Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 6-0 galdu zuen Aurrera de Vitoriaren aurka

Urteko irteera zailenetako bati aurre egin zion Laskorainek joan den larunbatean Gasteizko Olaranbe polikiroldegian Aurrera de Vitoria bigarren sailkatuaren aurka jokatu beharreko neurketa trabatuan. Bigarren itzuliari hasiera emateko arerio historikoa eta itzelezko denboraldia betetzen ari dena egokitzen zitzaien ikastolakoei. Aitorren mutilek bestalde baja garrantzitsuak jasan dituzte azken asteetan baina beste behingoz agortezina dirudien harrobiaren eskutik bermatu zen entrenatzailearen deialdia. Murgi, Joniko, Gil eta Bellosok ezin izan zuten gainontzeko taldekideen alboan jardun.

Kantxa gainean ikusitako gasteiztarren nagusitasuna ukaezina izan arren, elektronikoak amaieran erakutsitako emaitza zabalak zigor gogorregia suposatzen du tolosarrentzat izan ere minutu ugarietan zehar itxura ona emateaz gain abagune paregabeak garatzea ere lortu bait zuten horitxoek. Neurketaren hasieran buruz-buruko aukera bik eta zutoinkada batek sareetarako biderik asmatu ez izanak etxekoen ondorengo erantzuna baimendu eta segidan jasotako hiru golekin 3-0-eko emaitza pisutsuaren aurka ekin behar izan zuten Aitorren mutilek.
Bigarren zatiko filmearen gidoia beste horrenbeste suertatu zen, tolosarrek hasiera ona eskeiniaz, zorterik gabe ate aurrean eta gutxien espero zenean 4-0-eko mingarri eta erabakiorra ailegatu zen. Atezain jokalariaren taktika ipiniaz markagailua apaintzeko ahaleginek kontrako eragina ekarri eta 6-0-ekoarekin amaitu zen Gasteizko atalburu goibela.
Arerioak erakutsitako maila ere bikaina izan zela esan behar da, ez alferrik Hirugarren mailako lidergoa eskuratzea lortu zuen joan den larunbatean batutako garaipenarekin.
Datorren astean Zarautz K.E.-ren bisita jasoko du Laskorainek Usabalen aurpegi ezagunak izango dituen norgehiagoka batean. Bigarren itzuli osoa gelditzen da oraindik aurretik eta zaletuei eskeintzeko moduko neurketa magiko ugari izango dira ondorengo hilabeteetan.
Larunbatean, Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Etxebe, Balerdi, Telleria, Ekhi, Manso, Josu, Zumeta, Vazquez eta Saralegi izan ziren Gasteizen. Filialari dagokionez, Santxoren taldeak 2-7 irabazi zuen Azpeitiko taldearen etxean. Maiorgaren jubenilek bestalde 3-3 berdindu zuten Egintzaren aurka.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]