Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

LASKORAINEK 3-3 BERDINDU ZUEN ANSOAINEN “PLAY-OFF”-AREN JOANEKO PARTIDUAN

Modu guztietako gora-beherak izan zituen norgehiagoka batean eta irakurketa positibo zein negatiboak egin dakizkiokeen emaitza bat eskuratu ostean, atal subjetiboa alde batera utzirik jakina den gauza bakarra zera da, bueltako partiduan erabakiko dela Gazte Berriak eta Laskorainen artean datorren urtean Nazional A mailan jokatzeko postu bat irabaziko duenaren izena.

Ansoaingo Gazte berriak taldeak, Nafarroako ligako txapelduna zergatik izan den erakusteko aukera izan zuen bere etxean eta minutu luzeetan zehar maldan gora ipinitako emaitza baten aurka aritu behar izanagatik, neurketako azken minutuetan bete-betean sartu zen kanporaketan bere aukera guztiak osorik utzi dituelarik datorren astebukaeran erabakitzear dagoen demarako.

Neurketa primeran hasi zen tolosarrentzat, hasierako minutuetan erakutsitako nagusitasunak 0-1-eko merezitako saria izan bait zuen Gilek marra gainean bultzatako baloi bati esker. Laskorainen taktika erabat gardena zen, defentsa sendoan oinarritu eta kontraerasoan ziztadak ematea alegia. Nafarrek dena den, kalitate haundiko jokalari anitzen abantaila du bere lerroetan eta behin eta berriz ekin zioten Endikaren atea gogaitzearen ahaleginari.

Bigarren zatiaren gidoiak berdin jarraitu zuen eta Javiren mutilak izan ziren berriro egoerari etekina atera ziotenak, bi kontraerasoetan Joniko eta Gilek beste behin 0-3-ko ia erabakigarria ipini zuten elektronikoan. Ordurartean Endika atezainak era guztietako geldituak egiten ari zen eta elektronikoaren emaitza, ederra izanagatik apur bat tranpatia agertzen zela onartzea bidezkoa da, etxekoek sortutako gol aukera argiak ukaezinak bait dira.

Gauzak horrela, nafarrek arriskua egiteko intentzio betean temati jarduteaz gain, bi golekin berpiztu zuten bere gorpu zendua eta neurketa amaitzeko segundu gutxi geratzen zirenean jokaldi trabatu batetik txirrinaren mugan berdinketako sareratze garrantzitsua egin zuten zoramenaren erdian.

3-3-ko berdinketak kanporaketa airean uzten du eta horitxoen amaierako aurpegi goibelak ulergarriak diren arren, etxean eta zaletu guztien aurrean jokatuko den bueltako neurketari itxaropenez beterik ekingo diote tolosarrek bere historiako partidurik garrantzitsuenaren testigu izango den zitan.

Domeka goizean Ansoainen, harmailak kolore horiz bete zituzten tolosako zaletu ugarietaz gain, Javi delagatua, Javi entrenatzailea, Endika, Murgi, Gil, Telleria, Belloso, Ilunbe, Joniko, Ekhi, Balerdi eta Aratz izan ziren.

Gorka

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]