Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorain esku hutsik bueltatu zen Aragoitik


Denboraldia amaitzeko azken txanpa geratzen den honetan, AlcaƱizera joan behar izan zuen ikastolako taldeak, herriaren izen bereko taldearen aurka indarrak neurtzera. Errege kopako sailkapena ematen duen 3. postuaren borrokan ari den AlcaƱizi aurre egiteko Endika atezaina eta Landerren bajak izan zituen Laskorainek.

Neurketak hasiera polita izan zuen ikastolakoentzat, lehen minuturako aurreratu baitzen taldea. Jonikok aurkarien erasoa moztu, ziztu bizian kantxa zeharkatu eta atezainaren hanka artetik baloia sareratuz gol ederra sartu zuen.

Markagailuan aurrea hartu eta defentsako lan bikaina eginez eroso aritu zen Laskorain lehen zati osoan, are eta gehiago, Jonikok bere bigarrena egindakoan.

Atsedenaldiak ordea, erabat lokartu zituen horitxoak eta bigarren zatian etxekoak izan ziren nagusi. Urruneko jaurtiketa eder baten ondotik aldeak murriztea lortu zuen AlcaƱizek eta segidan iritsiko ziren markagailuari erabateko itzulipurdia emango zioten beste hirurak.

Atsedenaldian maldan behera ikusten zen norgehiagoka oso aldapatsu bilakatu zen istant batean eta atezain jokalaria erabiltzea beste erremediorik ez zuen izan taldeak. Denboraldi aparta egiten ari den Etxeberriak horitxoen gol bat egitea lortu bazuen ere aurkariak ez zuen barkatu eta aldea areagotuz joan zen azken 7-3ko emaitza sinatu arte.

Egoera oso zaila den arren, matematikak aurkakoa esaten ez duten bitartean Gipuzkoako talderik onenak dauden ligari eusten saiatuko dira ikastolakoak. Horretarako ezinbestekoa da aste honetan Burgosen aurka Ibarran jokatuko den norgehiagokan hiru puntuak lortzea.

Datorren partida garrantzitsu hori buruan bueltatu ziren inoizko kilometro pilarik handiena eginda Javi delegatua, Aitor eta Javi entrenatzaileak, Aratz, Gil, Murgi, Joniko, Loitzun, Telleria, Belloso, Ekhi, Etxebe eta Saralegi jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]