Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Esku hutsik itzuli zen Laskorain Caspetik porrot gogorra jaso eta gero


Denboraldiko neurketarik kaskarrena jokatu zuen Laskorainek pasa den asteburuan Caspen. Erdi aro hondarrean Aragoiko koroaren bilakaeran giltzarri bilakatu zen hiriak ez zion ezer onik ekarri talde horitxoari eta inolako eztabaidarik onartzen ez duen porrota jaso zuen. Aski esanguratsua da 10-2ko azken emaitza.

Epaileek txilibituari eragin orduko aurkeztu ziren oztopoak ikastolakoentzat. Etxekoek partidaren agintea errazegi hartu zuten eta maila altuko areto futbola josiaz estu eta larri ipini zituzten tolosarrak, 2-0 aurreratu zirelarik berehala. Falta estratejian Telleriak sareratutako golak itxaropen espejismo bat piztu zuen instant batez, baina ez zuen partidaren garapena mutatu, atsedenaldirako 4-1koa zelarik aldea.

Ondorenean, bigarren zati oso osoan, zabor minutuak jokatu ziren tamalez, denboraldian estrainekoz laskoraindarrek amore eman baitzuten ezintasunaz etsita. Caspekoei aldiz dena irteten zitzaien eta errukirik gabe zulatu zuten Endikaren atea.

Azken minutuan egin zuen Laskorainek markagailua makilatu ere egiten ez duen bigarrena, baina aipamenak merezi du, aurtengo denboraldian debutari den Xabi Diezek sinatu baitzuen, Laskorainen historiako golegileen zerrendan idatziaz bere izena. Lesio batetik osatuta bere bigarren partidan busti du aurrenekoz; ez dago batere gaizki.

Porrot mingarri honetaz haratago, azken jardunaldiak aintzakotzat hartuta, laskoraindarrak 2.B maila berriaren zorroztasuna pairatzen ari direla iruzkindu daiteke. Honek ordea ez luke inor akitu behar, ederki baigenekien aurrez txapelketaren exijentziaz eta hortxe baitago lehen jardunalditan pilatutako puntu sorta oparoa baikortasun eta motibazio iturri.

Larunbat gauean Tomas Roncerori gelditu zitzaion antzeko arpegiarekin egin zuten Caspetik Tolosarako ibilbide luze bezain astuna Javi delegatuak, Javi eta Aitor entrenatzaileek eta Aratz, Telleria, Gil, Loitzun, Murgi, Otxoa, Txiki, Zubillaga, Etxeberria, Diez eta Endika jokalariek.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]