2011-06-08

Laskoraingo nesken taldea Txapeldun izendatu da pasa den asteburuan Gasteizen jokatu Kopan

2010-2011 denboraldia amaitu da dagoeneko Tolosar neskentzat, eta nola amaitu gainera. Urte guztian zehar Arabako Ligan jokatu behar izan dute Gipuzkoan sortu ez zelako eta txapelketa bosgarren amaitu ondoren, Kopari eman zioten hasiera.

Finalaurrekoetara iritsi aurretik sei partidu jokatu eta beste hainbeste irabazi zituzten. Hala, Ekaineko lehen asteburuan Gasteizen jokatu beharreko "lauko finalera" sailkatu zirelarik.

Abetxuko auzoan, izen berberako kiroldegian, Taberna Betilo izan zuten aurkari finalaurrekoan. Hasiera kaskarra egin zuten arren, pixkanaka sasoi guztian egindako futbolari hasiera eman zioten. Jokoan leia bizia zegoela ikusi zen. Partida guztian aurretik joanagatik, norgehiagoka hiruna amaitu eta penaltien txanda iritsi zen.

Laskorainek ekin zion jaurtiketa saioari eta amaieran 5-4 gailendu eta finalerako txartela lortu zuen.

Ospakizunetarako betarik gabe, konzentrazioa galdu ezinik, biharamunean jokatzera itzuli ziren Gasteizera, oraingoan Mendizorrotzako kiroldegi zaharkitu bezain txundigarrira.

Igandean, goizeko 10:00etan abiatu ziren hiriburura, bertan Ligako Txapelduna Jesus Obrero talde gasteiztarra zai zutela. Lehen gola tolosarren eskutik iritsi bazen ere, partida bizkorra eta indartsua izan zen, bi taldeen irabazteko nahia nabarmendu zelarik.

Aurreko egunean bezela, partiduan zehar aurretik joan arren, amaieran babazorroek berdindu eta penaltietara jo zuten beste behingoz. Eta oraingoan ere, denboraldian jokalari zein prestatzaile eta delegatuak egindako lanari esker, 4-2 nagusitzea lortu eta Kopa Tolosara ekarri zuten.



Saria eskuetan zutela pozik itzuli ziren neska gazte hauek. Zorionak!

2011-06-05

Laskorainek 4 eta 6 galdu zuen Gazte Berriakekin eta ezin izan du mailaz igo

Bigarren denboraldiz jarraian areto futbol festa itzela bizitu genuen joan den larunbatean Usabalen. Nazional B-tik Nazional A-rako igoera play-offeko itzulerako neurketan, Laskorain eta Gazte Berriak talde nafarra izan genituen aurrez aurre, eta bigarren denboraldiz jarraian horitxoak hainbeste irrikatzen duten igoeraren atarian gelditu ziren.

Ansoaindik hirunako berdinketa ekarriagatik, argi zeukaten ikastolakoek oso norgehiagoka korapilatsua zutela aurretik, baina itxaropentsu ziren denboraldian zehar Usabalen eskuraturiko emaitzak (13 garaipen eta berdinketa eta porrot bana) eta erori diren taldeen maila (Concepto, Soloarte, Gernika…) gogoratuta. Laskoraindar guztion etsipenerako ordea, Gazte Berriakoek itxaropen hauek goitik behera zapuztu zituzten eta 4-6 gailendu ziren, 7-9 emaitza agregatuari esker igoera erreinu zaharraren bihotzeruntz eramanaz merezimendu osoz.

Iaz jazo ez bezela, hori bai, aurtengoan arratsalde eguzkitsua tokatu arren Usabalera bildutako zalego kopurutsuak kirol honek berezkoak dituen hainbat ezaugarri dastatzeko parada izan zuen gutxienez: eraso jokoa, gol asko, ikusgarririk bai tartean, alternatibak markagailuan...

Izan ere partida bikain hasi zen etxekoentzat, Barriola kapitainak egin baitzuen arratsaldeko estrainekoa lehendabiziko minutuan. Bisitariek baina amore emateko inolako asmorik ez zutela erakutsi zuten eta aurreraxeago kornerreko estratejian banakoa sartu zuten. Gil turbodieselaren bigarrenari are eta hobekiago erantzun zieten ondoren, binakoari 2-3koa erantsi baitzioten atsedenaren aitzinetik.

Beharbada play-offaren gakoa honetantxe egon zen: laskoraindarrek ezin izan ziotela markagailuko abantailari eutsi defentsa irmoago baten bitartez. Bi neurketetan gauza berbera gertatzeak ezin du izan kasualidade eta azken bi denboraldiotan hain goraipatua izan den Laskorainen defentsa zonala nafarren erasorako ez dela oztopo izan kiroltasunez onartu behar da.

Aldageletatik itzuli eta berehala, laugarrena erori zen belarriondoko baten moduan eta bigarren zatiko minutuak nahi eta ezinezko minutuak bihurtuko ziren Javiren mutilentzat, jada berdinketak ere ez baitzuen balio.

Oztopoak oztopo ahalegin eskuzabal eta txalogarria burutu zuten. Azken segunduraino borrokatu zuten ametsaren bila eta Gilek bere bigarrena sinatu zuen eta Ekhi Zubillagak taldearen laugarrena, baina markagailuan beti iraun zuen gutxienez bi goleko desabantailak.

Oso goibel eta burumakur amaitu zuten ikastolakoek eta ez da gutxigorako, baina kronikalari honek iaz idatzitako bera idatzi nahi die bukatzeko: burua tentetu behar dela azkar, eskarmentu guztietatik ikasi eta ez ahaztu Laskorain 18 denboralditan sekula egon dena baina urrutirago eraman dutela.

Iñaki

2011-06-02

Aste hontako kartelera

Gogoratu aste honetan inoiz izan den asteburu garrantzitsuenetakoa jokatuko duela Laskorain Kirol Elkarteak. Mutilen taldeak igoera eskuratuko luke etxeko partidua irabazita eta nesken taldeak kopako finalerako txartela esku eskura du.

Nazional 1.go A mailarako Play off-a
Laskorain - Gazte Berriak
Usabal, larunbata 4, 18:00

Neskak Kopa (final aurrekoak)
Laskorain - Las Guaranas
Abetxuko, larunbata 4, 16:00

Zorte on eta gora Laskorain!

LASKORAINEK 3-3 BERDINDU ZUEN ANSOAINEN “PLAY-OFF”-AREN JOANEKO PARTIDUAN

Modu guztietako gora-beherak izan zituen norgehiagoka batean eta irakurketa positibo zein negatiboak egin dakizkiokeen emaitza bat eskuratu ostean, atal subjetiboa alde batera utzirik jakina den gauza bakarra zera da, bueltako partiduan erabakiko dela Gazte Berriak eta Laskorainen artean datorren urtean Nazional A mailan jokatzeko postu bat irabaziko duenaren izena.

Ansoaingo Gazte berriak taldeak, Nafarroako ligako txapelduna zergatik izan den erakusteko aukera izan zuen bere etxean eta minutu luzeetan zehar maldan gora ipinitako emaitza baten aurka aritu behar izanagatik, neurketako azken minutuetan bete-betean sartu zen kanporaketan bere aukera guztiak osorik utzi dituelarik datorren astebukaeran erabakitzear dagoen demarako.

Neurketa primeran hasi zen tolosarrentzat, hasierako minutuetan erakutsitako nagusitasunak 0-1-eko merezitako saria izan bait zuen Gilek marra gainean bultzatako baloi bati esker. Laskorainen taktika erabat gardena zen, defentsa sendoan oinarritu eta kontraerasoan ziztadak ematea alegia. Nafarrek dena den, kalitate haundiko jokalari anitzen abantaila du bere lerroetan eta behin eta berriz ekin zioten Endikaren atea gogaitzearen ahaleginari.

Bigarren zatiaren gidoiak berdin jarraitu zuen eta Javiren mutilak izan ziren berriro egoerari etekina atera ziotenak, bi kontraerasoetan Joniko eta Gilek beste behin 0-3-ko ia erabakigarria ipini zuten elektronikoan. Ordurartean Endika atezainak era guztietako geldituak egiten ari zen eta elektronikoaren emaitza, ederra izanagatik apur bat tranpatia agertzen zela onartzea bidezkoa da, etxekoek sortutako gol aukera argiak ukaezinak bait dira.

Gauzak horrela, nafarrek arriskua egiteko intentzio betean temati jarduteaz gain, bi golekin berpiztu zuten bere gorpu zendua eta neurketa amaitzeko segundu gutxi geratzen zirenean jokaldi trabatu batetik txirrinaren mugan berdinketako sareratze garrantzitsua egin zuten zoramenaren erdian.

3-3-ko berdinketak kanporaketa airean uzten du eta horitxoen amaierako aurpegi goibelak ulergarriak diren arren, etxean eta zaletu guztien aurrean jokatuko den bueltako neurketari itxaropenez beterik ekingo diote tolosarrek bere historiako partidurik garrantzitsuenaren testigu izango den zitan.

Domeka goizean Ansoainen, harmailak kolore horiz bete zituzten tolosako zaletu ugarietaz gain, Javi delagatua, Javi entrenatzailea, Endika, Murgi, Gil, Telleria, Belloso, Ilunbe, Joniko, Ekhi, Balerdi eta Aratz izan ziren.

Gorka