Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4 eta 6 galdu zuen Gazte Berriakekin eta ezin izan du mailaz igo

Bigarren denboraldiz jarraian areto futbol festa itzela bizitu genuen joan den larunbatean Usabalen. Nazional B-tik Nazional A-rako igoera play-offeko itzulerako neurketan, Laskorain eta Gazte Berriak talde nafarra izan genituen aurrez aurre, eta bigarren denboraldiz jarraian horitxoak hainbeste irrikatzen duten igoeraren atarian gelditu ziren.

Ansoaindik hirunako berdinketa ekarriagatik, argi zeukaten ikastolakoek oso norgehiagoka korapilatsua zutela aurretik, baina itxaropentsu ziren denboraldian zehar Usabalen eskuraturiko emaitzak (13 garaipen eta berdinketa eta porrot bana) eta erori diren taldeen maila (Concepto, Soloarte, Gernika…) gogoratuta. Laskoraindar guztion etsipenerako ordea, Gazte Berriakoek itxaropen hauek goitik behera zapuztu zituzten eta 4-6 gailendu ziren, 7-9 emaitza agregatuari esker igoera erreinu zaharraren bihotzeruntz eramanaz merezimendu osoz.

Iaz jazo ez bezela, hori bai, aurtengoan arratsalde eguzkitsua tokatu arren Usabalera bildutako zalego kopurutsuak kirol honek berezkoak dituen hainbat ezaugarri dastatzeko parada izan zuen gutxienez: eraso jokoa, gol asko, ikusgarririk bai tartean, alternatibak markagailuan...

Izan ere partida bikain hasi zen etxekoentzat, Barriola kapitainak egin baitzuen arratsaldeko estrainekoa lehendabiziko minutuan. Bisitariek baina amore emateko inolako asmorik ez zutela erakutsi zuten eta aurreraxeago kornerreko estratejian banakoa sartu zuten. Gil turbodieselaren bigarrenari are eta hobekiago erantzun zieten ondoren, binakoari 2-3koa erantsi baitzioten atsedenaren aitzinetik.

Beharbada play-offaren gakoa honetantxe egon zen: laskoraindarrek ezin izan ziotela markagailuko abantailari eutsi defentsa irmoago baten bitartez. Bi neurketetan gauza berbera gertatzeak ezin du izan kasualidade eta azken bi denboraldiotan hain goraipatua izan den Laskorainen defentsa zonala nafarren erasorako ez dela oztopo izan kiroltasunez onartu behar da.

Aldageletatik itzuli eta berehala, laugarrena erori zen belarriondoko baten moduan eta bigarren zatiko minutuak nahi eta ezinezko minutuak bihurtuko ziren Javiren mutilentzat, jada berdinketak ere ez baitzuen balio.

Oztopoak oztopo ahalegin eskuzabal eta txalogarria burutu zuten. Azken segunduraino borrokatu zuten ametsaren bila eta Gilek bere bigarrena sinatu zuen eta Ekhi Zubillagak taldearen laugarrena, baina markagailuan beti iraun zuen gutxienez bi goleko desabantailak.

Oso goibel eta burumakur amaitu zuten ikastolakoek eta ez da gutxigorako, baina kronikalari honek iaz idatzitako bera idatzi nahi die bukatzeko: burua tentetu behar dela azkar, eskarmentu guztietatik ikasi eta ez ahaztu Laskorain 18 denboralditan sekula egon dena baina urrutirago eraman dutela.

Iñaki

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]