2012-11-30

J11. Atarikoa. Tecuni Bilbo - Laskorain Ikastola

Irteera gogorrenetariko bati ekin beharko dio Laskorainek asteburu honetan, Deustoko Kiroldegian Tecuni Bilbo talde indartsua izango bai du parez pare. Aurreko asteburuan lortutako garaipenari esker, bigarren postura igo dira bilbotarrak eta etxetik kanpo lortutakoari jarraipena eman nahi diote.

Tolosarrak aldiz, Bilbori etxean puntuak lortzea gehiago kostatzen ari zaiola jakinda (etxean jasan dituzte orain arteko bi porrotak), behingoz gora begira jarri diezaieken garaipenaren bila doaz.

Azken orduko bajarik egon ezean, Aitorrek jokalari guztiak izango ditu deialdirako prest. Etxebek bigarren (eta azken) partiduko zigorra beteko du.

Taldearekin bidaiatu nahi duenarentzat, jakin dezala, autobusa 15:00tan irtengo dela Usabaldik.

Oinarriko taldeen ordutegiak:

Probintzial 1. Maila: Bide Bide Laskorain - Aretxabaleta, Usabal, ostirala 20:30ean.
Probintzial 2. Maila: Laskorain - Irudek Jamai Barrantol (atzeratua).
Jubenila: Goierri - Laskorain, Aldiri (Urretxu), larunbata 12:30ean.
Kadetea: Laskorain - Arizmendi Eskoriatza, Usabal, larunbata 09:30ean.
Infantila: Tehe English School Inter - Laskorain, Mons (Donostia), larunbata 10:30ean.

2012-11-28

Laskorainek 4-4 berdindu du Hirukide Tolosalaren aurka

Beste behingoz eta eskualdeko areto futbolak bizi duen osasun onaren seinale, txantxarako lekurik lagatzen ez duen Hirugarren mailak aurten eskainiko dituen derbi anitzen arteko beste aurrez-aurreko talka bat baimendu zuen joan den larunbatean Usabalgo kiroldegian Laskorain K.E. eta Tolosala Hirukide taldeen eskutik.

Hirukidekoak sekulako denboraldia betetzen ari dira eta sailkapeneko bigarren postuan zirelarik eman zioten hasiera neurketari, Aitorren mutilen bidean kolore eta forma guztietako zailtasunak aurkituko zirenaren ziurtasuna bermaturik zegoen eta kontzentrazioz beterik ekin ezean, porrota jasotzeko aukerak erabatekoak izango ziren.

Lehen minutuen jabetza Tolosalakoena izan zen ezbairik gabe, baina Endikaren geldituek markagailua berean mantendu zuten eta filialeko Zumetak birritan asmatu ostean 2-0 aurreratu ziren etxekoak estreinako sentsazioei itzulipurdia emanaz. Aurkariak aldea murriztu arren Alonsoren sareratzeak 3-1ekoa ipini zuen elektronikoan, baina atsedenaldiaren aurretik berriro estutu zen markagailua, aldageletarako bidean 3-2ko zirraragarri batek aukera guztiak airean mantentzen zituelarik oraindik ere.

Bigarren zatian Hirukidekoek beste martxa bat sartu eta bi golekin balantza 3-4koraino kontrako alderantz desorekatu ondoren, azken asteetako mamuak suspertzeko osagarri guztiak azaldu ziren berriro. Dena den, Bellosok ezarriko zuen 4-4koa etxekoek ondo eramandako kontraeraso bati bukaera emanaz. Hurrengo minutuek abagune ugari eskaini zituzten, eta horitxoek atezain jokalariarekin ere saiakeraren bat edo beste egin arren, emaitzak zurrun iraun zuen amaiera arte.

Etxebe eta Jonikoren baja garrantzitsuak jasanagatik ere, maila ona ematen jakin zuen Laskorainek bere zaletuen aurrean, beste behingoz bigarren taldean isiltasunez eginiko lan paregabea bere fruituak loratzen ari da eta horren erakusgarria da bai Zumeta eta bai Vazquezek azalduriko maila.

Datorren astean Bilbora bidaiatu beharko dute ikastolakoek Bilbo C.F.S.-ren aurka jokatzeko, denboraldi bikaina betetzen ari dira bizkaitarrak eta saihestu beharreko oztopo korapilatsua izango da ezbairik gabe.

Larunbatean, Usabalen, Laskorain taldearen aldetik, Javi delegatua, Javi coach manager-a, Aitor entrenatzailea, Endika, Gil, Murgi, Ekhi, Vazquez, Zumeta, Belloso, Telleria, Alonso eta Saralegi izan ziren. Laskoraingo bigarren taldeari dagokionez, Santxoren taldeak 4-3 galdu zuten Zurt tabernaren aurka.

Oinarriko taldeen emaitzak:

Probintzial 1. Maila: Zurt Taberna 4 - 3 Bide Bide Laskorain
Probintzial 2. Maila: Zarautz 2 - 0 Laskorain
Jubenila: Laskorain 2 - 3 Noto
Kadetea: Anoetako Ikastola 5 - 3 Laskorain
Infantila: Laskorain 9 - 0 Zarautz "B"

2012-11-23

J10. Atarikoa. Laskorain Ikastola - Tolosala Hirukide

Urteetan ikastetxeetako patioetan jokatu izan den norgehiagoka inoiz lehiatu den maila gorenean izango dugu ikusgai bihar Usabalen Laskorain Ikastolak eta Tolosala Hirukidek arratsaldeko lauretan aurrez aurre jarriko dituen partidan.

Aitzinean Eskolapioak zirenak, iaz eskuratu zuten igoera gutxi ez balute, sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira egunduko sasoi hasiera eginaz eta multzoko errebelazioa direla azpimarratuz.

Aurten jasan duen porrot bakarra Ibarra liderraren aurka izan da eta etxetik kanpo beste gainontzeko partidak irabazi ditu, beraz kontutan hartu beharreko arerioa da, ahaztu gabe noski, derbi batek berezkoak dituen beste osagaiak ere badituela.

Horitxoen aldetik, baja ziurra da Asier Etxeberria. Aurreko asteburuan txartel gorria ikusi ondoren, bi partiduko zigorra jaso du eta Aitorrek ezin izango du berarekin kontatu.

Oinarriko taldeen ordutegiak:

Nazional 3. Maila: Laskorain - Tolosala, Usabal, larunbata 16:00tan.
Probintzial 1. Maila: Zurt Taberna - Laskorain, Zubiaurre (Azpeitia), larunbata 17:15ean.
Probintzial 2. Maila: Zarautz - Laskorain, Antoniano (Zarautz), larunbata 19:30ean.
Jubenila: Laskorain - Noto, Usabal, larunbata 10:30ean.
Kadetea: Anoetako Ikastola - Laskorain, Abraham Olano (Anoeta), larunbata 11:00tan.
Infantila: Laskorain - Zarautz "B", Usabal, larunbata 09:30ean.

2012-11-19

Laskorainek 4-4 berdindu zuen Santurtziren aurka

Sailkapenaren erdian, azken postuei behin betiko agur esan eta gorantz begira jartzeko irrikan diren bi talde izan genituen nor baino nor Santurtziko udal kiroldegian.  Egungo 3. mailak ordezkatu duen Nazional B mailan behin baino gehiagotan aurrez aurre izan diren Santurtzi eta Laskorainek, beste orrialde bat idatzi zuten elkarren aurkako norgehiagoken historialean.

Pasa den astean Billabonako Egintza garaituta, beste hiru puntu eskuratzeko ilusioz bidaiatu zuen ikastolako taldeak baina 40 minuturen ostean berdinketan amaitu zen norgehiagoka. Lehen zati eder baten ostean 3 puntuak Tolosarako bidea hartuta zutela zirudienean, bigarren zatian egindako lan eskasak puntu bakarrean utzi zuen ikastolako mutilen arratsaldeko etekina.
Lehen zatian Aitorren mutilak nagusi izan baziren ere lehen minutuetan erabat lokartuta kantxaratu ziren. Epaileak txistua jotakoan ez baino etxekoek lehen gola egindakoan hasi zuten norgehiagoka horitxoek. Hortik aurrea, jokoan erabat nagusitu ziren eta pixkanaka markagailuari buelta eman zioten Etxebe, Telleria eta Gilen golekin.
Lehen zatiaren azken hondarrean jokoaren dinamika apurtu nahian etxekoek atezain jokalaria kantxaratu zuten baina Gilek aldea areagotzeko probestu zuen, baloi bat lapurtu eta markagailura  1-4koa  igo baitzuen atsedenaldiaren aurretik.
Lan zailena eginda zegoenean ordea partida erabat okertu zen eta bigarren zatian bizkaitarrak izan ziren jokoaren gidari.  Laskoraini baloiaren jabetza kendu eta emaitza orekatu arte etxekoan alde izan ziren markagailuaren aldaketa denak. Horrela 40 minutuak agortutakoan 4na goleko berdinketak puntu banaketa adostu zuen bi taldeen artean.
Berdinketekin puntu gutxi pilatzen bada ere, Laskorainek galdu gabe jarraitzen du eta datorren astean etxean jokatuko duen derbi garrantzitsurako ilusioz beteta itzuli ziren Santurtzitik Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Telleria, Murgi, Gil, Ekhi, Etxebe, Txiki, Alonso, Eñaut, Manso eta Aratz jokalariak.
Oinarriko taldeen emaitzak:

Probintzial 1. Maila: Bide Bide Laskorain 5 - 2 Gure Txokoa
Probintzial 2. Maila: Laskorain 2 - 5 Denak Taberna
Jubenilak: Atsedena
Kadeteak: Laskorain 6 - 3 Beasaingo
Infantilak: Goierri "B" 0 - 13 Laskorain

2012-11-16

J09. Atarikoa. Santurtzi - Laskorain Ikastola

Bigarren irteera Santurtzira eta oraingoan izen bereko taldearen aurka jokatzeko larunbatean Udal Kiroldegian 18:15ean hasiko den neurketan. Pasa den astean partidua hasi aurretik arerioak puntu bat gutxiago bazuen, biharkoak Laskorainek baino bat gehiago du eta, hortaz, beste norgehiagoka orekatu bat espero da.

Astean zehar Laskorain Ikastolako Areto Nagusian Jone Urteaga zuzendariak emandako hitzaldiak bere eragina izango duenaren segurantzarekin irtengo dira kantxara horitxoak eta, bide batez, sailkapenean postu batzuk irabazteko balio diezaieken 3 puntuak eskuratu.

Autobusa Usabal Kiroldegitik 15:15ean irtengo da.

Oinarriko taldeen ordutegiak:

Nazional 3. Maila: Santurtzi - Laskorain, Udal Kiroldegia (Santurtzi), larunbata 18:15ean.
Probintzial 1. Maila: Bide Bide Laskorain - Gure Txokoa, Usabal, larunbata 18:00tan.
Probintzial 2. Maila: Laskorain - Denak Taberna, Usabal, larunbata 16:00tan.
Jubenilak: Atsedena.
Kadeteak: Laskorain - Beasaingo, Usabal, larunbata 10:00tan.
Infantilak: Goierri - Laskorain, Usabal, larunbata 11:00tan.

2012-11-12

Laskorainek 2-5 irabazi zuen Billabonan Egintzaren aurkako derbia

Aitzineko bi jardunaldietan bi berdinketa mingarri pairatu ostean, Laskorainek denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi zuen pasa den larunbatean. Tolosatik oso gertu izan zen, Billabonako Olaederran, horitxoek 2-5 hartu baitzuten mendean Egintza-Transportes Lakunza talde bizilaguna.

Derbia ez zen batere samurra suertatu Aitorren mutilentzat. Lehen zatian, nahiz eta jokoaren ekimenaz jabetu eta nahiz eta baloia billabonatarren atetik gertuago ibili minuturik gehienetan, etxekoak izan ziren 10 metrotatik markagailua ireki zutenak eta atsedenaldiko 1-0koa ez zen horitxoentzat azken asteetako mamuak uxatzeko emaitzik aproposena.

Berragerpenean jokoak ez zuen aldaketarik jasan eta laskoraindarren nagusitasuna are eta nabarmenagoa bihurtu zen. Ondorioz, orain bai, horitxoek markagailuari itzulipurdia ematea lortu zuten, 1-3raino, golegile Gil, Telleria eta Murgi tridentea izan genuelarik zein baino zein gol ederragoarekin.

Zailenak egina zirudienean ordea, etxekoen kemena tarteko jokoa erabat orekatu zen, jokaldi bikain batean gainera 2-3-koa iritsi zelarik. Hiru puntuak dantzan genituen berriro eta ez zegoen batere argi nora eroriko ziren. Azpimarratu, une erabakior horietan, Aitorrek ausart Eñaut eta Manso filialeko jokalariak ipini zituela bostekoan eta bi gazteek erantzun paregabea eman ziotela entrenatzaileari.

Eñaut Vazquez izan zen hain zuzen partida erabaki zuena horitxoen laugarrena sartuaz. Presinean baloia lapurtu eta jaurtiketa bortitz batekin gola sartu, bakar bakarrik egin zuen dena. Ondoren, partidaren hondarrean jada, Gil kapitainak sinatu zuen azken 2-5-koa etxekoen atezain jokalariaz baliatuaz.

Pozik ziren berriro garaipen bat dastatuaz Javi delegatua, Aitor entrenatzailea eta Endika, Telleria, Gil (k), Murgi, Eñaut –haserako bostekoa-, Txiki, Alonso, Etxebe, Manso eta Aratz jokalariak. Baja izan genituen Joniko, Ekhi eta Lander.
 
Oinarriko taldeen emaitzak:
 
Probintzial 1. Maila: Allerru Jaizkibel 6 - 5 Bide Bide Laskorain
Probintzial 2. Maila: Laskorain 5 - 6 Samaniego Orixe
Jubenilak: Cafeteria King Kong 3 - 4 Laskorain
Kadeteak: Samaniego Orixe 5 - 3 Laskorain
Infantilak: Laskorain 7 - 4 Zarautz "A"

Iker Santxoren mutilak esku hutsik itzuli ziren Lezora egindako bisitan 6-5 galdu ostean. Etxez kanpo jokatu dituzten aurrekoetan bezela, partidu kaxkarra eta akatsez jositakoa burutu zuten eta ate aurrean gol aukerak egiteko erreztasunak ez zien oraingoan garaipena lortzeko balio izan.

Nahiz eta jokoan akatsak pilatu, markagailuan berdintasuna izan zen nagusi eta horren adierazgarri bi taldetako inork ez zuena gol bat baino gehiagoko alderik lortu. Lehen zatiak gol festa ikusteko parada eman zien Bekoerrota kiroldegira gerturatutako zaleei; 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3 eta 3-4ko eboluzioa izan zuen elektronikoak, eta bigarrenean Allerruk, bi gol jarraian egin eta horitxoek berdinketa sinatu ondoren, azken 6-5ekoarekin itxi zuen sareratzeen kontua.

Amaieran, Iker, "lehen zatiko arerioaren nagusitasunaren aurrean partidua galdutzat ez eman eta besoak jetsi ez izanarekin" gelditzen zela adierazi zuen, eta noski, "etxetik kanpoko dinamika aldatu behar denaren proposamenarekin".

Lezon porrota jasan baina bigarren postuari eutsi ziotenak, Iker entrenatzailea, Malvadi, Illunbe, Joshua, Maikel (1), Zumeta (2), Martija, Txato (2), Beñat, J.M. eta Otto.
 

2012-11-09

J08. Atarikoa. Egintza - Laskorain Ikastola

Sasoiko bigarren derbia jokatuko du Laskorainek bihar Billabonako Olaederra Kiroldegian taulan puntu batera duen Egintza taldearen aurka.

Talde biek duda-mudako hasiera izan dute, eta sailkapenean berdintasuna ikus daitekeen arren (8 puntu batak, 7 besteak), tolosarrek billabonatarrek baino ia gol erdiak jaso dituzte (21 horitxoek, 41 Egintzak) eta kopuru berdina (22) sareratu.

Hortaz, atea ongi babesten oinarritu beharko luke Laskorainek bere garaipenaren bidea.

Asteburuko ordutegiak:

Nazional 3. Maila: Egintza - Laskorain, Olaederra (Billabona), larunbata 18:00tan.
Probintzial 1. Maila: Allerru Jaizkibel - Bide Bide Laskorain, Bekoerrota (Lezo), larunbata 17:00tan.
Probintzial 2. Maila: Laskorain - Samaniego Orixe, Usabal, ostirala 20:30ean.
Jubenilak: Cafeteria King Kong - Laskorain, Olaizaga (Elgoibar), igandea 11:00tan.
Kadeteak: Samaniego Orixe - Laskorain, Uzturpe Frontoia (Tolosa), larunbata 10:00tan.
Infantilak: Laskorain - Zarautz "A", Usabal, larunbata 10:00tan.

2012-11-05

Laskorainek hirunako bigarren berdinketa jarraian lortu zuen Soloarteren aurka

Baldintza zorrotzeko frogari aurre egin zion Laskorainek joan den Larunbatean Usabalgo polikiroldegian, azken urteetan zehar 2.B mailan aritutako Soloarte talde boteretsuaren aurka lehiatu behar izanak ez du beste izendapenik merezi eta tolosarrek gaur egun duten puntu premiak presio gehigarri bat ezartzen zuen taldearengan.

Arerioak bildutako ezaugarriak ez ziren jolaserako aproposenak eta errealitatearen ezagupen osoarekin, lehiaketarako prest kantxaratu ziren Aitorren mutilak beste edozein modutako xedapen batek porrot sahiestezin bat ekarriko zuela jakinik.
Ez zen batere ondo hasi partida etxekoentzat 0-1 aurreratu bait ziren bizkaitarrak, baina estraineko sensatzio txarrei buelta ematen jakin eta Murgik eginiko bi golen bitartez 2-1-koa ezarri zen markagailuan lehengo zatia amaitu baino lehen. Bitarte horretan atezain bizkaitarra kanporatua izan zen eta bi minutuetan zehar gizon bat gehiagorekin jokatu arren ezin izan zen abantaila areagotu.
Bigarren zatian 3-1-koa erori zen berriro etxekoen aldetik filialeko jokalari den Zumeta gazteak bere debutean eginiko golari esker eta neurketa itxura onez margotzen hasia zen ordurako. Jakina da hala ere areto futbolean azken unerarte besorik jeitsi behar ez dena eta bilbotarrek 3 minuturen faltan izua sartu zuten ikastolakoen gorputzean 3-2-ko raino aldea murriztuaz.
Jokaldi ero batean eta azken segunduan kontraeraso baten errotik etorritako falta bat adierazi zuten epaileek area ertzean eta berdinketa etorri zen norgehiagokaren azken hasperenean zuzeneko jaurtiketa batean.
Kolpe gogorra ezbairik gabe Aitorren mutilek jasotakoa, hiru puntuek azken unean modu horretan ihes egin arren aurrera begiratu beharra dago eta urrutiegira joan gabe datorren astean Billabonako Egintza taldearen aurka beste aukera berri bat izango dute horitxoek beharrezkoa egiten den garaipen berri bat eskuratzeko.
Larunbatean Usabalen, Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Telleria, Murgi, Belloso, Etxebe, Ekhi, Vazquez, Zumeta, Alonso eta Aratz izan ziren.  Filialari dagokionez, Santxoren mutilek 4-2 irabazi zuten Horbel Tabernaren aurka eta bigarren postuan dira liderraren puntu kopuru berdinarekin.
Oinarriko taldeen emaitzak:

Probintzial 1.Maila: Bide Bide Laskorain 4 - 2 Horbel Taberna
Probintzial 2.Maila: Gamon KE 4 - 2 Laskorain
Jubenilak: Ez da jardunaldirik egon.
Kadeteak: Ez da jardunaldirik egon.
Infantilak: Ez da jardunaldirik egon.

Iker Santxoren mutilen partiduaren kronika ere iritsi zaigu. Iazko txapelduna izan zen Horbel Taberna talde hernaniarra gailendu zuen 4-2ko emaitzarekin lehen 20 minutu ikusgarri batzuen ondoren (3-0).

Atsedenaldira bidean ordea, aldea murriztea lortu zuten kanpotarrek 3-1koarekin, eta bigarren zati hasieran horitxoak gehiago izan baziren ere, 15 minutu faltan gol bakar batera jarri zen aurkaria bi eraso azkarren bitartez.

Baina partida guztian zehar bezela, baloi jabetza eta norgehiagokaren nondik norakoak kontrolpean izan zituen Laskorainek gauzak bere tokian jarri zituen 4-2ko azken emaitza izango zen sareratzearekin. Hernaniarrek kolore guztitako aukerak izan zituzten golaren aurretik eta ondoren, baina Aratz atezainak bata bestearen atzetik saiestu zituen, talde osoarekin batera, filialak duen maila altua agerian jarriaz.

Denboraldi hasiera honetan, 4 garaipen eta porrot bakarrarekin ko-lidertzan daude Santxo eta Fru-Karanka entrenatzaileak gidatzen dituzten Aratz, Malvadi, Beñat (1), Illunbe, Maikel (1), Joshua (1), Otto, Txato, Zumeta (1), Urko, Martija eta Vazquez (1) jokalari gazteak.

Segi horrela mutilak!