Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek galdu egin zuen liderraren kantxan eta bigarren postuagatik borrokatu beharko du

Nazional B txapelketako orain arteko bi talde indartsuenak izan genituen parez pare pasa den larunbatean Elgoibarko Olaizaga frontoi egokituan. Concepto lider ahalguztidunak eta Laskorainek bertara hurbilduriko zaletuek poltsikoa harraskatu behar izaterainoko ikusmina piztu zuten, etxeko klubaren detaile polit bat tarteko zaletu horitxoak salbuespen izan zirelarik sarrera ordaintzerakoan. Desapalakamendu garaiotan euro guztiak aurreztu behar dira.

Ikuskizunak ez zuen hutsik egin, neurketa orokorrean erakargarria suertatu baitzen eta nahiz eta tamalez markagailuan emozioak 20 minututan besterik ez iraun bi taldeek baleko jokoa erakutsi baitzuten.

Javiren mutilek lehen zati ederra osatu zuten, liderraren eraso posizionala ederki defendituaz eta presinari oraindik ederkiago erantzunaz. Honen lekuko eta ondorio, markagailuan birritan erdietsi zuten aurreratzea, 0-1 eta 1-2, Barriola eta Otxoaren golei eskerrak, baina talde baten zorionerako eta bestearen zoritxarrerako aldageletara binakoarekin sartu ziren.

Zalantzarik gabe hauxe izan zen larunbateko gako nagusia, min ikaragarria egin baitzion ikastolako taldeari atsedenaldira bitartean abantailari ezin eusteak. Aldagelan, tolosarrek ezin zuten ahaztu banakoa epaile kokolo baten asmakizun salagarriaren ondorio izan zela eta binakoa zorigaiztoan azken hondarrean etorri zela.

Burumakur berkantxaratu ziren beraz horitxoak eta baloia mugimenduan ipini bezain pronto antzeman ziren ondorioak. Conceptokoek ezustean partida bi minututan erabaki zuten 5-2 aurreratuaz eta horitxoei sufrimenduzko minutu asko gelditzen zitzaizkien aurretik.

Itxuroso joan ziren ordea, tolosarrek beraien animoa eta jokoa berreraiki baitzituzten –horrela agintzen du Usabalgo herentzia jenetikoak- eta etxekoen atezain entzutetsuaren erruz antzua izan bazen ere ahalegina, atezain jokalariarekin minutu luzez oso poliki jokatu zuten. Azkenean 7-2koa izan zen emaitza, berriro ere etxekoek azken segunduetan penaltiz sarturiko gola eta gero.

Larunbateko partidaren ondoren txapelketak txapelduna datorren jardunaldian izango duen arren, Laskorainek bigarren postuan darrai eta ohorezko postu honen borrokan izerditu beharko du gelditzen diren bost jardunaldietan.

Iñaki

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]