2011-05-16

Laskorainek garaipen berri bat lortu zuen Santurtzin eta 2. postuan amaituko du liga

Denboraldiko azken irteera egin asmoz, igande goizean habiatu ziren ikastolako mutilak Bizkaia aldera. Hasiera batean tramite hutsa izan behar zuen norgehiagokak ordea, berebiziko garrantzia lortu zuen azken orduan. Denboraldia sailkapeneko 2. postuan amaitzeak igoera-promozioa jokatzeko aukera eman lezakeenaren albistea jaso baitzen elkarteko bulego mugikorrean ostiralen iluntzean.

Mugarri berri hori begiz jota, gogotsu joan ziren Santurtzira Javiren mutilak. San Jorge igo berria zuten aurkari oraingoan, sailkapeneko erdian kokatuta egon arren Nazional A mailatik jaitsitako taldeen arrastatzeen beldur posturen bat igotzeak inolako kalterik egingo ez lioketen taldea. Denboraldiko garai hauetan patxadaz beteriko norgehiagoka izan zitekeena, tentsio eta seriotasun handiz jokatu beharrekoa bilakatu zen beraz.

Markagailuan atzetik jartzeko arriskurik jokatu nahi ez eta dezenteko errespetuarekin ekin zioten bi taldeek norgehiagokari. Zelai erditik atzerago kokaturiko defentsa lerroek, aurkariaren hutsegiteren bat baliatuz kontraerasoak egiteko helburua zuten bi taldeetan. Eta baita lortu ere, ate aurrean zehaztasunik izan ez arren, kontraeraso arriskutsuak gauzatu baitziren bi aldeetan lehenengo zati guztian zehar.

Atsedenaldirako minutu gutxi falta zirenean etxekoak aurreratu ziren kontraeraso bat jaurtiketa eder batekin amaitu ostean. Ikastolakoak ordea, bikain erreakzionatu zuten eta hurrengo bi minutuetan markagailuari buelta eman zioten bi kontraerasotan baloia sareratu ostean. Partidako protagonista izan genuen Ekhi printzea izan zen goleatzaile birritan, 1-2.

Atsedenaldiaren ostean, partida erabakita uzteko aukera politak izan zituzten Javiren mutilek baina kamuts ibili ziren ate aurrean. Etxekoek euren ahalegina egin zuten zaleen animuei erantzunez baina Laskorainek ez zuen gehiegizko estutasunik pairatu. Epaileak azken txistua jotzeko bost minutu falta zirenean horitxoek abantaila areagotu zuten, Ekhik emandako pase zehatz bat ate barrura bultzatuz Barriolak egindako gol bati esker, 1-3.

Hil ala bizi, etxekoek atezain jokalaria kantxaratu zuten eta minutu baten faltan aldeak murriztea lortu bazuten ere, 3 puntuek Tolosarako bidea hartu zuten. Poltsikoratutako puntu hauei jardunaldiko beste emaitzak gehituz gero, Laskorainek matematikoki loturik dauka sailkapeneko 2. postua.

Txapelketa bikain bati, datorren astean amaiera polita emateko asmoz bueltatu ziren Santurtzitik, Javi entrenatzailea, Javi delegatua, Aratz, Beñat, Txiki, Ekhi, Gil – haserako bostekoa – Barriola, Josu, Illunbe eta Endika jokalariak.

Harrobiari dagokionez ere, emaitza onak izan ditugu txapelketari agur esan dioten azken jardunaldi honetan. Bere urtebetetzea garaipenarekin ospatu zuen Aitorren taldeak 3-5 menderatu zuen Donibane Pari Berri taldea eta Ikerrek mutilek ere puntu bat urratu zuten Plaza Berriren aurka, 3-3. Nesken taldea ere ederto ari da Kopako txapelketan eta aste honetan garaipen berri bat lortu du Cafe Manaosen aurka, 4-2.

Unai

No hay comentarios: