2012-10-30

Laskorainek 3-3 berdindu zuen Mallabiaren aurka

Ikastolako taldeak puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen pasa den igande arratsean Mallabian jokatutako norgehiagokan. Laskorainek  inoiz bisitatu gabeko Zaldibarko udal kiroldegian partida eroa lehiatu zuten bi taldeek eta 40 minutu aldrebesen ondoren 3na goleko berdinketa sinatu zuten.

Etxeko taldeak oso indartsu hasi zuen norgehiagoka, buruz buruko defentsa itogarriarekin horitxoak ustekabean harrapatu nahian. Aitorrek gidatutako mutilak ez ziren kikildu ordea eta pase luzeak eginez aurkariaren defentsa  gainditzea lortu zuten, jarraian izandako aukeretan erabat kamuts ibili arren.
Aurkariaren erritmo zoro eta bizia kontrolatu eta baloiaren jabe egiten saiatu arren horitxoak etxekoen jokoarekin kutsatu eta horrela joan ziren lehen 20 minutuak.  Gol aukera argienak Laskorainen aldekoak izan arren etxekoak izan ziren Endikaren atea zulatzen asmatu zuten bakarrak, atsedenaldira 1-0 ailegatuz.
Bigarren zatian aurkariak fisikoki behera egin arren , partidak kontrolik gabe jarraitu zuen eta etxekoek falta baten ondotik egindako 2. golak maldan gora ipini zuen arratsaldeko zeregina. Momentu horretan baina, Laskoraini mesede egin zion partidaren dinamikak, gol aukerak ugariak baitziren eta Gilek egindako lehenengoari, Ekhiren bigarrenak eta Telleriaren hirugarrenak jarraitu zioten markagailuari itzulipurdi polita emanez 5 minuturen faltan.
Pozak gutxi iraun zuen ordea bisitaren aulkian, area barneko nahastera gogor ateratako alboko sake batek ate barrurako bidea hartu baitzuen inor konturatzeko.  Atezain jokalariarekin egindako azken ahaleginak ez zuen fruiturik eman eta 3nako berdinketarekin zirenean jo zuen azken txistua epaileak.
Huts egindako hamaika aukerak gogoan zituztela itzuli ziren etxera elastiko horitxoa defendatzera joandako Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Telleria, Joniko, Etxebe, Gil, Murgi, Lander, Alonso, Eñaut, Txiki eta Aratz jokalariak.
Oinarriko taldeen emaitzak:
Probintzial 1.Maila: Ventanas ISU Leihiak 5 - 2 Bide Bide Laskorain (DV-ko kronika: http://www.diariovasco.com/v/20121026/comarca/ventanas-recupero-ayer-parte-20121026.html)
Probintzial 2. Maila: Laskorain 5 - 3 Gure Txokoa
Jubenilak: Laskorain 3 - 0 Inter Intxaurrondo
Kadeteak: Goierri 1 - 3 Laskorain
Infantilak: Goierri "A" 0 - 18 Laskorain

2012-10-26

J06. Atarikoa. Mallabia - Laskorain Ikastola

Ezer gutxi dakigu talde bizkaitarrari buruz izan ere duela bi urte Laskorainek egin bezela maila igoera lortu bai zuen eta bigarren sasoi honetan izango dute bi taldeek elkar lehiatzeko estreineko aukera.

Bere partidak Zaldibarko Udal Kiroldegian jokatzen ditu eta, iazko datuak erreferentzia bezela hartuta, esan dezakegu gol askokoak izan ohi direla. Sailkapenean erdi parean kokatu zen 2011/2012 sasoian eta etxean oinarritzen du bere puntu pilaketa nagusia. Aurten garaipen bakarra du (3 puntukin azkenaurrenarekin berdintuta dago) eta, lehen aipatu bezela, gol asko egin eta jaso ditu. Hain zuzen ere, gol gehien jaso duena da (31), aldiz horitxoek baina 7 gol gehiago lortu ditu (23).

Partidua tolosarrentzat ez ohizko orduan jokatuko da igandean Zaldibarko Udal Kiroldegian 17:00tatik aurrera.

Nahi duenarentzat, autobusa 14:15ean irtengo da Usabaldik.

Oinarriko taldeen ordutegiak:

Probintzial 1.Maila: Ventanas ISU Leihoak 5 - 2 Bide Bide Laskorain (ostegunean jokatua).
Probintzial 2.Maila: Laskorain 5 - 3 Gure Txokoa (asteazkenean jokatua).
Jubenilak: Laskorain - Inter Intxaurrondo, Usabal, larunbata 10:30ean.
Kadeteak: Goierri - Laskorain, Aldiri (Urretxu), larunbata 09:30ean.
Infantilak: Goierri A - Laskorain, Ispilla (Zumarraga), larunbata 09:15ean.

2012-10-22

Laskorainek 1-3 galdu zuen Ibarraren aurkako derbia

Eskualdeko areto futbolaren zaletuek parerik gabeko festaz gozatu ahal izan zuten joan den larunbatean Usabalgo polikiroldegian, izan ere denbora luzean zehar klub sendo moduan azalduz lanean aritu diren Laskorain eta Ibarra erreferenteek aurrez-aurre neurtu bait zituzten beren indarrak leporaino beteriko harmailetako zalegoaren aurrean.

Neurketaren atarian Laskorainen sustrai eta enborraren parte diren Barriola jokalari ohia eta Alonso eta Javientrenatzaile ohiak omendu zituen ikastolak esker onez, nolako zuretik jasotzen bait da halako ezpala gehienetan eta horitxoen egungo osasun onaren errudun zuzenak ditugu aipatutako izenak. Alonso gainera, aulkitxoan izan genuen zuzendari lanetan Aitorren baja beteaz azken orduko premiak zirela eta.
Lehen zatia ez zen batere ondo hasi etxekoentzat, berehala egin zuen Ibarrak bere lehen gola eta 8. minuturako elektronikoak 0-2-ko kezkagarri batekin isladatzen zuen talde bizilagunaren ordurarteko nagusitasuna. Erdipurdiko lehen zatia apaintzea erabaki zuen Gilek 10 segunduren faltan marraztutako kontraeraso bati bukaera emanaz eta atsedenaldian 1-2-koarekin erretiratu ziren jokalariak aldageletara. Oraindik ere dena erabakitzeke.

Bigarren erdian horitxoen itxura nabarmenki hobetu eta berdinketaren gola miazkatu zen sarritan, hala ere, ate aurrean asmatu ez izanak aurkariaren kontra egin beharreko ahalegin nekezari, kronometroaren zama gehitu zion eta bi minuturen faltan oraindik partiduaren ugazaba jakiteke izaki, atezain jokalariaren taktika ipini zuten martxan tolosarrek. Horrela etorri zen 1-3-ko erabakigarria minutu exkax gelditzen zenean amaierarako.
Oraingoan punturik batu ez arren, lider sendo baten parean emandako itxurarekin gustora izan behar lukete laskoraindarrek bederen eta datorren astean Mallabiaren kontra izango den norgehiagokan pentsatu beharra dago sailkapeneko gorako postuak gehiegi urrundu ez daitezen.

Larunbatean, giro jatorrean eta hamarkadetan zehar eginiko lan mardularen erakusgarri, tolosaldeako areto futbolaren festa bizi ahal izan zen bi talde bikain hauen eskutik, eta elastika horia defendatu zutenak Javi delegatua, Alonso “coach manager”-a,Endika, Gil, Lander, Murgi, Telleria, Belloso, Joniko, Ekhi, Eñaut, Mikel Alonso, Etxebe eta Aratz izan ziren.
Oinarriko taldeen emaitzak:

Probintzial 1.Maila: Bide Bide Laskorain 6 - 2 Euskalduna
Probintzial 2.Maila: Egintza 3 - 4 Laskorain
Jubenilak: Summa Aldapeta MCM 0 - 5 Laskorain
Kadeteak: Laskorain 0 - 1 Egintza
Infantilak: Laskorain 6 - 7 Debabarrena

2012-10-18

J05. Atarikoa. Laskorain Ikastola - Ibarra F.S.

Laskorainek Ibarra bizilagunaren aurka jokatuko du larunbat honetan arratsaldeko 18:00tan Usabalgo kiroldegian eskualdeko areto futbolak zalegoari oparituko dion derbi zirraragarri batean. Ibarra Hirugarren Mailako behin behineko sailkatua da eta erronka benetan zaila agertzen zaie Aitorren mutilei.

Dena den, azken bi asteetan erreskan lorturiko bi garaipenek taldea indarberritu dute eta klubaren bizitza laboral errespetagarrian zehar idatzi diren urrezko orrialde ugariei beste atsekipen berri bat noiz egingo zain dira ikastolakoak.

Zaletuei deialdi zabal bat egiten zaie lerro hauen bitartez taldea sustengatu dezaten giro jatorrean lehiatuko den neurketa bikain bat espero den honetan.

Partidua hasi aurretik, merezitako omenaldia egingo zaie Javi Mujika eta Jorge Alonso entrenatzaile ohiei eta Unai Barriola jokalari ohiari.

Bestalde, oinarriko taldeek honako ordutegiak izango dituzte:
Probintzial 1.Maila: Bide Bide Laskorain - Euskalduna, Usabal (2), larunbata 16:00tan.
Probintzial 2.Maila: Egintza - Laskorain, Olaederra (Billabona), ostirala 20:30ean.
Jubenilak: Summa Aldapeta MCM - Laskorain, Marianistas (Donostia), igandea 12:00tan.
Kadeteak: Laskorain - Egintza, Usabal, larunbata 09:30ean.
Infantilak: Laskorain - Debabarrena, Usabal, larunbata 10:30ean.

2012-10-15

Laskorainek 1-6 irabazi zion Santurtziko San Jorgeri

Lehendabiziko bi jardunaldietan bi porrotetako uzta pozoitsua bilduta, bwin eta euskaljokoan sortuak ziren jada Aitor Garcia entrenatzaile horitxoak eguberritako turroia dastatuko ez zuenaren apostuak; baina apostulari arduragabe horiek mozkinik gabe eta galera larriekin gelditzeko bidean dira, erreskatea erregutuaz amaitzeko bidean, Aitorrek gidatutako mutilek hirugarren eta laugarren jardunaldietan bi garaipen lortu baidituzte erreskan. Bigarrena hispanitate egunean lortu zuten Santurtzin San Jorge taldea 1-6 nagusitasunez menperatuaz.

Neurketa oso parekatua suertatu zen minutu luzez. Bi taldeak ausart zelairatu ziren, joko ekimenaren bila eta kantxa erdian intentsitatearekin defendituaz -banaka etxekoak, zonan bisitariak-, eta indarrak parekatuta izan ziren ia lehen zati guztuan. Atsedenaren aurretik baina, bi jokaldi solteetan horitxoek bi gol sartu zituzten, psikolojiko horietakoak, golegile sasoi bete-betean diren Eñaut eta Etxebe izan genituelarik. Eñautek Landerren "behiaren buztana" bat baliatu zuen eta Etxebek area kanpoko jaurtiketa bat.

Markagailua ondo bideratuta, berragerpenean segituan erabaki zuten partida laskoraindarrek. Telleriak eta berriro Etxebek gol bana sinatu zuten lehen minutu horietan eta 0-4koa zama handiegia bihurtu zen Nerbioi ezkerraldekoentzat. Azken 10 minutuetan atezain jokalaria kantxaratu zuten erreakzioa jomuga, baina ez zuen esperotako onurarik ekarri; bere abiadura ustiatzeko espazioak maite dituen Jonikok bi gol sartu baitzituen etxekoen gol bakarra gailenduaz. 1-6 azkenean.

Azpimarratu Santurtzin Laskorainek hiru baja garrantzitsu izan zituela -ez ziren bertan izan Gil kapitaina, Zubillaga eta Alonso-, eta honek harrobiko jokalari gazteei protagonismorako parada estimagarria eskaini ziela, Aratz atezainak lehen zatia jokatu zuelarik, golik jaso gabe, eta aipatu Eñautek eta baita Beñat Balerdi zierreak ere, minutu askotaz gozatu zutelarik. Hirurek maila ederra eman zuten.

Hiru puntuak eta turroi zati bat zakuan, oso gustora egin zuten Tolosarako itzulera bidaia Aduriz fitipaldiren autobusean, Javi delegatuak, Aitor entrenatzaileak eta Aratz, Telleria, Balerdi, Murgi -Gil ez zegoelako kapitaina-, Lander, Txiki, Etxebe, Joniko, Eñaut eta Endika jokalariek.

2012-10-08

Laskorainek 4-1 gainditu zuen Gernikako Gora F.S. taldea

Ligako lehen bi jardunaldien ostean sailkapenean punturik ez izateak sor lezakeen bertigoak alde batera utzi eta zaleen aurrean lehen garaipena eskuratzeko sinesmen osoarekin agertu ziren larunbat arratsaldean ikastolako jokalariak Usabalera. Etxekoen egoera berean zegoen Gernikako Gora taldea zuten aurkari eta partida oso txukun bat jokatu ostean 4-1 nagusitu zen Laskorain.

Partidako lehen minututik nagusi izan zen ikastolako taldea, Aitorrek zuzendutako mutilen zonakako defentsak baloi ugari lapurtzeko aukera eman zien etxekoei eta presio lerroa aurreratutakoan ere, aurkariak ezin baloia jokatuta atera eta taldekiderik bilatzen ez zuten pase luzeetara jo behar izan zuen.
Defentsan egindako lan onaren ondorio izan ziren lehen zatian lortutako hiru golak, lehenengoa Etxebek sareratu zuen, berak lapurtutako baloi bat jaurtiketa eraginkor batekin borobildu ostean. Beste bi sareratzeak Jonikok gauzatu zituen, kantxa erdian bereganatutako bi baloi zein baino zein jokaldi politagorekin errematatuz.
Atsedenaldian Bikutz tabernak eskainitako saskiaren zozketa ondorenean ere partidak bere horretan jarraitu zuen. Gernikarren intentsitateak behera egin zuenean aukera garbiak eta ugari izan zituen Laskorainek aldea areagotzeko, atezainaren lan ona eta jokalari horitxoen kontzentrazio faltak ordea markagailua bere horretan mantendu zuten.
Etxekoentzako arrisku bakarra bigarren zatian pilatutako falta ugarien ondotik iritsi zen, inozoki egindako hanka-sartzeen ondorioz 10 metrotako bi jaurtiketa izan baitzituzten aurkariek. Dena den, Endika seguru aritu zen bi jaurtiketetan eta denboraldi hasera honetako zirrara bilakatu den Eñautek 4. gola egindakoan partida erabakita geratu zen.
Norgehiagokaren azken hondarrean aurkariak egindako golak 4-1 emaitzarekin itxi zuen, 3 puntuak eskuratzeaz gain, pasa den denboralditik zetorren dinamika txarra eten eta konfiantza berreskuratzeko balio behar duen partida hau.
Gustura irten ziren larunbatean Usabalera gerturatutako zale guztiak, lehen taldearen garaipenaz gain harrobiko beste bi taldeek ere aurrera atea baitzituzten euren partidak. Bitik bina garaipenekin sailkapenaren puntan dira harrobiko bi taldeak.

2012-10-01

Laskorainek 5-2 galdu zuen Zarautzen denboraldiko bigarren jardunaldian

Garrantzitsua bezain zaila zen norgehiagoka bati aurre egitea egokitzen zitzaion Laskoraini joan den larunbatean Zarautzen 2012-2013 denboraldiko bigarren jardunaldiaren atarian leku izandako derbi zirraragarri batean. Aurrera de Vitoria-ren aurka kale egin izanak Aitorren mutilek jasan beharreko presioa biderkatzen zuen, era berean eta pasa diren asteetan aipatu legez Laskorainen helburu nagusia 3. mailako talde indartsuenetarikoa bezela azaltzea bait da aurtengoan.

Lehen zati txukuna bete zuten horitxoek, 1-0 galtzen hasi arren Joniko eta Vazquez gazteek markagailua irauli eta seriotasunez osaturiko 20 minutuetan zehar 1-2-ko abantailarekin amaitzea lortu zen. Erabakiorra ez, baina itxaropenez beteriko emaitzari jarraipena eman behar zitzaion oraindik ondo oztopatutako bigarren zati batean.
Gauzak guztiz okertu ziren tolosarren kalterako, sortu ziren bai markagailuaren aldea areagotzeko abaguneak baina kostakoak izango ziren asmatzaile eta 2-2-ko berdinketa mingarriak arratsaldea kolore ilunez margotzen hasia zuen ordurako.  Laskoraindar batek txartel gorria ikusi eta jokalari bat gutxiagorekin zarauztarrek 3-2-koa egingo zuten jarraiean. Atezain jokalariarekin 4 minuturen faltan egindako azken ahaleginak ez zuen fruiturik eman eta bi gol gehiago jaso ondoren, azkena txirrinaren mugan, 5-2-ko emaitzarekin jeitsi zen ohiala.

Ezustekoa da bi jardunaldiren ondoren punturik lortu ez izana oraindik eta lehen bait lehen berpiztu behar lukete Aitorren mutilek sailkapenaren ohorezko postuen borrokarengandik gehiegi urrundu nahi ez izatekotan.
Datu positibo gisa, Vazquez gazteak gorako taldearekin eginiko lehen gola aipatu behar, minutu bikainak betetzen ari den gazte honek harrobiaren lan aparta isladatzen du beste behingoz eta segurua da ez dela bere azken sareratzea izango.

Datorren astean Gora C.D.-ren bisita jasoko dute ikastolakoek Usabalen. Dinamika negatibo honi amaiera emateko ordua delakoan daude taldekide guztiak eta aste lanpetsu honen jarraiean lehen garaipena zenbatzeko irrikitan.
Larunbatean Zarautzen Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Telleria, Lander, Belloso, Joniko, Vazquez, Gil, Alonso, Etxebe, Ekhi eta Aratz izan ziren.