Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek puntu baliotsua lortu zuen Lasarteko Buruntzaren aurka

Eguberrietako turroien ondotik berriz ere txapelketari ekiteko zita zuen Laskorainek pasa den larunbat arratsean. Aurkari, etxeko partidetan ia punturik galtzen ez duen Lasarteko Buruntza taldea izan zuten horitxoek eta 40 minutu parekaturen ostean, 2na gol eginda, puntu banaketarik amaitu zen norgehiagoka.

Laskorainek Lasarten aurkeztu zuen taldea (Txema Vallesen argazkia)

Partida zail honi aurre egiteko baja garrantzitsuak izan zituen taldeak, taldeko zutabe garrantzitsu diren Murgik eta Gilek orkatila bihurrituta eta sorbalda irtenda baitzituzten hurrenez hurren. Deialdia osatzeko, harrobiko jokalariak izan arren lehenengo taldean gero eta pisu gehiago hartzen ari diren Josu, Zumeta eta Eñaut pistoleroak bereganatu behar izan zituen Aitor prestatzaileak.
Epaileak lehen txistua jotakoan talde horitxoa izan zen baloiaren jabetza bereganatu zuena eta etxeko taldea berriz kontraerasora min egiteko pronto agertu zen defentsa sendoa burutuz. Ikastolakoak baloia hara eta hona ederki mugitu arren ate aurrean ez zuten asmatu eta bai etxekoek pasa txar bat lapurtu ostean Endikaren atea zulatzen, 1-0 atsedenaldira.
Bigarren zatian jokoa zertxobait nahastu zen eta baloiak ez zuen jabetza argirik izan, 3 zutoinkada jo arren Laskorainek ezin markagailua estreinatu partidaren azken hondarrean sartu arte. Joko nahasi horretan larunbat gauetan bezain gustura sentitzen den Zumetak egin behar izan zuen banakoa atzera geratzen ez den Etxeberekin bat biko bikaina egin ostean.
Berdinketaren ondoren Laskorain 3 puntuen bila joan zen goi goian presio bikaina eginez eta 90 segundoren faltan Etxebek ate barrura bidali zuen area inguruan lapurtutako baloi bat. Zailena eginda zegoenean ordea etxekoek atezain jokalaria kantxaratu zuten eta jokaldi ero baten ondoren markagailuak amaieran erakutsiko zuen 2nakoa erdietsi.
Puntu bakarrarekin konforme ez eta Laskorainek erabili zuen atezain jokalaria azken segundoetan,bi taldeek izan zuten sinetsi ezinezko aukera bana baina golik ez.
Geldialdiaren ondoren ez galtzeari garrantzia eman eta puntu soil horri datorren astean etxeko partida irabazita jarraipena emateko asmoarekin itzuli ziren etxera Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Iker, Beñat, Mikel, Ekhi, Etxebe, Josu, Zumeta, Eñaut eta Joniko jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]