2011-11-27

Laskorainek 2-2 berdindu zuen Concepto Egile talde indartsuaren aurka


Gaur egun Gipuzkoako areto futbolean ikus daitekeen mailarik altueneko norgehiagokaz gozatu ahal izan zuten larunbat arratsaldean Usabalera gerturatu ziren ehunka zaletuek. Aurrez aurre, diru txanponen epelean sortutako Concepto Egile indartsua eta elkarlanean arituz, ilusioz gainezka dabilen Laskorain.

Bata bestearen aurka 2.B mailan lehen aldiz aritu arren elkar ondo ezagutzen duten bi talde izan genituen 40 minutuz lehian. Maila berrira igo berritan proiektu eta jomuga ezberdinak izan arren 3 puntuak eta Gipuzkoako areto futbolaren aginte makila izan ziren jokoan Usabaleko oholtza gainean.

Epaileek txilibituari eragin zienean kanpotarrak hartu zuten baloiaren jabetza eta nagusi izan ziren lehen minutuetan. Dena den, larunbatean 23 urte bete zituen Endikak sekulako maila erakutsi eta bata bestearen atzetik zapuztu zituen Elgoibarkoen aukera denak. Minutuak pasa ahala ordea, Laskorainek hasierako beldurrak albo batera utzi eta jokaldi politak osatu zituen. Horietako batean, Murgi mirakusak parabola perfektu batez aurkarien defentsa lerroa gainditu eta bigarren zutoinean agertutako Camiok gol ederra sartu zuen bote lasterrean.

Emaitza honekin amaitu ziren lehen 20 minutuak baina atsedenalditik bueltan defentsan intentsitate nahikoa ipini ez eta markagailuari buelta eman zion Conceptok minutu gutxitan. Pase ederrak lotutako jokaldi batean lehendabizi eta penalti argi bat gauzatuz ondoren.

Egoera honek kinka larrian utzi zituen ikastolakoak ondorengo minutuetan. Aurkariak ordea ez zuen asmatu partida erabakitzen eta Javiren mutilak pixkanaka lerroak aurreratu eta partidaren bila joan ziren. Erabaki honen ostean norgehiagoka asko ireki zen eta aukera garbiak izan ziren bi ateetan baina asmatu zuena talde horitxoa izan zen, Camioren pase bati urrea atera baitzion Beñatek buelta erdian baloia sareetara bidaliz.

40 minutuek ez zuten gehiagorako eman eta puntu banaketaren amaitu zen lehia. Elkarri bostekoa eman eta zaleen txaloen artean sartu ziren aldageletara bi taldeak.

Ligako aurrekonturik handienetakoa duen talde baten aurka puntu garrantzitsua eskuratuta, arratsa txarrari amaiera eman eta datorren asteko bidaia luzeari gogoz ekiteko animoekin amaitu zuten Javi delagatuak, Javi eta aitor prestatzaileek, Endika, Beñat, Gil, Murgi, Camio, Joniko, Ekhi, Loitzun, Txiki, Etxeberria, Mikel eta Aratz jokalariek.

2011-11-23

Laskorainek 4-1 galdu zuen Kirol Sport taldearen aurka

Joan den larunbatean Laskorainek Nafarroako Orkoien herrira egin behar izan zuen bisita sailkapeneko postu erosoetan kokaturik dagoen arerio baten aurka indarrak neurtzekotan. Kirol Sport talde eskarmentatu eta ahaltsuaren etxean punturik lortzea  ez da inorrentzat ahuntzaren gauerdiko eztula izan orainarte eta azken astebukaeran gardentasunez menderatuak izan ziren horitxoak lurralde historiko foralean.

Hasieratik nabarmendu zen etxekoen nagusitasuna jokoan, neurketaren pisuak eta gol aukerek nafar kolorea izan bait zuten une oro, gauzak horrela 1-0 aurreratu ziren Kirol Sport-ekoak tolosarren kalterako. Javiren mutilak defentsan eskuzabaltasunez lanean ziharduten baina hainbatetan zorroztasunez erabili izan duten kontraerasoari behar adinako etekinik ateratzen jakin gabe oraingoan.

Bigarren zatian filmearen gidoiak berean jarraitu zuen setati eta markagailuaren aldea areagotu ere egin zen denborak aurrera egin ahala. 3-0-eko kezkagarri batek amaierarako 4 minuturen faltan eta etxetik kanpo arituaz, argudiorik baikorrenak ere zapuztu ditzake baina atezain jokalariaren taktika martxan ipintzea beste irtenbiderik ez zegoenez, ikastolakoek azken hasperena luzatzeko erabaki ausarta hartu zuten.

Modu onean egindako ahaleginak Gilen 3-1-eko baimendu zuen, segidan etxekoak estutuak ere izan ziren zenbait gol aukera garbi garatu zirelarik atezain nafarraren eremuan. Dena den eta horrelakoetan ohikoa den moduan, Gauss-en kanpaiaren lege estatistikoa beteaz eta 4-1-eko emaitzarekin itxi zen norgehiagoka.

Tolosarrek erreskan jasotako bigarren porrota dugu baina oraindik ere sailkapenean itsuroso mantentzen da taldeak eginiko denboraldi hasiera bikainari esker, hilabete lanpetsuak dira aurretik gelditzen direnak ,dena den klubaren potentzialak ez du ezkortasunerako lekurik uzten, jokalariak betetzen ari diren lana txapela kentzeko modukoa izan da orain arte.

Datorren astean Concepto Egileren aurka jokatuko den derbian kantxaratzeko irrikitan dira Javi delegatua, Javi eta Aitor entrenzatzaileak, Endika, Gil, Lander, Joniko, Telleria, Loitzun, Etxebe, Ekhi, Díez, Belloso, Alonso eta Aratz jokalariak.  

2011-11-18

J08. Atarikoa. Kirol Sport - Laskorain

Aurredenboraldian bisitari izan genuen Kirol Sport talde nafarrari egingo dio aurre bihar Laskorainek arratsaldeko sei terdietatik aurrera Orkoiengo Kiroldegian jokatuko den partidan. Zuri-gorriek jokalari eta prestatzaile beteranoak dituzte eta baita horitxoen aurka iazko "play off"-a jokatu zuten Gazte Berriak taldeko bi jokalari; Iker Toro eta Javi Oroz.

Ramon Navarro, duela urte batzuk Ibarrako taldea Zilarrezko Mailan kargu izan zuenan gidaritzapean, Sergio Burgos "Txejo" atezaina eta Charly Morteruel (Ohorezko Mailan Xotarekin aritutakoa), Andres Cruz edo Dani Alonso bezelako jokalariak aurkitu ditzakegu, denak ere esperientzidunak eta dudarik gabe norgehiagokari intentsitate haundia emango diotenak.

Nafarrek estreinekoz etxean irabazteko intentzioarekin irtengo dira, orainartean multzoko Concepto eta Ebrosala bi oilarren aurka jasandako porrotek eta Alcañizen aurkako berdinketak ez bai die bere zalegoari pozaren bat eskeintzeko aukerarik eman.

Aurkariaren informazio gehiago hemen:
http://www.kirolsport.es/



Tolosarrak aldiz, etxetik kanpo damakiten arratxari eutsi nahiko diote (bitik bi garaipen) eta erronkaren zailtasunaren jakitun, Javi eta Aitor prestatzaileek, Murgi ez beste jokalari guztiak eramango dituzte Orkoienera. Aste hontako entrenamendu saioen artean, Antonio Bores Espainiar Selekzioko eta RFEFeko prestatzaile fisikoak astelehenean Usabalen eman zuen konferentzia nabarmendu behar degu, benetan interesgarria eta parte hartze haundikoa (50 lagun inguru, Euskal Herriko probintzi ezberdinetatik etorriak batzuk).

Deialdia: Endika eta Aratz; Beñat, Gil, Camio, Loitzun, Joniko, Ekhi, Etxebe eta Alonsok osatuko dute.

Kartelera:
Nazional 2.B Maila (8. jardunaldia)
Kirol Sport - Laskorain
2011/XI/19, 18:00ean, Orkoiengo Kiroldegia

Probintzial 1. Maila (7. jardunaldia)
Laskorain - Allerru Jaizkibel
2011/XI/19, 12:00etan, Usabal

Probintzial 3. Maila (7. jardunaldia)
Pub Elorri - Laskorain
2011/XI/18, 22:30ean, Uzturpe (Tolosa)

Jubenila (8. jardunaldia)
Goierri - Laskorain
2011/XI/19, 12:15ean, Aldiri (Urretxu)

Kadetea (6. jardunaldia)
Laskorain - Inter Intxaurrondo
2011/XI/19, 09:15ean, Usabal

Neskak (4. jardunaldia)
Laskorain - Idiazabal
2011/XI/18, 20:30ean, Usabal

2011-11-13

0 eta 3 galdu zuen Laskorainek Zierbenaren aurka

Denboraldi honetan areto futbol talde apartak igaroko dira Usabaldikan eta honen frogarik esanguratsuenetakoa dastatu genuen joan den larunbatean. Laskorainek Zierbena ahaltsuaren bisita jaso zuen eta bizkaitarrek sekulako taldea osatzen dutela egiaztatu zuten 0-3 irabaziaz merezimenduz.

Azken bi urteetan txapeldun, Zierbenari aurrekontuak soilik eragozten dio 2.A Mailan egotea. Bilbon 1. Mailan lehiatutako hainbat jokalariekin -Pavesio, Rober, Pedro, etab-, jokoa soberan du eta hil honen hasieran bertan Espainiako Kopako hamaseirenetara sailkatu da 2.A Mailako Hospitalet menperatuaz.

Horitxoek ordea ez zuten porrota merke saldu. 2. minutan bisitariak aurreratu ostean markagailua malda gora izan zuten betiere eta honek puntuak urruti zeudenaren irudipena eragin zuen beharbada, baina ikastolakoak ez ziren inongo unetan behera etorri eta zierbenatarrak bapo izerditzera behartu zituzten.

Penalti eztabaidatsu bat tarteko neurketa 0-2 iritsi zen atsedenaldira eta Saldias-Miguel aseguru korreduriak lagundutako zozketaren ondotik jokatu zituen Laskorainek bere minuturik onenak. Defentsa zertxobait aurreratu eta minutu luzez parez pare izan genituen bi taldeak, baina gol aukerak sortuagatik ez zuten golik sartu. Punteria kamutsa baino gehiago atezain kanpotarraren inspirazioa izan zen erruduna.

0-3 ikusgarriak itxi zuen partida etxekoen ezintasuna areagotuz, baina Javi eta Aitorren mutilak harro egon behar dute buruturiko lanak zertxobait gehiago merezi izan baitzuen, aukeraren bat eskeiniko zien gol bat bai gutxienez. Edozein kasutan Zierbenaren aurkako porrota ez da inolako hondamendia.

Gozatzeko denboraldia dugu laskoraindar guztiok, nola jokalariek nola zaletuok, eta orain artean honelaxe egin dugu sei jardunalditan. Aurrerantzean ere berdin gozatzeko serio arraio jarraitu beharko dute lanean Javi delegatuak, Javi eta Aitor prestatzaileek eta Endika, Telleria, Lander, Gil, Zubillaga, Txiki, Otxoa, Etxebe, Loitzun, Alonso eta Aratz jokalariek.

2011-11-11

J07. Atarikoa. Laskorain - Zierbena

Areto futbola gertutik jarraitzen dugunon artean nork ez du ezagutzen Zierbenako taldea? Bada, sasoi hontan Laskorainek izango duen aurkaririk indartsuenetarikoa (indartsuena ez bada) bihar Usabalen arratsaldeko lauretatik aurrera ikusteko aukera izango dugu.

Izarrez jositako talde bizkaitarrak, oso urrun ez dauden garaietan Ohorezko Mailan aritutako zenbait jokalari ditu, besteak beste, Rober, Pavesio edo Pedro. Eta hori gutxi ez bada, Rober eta Pedro berarekin, Castro Urdialesek bizi izan zituen urte oparoenetan batera aritutako Jose Mari, Abel Macias edo Edu Vidal. Beste izen batzuk ere aipatzearren, Miguel edo Iñigo, aurten golari begira oso fin dabiltzanak.

Liga txapelketa zalantza batzukin hasi badute ere, Kopan bi kanporaketa gainditu dituzte jada maila haundiko bi arerioen aurka, Ebrosala multzoko taldea Zaragozan eta Hospitalet, 2. Mailakoa, Zierbenan mendean hartu ostean.

Beraz, Laskorainek bere historiaren liburuan urrezko hizkiekin kronika berri bat idazteko parada ezin hobea izango du eta bertara hurbiltzen denak areto futbol ikusgarria gozatzekoa.

Aurkariaren informazio gehiago, hemen:
http://zierbenafs.blogspot.com/


Horitxoen artean, oraindik minduta dagoen Murgi eta Xabi Diez jokalariei, Josu eta Balerdi azpiko taldekoen ausentziak gehituko zaizkie, gainontzekoak Javiren aginduetara egoteko prest izango direlarik.

Atsedenaldian egingo den zozketa Saldias Miguel Aseguruetako Artekaritzak eskeiniko du.

Kartelera:
Nazional 2.B Maila (7. jardunaldia)
Laskorain - Zierbena
2011/XI/12, 16:00tan, Usabal

Probintzial 1. Maila (6. jardunaldia)
Azpeitiko - Laskorain
2011/XI/12, 16:45ean, Azpeitiko Kiroldegia

Probintzial 3. Maila (6. jardunaldia)
Goierri - Laskorain
2011/XI/12, 16:00tan, Aldiri Kiroldegia (Urretxu)

Jubenila (7. jardunaldia)
Laskorain - MCM
2011/XI/12, 10:30ean, Usabal

Kadetea (5. jardunaldia)
Laskorain
Atsedena

Neskak (3. jardunaldia)
Azpeitiko - Laskorain
2011/XI/12, 15:00tan, Azpeitiko Kiroldegia


2011-11-06

Urrezko hiru puntu lortu zituen Laskorainek Pinsequen 2-3 irabazita


Ebro ibaiaren erriberako lur oparoetan Tuteratik Zaragozarako errepidean kokaturik dagoen Pinsequera egin zuen larunbatean bisita Laskorainek. Horitxoek aurreko asteburuan Usabalen pairaturiko porrota lehenbailehen ahazteko asmoarekin bidaiatu zuten eta baita lortu ere, asko sufrituta izanagatik hiru puntuak Tolosaruntz ekarri baitzituzten aragoitarrak 2-3 gaindituta.

Garaipenak meritu galanta dauka, Zaragoza hiriburuko jokalariz hornitzen den Pinseque Aragoiko areto futboleko klasiko bat baita, 2010ko ekainean 2.A mailarako igoera fasean aritutakoa. Aurtengoan gainera, nahiz eta sailkapeneko zona epelean hasi duen txapelketa, oraindik ez zuen bere kantxan punturik galdu.

Larunbatean ere horrelaxe gertatuko zela zirudien partidaren hastapenean. Javiren mutilei ia hiru orduko bidai astunak mesederik ez zien egin eta laugarren minuturako Pinsequekoak 2-0 aurreratu ziren. Neurketaren itxura beltza baino beltzagoa zenean baina, futbol handitik futbol txikira azkar eta ederki egokitu den Asier Etxeberriak gola sartu zuen etxekoen urduritasun eta ikastolakoen itxaropenerako.

Atsedenaren aurretik etorri zen Zubillagaren binakoak are gehiago auspotu zituen batzuen itxaropenak eta besteen urduritasunak eta berragerpenean emozioz beteriko bigarren zati bat bizitu zen. Jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza aragoitarrak izan ziren nabarmen eta horitxoek bere kantxan biziraun behar izan zuten, baina defentsa lanean eskuzabal oso sendo agertu ziren.

Hau gutxi ez balitz gainera, Laskorainek berezkoa duen ezaugarri nagusienetakoa erakutsi zuen beste behin: ahulen eta menperatuen dirudienean arerioa kolpatzeko ahalmena. Horretarako Otxoaren deabruzko abiadura izan zuen arma, kontraerasorako oso aproposa eta horrelaxe erabaki zen partida: Ibarrako dantzariak ziztu bizian buruturiko kontra batean.

Bost jardunalditan 10 puntu eskuratuta 2.B maila ez galtzeko ametsak gerturago dirudi eta gogoan horixe zutela pozarren itzuli ziren Tolosara Javi delegatua, Javi eta Aitor entrenatzaileak eta Endika, Gil, Telleria, Loitzun, Txiki, Zubillaga, Etxebe, Otxoa eta Aratz jokalariak. Arrazoi ezberdinak tarteko baja izan ziren Lander, Murgi, Alonso eta Xabi Diez.

2011-11-05

J06. Aurretikoa. SMD Pinseque - Laskorain

Iritsi zaio autobusean bidaiatzeko eguna Laskoraini, hain zuzen ere Zaragozatik gertu dagoen Pinseque herrira gerturatu beharko du bertako taldeari zor dion bisita egiteko. Pinsequekoak hamaikagarrenak dira sailkapenean (6 puntu) baina Laskorainekin (seigarren, 7 punturekin) duten tartea puntu bakar batekoa da.

Talde aragoarra garai bateko Zilarrezko Mailan aritutakoa da, jokalari gazteak eta esperientzia dutenak batzen dituena. Orain arteko emaitzek argi uzten digute etxean talde indartsua dela, jokatu bi partidetan beste hainbeste garaipen erdietsi dituelarik, Alcañiz 3-2 eta Ebrosala (lidergoa partekatzen duen taldea) 8-3 mendean hartu ostean. Etxetik kanpo hiru norgehiagokak galdu arren, bitan gol bakarreko aldearekin (4-3 Burgosen eta 3-2 Lizarran) eta bestean bi goleko aldearekin (5-3 Zaragozan) egin du.

Aurkariaren informazio gehiago, hemen:
http://www.smdpinseque.com/


Hortaz, galtzak bete lan izango dituzte horitxoek bihar Pinsequeko Udal Kiroldegian arratsaldeko seiretatik aurrera ekingo zaion partidan. Espedizioa Usabal Kiroldegitik irtengo da arratsaldeko ordubatean eta autobusean eserleku nahikoa izango da animatzen den jarraitzaile ororentzat. Beraz, animatu. Taldeak eskertuko dizu.

Deialdian, lehengo astetik aurpegi berri bakarra izango da eta Beñat Telleriak Beñat Balerdi ordezkatuko du. Gainera, Lander Camiok bidaiatuko duen ala ez azken ordurarte ez da jakingo.

Kartelera:
Nazional 2.B Maila (6. jardunaldia)
SMD Pinseque - Laskorain
2011/XI/05, 18:00, Pinsequeko Udal Kiroldegia

Probintzial 1. Maila (5. jardunaldia)
Laskorain - Bar Ignacio Hondarribia
2011/XI/05, 16:00, Usabal

Probintzial 3. Maila (5. jardunaldia)
Laskorain - Hirukide Denak Taberna
2011/XI/04, 20:45, Usabal

Jubenila (6. jardunaldia)
Gamon - Laskorain
2011/XI/05, 10:15. Beraungo Frontoia (Orereta)

Kadetea (4. jardunaldia)
Laskorain - Arizmendi Eskoriatza
2011/XI/05, 09:30, Usabal

Neskak (2. jardunaldia)
Laskorain
Atsedena