2011-04-18

LASKORAINEK 8-4 GALDU ZUEN CLINICA DENTAL ALDAZ TALDEAREN AURKA

Joan den astean Nazional B mailak aurtengo txapeldun berria dagoeneko izendatu izateagatik agian, larunbatean irtendako egun eguzkitsuaren ondorioz apika, edota baliteke Lasarteko polikiroldegiko kantxa geldo eta astunaren erruz gertatu izana, baina kontuak kontu aurtengo denboraldian jasandako porrotik zabalena jaso zuen Laskorainek joan den egunean Clínica Dental Aldaz talde gipuzkoarraren aurka aritutako partiduan.

Lasartekoek sailkapeneko postu erosoetan diraute aurtengoan eta antza denez, lasaitasunak eta aparteko presiorik gabe jokatzeko eskubidea izateak batzuetan aldeko abantaila ematen omen du eta joan den asteburuan behintzat horrela gertatu zen. Hasieratik nabarmendu zen etxekoen joko ausartaren eragina eta tolosarrak zorte oneko jokaldi batean 0-1 aurreratu arren, aurkariak markagailua biratu zuen berehala 2-1-eko itsusi bat ipiniaz elektronikoan. Murgik 2-2-ko berdinketa egitea lortu zuen baina hau izango zen ikastolakoek arratsalde osoan ikusiko zuten azken argi izpi murritza, ez alferrik beste bi jokaldi erabakiorretan 4-2 aurreratuko ziren Aldazekoak aldageletarako bidea hartu aurretik.

Bigarren zatiak ez zuen bestelako berri positiborik ekarri eta horitxoen kalterako markagailua geroz eta eskuraezinagoa bilakatzen joan zen minutuak aurrera joan ahala. Etxekoak 6-2-koraino urrundu ziren eta atezain jokalariaren taktikarekin jokatutako azken 10 minutuek 8-4-ko azken emaitzarekin itxi zuten neurketa. Ahaztu beharreko arratsaldea beraz joan den egunekoa, eta aurrerantzeko jardunaldiei beste freskotasun batekin aurre egitea beharrezkoa izango da horrelako beste atalbururik errepikatu nahi ez bada behintzat.

Orain bi astetako geldialdia izango da Aste Santuaren ondorioz eta jarraiean hiru neurketa baino ez dira geratuko denboraldiari amaiera emateko, txapeldunordearengatik borrokatzeko aukera dute oraindik Javiren mutilek pizgarri legez, aipatutako helburua lortzea ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztula izango, erreskan lortutako bigarren urtea genuke tolosarrentzat eta dagoeneko heldutasuna erdietsi duen talde baten keinurik onena bezela kontsideratu liteke datozen urte itxaropentsuei begira.

Momentuz sailkapeneko hirugarren postura jausiagatik, oraindik jokoan diren 9 puntuak eskuratzeak bere saria izan dezake. Larunbatean Lasarten Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Gil, Murgi,, Iturralde Belloso, Balerdi, Ilunbe, Ekhi eta Aratz izan ziren.

Gorka

2011-04-11

Laskorainek 4-3 menderatu zuen Gallartako Meatzari taldea eta 2. darrai sailkapenean

Pasa den astean liderraren etxean amore eman eta gero partida zaila zuen Laskorainek jardunaldi honetan. Sailkapenean 4 puntura eta 4. postuan kokatuta, ligaren azken txanpa honetan aparra bezala gora doan taldea da Meatzari eta 3 puntuei etxean eusteko gogotik egin behar izan zuten lan ikastolakoek.

Usabal kiroldegiko bero itogarriak ez zuen gehiegi laguntzen lanerako buzoa jantzi eta garaipenaren bila ekinean hasteko baina beste behingoz partida ikustera gerturatu ziren zaleen animuei esker dena errazagoa izan zen. Garmendiatarrak orkestra buru zirela giro polita izan genuen partida osoan zehar.

Norgehiagoka, 40 minutuetan iraungo zuen erritmo biziarekin hasi zen, defentsa lerroak kantxa erdian kokatu eta kontraerasora bizi atereaz bi taldeak. Lehenengo kolpea Murgi mirakusak eman zuen aurkarien defentsa area barnean erotu ostean. Baina partidako dinamika bilakatuko zen erantzun batekin aurkariek banakoa ipini zuten kontraeraso bati esker.

Atsedenalditik bueltan etxekoak izan ziren berriro ere markagailuan aurreratuko zirenak, Barriolak eta Jonikok bikain eramandako jokaldi batean baloia sareetara bidali baitzuen azken honek. Defentsa eskasa burututako jokaldi batean ordea, berdinketa iritsi zen berehala.

Patu berdina izango zuen Josu gazteak presio irteera batean egindako gol ederrak, Meatzarik 3nakoa egingo baitzuen 10 metrotako jaurtiketa batekin. Ohitura falta atezain horitxoarengan, aurtengoan Laskorainek jaso duen lehenengo penalti bikoitza izan baitzen.

3 puntuak noraezean zebiltzanean ordea, zoriak ikastolakoei egin zien irribarre. Epaileek adierazi ez zuten mamu gol eztabaidagarri baten jarraian Iturralde dantzariak garaipenaren gola egin baitzuen gerria kiribildu eta buelta erdian baloia sareratu ostean. Partida amaitzeko geratzen zen minutu apurrean aurkariak egindako erasoaldiei txukun eutsi zien Laskorainek markagailua 4 eta 3koan mantenduz.

Aipatu nola ez, arratsaldeko protagonista bilakatu zen Iturralde gaztea. Aratz printzearen baimenarekin Tolosako gazteriaren meka bilakatu den Iruña dantzalekuko errege denak, larunbat gauetako magia eraman zuen Usabalera eta egindako bi golekin zaleak txundituta utzi zituen.

Sailkapeneko aurkari zuzen bat atzean utzita, afari ederra egin zuten Beñat Adria eta Joniko Subijanaren eskutik Javi delegatuak, Javi entrenatzaileak, Endika, Barriola, Belloso, Gil, Joniko – haserako bostekoa – Beñat, Murgi, Illunbe, Josu, Ekhi eta Aratz jokalariek.

Harrobiari dagokionez asteburu polita izan da, Aitorren mutilek 5-2 menderatu zuten Zarautz eta partida harmailetatik ikusi zuen Ikerrenek berriz 1-1 berdindu zuten ligako oilarretako bat den Gure Txokoaren aurka.


Unai

2011-04-03

Laskorainek galdu egin zuen liderraren kantxan eta bigarren postuagatik borrokatu beharko du

Nazional B txapelketako orain arteko bi talde indartsuenak izan genituen parez pare pasa den larunbatean Elgoibarko Olaizaga frontoi egokituan. Concepto lider ahalguztidunak eta Laskorainek bertara hurbilduriko zaletuek poltsikoa harraskatu behar izaterainoko ikusmina piztu zuten, etxeko klubaren detaile polit bat tarteko zaletu horitxoak salbuespen izan zirelarik sarrera ordaintzerakoan. Desapalakamendu garaiotan euro guztiak aurreztu behar dira.

Ikuskizunak ez zuen hutsik egin, neurketa orokorrean erakargarria suertatu baitzen eta nahiz eta tamalez markagailuan emozioak 20 minututan besterik ez iraun bi taldeek baleko jokoa erakutsi baitzuten.

Javiren mutilek lehen zati ederra osatu zuten, liderraren eraso posizionala ederki defendituaz eta presinari oraindik ederkiago erantzunaz. Honen lekuko eta ondorio, markagailuan birritan erdietsi zuten aurreratzea, 0-1 eta 1-2, Barriola eta Otxoaren golei eskerrak, baina talde baten zorionerako eta bestearen zoritxarrerako aldageletara binakoarekin sartu ziren.

Zalantzarik gabe hauxe izan zen larunbateko gako nagusia, min ikaragarria egin baitzion ikastolako taldeari atsedenaldira bitartean abantailari ezin eusteak. Aldagelan, tolosarrek ezin zuten ahaztu banakoa epaile kokolo baten asmakizun salagarriaren ondorio izan zela eta binakoa zorigaiztoan azken hondarrean etorri zela.

Burumakur berkantxaratu ziren beraz horitxoak eta baloia mugimenduan ipini bezain pronto antzeman ziren ondorioak. Conceptokoek ezustean partida bi minututan erabaki zuten 5-2 aurreratuaz eta horitxoei sufrimenduzko minutu asko gelditzen zitzaizkien aurretik.

Itxuroso joan ziren ordea, tolosarrek beraien animoa eta jokoa berreraiki baitzituzten –horrela agintzen du Usabalgo herentzia jenetikoak- eta etxekoen atezain entzutetsuaren erruz antzua izan bazen ere ahalegina, atezain jokalariarekin minutu luzez oso poliki jokatu zuten. Azkenean 7-2koa izan zen emaitza, berriro ere etxekoek azken segunduetan penaltiz sarturiko gola eta gero.

Larunbateko partidaren ondoren txapelketak txapelduna datorren jardunaldian izango duen arren, Laskorainek bigarren postuan darrai eta ohorezko postu honen borrokan izerditu beharko du gelditzen diren bost jardunaldietan.

Iñaki