2012-03-25

Laskorain 4 - 4 Kirol Sport


Neurketa zaila zuen pasa den asteburuan Laskorainek sailkapeneko goi goian dabilen Kirol Sport talde nafarraren aurka. Esperientzia zabaleko entrenatzailearen gidaritzapean denboraldia pasa ahala maila hobetzen joan den taldea bolada bikainean iritsi zen Tolosara.

Ikastolakoek alderantzizko egoera dute sailkapenean eta hiru puntuei etxean eusteak garrantzi izugarria zuen. Xabi Diez eta Asier Etxeberria duo dinamikoaren baja zuen Laskorainek aste honetan.

Norgehiagoka maldan gora hasi zen etxekoentzat, hutsegite eta zorte txarrak bat egindako bi jokalditan 0-2 aurreratu baitziren nafarrak 5. minuturako. Dena den, gutxi iraungo zuen kanpotarren pozak, taldekide guztien animua berpiztu zuen berdinketa lortu baitzuen Laskorainek Telleriak gidatutako bi estrategia jokalditan Ekhi eta Loitzunen bidez.

Haserako minutu zoro hauen ondotik barealdia iritsi eta atsedenaldira bitartean ez zen markagailua mugitu. Atsedenaldian Javi zigortuaren partez Aitor “Tito” Garciaren aginduak barneratu eta bigarren zatiari bikain ekin zion taldeak. Horrela, defentsa lanean lapurtutako baloi baten ondoren egindako kontraerasoan horitxoak aurretik ipini zituen Jonikok.

Markagailuari buelta eman ostean ordea, nafarrak jokoan nagusitzen hasi eta pixkanaka Endikaren atera gerturatzen hasi ziren. Geldikako jokaldi batean lehendabizi eta kontraeraso batean ondoren lortutako golekin berriz ere aurretik ipini zen Kirol Sport.

Minutu gutxi batzuk geratu arren, hainbeste gora behera izandako norgehiagokak emozioz betetako amaiera merezi zuen eta horrelaxe izan zen. Bi minuturen faltan Loitzunek bere arratsaldeko bigarren gola egin zuen partidua berdinduz eta Gilek 6 segundoren faltan egindako jaurtiketa itzelak zutoinarekin topo egin ez balu hiru puntuak etxean geratuko ziren.

Azkenean, talde bakoitzaren fruitua 4 goletakoa izan zen eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten Javi delegatuak, Aitor entrenatzaileak, Endika, Telleria, Gil, Murgi, Lander, Joniko, Ekhi, Belloso, eta Alonso jokalariek. 

2012-03-19

Laskorainek 5-0 galdu zuen Zierbenaren aurka

Joan den astean atsedenaldi jardunaldi batez gozatu ondoren, larunbatean berriro ipini zen martxan areto futbolaren 2B maila eta aspaldian gertatzen ari den legez beste kolpe gogor batekin talkatu zuen tolosako Laskorain ligako azken txapelduna dugun Zierbena boteretsuaren etxera bisita egin ondoren. 5-0-eko emaitza zabalegia izan arren, arerio on baten aurrean makurtu behar izan zuten Javiren mutilek eta datozen jardunaldiei buruz-buru ekitea egokitzen da orain gelditzen diren asteetan.

Aipatu bezela elektronikoak isladatzen duen azken emaitza gogorregi bezela azaltzen da bi taldeek eginiko merituei erreparatu ezkero, izan ere horitxoak lehiakor agertu bait ziren neurketa osoan zehar eta bizkaitarrak estu hartzea ere lortu zuten minutu luzeetan zehar. Lehen zatia oso parekatua izan arren, 1-0-ekoa etxekoen aldera jausi zen tolosarrek defentsan eginiko lan bikaina lehen aldiz gaindituaz.

Bigarren erdian Javiren mutilek berean jarraitu eta eskuzabaltasunez lanean aritu eta gero une batzuetan Zierbenaren ikusmena lausotzea ere lortu zuten, dena den Murphy-ren legeak ez zuen bere txanda pasatzen utzi eta jokaldi eztabaidagarri batean 2-0-ekoa sartu zuten bizkaitarrek. Segidan etorri zen hirugarrena eta gero atezain jokalariaren taktikak fruiturik ematerik ez eta 5-0-eko azken emaitzarekin jo zuen amaierako txirrinak. Argi dago zorteak ere ez duela ikastolakoen etxean oparirik utzi  oraindik aurtengo denboraldian.

Datorren astean Kirol Sport hirugarren sailkatua jasoko du Laskorainek Usabalen  zaila bezain zirraragarria izango den neurketa batean, taldea bizitzen ari den une gogorrak direla eta, zaletuen babesa behar-beharrezkoa izango da hemendik amaierararte gelditzen diren jardunaldi urrietan. Mailari eusteko aukerak guztiz solidoak dira oraindik eta taldeak ez du bere azken hitza esateko asmorik erakutsi.    
Larunbatean Zierbenan Javi delegatua, Alonso “coach-manager”-a, Javi entrenatzailea, Endika atezaina, Telleria, Gil, Lander, Ekhi, Alonso, Belloso, Etxebe, Murgi, Loitzun eta Aratz izan ziren beste behingoz Laskorainen izen ona defendatu zutenak.

2012-03-05

Laskorainek ez zuen aukerarik izan Pinseque liderraren aurka eta 4-8 galdu zuen

Ebrosalarekin batera sailkapenaren buru den Pinsequeren bisita jaso zuen Laskorainek joan den larunbatean. Erronkaren zailtasunaren jakitun, horitxoek bi argudio errepikatzen zituzten itxaropena suspertu nahirik: “Ebrosalak berdinketarekin konformatu behar izan zuen Usabalen” eta “lehen itzulian Pinsequen garaile irten ginen”. Argudio eta itxaropen hauek ordea ez zuten oraingoan gehiegi iraun eta 4-8 erori ziren ikastolakoak.

Lehiaketaren fase aurreratu honetan argi dago jada txapelketa Aragoiko bi talde hauen artean erabakiko dela eta Tolosan ikusitakoaren arabera Zaragoza hiriburura baino hogei minutatara kokatzen den Pinsequera joan daiteke txapela, Ebrosalakoekin alderatuta askoz itxura sendoagoa eta ahaltsuagoa eman baitzuten pinsequetarrek.

Teknika eta fisiko bikaineko jokalariz hornituak baloiarekin bikain agertu ziren nola joko posizionalean nola estratejian, baina are eta bikainagoa izan zen baloirik gabe emaniko erakustaldia. Defentsa oso aurrean, ia kantxa guztian presionatu zituzten horitxoak maisutasunez, baloiaren jabetza eta joko ekimena argi eta garbi monopolizatuaz.

Tolosarrentzat beraz sufrimentu handiko arratsaldea bihurtu zen –sekula ez da gustoko platerra hain nabarmen gainditua izatea-, baina ezin zaie ezertxo ere leporatu eta tokatzen zitzaiena bete zutela aitortu behar da: amore ez eman, lanean eskuzabal jarraitu eta azken uneraino saiatu, modu batera ez bada bestera.

Neurketaren kontakizuna labur egin daiteke: kolore bakarreko lehen zatia, azken segunduan jasotako gol baten ondorioz 0-3 aldageletara, Villanuevak zozketatutako ardo sortak ere gozatu ez zuen atsedenaldi mikatza eta gol askoko bigarren zatia horitxoek atezain jokalari atera ostean. Azpimarratu hori bai golegile laskoraindarrak Gil eta Murgi, Murgi eta Gil izan zirela, bina golekin bakoitza.

Laskoraindarrak azken aurren jarraitzen dute sailkapenean eta postu bat aurreratu beharra daukate nola edo hala. Zazpi jardunaldi gelditzen dira horretarako, zazpi jardunaldi buru-belarri zain eta muin egiteko lan azkeneraino.

Usabalen sufritzaile izan ziren Javi delegatua, Javi, Aitor eta Jorge prestatzaile troika eta Endika, Telleria, Murgi, Loitzun, Lander –haserako bostekoa-, Gil, Joniko, Etxebe, Ekhi, Txiki eta Aratz jokalariak.