2012-10-30

Laskorainek 3-3 berdindu zuen Mallabiaren aurka

Ikastolako taldeak puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen pasa den igande arratsean Mallabian jokatutako norgehiagokan. Laskorainek  inoiz bisitatu gabeko Zaldibarko udal kiroldegian partida eroa lehiatu zuten bi taldeek eta 40 minutu aldrebesen ondoren 3na goleko berdinketa sinatu zuten.

Etxeko taldeak oso indartsu hasi zuen norgehiagoka, buruz buruko defentsa itogarriarekin horitxoak ustekabean harrapatu nahian. Aitorrek gidatutako mutilak ez ziren kikildu ordea eta pase luzeak eginez aurkariaren defentsa  gainditzea lortu zuten, jarraian izandako aukeretan erabat kamuts ibili arren.
Aurkariaren erritmo zoro eta bizia kontrolatu eta baloiaren jabe egiten saiatu arren horitxoak etxekoen jokoarekin kutsatu eta horrela joan ziren lehen 20 minutuak.  Gol aukera argienak Laskorainen aldekoak izan arren etxekoak izan ziren Endikaren atea zulatzen asmatu zuten bakarrak, atsedenaldira 1-0 ailegatuz.
Bigarren zatian aurkariak fisikoki behera egin arren , partidak kontrolik gabe jarraitu zuen eta etxekoek falta baten ondotik egindako 2. golak maldan gora ipini zuen arratsaldeko zeregina. Momentu horretan baina, Laskoraini mesede egin zion partidaren dinamikak, gol aukerak ugariak baitziren eta Gilek egindako lehenengoari, Ekhiren bigarrenak eta Telleriaren hirugarrenak jarraitu zioten markagailuari itzulipurdi polita emanez 5 minuturen faltan.
Pozak gutxi iraun zuen ordea bisitaren aulkian, area barneko nahastera gogor ateratako alboko sake batek ate barrurako bidea hartu baitzuen inor konturatzeko.  Atezain jokalariarekin egindako azken ahaleginak ez zuen fruiturik eman eta 3nako berdinketarekin zirenean jo zuen azken txistua epaileak.
Huts egindako hamaika aukerak gogoan zituztela itzuli ziren etxera elastiko horitxoa defendatzera joandako Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Telleria, Joniko, Etxebe, Gil, Murgi, Lander, Alonso, Eñaut, Txiki eta Aratz jokalariak.
Oinarriko taldeen emaitzak:
Probintzial 1.Maila: Ventanas ISU Leihiak 5 - 2 Bide Bide Laskorain (DV-ko kronika: http://www.diariovasco.com/v/20121026/comarca/ventanas-recupero-ayer-parte-20121026.html)
Probintzial 2. Maila: Laskorain 5 - 3 Gure Txokoa
Jubenilak: Laskorain 3 - 0 Inter Intxaurrondo
Kadeteak: Goierri 1 - 3 Laskorain
Infantilak: Goierri "A" 0 - 18 Laskorain

No hay comentarios: