alternatibak markagailuan...

Izan ere partida bikain hasi zen etxekoentzat, Barriola kapitainak egin baitzuen arratsaldeko estrainekoa lehendabiziko minutuan. Bisitariek baina amore emateko inolako asmorik ez zutela erakutsi zuten eta aurreraxeago kornerreko estratejian banakoa sartu zuten. Gil turbodieselaren bigarrenari are eta hobekiago erantzun zieten ondoren, binakoari 2-3koa erantsi baitzioten atsedenaren aitzinetik.

Beharbada play-offaren gakoa honetantxe egon zen: laskoraindarrek ezin izan ziotela markagailuko abantailari eutsi defentsa irmoago baten bitartez. Bi neurketetan gauza berbera gertatzeak ezin du izan kasualidade eta azken bi denboraldiotan hain goraipatua izan den Laskorainen defentsa zonala nafarren erasorako ez dela oztopo izan kiroltasunez onartu behar da.

Aldageletatik itzuli eta berehala, laugarrena erori zen belarriondoko baten moduan eta bigarren zatiko minutuak nahi eta ezinezko minutuak bihurtuko ziren Javiren mutilentzat, jada berdinketak ere ez baitzuen balio.

Oztopoak oztopo ahalegin eskuzabal eta txalogarria burutu zuten. Azken segunduraino borrokatu zuten ametsaren bila eta Gilek bere bigarrena sinatu zuen eta Ekhi Zubillagak taldearen laugarrena, baina markagailuan beti iraun zuen gutxienez bi goleko desabantailak.

Oso goibel eta burumakur amaitu zuten ikastolakoek eta ez da gutxigorako, baina kronikalari honek iaz idatzitako bera idatzi nahi die bukatzeko: burua tentetu behar dela azkar, eskarmentu guztietatik ikasi eta ez ahaztu Laskorain 18 denboralditan sekula egon dena baina urrutirago eraman dutela.

Iñaki

2011-06-02

Aste hontako kartelera

Gogoratu aste honetan inoiz izan den asteburu garrantzitsuenetakoa jokatuko duela Laskorain Kirol Elkarteak. Mutilen taldeak igoera eskuratuko luke etxeko partidua irabazita eta nesken taldeak kopako finalerako txartela esku eskura du.

Nazional 1.go A mailarako Play off-a
Laskorain - Gazte Berriak
Usabal, larunbata 4, 18:00

Neskak Kopa (final aurrekoak)
Laskorain - Las Guaranas
Abetxuko, larunbata 4, 16:00

Zorte on eta gora Laskorain!

LASKORAINEK 3-3 BERDINDU ZUEN ANSOAINEN “PLAY-OFF”-AREN JOANEKO PARTIDUAN

Modu guztietako gora-beherak izan zituen norgehiagoka batean eta irakurketa positibo zein negatiboak egin dakizkiokeen emaitza bat eskuratu ostean, atal subjetiboa alde batera utzirik jakina den gauza bakarra zera da, bueltako partiduan erabakiko dela Gazte Berriak eta Laskorainen artean datorren urtean Nazional A mailan jokatzeko postu bat irabaziko duenaren izena.

Ansoaingo Gazte berriak taldeak, Nafarroako ligako txapelduna zergatik izan den erakusteko aukera izan zuen bere etxean eta minutu luzeetan zehar maldan gora ipinitako emaitza baten aurka aritu behar izanagatik, neurketako azken minutuetan bete-betean sartu zen kanporaketan bere aukera guztiak osorik utzi dituelarik datorren astebukaeran erabakitzear dagoen demarako.

Neurketa primeran hasi zen tolosarrentzat, hasierako minutuetan erakutsitako nagusitasunak 0-1-eko merezitako saria izan bait zuen Gilek marra gainean bultzatako baloi bati esker. Laskorainen taktika erabat gardena zen, defentsa sendoan oinarritu eta kontraerasoan ziztadak ematea alegia. Nafarrek dena den, kalitate haundiko jokalari anitzen abantaila du bere lerroetan eta behin eta berriz ekin zioten Endikaren atea gogaitzearen ahaleginari.

Bigarren zatiaren gidoiak berdin jarraitu zuen eta Javiren mutilak izan ziren berriro egoerari etekina atera ziotenak, bi kontraerasoetan Joniko eta Gilek beste behin 0-3-ko ia erabakigarria ipini zuten elektronikoan. Ordurartean Endika atezainak era guztietako geldituak egiten ari zen eta elektronikoaren emaitza, ederra izanagatik apur bat tranpatia agertzen zela onartzea bidezkoa da, etxekoek sortutako gol aukera argiak ukaezinak bait dira.

Gauzak horrela, nafarrek arriskua egiteko intentzio betean temati jarduteaz gain, bi golekin berpiztu zuten bere gorpu zendua eta neurketa amaitzeko segundu gutxi geratzen zirenean jokaldi trabatu batetik txirrinaren mugan berdinketako sareratze garrantzitsua egin zuten zoramenaren erdian.

3-3-ko berdinketak kanporaketa airean uzten du eta horitxoen amaierako aurpegi goibelak ulergarriak diren arren, etxean eta zaletu guztien aurrean jokatuko den bueltako neurketari itxaropenez beterik ekingo diote tolosarrek bere historiako partidurik garrantzitsuenaren testigu izango den zitan.

Domeka goizean Ansoainen, harmailak kolore horiz bete zituzten tolosako zaletu ugarietaz gain, Javi delagatua, Javi entrenatzailea, Endika, Murgi, Gil, Telleria, Belloso, Ilunbe, Joniko, Ekhi, Balerdi eta Aratz izan ziren.

Gorka

2011-05-23

LASKORAINEK-8-5 MENDERATU ZUEN TRANSPORTES LAKUNZA TALDEA ETA IGOERAKO “PLAY-OFF”-A JOKATUKO DU

Ligako azken partidua izaki, derbi zirraragarri bat tartean eta lortutako bigarren postuarengatik taldea behar bezela zoriontzeko asmotan sekulako jendetza bildu zen joan den larunbatean Usabalgo kiroldegian arratsaldeko 18:00-tan azken orduko berrien arabera Laskorainek bere zalegoaren aurrean jokatuko duen azken aurreko partidan. Azken aurrena diogu izan ere dagoeneko matematikoki bereganatuta zuen bigarren postuak igoera faserako kanporaketa jokatzeko eskubidea emango bait dio Laskoraini datorren astetik aurrera.

Tolosarrentzat ezer jokoan ez egoteak bere eragina izan zuen partiduaren hasieran batipat, eta estraineko minutu kaxkar eta astun batzuren ostean 0-2 aurreratu zen oraindik jeitsieraren mamuak guztiz uxatu gabe zituen Villabonako taldea. Emeki-emeki Javiren mutilak norgehiagoari tamaina hartzen joan ziren Barriola kapitainak egindako bi golen bitartez. Horrela beraz, elektronikoak 2-2-ko berdinketa isladatzen zuelarik eta oraindik ezer erabaki gabe aldagelaratu ziren bi taldeak.

Bigarren zatian Javi entrenatzailearen erretolikak horitxoen gogoa berpiztu zuen ondorengo minutu eraginkorretan 5-2-koraino urrundu zirelarik etxekoak. Barriola, Joniko eta Iturralde izan genituen golegile oraingoan. Lakunzakoek asko zuten jokoan eta ikastolakoen minuturik koipetsuenetan 5-5-ekoraino urreratu ziren beste behingoz, tartean jokaldi eztabaidatuak izan ziren bi taldeen arrangurarako eta tentsio altuko azken uneetan bitako edozeinek irabazi zezakeenaren itxura antzematen hasia zen.

Laskoraindarrak irten abantailatsu azken minutuetako kolpe trukaketan eta Murgik, Jonikok jokaldi arraro batean eta Bellosok azken segunduetan egindako sareratzeek 8-5-eko emaitzarekin eman zioten bukaera oztopo ugariz beteriko norgehiagoka zail bati.

Nazional B mailak bere ohiala jeitsi duen arren, Nafarroako ligako txapelduna izan den Ansoaingo Gazte Berriak taldearen aurka igoerako “play-off” a jokatzeko aukera izango du Laskorainek bi parditutara erabakiko den kanporaketa batean. Joaneko norgehiagoka larunbat honetan izango dute horitxoek Ansoainen eta taldekideak eramango dituen autobusa zaletuez betetzea berri pozgarria litzateke denontzat.

Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Telleria, Belloso, Joniko, Ekhi, Iturralde, Gil, Murgi, Ilunbe eta Aratz-ek izan ziren Usabalen garaipena lortu zutenak.

Gorka

2011-05-16

Laskorainek garaipen berri bat lortu zuen Santurtzin eta 2. postuan amaituko du liga

Denboraldiko azken irteera egin asmoz, igande goizean habiatu ziren ikastolako mutilak Bizkaia aldera. Hasiera batean tramite hutsa izan behar zuen norgehiagokak ordea, berebiziko garrantzia lortu zuen azken orduan. Denboraldia sailkapeneko 2. postuan amaitzeak igoera-promozioa jokatzeko aukera eman lezakeenaren albistea jaso baitzen elkarteko bulego mugikorrean ostiralen iluntzean.

Mugarri berri hori begiz jota, gogotsu joan ziren Santurtzira Javiren mutilak. San Jorge igo berria zuten aurkari oraingoan, sailkapeneko erdian kokatuta egon arren Nazional A mailatik jaitsitako taldeen arrastatzeen beldur posturen bat igotzeak inolako kalterik egingo ez lioketen taldea. Denboraldiko garai hauetan patxadaz beteriko norgehiagoka izan zitekeena, tentsio eta seriotasun handiz jokatu beharrekoa bilakatu zen beraz.

Markagailuan atzetik jartzeko arriskurik jokatu nahi ez eta dezenteko errespetuarekin ekin zioten bi taldeek norgehiagokari. Zelai erditik atzerago kokaturiko defentsa lerroek, aurkariaren hutsegiteren bat baliatuz kontraerasoak egiteko helburua zuten bi taldeetan. Eta baita lortu ere, ate aurrean zehaztasunik izan ez arren, kontraeraso arriskutsuak gauzatu baitziren bi aldeetan lehenengo zati guztian zehar.

Atsedenaldirako minutu gutxi falta zirenean etxekoak aurreratu ziren kontraeraso bat jaurtiketa eder batekin amaitu ostean. Ikastolakoak ordea, bikain erreakzionatu zuten eta hurrengo bi minutuetan markagailuari buelta eman zioten bi kontraerasotan baloia sareratu ostean. Partidako protagonista izan genuen Ekhi printzea izan zen goleatzaile birritan, 1-2.

Atsedenaldiaren ostean, partida erabakita uzteko aukera politak izan zituzten Javiren mutilek baina kamuts ibili ziren ate aurrean. Etxekoek euren ahalegina egin zuten zaleen animuei erantzunez baina Laskorainek ez zuen gehiegizko estutasunik pairatu. Epaileak azken txistua jotzeko bost minutu falta zirenean horitxoek abantaila areagotu zuten, Ekhik emandako pase zehatz bat ate barrura bultzatuz Barriolak egindako gol bati esker, 1-3.

Hil ala bizi, etxekoek atezain jokalaria kantxaratu zuten eta minutu baten faltan aldeak murriztea lortu bazuten ere, 3 puntuek Tolosarako bidea hartu zuten. Poltsikoratutako puntu hauei jardunaldiko beste emaitzak gehituz gero, Laskorainek matematikoki loturik dauka sailkapeneko 2. postua.

Txapelketa bikain bati, datorren astean amaiera polita emateko asmoz bueltatu ziren Santurtzitik, Javi entrenatzailea, Javi delegatua, Aratz, Beñat, Txiki, Ekhi, Gil – haserako bostekoa – Barriola, Josu, Illunbe eta Endika jokalariak.

Harrobiari dagokionez ere, emaitza onak izan ditugu txapelketari agur esan dioten azken jardunaldi honetan. Bere urtebetetzea garaipenarekin ospatu zuen Aitorren taldeak 3-5 menderatu zuen Donibane Pari Berri taldea eta Ikerrek mutilek ere puntu bat urratu zuten Plaza Berriren aurka, 3-3. Nesken taldea ere ederto ari da Kopako txapelketan eta aste honetan garaipen berri bat lortu du Cafe Manaosen aurka, 4-2.

Unai

2011-05-09

Laskorainek 4 eta 0 irabazi zion Elorriokori eta gutxienez hirugarren amaituko du txapelketa

Horitxoek gogoan zuten oraindik lehen itzulian jazotakoa. Hamar jardunalditan berdinketa bat eta bederatzi garaipen –azken seirak erreskan- poltsikoratuta bidaiatu baitzuten Elorriora eta hantxe finitu baitzen ezustean arratxa paregabe hura 8 eta 7-ko porrot mingarriarekin. Kirol mendeku egarriz kantxaratu ziren beraz ikastolako mutilak larunbatean Usabalera eta neurketa serio bat osatuaz 4 eta 0 hartu zituzten menpean bizkaitarrak.

Hiru puntu berri eta mendekuaz gain beste bi lorpen ere erdietsi zuten Javik zuzendatutakoek. Batetik, txapelketa amaitzeko bi jardunaldi besterik falta ez direnean, podiumeko postu bat ziurtatu zuten, bigarrena ala hirugarrena izanen den dagoelarik oraindik argitzear.

Bestetik, garaipen berri honekin, taldeak aurten eman duen maila ikusgarriaren froga den beste marka bat ere bereganatu zuten horitxoek: ligako arerio guztiei partida bat behintzat irabaztea, txapeldunarengandik hasi eta faroltxo gorriraino. Puntu gehigarririk ematen ez duen ikur bat dela esango du norbaitek arrazoiz, baina balio sinboliko itzela duenik ezin uka.

Goraxeago aurreratu moduan, larunbatean horitxoek neurketa serio bat jokatu zuten. Maiatzeko larunbat arratsaldeak ez dira lanerako aproposenak izan ohi baina txapelketaren azken hondarrean gaudela gogoratuta, laskoraindarrak azken ahaleginerako prest daudela argi gelditu zen.

Joko dizdiratsurik gabe, baina zehaztasun matematikoz, etxekoek partida laurden bakoitzean gol bana sartu zuten, hamar minuturo bat, garaipena erosoa bihurtu zutelarik. Golak gainera konbinaketa politen ondorioz etorri ziren, azken bultzakada lau golegile ezberdinek eman zietelarik: Barack Telleriak lehena, Txikik bigarrena atsedenaldiaren aurretik, Iturralde rebelazioak hirugarrena eta Barriola kapitainak azkena.

Golegileez gain, elaborazioan bikain aritu zen Murgi Laudrup ezin ahaztu, golean amaituriko konbinaketa gehienen iturburu, eta Aratz eta Endika atezainak ere ez. Azken hauek zati bana jokatu zuten, atea hutsean utziaz, areto futbolean oso zaila izan ohi dena.

Denboraldia Lakunzaren aurka Usabalen errematatu aurretik Santurtzira bidaiatu beharko du datorren asteburuan Laskorainek. Ea larunbatean bezain pozik bukatzen duten Javi delegatuak, Javi entrenatzaileak eta Aratz, Telleria, Gil, Txiki, Zubillaga –haserako bostekoa-, Barriola, Murgi, Illunbe, Iturralde eta Endika jokalariek.

Iñaki

2011-04-18

LASKORAINEK 8-4 GALDU ZUEN CLINICA DENTAL ALDAZ TALDEAREN AURKA

Joan den astean Nazional B mailak aurtengo txapeldun berria dagoeneko izendatu izateagatik agian, larunbatean irtendako egun eguzkitsuaren ondorioz apika, edota baliteke Lasarteko polikiroldegiko kantxa geldo eta astunaren erruz gertatu izana, baina kontuak kontu aurtengo denboraldian jasandako porrotik zabalena jaso zuen Laskorainek joan den egunean Clínica Dental Aldaz talde gipuzkoarraren aurka aritutako partiduan.

Lasartekoek sailkapeneko postu erosoetan diraute aurtengoan eta antza denez, lasaitasunak eta aparteko presiorik gabe jokatzeko eskubidea izateak batzuetan aldeko abantaila ematen omen du eta joan den asteburuan behintzat horrela gertatu zen. Hasieratik nabarmendu zen etxekoen joko ausartaren eragina eta tolosarrak zorte oneko jokaldi batean 0-1 aurreratu arren, aurkariak markagailua biratu zuen berehala 2-1-eko itsusi bat ipiniaz elektronikoan. Murgik 2-2-ko berdinketa egitea lortu zuen baina hau izango zen ikastolakoek arratsalde osoan ikusiko zuten azken argi izpi murritza, ez alferrik beste bi jokaldi erabakiorretan 4-2 aurreratuko ziren Aldazekoak aldageletarako bidea hartu aurretik.

Bigarren zatiak ez zuen bestelako berri positiborik ekarri eta horitxoen kalterako markagailua geroz eta eskuraezinagoa bilakatzen joan zen minutuak aurrera joan ahala. Etxekoak 6-2-koraino urrundu ziren eta atezain jokalariaren taktikarekin jokatutako azken 10 minutuek 8-4-ko azken emaitzarekin itxi zuten neurketa. Ahaztu beharreko arratsaldea beraz joan den egunekoa, eta aurrerantzeko jardunaldiei beste freskotasun batekin aurre egitea beharrezkoa izango da horrelako beste atalbururik errepikatu nahi ez bada behintzat.

Orain bi astetako geldialdia izango da Aste Santuaren ondorioz eta jarraiean hiru neurketa baino ez dira geratuko denboraldiari amaiera emateko, txapeldunordearengatik borrokatzeko aukera dute oraindik Javiren mutilek pizgarri legez, aipatutako helburua lortzea ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztula izango, erreskan lortutako bigarren urtea genuke tolosarrentzat eta dagoeneko heldutasuna erdietsi duen talde baten keinurik onena bezela kontsideratu liteke datozen urte itxaropentsuei begira.

Momentuz sailkapeneko hirugarren postura jausiagatik, oraindik jokoan diren 9 puntuak eskuratzeak bere saria izan dezake. Larunbatean Lasarten Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Gil, Murgi,, Iturralde Belloso, Balerdi, Ilunbe, Ekhi eta Aratz izan ziren.

Gorka

2011-04-11

Laskorainek 4-3 menderatu zuen Gallartako Meatzari taldea eta 2. darrai sailkapenean

Pasa den astean liderraren etxean amore eman eta gero partida zaila zuen Laskorainek jardunaldi honetan. Sailkapenean 4 puntura eta 4. postuan kokatuta, ligaren azken txanpa honetan aparra bezala gora doan taldea da Meatzari eta 3 puntuei etxean eusteko gogotik egin behar izan zuten lan ikastolakoek.

Usabal kiroldegiko bero itogarriak ez zuen gehiegi laguntzen lanerako buzoa jantzi eta garaipenaren bila ekinean hasteko baina beste behingoz partida ikustera gerturatu ziren zaleen animuei esker dena errazagoa izan zen. Garmendiatarrak orkestra buru zirela giro polita izan genuen partida osoan zehar.

Norgehiagoka, 40 minutuetan iraungo zuen erritmo biziarekin hasi zen, defentsa lerroak kantxa erdian kokatu eta kontraerasora bizi atereaz bi taldeak. Lehenengo kolpea Murgi mirakusak eman zuen aurkarien defentsa area barnean erotu ostean. Baina partidako dinamika bilakatuko zen erantzun batekin aurkariek banakoa ipini zuten kontraeraso bati esker.

Atsedenalditik bueltan etxekoak izan ziren berriro ere markagailuan aurreratuko zirenak, Barriolak eta Jonikok bikain eramandako jokaldi batean baloia sareetara bidali baitzuen azken honek. Defentsa eskasa burututako jokaldi batean ordea, berdinketa iritsi zen berehala.

Patu berdina izango zuen Josu gazteak presio irteera batean egindako gol ederrak, Meatzarik 3nakoa egingo baitzuen 10 metrotako jaurtiketa batekin. Ohitura falta atezain horitxoarengan, aurtengoan Laskorainek jaso duen lehenengo penalti bikoitza izan baitzen.

3 puntuak noraezean zebiltzanean ordea, zoriak ikastolakoei egin zien irribarre. Epaileek adierazi ez zuten mamu gol eztabaidagarri baten jarraian Iturralde dantzariak garaipenaren gola egin baitzuen gerria kiribildu eta buelta erdian baloia sareratu ostean. Partida amaitzeko geratzen zen minutu apurrean aurkariak egindako erasoaldiei txukun eutsi zien Laskorainek markagailua 4 eta 3koan mantenduz.

Aipatu nola ez, arratsaldeko protagonista bilakatu zen Iturralde gaztea. Aratz printzearen baimenarekin Tolosako gazteriaren meka bilakatu den Iruña dantzalekuko errege denak, larunbat gauetako magia eraman zuen Usabalera eta egindako bi golekin zaleak txundituta utzi zituen.

Sailkapeneko aurkari zuzen bat atzean utzita, afari ederra egin zuten Beñat Adria eta Joniko Subijanaren eskutik Javi delegatuak, Javi entrenatzaileak, Endika, Barriola, Belloso, Gil, Joniko – haserako bostekoa – Beñat, Murgi, Illunbe, Josu, Ekhi eta Aratz jokalariek.

Harrobiari dagokionez asteburu polita izan da, Aitorren mutilek 5-2 menderatu zuten Zarautz eta partida harmailetatik ikusi zuen Ikerrenek berriz 1-1 berdindu zuten ligako oilarretako bat den Gure Txokoaren aurka.


Unai

2011-04-03

Laskorainek galdu egin zuen liderraren kantxan eta bigarren postuagatik borrokatu beharko du

Nazional B txapelketako orain arteko bi talde indartsuenak izan genituen parez pare pasa den larunbatean Elgoibarko Olaizaga frontoi egokituan. Concepto lider ahalguztidunak eta Laskorainek bertara hurbilduriko zaletuek poltsikoa harraskatu behar izaterainoko ikusmina piztu zuten, etxeko klubaren detaile polit bat tarteko zaletu horitxoak salbuespen izan zirelarik sarrera ordaintzerakoan. Desapalakamendu garaiotan euro guztiak aurreztu behar dira.

Ikuskizunak ez zuen hutsik egin, neurketa orokorrean erakargarria suertatu baitzen eta nahiz eta tamalez markagailuan emozioak 20 minututan besterik ez iraun bi taldeek baleko jokoa erakutsi baitzuten.

Javiren mutilek lehen zati ederra osatu zuten, liderraren eraso posizionala ederki defendituaz eta presinari oraindik ederkiago erantzunaz. Honen lekuko eta ondorio, markagailuan birritan erdietsi zuten aurreratzea, 0-1 eta 1-2, Barriola eta Otxoaren golei eskerrak, baina talde baten zorionerako eta bestearen zoritxarrerako aldageletara binakoarekin sartu ziren.

Zalantzarik gabe hauxe izan zen larunbateko gako nagusia, min ikaragarria egin baitzion ikastolako taldeari atsedenaldira bitartean abantailari ezin eusteak. Aldagelan, tolosarrek ezin zuten ahaztu banakoa epaile kokolo baten asmakizun salagarriaren ondorio izan zela eta binakoa zorigaiztoan azken hondarrean etorri zela.

Burumakur berkantxaratu ziren beraz horitxoak eta baloia mugimenduan ipini bezain pronto antzeman ziren ondorioak. Conceptokoek ezustean partida bi minututan erabaki zuten 5-2 aurreratuaz eta horitxoei sufrimenduzko minutu asko gelditzen zitzaizkien aurretik.

Itxuroso joan ziren ordea, tolosarrek beraien animoa eta jokoa berreraiki baitzituzten –horrela agintzen du Usabalgo herentzia jenetikoak- eta etxekoen atezain entzutetsuaren erruz antzua izan bazen ere ahalegina, atezain jokalariarekin minutu luzez oso poliki jokatu zuten. Azkenean 7-2koa izan zen emaitza, berriro ere etxekoek azken segunduetan penaltiz sarturiko gola eta gero.

Larunbateko partidaren ondoren txapelketak txapelduna datorren jardunaldian izango duen arren, Laskorainek bigarren postuan darrai eta ohorezko postu honen borrokan izerditu beharko du gelditzen diren bost jardunaldietan.

Iñaki

2011-03-28

Laskorainek 9-5 irabazi zuen Oriokoren kontra jokaturiko derbia

Azken partiduan Billabonan gertatutako irristada mingarriari modu bikainean eman zion erantzuna Laskorainek joan den larunbatean Usabalen Orioko gipuzkoarraren aurka merezitako garaipen erosoa lortuaz. Sailkapeneko azken postuan kokatuta dagoen kostako taldeak, borrokarako grina eta harrotasuna erakutsi zituen minutu luzeetan zehar baina bien artean dagoen aldeak azkenean logikaren bideari lekua utziaz Javiren mutilen albora jausi zuen garaipena.

Emaitzak erakusten duen nagusitasuna ukaezina izan zen kantxa gainean, baina suposa daitekeen neurketa lasaiak ere, izan zituen bere une arriskutsu eta trabatuak, ez alferrik eta etxekoen kalterako Oriotarrek Aratzen atea birritan zulatzea lortu bait zuten epaileek txilibitua jo bezain pronto partida maldan gora ipini zelarik berehala.

0-2-ko baten aurka oldartu beharra izan zuten horitxoek hasiera-hasieratik baina segindan etorriko zen berdinketa Gil eta Barriolaren eskutik. Kolpe honek oriokoen besoak jeitsi arazi zituen eta jarraiean Barriolak beste bitan eta Bellosok egindako golei esker 5-2 aurreratu ziren tolosarrak aldageletarako bidea hartu aurretik.

Bigarren zatia hasi bezain pronto Barriolak bere arratsaldeko laugarren golarekin aldea areagotu zuen, eta ordundik amaierararte kanpotarren gol bakoitzari etxekoen sareratze banarekin erantzun zitzaion 9-5-eko azken isladapenararte gol festa aparta bizi ahal izan zelarik Usabalgo oholaren gainean. Gilek beste bi egingo zituen bere “hat-trick”-a sinatuaz eta Jonikoren azkenak filmea itxi zuen.

Garaipen honekin bigarren postuari eutsiko dio beste astebetez taldeak datorren asteburuan Concepto-Createch ahaltsuaren etxera bisita egin aurretik. Lidergoan tinko darraiten elgoibarko mutilei aurre egitea ez da erreza izango baina horitxoek jadanik urrezko orrialde anitzak dituzte idatziak ikastolako kirolaren liburu sakratuan eta guztiz zihurra da beren larrua arras garesti salduko dutena.

Larunbatean Usabalen, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Aratz, Telleria, Barriola, Gil Joniko, Iosu, Balerdi, Belloso eta Endika izan ziren garaipenaren protagonistak. Beste behingoz Balerdi eta Iosu filialeko jokalarien papera goraipatu beharra dago, lehen taldeak dituen baja ugariak estaltzearren eta deialdiak betetzeaz gain, errendimendu aparta ematen ari bait dira beste taldekideekin batera.

Filialari dagokionez, Aitorren taldeak 8-6 galdu zuen Zurt Tabernaren aurka.
Gorka

2011-03-21

Laskorainek galdu egin zuen Billabonako Egintzaren aurka

San Jose egunez jokatu zuen aurtengo neguko azken partida Laskorainek Billabonako Egintza talde gaztearen aurka. Sailkapenean bi taldeen artean alde handia egon arren, azken postuetako zulotik irteteko etxekoen grina nagusitu zen ikastolakoen intentsitate ahularen aurrean.

Norgehiagoka erabateko moteltasunarekin hasi zen, batere erritmo eta txisparik gabe. Etxekoek Laskorainen ateko sakeak goian presionatu arren, ikastolakoek lehen presio lerroa gainditu orduko oso atzean ipintzen zuten euren defentsa lerroa.

Larunbatean urdinez aritu ziten horitxoek ere ez zuten ahalegin handiegirik egin partidako erritmoa aldatzeko. Indarrez nahiko juxtu dabiltzan Javiren mutilek lehenengo zatian minutuak pasatzen utzi zituzten bigarren zatian aurrera pausu bat egiteko asmoz. Dena den, joko zuhurkeria hau garesti ordaindu zuen Laskorainek eta etxekoen defentsa kementsua gainditu nahian indarrak xahutu ostean Egintzak 2-0eko abantaila lortu zuen atsedenaldiaren aurretik bi kontraeraso maisuki gauzatu ostean. Atsedenaldian maldan gora eta oso iluna zuen partida ikastolako taldeak, gerorako utzitako lanak korrika eta presaka egin beharra tokatzen baitzitzaion. Aurrera pausu bat eman eta defentsa lerroa aurkariaren ateraino eraman zuen taldeak.

Taktika honek estu hartu zituen etxekoak bigarren zatiko lehen minutuetan, Telleriak egindako golarekin aldeak murriztu ostean aukera garbiak izan baitzituen taldeak partida berdintzeko. Aurkarien atezainaren lan onak eta ikastolakoek punteria kamutsak ordea markagailuan aurretik mantendu zuten Egintza beste bi kontraerasotan 4-1eko abantaila garbia lortu arte.

Azken minutuetan atezain-jokalaria erabili zuen Laskorainek baina Gilek sartutako ezkerkada bikain bati eta Balerdiren beste pasa eder beten ondoren Jonikok egindako golari, euren kantxatik egindako beste bi golekin erantzun zien Billabonako taldeak. Azkenean 6-3 nagusi etxekoak.

Larunbatean burumakur egin zuten itzulerako bidaia laburra Javi delegatuak, Javi entrenatzaileak, Aratz, Beñat, Gil, Joniko, Josu - haserako bostekoa – Txiki, Balerdi, Barriola eta Endika jokalariak.

Filialari dagokionez, garaipen gustagarria lortu zuten Aitorren taldeak Makax 7 eta 3 mendean hartu eta gero. Ikerrek 3. taldeak berriz 2nako berdinketarekin konformatu behar izan zuen Power Rangers taldearena urka.


Unai

2011-03-14

Laskorainek 3-2 gailendu zuen Portugaleteko Jarrilleros eta bigarren da sailkapenean

Denboraldiroko neurketarik bihurrena jokatu zuen Laskorainek pasa den larunbatean, "sardinaren ehorzketaren" jardunaldia alegia, ihauteri biharamun astunarena, eta giharre hozminduak kirolerako baino kalejiran jarraitzeko aproposago eduki arren, horitxoek Portugaleteko Jarrilleros 3-2 hartu zuten mendean. Ez dute ez meritu makala.

Norgehiagoka korapilatsua suertatu zen zeharo. Bizkaitarrek birritan erdietsi zuten markagailuan aurre hartzea eta ondorioz horitxoek malda gora lehiatu behar izan zuten denborarik gehienean. Zailtasun fisikoei zailtasun psikolojikoak gehitzen zitzaizkien partidarik okerrenean.

Hasiera hasierako 0-1-koari dela aste gutxi debutatu zuen Josu Iturralde gazteak bikain erantzun zion banakoarekin, bere estreinekoa kategorian eta ondoren atsedenaldi bitartean ez zen ez gol ez joku gehiago izan. "Ta Galtzaundi, ta Galtzaundi" txaranga doinuen oihartzuna ezin kendu Usabalen bildutako garun lainotsu guztietatik.

Aldageletatik bueltan, esan bezela, berriro Nerbioi ezkerraldekoak aurreratuko ziren 1-2, oraingoan bai gauzak oso gatxak ipiniaz batere dizdirik gabeko arratsaldea zeukaten Javiren mutilentzat. Jarrillerosekoek gainera sendo ziarduten defentsan eta kontraeraso arriskutsuak egiten hasiko ziren.

Unerik aldapatsuenean ordea, oraindik super-heroe mozorroa soinean balute bezela, bi laskoraindar agertu ziren neurketa erabakitzeko: Endika atezaina eta Barriola kapitaina. "Zein dira Batman eta Robin edo Victoria´s Secret-eko bi aingeru?" zalantza egin zuen norbaitek harmailetan.

Endikak bizkaitarren kontra guztiak abortatu zituen geldiketa sorta paregabea burutuaz eta taldea partidan mantenduaz, eta Barriolak aldiz, azken minutuetan bi gol egin zituen urrutiko bi jaurtiketa baliatuaz eta markagailuari 3-2 itzulipurdia emanaz. Harrigarria da benetan kapitainaren kaurtiketek itsatsita eraman ohi duten malaletxe irabazlea.

Hiru puntu eder hauekin Laskorainek sailkapenean bigarren darraiela aipatzeaz gain, bukatu aitzinetik larunbatean lehen taldean Beñat Balerdi jokalariak debutatu zuela ere azpimarratu behar da. Balerdi, Iturralderekin batera, epe motxera Laskorainen jokalari garrantzitsua izango denaren itxaropena daukagu. Egia esan denboraldi honetan, ekoizpen bikaina ari da ematen Aitor Garcia eta Iker Santxo filialen arduradunen lan miresgarria.
Eski

2011-03-05

Bilbotik poltsikoa beteta itzuli da Laskorain

Iñauterietako aste honetan Bilbora joan behar izan du Laskoraingo lehenengo taldeak. La Casilla kiroldegi bikain eta ikusgarrian sailkapeneko 2. eta 3. postuetan diren Laskorain eta Bilbok elkarren aurka neurtu dituzte indarrak.

Baja ugariez gain, ostegun gizen eta ostiral meheko ajea eurekin eraman dute gure mutilek. Dena den, euren indar apurrak ederki aprobetxatu eta garaipen bikaina ekarri dute etxera bilbo 2-3 garaitu ondoren.

Partida bikain hasi dute horitxoek, defentsan sendo eta kontraerasoan min handia eginez. Barriolak eta Murgik bi goletako errenta eman diete ikastolakoei bi kontraerasotan. Atsedenaldira iristeko minutu baten faltan ordea Bilbok aldea murriztu du.

Bigarren zatian, nekeak eragin dio Laskoraini eta jokaldi eder batean binakoa ipini du Bilbotarren kapitainak. Minutuek aurrera egin dute eta bilbotarrek zirt edo zart eginez atezain jokalaria atera dutenean gola ikastolakoek egin dute Jonikoren bidez. Azkenean 2-3.

2011-02-28

Laskorainek 5-2 irabazi zuen Zuzenbide taldearen aurka

Zirrara onak bereganaturik eta poltsikoratutako hiru puntu gehiagorekin emango dio hasiera Laskorainek 2011 urteko Ihauterietako festari, izan ere eta emaitzaren isladapenak erakusten duena baino gehiago sufrituagatik, nagusitasunez hartu bait zuen mendean Gernikako Zuzenbide Naturgas taldea joan den larunbatean Usabalgo polikiroldegian.

Aurkaria sailkapeneko postu erosoetan kokaturiko talde arriskutsua genuen, jokalari gazte zein beteranoez osatutako lerroak konbinatzen dituena bere sisteman, modu horretan pozoinez beteriko jokua egiteko gai delarik parean dagoenak bere arreta apur bat jeitsi ezkero. Erreskan jasotako hirugarren porrota larregi litzateke denboraldi bikaina egiten ari diren Javiren mutilentzat eta norgehiagokari behar duen garrantzia emanda azkenean neurketa aurrera atera ahal izan zen.

Hasierako minutuak etxekoenak izan ziren, Barriolak eta Gilek egindako sareratzeek 2-0-ekoa igo zuten markagailura baina maldan behera ipinitako partida berehala orekatu daiteke areto futbolean eta ondorengo minutu exkaxek kanpotarren berpiztea baimendu zuten aldageletara 2-2-ko berdinketarekin erretiratu zirelarik bi taldeak.

Bigarren zatian ordea tolosarren aginteak emeki-emeki ekarri zuen bere nabarmentzea eta Gilek aurreratuko zituen beste behingoz etxekoak Jonikok emandako baloia erosotasunez bultzatuaz. Kanpotarrek azken saiakera kamutsak egin ahala ikastolakoen kontraerasoak biderkatzen joan ziren eta hondarreko minutuetan Telleria eta Gilek 5-2-ko azken emaitza itxi zuten, azken honek arratsaldeko bere "hat-trick" partikularra sinatu zuelarik.

Meritu haundiko denboraldia ari dira betetzen horitxoak, arrazoi ezberdinengatik taldearekin egon ahal ezin duten Elola, Belloso, Illunbe eta Murgiren falta beste behingoz gainditua izan bait da. Filialeko Iosu eta Beñatek betetako deialdiari esker eta gainontzekoek egindako lan bikaina dela eta, beste partidu bat batu ahal izan zaio estatistiken laukitegiari.

Datorren larunbatean Bilbora bidaiatuko du taldeak. Zaldunitari hasiera modu onean emateko intentzioarekin izango dira seguru Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Gil, Telleria, Saldias, Iosu, Beñat, Joniko, Ekhi eta Aratz.

Filialari dagokionez, Aitorren taldeak 5-4 galdu zuen Zaldibian.
Gorka