Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorain 4 - 4 Kirol Sport


Neurketa zaila zuen pasa den asteburuan Laskorainek sailkapeneko goi goian dabilen Kirol Sport talde nafarraren aurka. Esperientzia zabaleko entrenatzailearen gidaritzapean denboraldia pasa ahala maila hobetzen joan den taldea bolada bikainean iritsi zen Tolosara.

Ikastolakoek alderantzizko egoera dute sailkapenean eta hiru puntuei etxean eusteak garrantzi izugarria zuen. Xabi Diez eta Asier Etxeberria duo dinamikoaren baja zuen Laskorainek aste honetan.

Norgehiagoka maldan gora hasi zen etxekoentzat, hutsegite eta zorte txarrak bat egindako bi jokalditan 0-2 aurreratu baitziren nafarrak 5. minuturako. Dena den, gutxi iraungo zuen kanpotarren pozak, taldekide guztien animua berpiztu zuen berdinketa lortu baitzuen Laskorainek Telleriak gidatutako bi estrategia jokalditan Ekhi eta Loitzunen bidez.

Haserako minutu zoro hauen ondotik barealdia iritsi eta atsedenaldira bitartean ez zen markagailua mugitu. Atsedenaldian Javi zigortuaren partez Aitor “Tito” Garciaren aginduak barneratu eta bigarren zatiari bikain ekin zion taldeak. Horrela, defentsa lanean lapurtutako baloi baten ondoren egindako kontraerasoan horitxoak aurretik ipini zituen Jonikok.

Markagailuari buelta eman ostean ordea, nafarrak jokoan nagusitzen hasi eta pixkanaka Endikaren atera gerturatzen hasi ziren. Geldikako jokaldi batean lehendabizi eta kontraeraso batean ondoren lortutako golekin berriz ere aurretik ipini zen Kirol Sport.

Minutu gutxi batzuk geratu arren, hainbeste gora behera izandako norgehiagokak emozioz betetako amaiera merezi zuen eta horrelaxe izan zen. Bi minuturen faltan Loitzunek bere arratsaldeko bigarren gola egin zuen partidua berdinduz eta Gilek 6 segundoren faltan egindako jaurtiketa itzelak zutoinarekin topo egin ez balu hiru puntuak etxean geratuko ziren.

Azkenean, talde bakoitzaren fruitua 4 goletakoa izan zen eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten Javi delegatuak, Aitor entrenatzaileak, Endika, Telleria, Gil, Murgi, Lander, Joniko, Ekhi, Belloso, eta Alonso jokalariek. 

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]