2011-01-24

Laskorainek puntu bakarra urratu zuen Euskaldunaren aurka

Aspaldiko lagun zaharra dugun Jacinto Diazen Euskalduna taldeari egin zion bisita Laskorainek larunbat ilunabarrean bigarren itzuliari ekiteko. Sailkapenean alde handi samarra egon arren, ederki asmatu ohi du “Jacin”ek nola jokatu ikastolakoen aurka eta partida erabat orekatua suertatu zen.

Ikastolakoek egindako sakearen ondotik ekin zion partidak eta lehen minutuko elkar ezagutza laburraren ostean, laister etorri zen etxekoen lehen sareratzea. Endikaren ate ingurura gogor ateratako alboko sake bat urruntzen saiatzerakoan, ate barrura bidali baitzuen baloia Laskoraingo defentsak.

Gol honek izoztuta utzi zuen talde oritxoa eta hurrengo minutuetan baloiaren jabetza ikastolakoena izan bazen ere, Andoaindarrek arrisku bizia sortu zuten kontraeraso azkarrak osatuz. Zutoinkada pare bat eta Endikaren gelditu apartei esker izan ez balitz, ezer gutxitarako balio izango zuen Andoni Saldias rockero zaharrak lortutako gol ederrak. Beñatek egindako jaurtiketa bat hanka puntarekin ikutu eta banakoa lortu zuen inor konturatzerako.

Partidako lehen golak izoztuta utzi bazituen ere, azken honek lasaitasuna eman zion taldeari eta atsedenaldiaren aurretik 1-3 aurreratu ziren ikastolakoak Iñigok egindako bi golei esker.

Zailena eginda zegoela zirudienean, atsedenaldia egindako akatsak zuzentzeko probestu eta bigarren zatiari ekin zioten Javiren mutilek. Norgehigokak ordea, partida hasierako gidoi berbera hartu zuen. Laskorainek ez zun asmatu Andoaindarren joku zuzena gelditzen eta joku horrek sortutako korner eta alboko sakeek min handia egin zioten taldeari. Albo banatatik ateratako bi korner baliatuz, partida berdintzea lortu baitzuen Euskaldunak.

Elolak, jokaldi polit bati amaiera dotorea emanez egindako gol ederrak ez zuen balio izan defentsako dinamika kaskarra gelditzeko. Laskorainek egindako 4. golaren jarraian etxekoen erantzuna etorri baitzen beste estrategia jokaldi batean.

Andoaindarren azken gola estrategia jokaldi batetik iritsi ez bazen ere, ikastolakoei hainbeste buruhauste eman zizkion korner ingurutik iritsi zen. Pase luze bati aurrenekoan erantzunez eta ia angulorik gabe egindako jaurtiketa bikainak aho zabalik utzi zituen kiroldegira gerturatutako zale guztiak.

Laskorainek ordea ez zuen amore eman eta Barriolak, dagoeneko beterano, egindako jaurtiketa batek sareetarako bidea hartu zuen aurkari batengan jo eta atezaina nahastu ostean. Handik aurrera eta azken segundurarte bi taldeek izan zituzten partida euren alde ipintzeko aukera garbiak baina epaileek azken txistua jo zutenean berdinketarekin konformatu behar izan zuten.

Puntu bakarreraren itzuli ziren beraz, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Beñat, Andoni, Joseba, Unai, Jon, Elola, Iñigo, Ekhi eta Aratz jokalariak.

Harrobiari dagokionez, Aitorren taldeak bolada onari jarraipena eman dio eta 6-4 garaitu zuen Lazkao. Aipagarriak partida honetan Makuk lortutako hat tricka eta Lizaren kutxarilla. Ikerren 3. taldeak ere garaipen ederra lortu zuen Azpeitiarrak 4-1 garaitu ostean.


Unai

2011-01-16

Laskorainek 4-6 irabazi zuen Billabonako derbia eta bigarren darrai sailkapenean

Ez zuen batere hutsik egin pasa den larunbatean Billabonako Olaederran jokaturiko derbiak. Laskorain eta Lakunza aurrez aurre, neurketak bizilagunen arteko neurketek izan ohi dituzten osagaiak izan zituen: intentsitatea defentsan, baloi jabetza laburrak erasoan, markagailu parekatua eta emozioa harmailetan. Azken uneetako ahaleginean nagusitu ziren tolosarrak 4 eta 6.

Ikastolakoek ederki zekiten egutegiak lehen itzulia amaitzeko egokituriko jardunaldia benetan zela zaila, Nazional mailan lehiatzen duten bigarren denboraldian Billabonako garraiolarien kantxatik oso puntu gutxik egingo baitute ihesi. Partiduaren derbi izaerak gainera zailagoa bihurtzen zuen erronka.

Nolahala, futbolaren paradoxak, horitxoak partida erabakitzeko puntuan izan ziren lehen zatian. Etxekoen lehen minutuko txanpari bikain eutsi eta gero, zehaztasun suitzarrez eraikiriko hiru jokaldietan 0-3 aurreratzea lortu zuten Barriola, Zubillaga eta Saldiasen golei eskerrak. Ondoren ordea, laugarrena sareratzeko aukera galanta hutsegin zuten eta atsedenaldiaren aurretik billabonatarrek beraien estrainekoa egin atezain jokalariarekin, etxekoen entrenatzailearen ausardiaren fruitu.

Norgehiagokak bizirik zirauen eta nola gainera; aldageletatik bueltan etxekoek bigarrena egin zuten eta Barriolak 2-4-koarekin erantzun bazuen ere, garraiolariek ez zuten amore eman eta ederki aprobetxatu zuten bi epaileetako batek horitxoengan eragindako arreta hutsunea launako berdinketa ipintzeko. Gol ikusgarria gainera berdinketarena.

Azken minutuetan eta berdinketa luminosoan, unerik zail eta erabakiorrenean alegia, horitxoek beraien bertsio onena eskaini zuten eta hamar metroko jaurtiketa erratu baten eta langakada baten ostean iritsi zen bosgarrena, berriro ere Barriola kapitainak sinatua. Jarraipenean Txikik egingo zuen lasaitasunaren seigarrena azken segunduetan.

Goraipatu nola ez aste honetan 27 urte bete dituen Barriola kapitainaren partidua. Amaroztarren ezaugarri den irabazle senaren jabe Unai hamargarren denboraldia ari da osatzen Laskorainen eta jada klubaren behi sakratuetan sakratuenetarikoa bihurtu da. Adinaren zama.

Gainontzean, gauza asko gehitu balitezke ere larunbateko derbiari, aurreko mendeko 20. hamarkadan Bilbon entrenatzaile izan zen Pentland maisu handiak bere patxada ingelesarekin irakatsi ohi zuena gogoratu behar: “galtzen denean gauza gutxi esan behar da, eta irabazten denean are eta gutxiago”. Hala bedi.

Iñaki

2011-01-10

Laskorainek 9-3 menderatu zuen Santurtzi taldea

Modu bikainean eman dio Laskorainek hasiera 2011 urte berriari gabonetako etenaldi luzearen ostean Santurtzi taldea nagusitasunez mendean hartu bait zuen joan den larunbatean Usabalen. Gogor entrenatu dute laskoraindarrek azken asteetan eta hasiera batean erreza zirudien partidua aurrera ateratzen jakin izan zuten azkenean.

Geldialdiek beti uzten dute zalantzarako tartea, eta tarte hori are eta haundiagoa bilakatzen da oporraldiaren aurreko neurketa porrot mingarri batekin ebatzia izan bada. Kontuak kontu, horitxoek sasoi betean direla erakutsi dute eta Elorrion izandako istripu txikiari erantzun bikaina eman diote bere zalegoaren aurrean gol festa oparo bat eskeiniaz.

Arerioa sailkapeneko 10. postuan kantxaratu zen tolosan eta kalitatezko xehetasun ugari utzi bazituen ere, kontrakoak diren bi aurpegi azaldu zituen ikastolakoen aurrean. Lehen zati errespetagarri eta dotorea osatu zuten bizkaitarrek, Jonikok egindako bi golek erantzun aparta jaso zutelarik kanpotarren aldetik, eta 2-2-ko berdinketarekin aldagelaratu ondoren, balantzak oraindik orekako posizioan ziharduen, ez atzera eta ez aurrera.

Bigarren erdian berriz, Javiren mutilen nagusitasuna erabatekoa bihurtu zen talde bakarra izan zelarik kantxa gainean, Saldias eta Telleriak berehala apurtu zuten markagailua kanpotarrek bandera zuria erakutsi zutelarik segidan. Erreakziorako ahalmenik gabe eta atezain jokalariaren taktikarekin ahalegin inozoak egin ondoren Ekhi, Telleria, Ilunbe, Elola eta Saldiasek sinatutako sareratzeek 9-2-korarte mugitu zuten elektronikoa bukaerako Santurtzitarren azken golaren aurretik.

Garaipen honekin tinko darrai taldeak bigarren postuan kokaturik eta datorren astean Transportes Lakunza Billabonako bizilagunaren aurka neurtuaz emango zaio amaiera lehen itzuliari. Garaipena lortu ezkero, bigarren bueltak emozioz beteriko aurkaketak eskeiniko dizkigu bere egutegian.

Larunbatean Usabalen, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Telleria, Joniko, Belloso, Saldias, Ilunbe, Ekhi, Elola, Gil eta Aratz izan ziren garaipen zabal honen errudunak.

Filialari dagokionez, bigarren taldeak 11-4 galdu zuen eta Santxoren mutilek berriz 3-9 irabazi.

Gorka