2011-05-23

LASKORAINEK-8-5 MENDERATU ZUEN TRANSPORTES LAKUNZA TALDEA ETA IGOERAKO “PLAY-OFF”-A JOKATUKO DU

Ligako azken partidua izaki, derbi zirraragarri bat tartean eta lortutako bigarren postuarengatik taldea behar bezela zoriontzeko asmotan sekulako jendetza bildu zen joan den larunbatean Usabalgo kiroldegian arratsaldeko 18:00-tan azken orduko berrien arabera Laskorainek bere zalegoaren aurrean jokatuko duen azken aurreko partidan. Azken aurrena diogu izan ere dagoeneko matematikoki bereganatuta zuen bigarren postuak igoera faserako kanporaketa jokatzeko eskubidea emango bait dio Laskoraini datorren astetik aurrera.

Tolosarrentzat ezer jokoan ez egoteak bere eragina izan zuen partiduaren hasieran batipat, eta estraineko minutu kaxkar eta astun batzuren ostean 0-2 aurreratu zen oraindik jeitsieraren mamuak guztiz uxatu gabe zituen Villabonako taldea. Emeki-emeki Javiren mutilak norgehiagoari tamaina hartzen joan ziren Barriola kapitainak egindako bi golen bitartez. Horrela beraz, elektronikoak 2-2-ko berdinketa isladatzen zuelarik eta oraindik ezer erabaki gabe aldagelaratu ziren bi taldeak.

Bigarren zatian Javi entrenatzailearen erretolikak horitxoen gogoa berpiztu zuen ondorengo minutu eraginkorretan 5-2-koraino urrundu zirelarik etxekoak. Barriola, Joniko eta Iturralde izan genituen golegile oraingoan. Lakunzakoek asko zuten jokoan eta ikastolakoen minuturik koipetsuenetan 5-5-ekoraino urreratu ziren beste behingoz, tartean jokaldi eztabaidatuak izan ziren bi taldeen arrangurarako eta tentsio altuko azken uneetan bitako edozeinek irabazi zezakeenaren itxura antzematen hasia zen.

Laskoraindarrak irten abantailatsu azken minutuetako kolpe trukaketan eta Murgik, Jonikok jokaldi arraro batean eta Bellosok azken segunduetan egindako sareratzeek 8-5-eko emaitzarekin eman zioten bukaera oztopo ugariz beteriko norgehiagoka zail bati.

Nazional B mailak bere ohiala jeitsi duen arren, Nafarroako ligako txapelduna izan den Ansoaingo Gazte Berriak taldearen aurka igoerako “play-off” a jokatzeko aukera izango du Laskorainek bi parditutara erabakiko den kanporaketa batean. Joaneko norgehiagoka larunbat honetan izango dute horitxoek Ansoainen eta taldekideak eramango dituen autobusa zaletuez betetzea berri pozgarria litzateke denontzat.

Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Telleria, Belloso, Joniko, Ekhi, Iturralde, Gil, Murgi, Ilunbe eta Aratz-ek izan ziren Usabalen garaipena lortu zutenak.

Gorka

2011-05-16

Laskorainek garaipen berri bat lortu zuen Santurtzin eta 2. postuan amaituko du liga

Denboraldiko azken irteera egin asmoz, igande goizean habiatu ziren ikastolako mutilak Bizkaia aldera. Hasiera batean tramite hutsa izan behar zuen norgehiagokak ordea, berebiziko garrantzia lortu zuen azken orduan. Denboraldia sailkapeneko 2. postuan amaitzeak igoera-promozioa jokatzeko aukera eman lezakeenaren albistea jaso baitzen elkarteko bulego mugikorrean ostiralen iluntzean.

Mugarri berri hori begiz jota, gogotsu joan ziren Santurtzira Javiren mutilak. San Jorge igo berria zuten aurkari oraingoan, sailkapeneko erdian kokatuta egon arren Nazional A mailatik jaitsitako taldeen arrastatzeen beldur posturen bat igotzeak inolako kalterik egingo ez lioketen taldea. Denboraldiko garai hauetan patxadaz beteriko norgehiagoka izan zitekeena, tentsio eta seriotasun handiz jokatu beharrekoa bilakatu zen beraz.

Markagailuan atzetik jartzeko arriskurik jokatu nahi ez eta dezenteko errespetuarekin ekin zioten bi taldeek norgehiagokari. Zelai erditik atzerago kokaturiko defentsa lerroek, aurkariaren hutsegiteren bat baliatuz kontraerasoak egiteko helburua zuten bi taldeetan. Eta baita lortu ere, ate aurrean zehaztasunik izan ez arren, kontraeraso arriskutsuak gauzatu baitziren bi aldeetan lehenengo zati guztian zehar.

Atsedenaldirako minutu gutxi falta zirenean etxekoak aurreratu ziren kontraeraso bat jaurtiketa eder batekin amaitu ostean. Ikastolakoak ordea, bikain erreakzionatu zuten eta hurrengo bi minutuetan markagailuari buelta eman zioten bi kontraerasotan baloia sareratu ostean. Partidako protagonista izan genuen Ekhi printzea izan zen goleatzaile birritan, 1-2.

Atsedenaldiaren ostean, partida erabakita uzteko aukera politak izan zituzten Javiren mutilek baina kamuts ibili ziren ate aurrean. Etxekoek euren ahalegina egin zuten zaleen animuei erantzunez baina Laskorainek ez zuen gehiegizko estutasunik pairatu. Epaileak azken txistua jotzeko bost minutu falta zirenean horitxoek abantaila areagotu zuten, Ekhik emandako pase zehatz bat ate barrura bultzatuz Barriolak egindako gol bati esker, 1-3.

Hil ala bizi, etxekoek atezain jokalaria kantxaratu zuten eta minutu baten faltan aldeak murriztea lortu bazuten ere, 3 puntuek Tolosarako bidea hartu zuten. Poltsikoratutako puntu hauei jardunaldiko beste emaitzak gehituz gero, Laskorainek matematikoki loturik dauka sailkapeneko 2. postua.

Txapelketa bikain bati, datorren astean amaiera polita emateko asmoz bueltatu ziren Santurtzitik, Javi entrenatzailea, Javi delegatua, Aratz, Beñat, Txiki, Ekhi, Gil – haserako bostekoa – Barriola, Josu, Illunbe eta Endika jokalariak.

Harrobiari dagokionez ere, emaitza onak izan ditugu txapelketari agur esan dioten azken jardunaldi honetan. Bere urtebetetzea garaipenarekin ospatu zuen Aitorren taldeak 3-5 menderatu zuen Donibane Pari Berri taldea eta Ikerrek mutilek ere puntu bat urratu zuten Plaza Berriren aurka, 3-3. Nesken taldea ere ederto ari da Kopako txapelketan eta aste honetan garaipen berri bat lortu du Cafe Manaosen aurka, 4-2.

Unai

2011-05-09

Laskorainek 4 eta 0 irabazi zion Elorriokori eta gutxienez hirugarren amaituko du txapelketa

Horitxoek gogoan zuten oraindik lehen itzulian jazotakoa. Hamar jardunalditan berdinketa bat eta bederatzi garaipen –azken seirak erreskan- poltsikoratuta bidaiatu baitzuten Elorriora eta hantxe finitu baitzen ezustean arratxa paregabe hura 8 eta 7-ko porrot mingarriarekin. Kirol mendeku egarriz kantxaratu ziren beraz ikastolako mutilak larunbatean Usabalera eta neurketa serio bat osatuaz 4 eta 0 hartu zituzten menpean bizkaitarrak.

Hiru puntu berri eta mendekuaz gain beste bi lorpen ere erdietsi zuten Javik zuzendatutakoek. Batetik, txapelketa amaitzeko bi jardunaldi besterik falta ez direnean, podiumeko postu bat ziurtatu zuten, bigarrena ala hirugarrena izanen den dagoelarik oraindik argitzear.

Bestetik, garaipen berri honekin, taldeak aurten eman duen maila ikusgarriaren froga den beste marka bat ere bereganatu zuten horitxoek: ligako arerio guztiei partida bat behintzat irabaztea, txapeldunarengandik hasi eta faroltxo gorriraino. Puntu gehigarririk ematen ez duen ikur bat dela esango du norbaitek arrazoiz, baina balio sinboliko itzela duenik ezin uka.

Goraxeago aurreratu moduan, larunbatean horitxoek neurketa serio bat jokatu zuten. Maiatzeko larunbat arratsaldeak ez dira lanerako aproposenak izan ohi baina txapelketaren azken hondarrean gaudela gogoratuta, laskoraindarrak azken ahaleginerako prest daudela argi gelditu zen.

Joko dizdiratsurik gabe, baina zehaztasun matematikoz, etxekoek partida laurden bakoitzean gol bana sartu zuten, hamar minuturo bat, garaipena erosoa bihurtu zutelarik. Golak gainera konbinaketa politen ondorioz etorri ziren, azken bultzakada lau golegile ezberdinek eman zietelarik: Barack Telleriak lehena, Txikik bigarrena atsedenaldiaren aurretik, Iturralde rebelazioak hirugarrena eta Barriola kapitainak azkena.

Golegileez gain, elaborazioan bikain aritu zen Murgi Laudrup ezin ahaztu, golean amaituriko konbinaketa gehienen iturburu, eta Aratz eta Endika atezainak ere ez. Azken hauek zati bana jokatu zuten, atea hutsean utziaz, areto futbolean oso zaila izan ohi dena.

Denboraldia Lakunzaren aurka Usabalen errematatu aurretik Santurtzira bidaiatu beharko du datorren asteburuan Laskorainek. Ea larunbatean bezain pozik bukatzen duten Javi delegatuak, Javi entrenatzaileak eta Aratz, Telleria, Gil, Txiki, Zubillaga –haserako bostekoa-, Barriola, Murgi, Illunbe, Iturralde eta Endika jokalariek.

Iñaki