Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 2-5 irabazi zuen Inter taldearen aurka

Azken asteetako emaitzen ondorioz eta zehazki Goierriren aurka jasandako porrotaren atzetik, behar-beharrezkoa zuen Laskorainek animoak jaso eta sailkapenean bere kokapena finkatzeko balioko zuen garaipen baten lorpena. Egoera honen lehen epailea Donostiako Inter Eder Kafetegia, ordurarteko zazpigarren sailkatua izango zen. Tolosarren aspaldiko ezaguna da Mons polikiroldegian jokatzen duen taldea eta azken urteetan zenbait gorabehera jasan arren denboraldi txukuna betetzen ari da aurtengoan Aitorren mutilei inoiz baino zailagoa suertatzen ari zailen Hirugarren maila honetan. 

Lehen zati txiroa bete zuten horitxoek, lerroak atzean kokaturik eta kontraerasoaren bila egiteko asmotan, Joniko izan genuen 0-1-ekoarekin asmatzen lehena baina sentsazioak emaitza partzialaren oso bestelakoak izaki berehala biratu zuten markagailua etxekoek eta 2-1-eko kezkagarri batekin amaitu ziren lehen 20 minutuak.

Arima itzali baten itxura erakutsi zuten tolosarrek eta zaletu ezjakinenaren  irakurketarik sinpleenak ere zerbait aldatu beharra zegoela susmatzen zuen. Gauzak horrela, atsedenaldian Aitor entrenatzaileak Panoramix druidaren edabe magikoa prestatu eta jokalari bakoitzari tragoxka bana banatuaz taldearen itxura erabat birmoldatu zuen. Presio bortitza, jarrera bikaina eta erasoan erakutsitako adimena arma moduan erabiliaz Interren gainetik zapalgailu baten moduan pasa ziren ikastolakoak Zumeta eta Telleriaren hasierako golekin, eta amaieran Jonikok eta Etxebek borobilduriko sareratzeek partidua itxi zuten.

Erabateko garrantzia zuen Laskorainentzat espero baino gehiago berandutzen ari zen garaipen baten eskurapenak eta joan den larunbatekoa aurten ematen ari den ibilbide traketsean inflexio puntu bat izango delakoan dira jokalariak. Ondorengo jardunaldietan ikastolakoen erreakzioa sendotu beharra dago eta urrutiegira joan beharrik gabe, datorren astean Sestao bizkaitarrak bisitatuko du Usabalgo polikiroldegia, aukera paregabea beraz gabonetako geldialdiaren aurretik bultzakada positibo bat eragingo lukeen garaipen batekin 2012 urte naturala amaitzeko.

Larunbatean Donostian Javi delegatua, Javi “coach manager”-a, Aitor entrenatzailea, Endika, Gil, Telleria, Joniko, Etxebe, Belloso, Zumeta, Alonso eta Iturralde jokalariak izan ziren garaipenaren protagonistak. Harrobiari dagokionez, Santxoren mutilek 6-4 galdu zuten eta Maiorgak zuzendutako gazteek aldiz 4-2 garaitu zuten Zarautz K.E. taldea.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]