2012-01-30

Laskorainek 1-2 galdu zuen Zalatambor taldearen aurka


Pasa den astean liderraren aurka berdinduz lehen itzuliari agur esan eta gero, larunbat arratsean ekin zion Laskorainek bigarren itzuliari usabalera urreratutako zaleen aurrean. Jokoan ipinitako 3 puntuak lehiatzeko, Lizarratik etorritako Area 99 Zalatambor taldea izan zuten aurkari. Iazko txapeldunordea, sailkapeneko 6. postuan kokatuta, goiko postuetara salto egiteko puntuen bila etorri zen. Ikastolakoak berriz, lehen itzuliaren bigarren erdian izandako emaitza txarren boladari amaiera eman eta sailkapenean gora egiteko itxaropenez.

Norgehiagoka elkarrenganako errespetu handiz hasi zuten bi taldeek, kantxa erdian ipinitako defentsa sendoek euren atea salbu mantentzea izan zuten helburu aurkariarena zulatzea baino. Beñaten gidaritza dotorea eta Murgiren aldrebeskeriak tarteko, eraso jokaldi luzeak egin zituzten horitxoek arerioaren defentsan zirrikituren bat bilatu nahian baina kamuts ibili ziren. 20 minutuko lehiaren ostean hasi bezalaxe aldagelaratu ziren bi taldeak.

Continental industrie-k babestutako saski ederra zozketatu bitartean jokalariek atseden hartu eta zaleek, partida osoan zehar traba eginez egon ziren saskibaloiko kanastetan, kantxara irtendako espontaneo batek emandako ikuskizunaz gozatu zuten.

Atsedenaldiko zaleen algarak ordea laster amaitu ziren, Lizarrako taldeak estreinako gola egin baitzuen 22. segundorako. Estrategia jokaldi batean baloia bikain mugitu eta Endikaren atea zulatzea lortu baitzuen bigarren zutoinean bakar bakarrik geratu zen aurkari batek.

Gol honekin Laskorainek ez zuen bere jokoa aldatu, baloiaren jabetza eurena zen eta pazientziaz gol aukeraren bat sortzeko asmoz lanean jarraitu zuten. Partida amaitzeko 5 minutu faltan ordea kontraeraso bat mozteagatik epaileak Beñat kaleratu eta 2 minutuz jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuen Laskorainek. Kementsu aritu ziren horitxoak denbora horretan baina 5. jokalaria berreskuratzeko 10 segundoren faltan 0-2koa ipini zuen aurkariak markagailuan.

Azken minutuetan atezain jokalaria erabiliz bi jokaldi arriskutsu egin zituen Laskorainek, bata bestearen antz atzekoak. Lehenengoan Diezek baloia sareetara bidaltzea lortu bazuen ere, 2 segundoren faltan zorteak aurkariari egin zion irribarre eta baloia zutoina miazkatuz kanpora joan zen.

Azken 1-2ko emaitzak goibel utzi zituen jokalari horitxoak baina lanean gogor jarraitu beharra dago, datozen asteetan sailkapeneko aurkari zuzen zuzenen aurka jokatutako partidek erabakiko baitute denboraldiaren norabidea. Hasteko sailkapenean berdinduta dagoen Castro talde historikoari egin beharko diote bisita datorren hastean.

Larunbatean Javi eta Jorge delegatuak, Javi eta Aitor entrenatzaileak eta Endika, Telleria, Lander, Gil, Etxebe, Murgi, Joniko, Loitzun, Diez, Zubillaga, Alonso eta Aratz jokalariak izan genituen elastika horitxoa defendatzen.

2012-01-23

Laskorainek 4-4 berdindu zuen Ebrosala liderraren aurka

Beste partida haundi bat dastatzeko parada izan genuen joan den larunbatean Usabalera bildutako zalego beste behin kopurutsuak. Lehen itzulerari azkena emateko Laskorainek Ebrosala sailkapeneko lider tinkoa hartu zuen eta 40 minututan zehar zain eta muin lan egin eta gero puntu bat eskuratu zuen 4-4 berdinduta.

2.A mailarako igoera jomuga, zaragozatarrek gaztetasuna eta eskarmentua orekatzen dituen taldea eratzen dute, 1. mailan aritutako lau jokalarirekin txapelketaren ekuadorrean sailkapeneko jaun eta jabe direlarik. Horitxoak ostera -emaitza arratxa gogor batean murgilduak azken sasoiean- amorruz beterik daude eta horrelaxe frogatu zuten larunbatean, batez ere partidaren hastapenean.

Lehen minututik azkenekoraino Ebrosalakoen eraso posizionalak arazo handiak sortu bazizkien ere, neurketa hasieran ikastolakoak aisa irten ziren kontraerasora eta ate aurrean aragoitarrek baino gutxiago barkatu zuten. Murgi mikolasaren eta Etxebe denboraldiko errebelazioaren golekin 2-0 aurreratu ziren, nahiz eta atsedenaren aitzinetik kanpotarrek aldea murriztu.

Aldageletatik bueltan aldiz aragoitarrek azeleragailua zapaldu zuten nabarmen eta bigarren zati guztian zehar arazoak larriagoak izan ziren horitxoentzat. Baina ez zuten amore eman, 2-3koarekin ere ez, eta erasora irteteko zailtasun handiak izan arren Barack Telleriak hirunakoa sartu zuen jokaldi solte batean eta faltako “pinball” estratejian Gil TDI-k 4-3koa. Itxaropenak segundu gutxi iraun zituen Ebrosalakoek ia jarraian egin baitzuten launakoa.

Berdinketa baliotsu honekin Laskorainek hiru garaipen, hiru berdinketa eta zazpi porrot pilatu ditu lehen itzulian eta 2.B mailari eusteko beste hainbeste egin beharko du gutxienez bigarrengoan. Honetarako larunbatean erakutsitako grina eta lanerako prestutasunari, konfiantza piska bat besterik ez zaio gehitu behar eta horixe berreskuratu behar dute lehenbailehen horitxoek.

Ebrosala liderrari Javi eta Jorge “rumba” delegatuek –hori da kantxa garbitzeko modu robotikoa hori-, Javi eta Aitor entrenatzaileek eta Endika, Telleria, Lander, Gil, Etxebe, Murgi, Loitzun, Diez, Zubillaga eta Aratza jokalariek egin zien aurrre.

2012-01-16

Laskorainek 5 eta 1 galdu zuen Burgosen

Berebiziko garrantzia zuen norgehiagoka batekin 2012 urte berriari hasiera eman behar izatea egokitu zitzaion Laskoraini eguberrietako oporraldi luzearen bueltan, izan ere helburu berdinen atzetik lehian dabilen arerio baten etxean jokatu bait zuen joan den larunbatean.

Maila honetako norgehiagokak gehienetan detaile txikien arabera erabakitzen dira eta oraingo hau ez zen salbuespenean erori. Emaitzak erakusten duen aldea zabala izan arren, neurketa parekatua eskaini zuten bi taldeek bukaeran definitu zelarik garailearen izena.

Lehen zatia lehiatua izan zen une oro gol bakarra gertatu zelarik 20 minutu luzeetan zehar, gaztelakoak suertatu ziren Endikaren atean asmatzaile eta 1-0-eko estu batekin iritsiko zen atsedenaldia.

Bigarren erdian pauso bat aurrera eman zuten tolosarrek eta epaileek etxeko jokalari bat kanporatu ostean Etxebek 1-1-ekoa ipiniko zuen elektronikoan. Jarraiean aukerak bi ateetan eman arren beste behingoz 2-1-ekoa burgosekoek egingo zuten eta segidan 3-1-ekoa, epaileek ikastolakoen jokalari bat aldageletara bidali izanak gauzak zaildu zituen erabat, azken gol hau horren ondorio garbia izan zelarik.

Neurketa hartzen ari zen kolore iluna zela medio entrenatzaileak atezain jokalariaren taktika ipini zuen martxan eta partidua berdintzeko ere aukera anitzak garatu arren etxekoak izango genituen berriro asmatzaile 5-1-eko azken emaitzarekin itxiaz atalburua.

Porrot honen ostean taulako postu arriskutsuetara erori dira horitxoak eta datorren astean Ebrosala liderrak bisitatuko du Usabalgo polikiroldegia. Erronka zaila bezain interesgarria da 2B maila berrian debuta egin duen Laskorainek aurretik duena, puntu asko dira oraindik jokatu beharrekoak eta jokalariak barruan duten oro emateko asmo bizian izaki, 5 hilabete interesgarri ditugu oraindik aurretik.

Larunbatean Burgosen Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika atezaina, Gil, Joniko, Etxebe, Alonso, Loitzun, Murgi, Telleria eta Aratz izan ziren. Baja izandako Lander, Díez, Ekhi eta Bellosoren berreskurapena lehen bait lehen espero da, taldearen mesedetan beharrezko tresneria guztia prest edukitzeak bidea erraztuko duelako.