2012-02-27

Laskorainek 2-1 galdu zuen Labastida-Atenearen etxean.


Urteak joan eta urteak etorri, ligako partidarik zailenetakoa izaten da Tolosaldeako kirol talde guztientzat inauterien ondorengo norgehiagoka, eta estatistika horiei arrazoia emanaz esku hutsik bueltatu zen ikastolako taldea Arabara egindako txangotik.

Tolosarron egunerokoan parentesia izaten den aste zoroaren ondoren entrenatzeko ia betarik gabe egin behar izan zuten Gasteizerako bidaia Javik gidatutako mutilek. Labastida-Atenea, sailkapeneko postu erosoetan kokatuta egonik, aurkariaren erlaxazio ttiki hori aprobetxatzeko asmotan joan zen puntu premia larrian dagoen talde horitxoa.

Dena den, Titanic, Vasconia secret eta txaranga doinuak laster asko ahaztu zitzaizkien horitxoei 40. segundorako aurreratu baitzen talde Arabarra. Jokaldi zoro baten aldaratzean, Endikaren atea zulatu baitzuen aurkariak areaz kanpoko jaurtiketa batekin.

Markagailuan atzetik izanagatik ordea, Laskorainek ez zuen bururik galdu. Defentsan lanean serio ihardun zuen eta erasoan Murgiren aldrebeskeriak baliatuz Labastida-Atenearen atea estutu zuten. Honela, Iñigok berak aurkari bati izkin egin ostean burututako jaurtiketak Gasteiztarren atea zulatu zuen atsedenaldira banako berdinketarekin iritsiz.

Bigarren zatiaren hasieran ikastolakoak gogotsu ekin zioten lanari eta aukera politak izan zituzten baina aurkarien atezainak bata bestearen atzetik ezereztatu zituen. Bi atezainak protagonista izan ziren 40 minutuetan, euren geldiketekin partidako onenak izan baitziren.

Minutuen aurrera egin ahala ordea, ikastolakoei nekeak erasan zien eta erasoan izandako baloi galera baten ostean etxekoan aurreratu ziren kontraerasoa bikain errematatuz. Gasteiztarren bigarren gola zama handiegia izan zen Laskorainentzat eta atezain jokalaria erabili arren ezin izan zuen punturik eskuratu.

Azkenaldian defentsan izandako hobekuntzak erasoan ere bere fruituak emango dituen itxaropenez bueltatu ziren Gasteiztik Javi delegatua, Aitor eta Javi entrenatzaileak, Endika, Beñat, Gil, Murgi, Joniko, Ekhi, Asier, Xabi, Txiki, Lander eta Aratz jokalariak.

2012-02-22

LASKORAINEK 3-5 GALDU ZUEN CASPE TALDEAREN AURKA


Ihauterietako astearen erdian lehiatzea egokitu zitzaion Laskoraini joan den larunbatean aragoiko Caspe taldearen aurka arratsaldeko 18:00-tan. Etxean jokatu beharreko neurketa izan arren, urtero garai hauetan ematen den moduan Usabalgo gotorlekua itxita aurkitzen dela eta, Ibarrako Belabieta  polikiroldegia izan genuen bi taldeen arteko demaren testigu.
Urteko partidurik garrantzitsuenetakoa bezela izendatu daiteke joan den astekoa, izan ere tolosarrek aspaldiko asteetan faltan botatako garaipena eskuratzeko aldekoak bait ziren Bajo Aragón Casperen aurka ekiteko  agertokian ematen ziren baldintzak. Dena den aurkariak erakutsitako maila horitxoek emandakoarenaren oso gainetikoa izan zen eta porrotak ez du inungo aitzakiarik baimentzen. Hala ere etxekoak partiduan sarturik egon ziren beti ere, azken txirrinak jo artean amorerik eman gabe.
Nagusi azaldu ziren hasieratik kanpotarrak, lehen 10 minutuetan 0-2 aurreratuaz arratsaldeak ilun kolorea hartua zuelarik ordurako. Lehen zatiak ez zuen gehiagorako eman baina bigarrena ez zen modu hobean hasi, 5. minutuan 0-3-koarekin egin ziren Caspekoak. Gilek eginiko bi golek itxaropena piztu zuten ikastolakoengan, 2-3-ko emaitzarekin dena zen posible oraindik. 4 minuturen faltan aragoarren 2-4-koak mina egin arren, atezain jokalariak erabaki behar zuen oraindik atalburuaren bukaera. Aldea murriztea ere lortu zuten etxekoek eta azken segunduetan berdinketaren gola egiteko puntu-puntuan izanagatik 3-5-ekoa erori zen Caspekoen aldean. 
Porrot honekin sailkapenaren azkenaurreko postuan dira Javiren mutilak eta mailari eusteko borrokan jarraitzeko lehiak luze iraungo duenaren itxura du. Etsipenarentzako betarik ez da gelditzen eta  hurrengo geltokia datorren astean Gasteizen izango da Atenea talde historikoaren aurka, denboraldiko azken herena gainean dugu eta neurketen garrantzia geroz eta haundiagoa bihurtzen ari da.  
Zaldunitaren bezperan, burumakur  atera ziren Ibarrako Belabieta polikiroldegitik Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Alonso “coach manager”-a, Endika, Lander, Ekhi, Gil, Telleria, Díez, Etxebe,  Alonso, Murgi eta Aratz  jokalariak. 

2012-02-14

Beste berdinketa bat lortu zuen Laskorainek Zaragozan Confort Coloren aurrean


Azken lau jardunalditan hirugarrengoz berdinketa bat erdietsi zuen Laskorainek kalderero egunean. Siberiar hotz boladaz mozorrotu zaigun inaute atarian Aragoiko hiriburura higitzea egokitu zitzaien ikastolakoei, sailkapeneko zuloan bizi den Confort Coloren kantxara eta banako berdinketa gazigozoarekin itzuli ziren Tolosara zartagiak astintzeko beta nahikoarekin.

Sailkapeneko estutasunek eraginda, horitxoak erreakzioaren ahaleginetan dabiltza aspaldi honetan eta garaipenik ez eskuratu arren azken asteotan ahalegina ez da antzua. Egia berdinketaren puntua opari txiroa dela garaipenaren hiruekin alderatuta, baina taldeak hiru pilatu ditu lau neurketetan –laugarrena ez zen urruti ibili- eta berriro lehiakor ageri da, defentsa lana serioari esker batik bat. Garaipen batekin -ea datorren jardunaldian- emaitza arratxa on batetaz jardungo genuke.

Egia esan, larunbatean Zaragozan, bi taldeak kantxaratu ziren erreakzioaren bila –premiazkoagoak ziren puntuak etxekoentzat izan ere- eta neurketa trabatu bezain orekatua ikusi genuen. Honelakoetan sarri gertatzen den moduan defentsak nagusitu ziren eraso jokoaren aurrean eta gol aukerak oso garesti banatu ziren.

Markagailuan aragoitarrak aurreratu ziren lehen erdiaren ekuadorrean eta giltzarria hortxe egon zen, gol honek ez baitzuen jokoaren bilakaera ezertxo ere aldatu, laskoraindarrek burua hotz lanean serio jarraitu baitzuten defentsa deskuidatu gabe, partida ireki gabe.

Minutu asko izan ziren markagailuan azpitik, minutu asko presaren ibilbidea prezipitazioaren bidezidorrarekin ez dela nahastu behar ulertzeko eta minutu asko antsietatea konzentrazioan eta lanerako konpromezuan bilakatzeko. Horitxoek bikain gainditu zuten test gogor hau eta amaierarako bost minuturen faltan Jonikok behin betiko banakoa sartu zuen, azken minutuko etxekoen atezain jokalariak ere kanbiatuko ez zuena.

Beraz, puntu bat eta ikasgai garrantzitsu batzu gehiagorekin itzuli ziren Tolosara Javi delegatua, Javi BCE, Aitor UE eta Jorge FMI prestatzaile “troika” salbatzailea eta Endika, Telleria, Gil, Murgi, Otxoa, Zubillaga, Txiki, Diez, Etxeberria, Alonso eta Aratz jokalariak.

2012-02-06

Laskorainek 1-1 berdindu zuen Castroren aurka

Berebiziko garrantzia zuen neurketa jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini joan den larunbatean iraganean une gozoagoak bizi izan dituen Castro Urdiales historikoaren gotorlekura eginiko bisitan.

Duela urte batzuk zilarrezko mailako txapeldun eta errege izandako CFS Castro Urdiales errepikaezina oso bestelako uneak bizitzen ari da gaur egun eta gazte jendez osaturiko egitura baten oinarrian 2B mailan bizirik irauteko gatazkan dihardu sailkapeneko azken postuetan. Egoera berdinean dagoen Laskorain batek gauzak beste angelu batetik aztertzen dituen arren, tentsio altuko neurketa planteatu zuen Kantauriko Peru Zaballa polikiroldegian emaitzak erakutsitako banako berdinketak azken helburua lortzekotan oraindik lan asko egin behar denaren mezua utzi duelarik bi taldeengan.
Lehen zatiari errespetu osoz ekin zioten tolosarrek, taktikoki kokapen serioa eskeini, arerioaren azterketa sakon bat egin eta kontraeraso urriek bermaturiko aukerei ahal zen einean etekina ateratzeko asmoan oinarrituz. Aparteko berririk gabe 0-0-eko berdinketarekin joan ziren aldageletara jokalariak.
Bigarren erdian egoerak itzulipurdi bat eman eta etxekoek norgehiagokaren zama eramateko erabakiarekin Endikaren atea estu hartzea lortu zuten minutu luzeetan zehar. Ikastolakoen akatsengatik batzutan eta kantaurikoen meritua zela eta bestetan, etxekoen sareratzea gertu sumatu zen behin eta berriz baina pardiduko azken unerarte atzeratu zen filmearen korapiloa. Jokaldi isolatu batean horitxoen aldeko penalti bat adierazi zuten epaileek eta Telleria zilarrezko beltxargak 0-1-ekoa ipini zuen neurketa amaitzeko minutu baten faltan. Etxekoek berriz bururik makurtu gabe atezain jokalariaren taktika martxan ipiniaz berehala erantzun eta tolosarren atea zulatu ostean 1-1-eko  adostasun erabakiorra ezarri zuten elektronikoan.
Lan ugari egin beharra dago oraindik eta datorren astean “Colo-Colo” azken sailkatuaren etxea bisitatuko dute Javiren mutilek garrantzi haundiko beste talka berri batean. Ezpata eta aukera guztiak zutik daude oraindik eta abagune ona izan daiteke azken asteetako dinamika apurtzeko.
Larunbatean Castron Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Alonso “coach manager”-a, Endika, Mikel Alonso, Telleria, Gil, Murgi, Lander, Belloso, Diez, Joniko eta Aratz izan ziren elastika horiaren izen ona defendatu zutenak.