2011-12-23

Laskorainek 4-7 galdu egin zuen Alcañiz taldearen aurka

Laskorainek ezin izan zion 2011. urteari merezitako amaiera eman. Talde horitxoa, kirol elkarteak inoiz izan duen mailarik altuenean utzi duen urte oparo honek pasarte eder ugari izan baditu ere larunbatean esku hutsik bueltatu ziren aldagelara gure mutilak.

Nor baino nor, emaitza eta joko bolada onean dabilen Alcañiz izan zuten, sailkapeneko tontorrerantz begira 5. postuan kokatuta iritsi zen talde Aragoarra 400 kilometroko bidaia egin ostean.

Aurtengo denboraldian bidaia luze hauek taldeen egoera fisikoa baldintzatzen dutela jakitun, Laskorainek gogor hasi zuen norgehiagoka. Honela nagusi izan ziren ikastolakoak lehen minutuetan eta 2-0 aurreratu ziren markagailuan. Joniko eta Lander izan ziren bi jokaldi politetan horitxoen golegile.

Aurkariak ordea ez ziren urduritu eta baloi luzeen bidez talde horitxoaren bizkarra bilatuz min handia egin zuten. Modu horretan, markagailuari itzulipurdia eman zioten ikastolakoen 5 minutu zatar aprobetxatuz. Inor konturatzerako atsedenaldirarte iraungo zuen 2 eta 4koak agintzen zuen Usabalen.

Pinturas Tolosak babestutako saskiaren zozketa egin bitartean hartutako atsedenaren osten jarraitu zuen norgehiagokak, Laskorainen jokoaren susperraldiarekin batera. Kantxan nagusi izan arren ez zuen etekinik lortu ikastolako taldeak eta kontraeraso batean aurkariak bere 5. gola egindakoan noraezean geratu ziren Javiren mutilak. Segidan korner batean sartutako 6. golak partida erabakita utzi zuen.

Azken ahalegin batean Laskorainek atezain jokalaria erabiliz markagailua estutzea lortu zuen, Joniko eta Gilen golek 4-6ko emaitza ipini baitzuten. Handik aurrera laskorainek gogor egin zuen partidari emozioa ipintzeko asmotan baina markagailua ez zen gehiago mugituko Alcañizek azkena egin eta 4-7ko azken emaitza ezarri arte.

Kantxa gainean eman ezin izan dioten emaitza txarren boladari eguberrietako oporrek emango diote oraingoan. Turroia dena den lasai asko jango dute elkarteko kide guztiek, maila handiko talde indartsuen artean duintasun osoz ari baitira lanean.

Urtarrilaren 14an aurkari zuzen baten aurka Burgosera egin beharreko bidaiarekin berrekingo dion lehiaketak emaitza hobeak ekarriko dituen ziurtasunez erretiratu ziren larunbatean deialdia osatu zuten entrenatzaile, delegatu eta jokalariak.

No hay comentarios: