2011-12-23

Laskorainek 4-7 galdu egin zuen Alcañiz taldearen aurka

Laskorainek ezin izan zion 2011. urteari merezitako amaiera eman. Talde horitxoa, kirol elkarteak inoiz izan duen mailarik altuenean utzi duen urte oparo honek pasarte eder ugari izan baditu ere larunbatean esku hutsik bueltatu ziren aldagelara gure mutilak.

Nor baino nor, emaitza eta joko bolada onean dabilen Alcañiz izan zuten, sailkapeneko tontorrerantz begira 5. postuan kokatuta iritsi zen talde Aragoarra 400 kilometroko bidaia egin ostean.

Aurtengo denboraldian bidaia luze hauek taldeen egoera fisikoa baldintzatzen dutela jakitun, Laskorainek gogor hasi zuen norgehiagoka. Honela nagusi izan ziren ikastolakoak lehen minutuetan eta 2-0 aurreratu ziren markagailuan. Joniko eta Lander izan ziren bi jokaldi politetan horitxoen golegile.

Aurkariak ordea ez ziren urduritu eta baloi luzeen bidez talde horitxoaren bizkarra bilatuz min handia egin zuten. Modu horretan, markagailuari itzulipurdia eman zioten ikastolakoen 5 minutu zatar aprobetxatuz. Inor konturatzerako atsedenaldirarte iraungo zuen 2 eta 4koak agintzen zuen Usabalen.

Pinturas Tolosak babestutako saskiaren zozketa egin bitartean hartutako atsedenaren osten jarraitu zuen norgehiagokak, Laskorainen jokoaren susperraldiarekin batera. Kantxan nagusi izan arren ez zuen etekinik lortu ikastolako taldeak eta kontraeraso batean aurkariak bere 5. gola egindakoan noraezean geratu ziren Javiren mutilak. Segidan korner batean sartutako 6. golak partida erabakita utzi zuen.

Azken ahalegin batean Laskorainek atezain jokalaria erabiliz markagailua estutzea lortu zuen, Joniko eta Gilen golek 4-6ko emaitza ipini baitzuten. Handik aurrera laskorainek gogor egin zuen partidari emozioa ipintzeko asmotan baina markagailua ez zen gehiago mugituko Alcañizek azkena egin eta 4-7ko azken emaitza ezarri arte.

Kantxa gainean eman ezin izan dioten emaitza txarren boladari eguberrietako oporrek emango diote oraingoan. Turroia dena den lasai asko jango dute elkarteko kide guztiek, maila handiko talde indartsuen artean duintasun osoz ari baitira lanean.

Urtarrilaren 14an aurkari zuzen baten aurka Burgosera egin beharreko bidaiarekin berrekingo dion lehiaketak emaitza hobeak ekarriko dituen ziurtasunez erretiratu ziren larunbatean deialdia osatu zuten entrenatzaile, delegatu eta jokalariak.

2011-12-12

Esku hutsik itzuli zen Laskorain Caspetik porrot gogorra jaso eta gero


Denboraldiko neurketarik kaskarrena jokatu zuen Laskorainek pasa den asteburuan Caspen. Erdi aro hondarrean Aragoiko koroaren bilakaeran giltzarri bilakatu zen hiriak ez zion ezer onik ekarri talde horitxoari eta inolako eztabaidarik onartzen ez duen porrota jaso zuen. Aski esanguratsua da 10-2ko azken emaitza.

Epaileek txilibituari eragin orduko aurkeztu ziren oztopoak ikastolakoentzat. Etxekoek partidaren agintea errazegi hartu zuten eta maila altuko areto futbola josiaz estu eta larri ipini zituzten tolosarrak, 2-0 aurreratu zirelarik berehala. Falta estratejian Telleriak sareratutako golak itxaropen espejismo bat piztu zuen instant batez, baina ez zuen partidaren garapena mutatu, atsedenaldirako 4-1koa zelarik aldea.

Ondorenean, bigarren zati oso osoan, zabor minutuak jokatu ziren tamalez, denboraldian estrainekoz laskoraindarrek amore eman baitzuten ezintasunaz etsita. Caspekoei aldiz dena irteten zitzaien eta errukirik gabe zulatu zuten Endikaren atea.

Azken minutuan egin zuen Laskorainek markagailua makilatu ere egiten ez duen bigarrena, baina aipamenak merezi du, aurtengo denboraldian debutari den Xabi Diezek sinatu baitzuen, Laskorainen historiako golegileen zerrendan idatziaz bere izena. Lesio batetik osatuta bere bigarren partidan busti du aurrenekoz; ez dago batere gaizki.

Porrot mingarri honetaz haratago, azken jardunaldiak aintzakotzat hartuta, laskoraindarrak 2.B maila berriaren zorroztasuna pairatzen ari direla iruzkindu daiteke. Honek ordea ez luke inor akitu behar, ederki baigenekien aurrez txapelketaren exijentziaz eta hortxe baitago lehen jardunalditan pilatutako puntu sorta oparoa baikortasun eta motibazio iturri.

Larunbat gauean Tomas Roncerori gelditu zitzaion antzeko arpegiarekin egin zuten Caspetik Tolosarako ibilbide luze bezain astuna Javi delegatuak, Javi eta Aitor entrenatzaileek eta Aratz, Telleria, Gil, Loitzun, Murgi, Otxoa, Txiki, Zubillaga, Etxeberria, Diez eta Endika jokalariek.

2011-12-05

LASKORAINEK 4-3 GALDU ZUEN ZARAGOZAN


Ez zituen inondik inora ere emaitza onuragarri batekin bueltatzeko baldintzarik onenak betetzen hasiera batean behintzat joan den larunbatean Zaragozako Río Ebro polikiroldegian arratsaldeko 18:30-etan Laskorainek jokatu beharreko partiduak. Autobuseko bidai luzearen ostean, giro hotza sumatu eta arerio bikain baten gotorlekua bisitatu behar izateak, osagarri negatiboak gehitzen zizkion beranduago kantxa gainean ebatziko zen atalari.

Agrupación Deportiva Sala 10 talde aragoarra denboraldi hasiera polita burutzen ari da, jokalari gazte eta joko alaiean oinarritutako talde boteretsua izaki, etxekoak izan ziren aurre hartzen lehenbizikoak 1-0-ekoa egitea lortu zutelarik horitxoen kalterako.

Javiren mutilek ordea, aurrez aurre ekiteko erabakia harturik eta defentsa sendo zein kontraerasoa bortitzari etekina atereaz markagailuari biratzea lortu zuten, lehen gola zaragozako jokalari batek sartu zuen bere atean nahi barik eta bigarrena Jonikoren eskutik igo zen markagailura. 1-2-ko emaitza estuak itxi zuen lehen erdia.

Bigarren zatian, etxekoen jokoaren zamak 2-2-ko berdinketa ekarri eta segidako momentu lehiatu eta borrokatu anitzetan gertatu ez zena azkenengo minutu harrigarri batean suertatu zen. 40 segunduren faltan Gilek 2-3-koarekin aurreratu zituen ikastolakoak ordurarte betetako lanak merezitako fruitu bat emango zuenaren esperoan. Areto futbolean hamaika ezusteko eman ohi dira eta atezain jokalariaren taktikarekin aragoarrek 3-3-ko berdinketaren gola sareratu zuten 20 segundu besterik gelditzen ez zirenean. Hondarreko denbora izango zen oraindik larunbateko atal goibelaren testigurik latzena eta txirrinaren mugan atezain jokalariaren bitartez berriro 4-3-koa erori zen etxekoen eskutik.

Kolpe gogorra ezbairik gabe tolosarrek jasotakoa, nekez lorturik zirudien norgehiagokak eskuetatik modu horretan alde egin izana beti bait da mingarria. Txapelketak ordea ez du atsekabearentzako betarik uzten, datorren astean Caspera mugituko beharko da taldea helburu berdinak dituen Bajo Aragón Caspe F.S-ren aurka duela hilabete bat atzeratutako partiduan indarrak neurtu beharrean. Sailkapeneko egoera itogarria izan ez arren, garaipen batek asko lagunduko luke ikastolakoak burutzen ari diren lan itzelaren sinesmenean.  

Larunbatean Zaragozan, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Gil, Telleria, Joniko, Lander, Loitzun, Etxebe, Ekhi, Belloso eta Murgi izan ziren.