2012-05-07

Laskorain 2.B Mailatik Hirugarren Mailara jeitsiko da Zaragozan galdu ondoren

2011-2012 denboraldiko azken jardunaldiaren neurketa Zaragozan jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini talde batek izan dezakeen egoerarik zailenean gainera, hil ala biziko gatazka, sailkapeneko liderraren aurka, jeitsiera zein txapeldunaren postuak jokoan eta etxetik kanpo jendez betetako harmaila batzuen aurrean. Garaipena lortzearen jomuga nekezak soilik libratu zitzakeen horitxoak erreketaren postuetatik eta datu guzti hauen jakitun izanik igo ziren autobusera Javiren mutilak.

Neurketak ez zuen aparteko misteriorik izan, Ebrosala lider boteretsuak erraz menderatu zituen horitxoak 9-0-eko emaitza zabal bat eskuratuaz lehen minututik azkenengoraino nagusitasun osoz eskuperatutako norgehiagokan. Tom Cruise berberak sinatuko lukeen “Misión imposible” filma bat egiteko aukera legoke tolosarrek buruz buru topaturiko erronkaren parean eta azkenean zaragozakoen logika ekonomikoa gailendu zen  azken sailkapenak erakutsitako bi taldeen arteko aldeari muzinik egin gabe.
Lehen zatia 3-0 amaitu zen hasiera batean atzean sendo aritzeko asmotan kantxaratutako ikastolakoen estrategia deslotzea erdietsi zutelarik aragoarrek, bigarren erdiaren gidoiak ez zuen aldaketa nabarmenik jasan eta gainontzeko golak banan-bana erori ziren denbora aurrera joan ahala. Azken 10 minutuetan Javiren mutilek atezain jokalariaren taktikarekin azken ahalegina saiatu arren 9-0-eko azken emaitzak Ebrosala aragoarra 2.B mailako txapeldun haundia bezela izendatu zuen eta Laskorain berriz 3. mailako talde berria izango da.
Denboraldiari amaiera emateko modu alaiena ez den arren, ezin aipatzeke utzi urte osoan zehar  horitxoek erakutsitako borroka izpiritua, horren adibide gardena bait da azken jardunaldirarte bururik makurtu gabe oilarrez beteriko maila batean aritu izanaren errealitatea.

Kronika honetan eskerrak eman nahi zaizkie denboraldi osoan zehar taldea sostengatu duten zaletu ugariei, Usabalgo harmailetan bizitako giroa nekez ahaztuko bait da eta datorren urtean Laskorain areto futbolaren toki naturala den hirugarren mailan betidanikoen pareko arratsalde magikoak eskeintzen saiatuko da kluba beste urtebetez.
Larunbatean Zaragozan Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Aratz, Gil, Murgi, Joniko, Ekhi, Balerdi, Loitzun, Belloso, Etxebe eta Saralegi izan ziren.

2012-05-02

Laskorainek 3-2 irabazi zion Burgosi eta bizirik iristen da azken jardunaldira

Zirraraz beteriko garaipena erdietsi zuen Laskorainek denboraldi honetan etxean lehiatzen zuen atzeneko neurketan. Gipuzkoa Encounter 6ren eraginez ikastolakoek Ibarrako Belabietan jaso zuten Burgosen bisita eta majo izerdituta izan bazen ere 3-2 menperatu zituzten gaztelarrak.

Partidak berebiziko garrantzia zuen tolosarrentzat, garaipena ez zen beste edozein emaitzak sailkapenean azkenaurreko postuan gelditzea suposatzen baitzuen eta garaipenak aldiz, Castroren emaitzaren baimenarekin hori bai, postu bat aurreratzeko itxaropenari eustea.

Horitxoek beraz kementsu ekin zioten norgehiagokari eta jaun eta jabe izan genituen lehen zati guztian zehar. Beraiena izan zen baloia eta ekimena, beraienak gol aukera argienak eta beraiena gol bakarra. Gil errekaitzak sartu zuen, Landerrek bandan eginiko “behiaren buztana” baliatuaz.

Aldageletatik bueltan ordea burgostarrek jarrera proaktiboagoa azaldu zuten jokoa parekatuaz. Honela bigarren erdiaren ezaugarririk nagusiena markagailuan izaniko emozioa bilakatu zen. Adi partidaren hondarrean jazotakoaren kontakizunari.

Banakoarekin markagailaun, azken minutuan sartzerakoan, Otxoak laskoraindarrak bigarrengoz aurreratu zituen kontraeraso bizkorrean. Baina bisitariek ez zuten amore eman nahi eta atezain jokalariarekin 35 segunduren faltan berdinketa ipini zuten berriro horitxoen etsipenerako.

Beste behin garaipenak atzeko atetik egingo zuela ihes zirudien, baina 35 segundu horietan denboraldian estrainekoz zorteak elastiko horia jantzi zuen.

Gaztelarrek 2-3ko argia erratu zuten eta hurrengo jokaldian 4 segunduren faltan horitxoek area ertzean falta bat lortu. Telleriak arima guztiarekin hautsi zuen baloia, barrera eta atezaina doi doi zeharkatuaz eta defentsa bat gol marratik baloia urruntzera zihoanean Gil TDIk errematatu zuen gola amets horitxoa bizirik utziaz.

Orain, are eta zailagoa gelditzen da, txapela jokoan duen Ebrosala lider zaragozarraren kantxan irabaztea eta Castrok bere partida ez irabaztea. Kirol ikuspegitik mirari bat dirudi, baina Jon Lizasok erakutsi zizkigun matematikak gogoratuaz 2/9ko aukerak daude, %22koak. Belabietako partidan amaierarako 4 segundu falta zirenean portzentai hau %0 zen.

Larunbat euritsuan eguzkia irten zen Javi delegaduarentzat, Jorge eta Aitor prestatzaileentzat eta saralegi (ikusgarria atezain jubenilaren partida), Telleria, Gil, Lander, Otxoa, Murgi, Alonso, Txiki, Etxeberria eta Aratz jokalarientzat.