2013-02-25

Laskorain nagusi Mallabiaren aurka, 11-4

Gol festa bikainaz gozatu ahal izan zuten termometroak aurtengoan izan duen mailarik baxuenetik aldenduz Usabalgo kiroldegiko epelera inguratu ziren zaletuek. Kanpoan elur malutak erortzen ziren erritmo berean igo ziren golak markagailura barruan eta 40 minutu zoroen ostean ikastolako mutilak gailendu ziren bizkaitarren aurrean 11 eta 4.

Mallabia gol gehien sartu eta jasotzen dituen taldeetako bat izaki, partida zoroa espero zen eta markagailuak erakusten duen moduan halaxe gertatu zen. Tolosako parrandazale belaunaldi berriaren meka bilakatu den Iruña taberna partidako babeslea izateak ere profezia zirudien eta nola ez, Zumeta “saturday night celebrity”-a izan genuen nahasmenaren erdian izarra bere lau golekin.
Norgehiagoka ordea ez zen azken markagailuak pentsarazi lezakeen bezain erreza izan, horitxoak ia partida osoan aurretik joan baziren ere azken minutuetan soilik handitu baitzen aldea. Partidako lehen minutuan soilik izan ziren aurretik bizkaitarrak, kanpotarren golari segundo gutxitan erantzun baitzion etxekoen alde Etxebek egindako golak.

Erritmo biziz jokatutako lehen 20 minutuetan aukera eta hutsegite asko izan ziren arren Zumetak golak egiteko erakutsitako erraztasunak 5-2 aurreratu zituen etxekoak.
Atsedenaldiaren ostean gidoi berbera izan zuen markagailuak, baloia mugimenduan jarri orduko kanpotarrek egindako golari Etxebek erantzun baitzion berriz ere, 6-3. Aurkariak faltaz aldea murriztu bazuen ere Zumeta eta Jonikoren golek markagailua erabakita utzi zuten, 8-4.

Norgehiagokaren ondarrean atezain jokalariarekin Mallabiak egindako saiakerak ez zuen fruiturik eman, Eñaut, Etxebe eta Ekhik aldea areagotu baitzuten etxekoen saskia 11 golekin bete arte.
Denboraldiko gol errekor berriarekin gustura erretiratu ziren aldageletara Javi eta Aitor prestatzaileak, Aratz, Alonso, Etxebe (3), Ekhi (1), Eñaut (1) -haserako bostekoa- Telleria, Gil, Zumeta (4), Txiki, Joniko (2) eta Koldo jokalariak.

2013-02-18

Laskorainek 2 eta 1 galdu zuen Belabietan Ibarraren aurkako derbian

Estreinakoz bere 20 denboralditako bilakaera luze eta emankorrean, Laskorainek partidu ofizial bat jokatu zuen Ibarrako Belabietan bisitari gisa. Patuaren kapritxoz beti ere hain seinalatua den iñauteri biharamuneko jardunaldian egokitu zen, festaren ajea eta ajearen nagikeria nahasten diren asteburu astunean; eta alkarren aurka birritan besterik lehiatu ez duten arren, tolosaldeako areto futboleko derbi guztien ama, ibartarren alde erori zen 2 eta1.

Hainbeste bider irudikaturiko norgehiagokarako horitxoek azken sasoiean izan dituzten baja garrantzitsuetatik bat berreskuratzen zuten –agidanez Joseba Gil kapitainarentzat terapia osasungarri dira txarangaren gibeletik buruturiko kalejirak, salto eta brinkoak- eta ondorioz itxaropentsuago jauzi zuten bizilagun liderraren kantxara.

Haserako minutuetan gainera zeharo ustekabean harrapatu zituzten etxekoak, baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena eztabaidatu eta lapurtuaz eta derbia zeinbaitzuk uste baino gogorragoa izango zela forgatuaz. Bi baloi galera hustiatuz ordea more koloredunak izan ziren markagailua ireki zutenak, 2-0, baina kolpea kope ikastolakoek berean jarraitu zuten eta atsedenaren aitzinetik aldea murriztu korner batean. Telleriak Zumetari katapun.

Aldageletatik bueltan jokoak zeharo orekatuta jarraitu zuen, bi taldeak nor baino nor eta puntuak txilaba soinean dantzan alde batetik bestera, baina gezurra badirudi ere tamalez markagailua ez zen gehiago mugituko.

Amaieran, laskoraindar jokalari eta zaletuak gutxien gutxienez berdinketa merezi izan zutenaren irudipen eta aldarrikapenarekin irten ziren, eta jokoa eta aukerak ikusita beharbada horixe izanen zen emaitzarik zuzenena, baina porrotak jada ez zuen erremediorik. Nolahala, bihotz horitxoa zuen oro harro zegoen oso taldeak emandako joko maila bikainarekin.

Bi hamarkadetan zehar, Belabietara jokatzera joan ahal izateko lan egin duten jokalari belaunaldi guztien ordezkariak izan ziren Javi delegatua, Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Endika, Saralegi, Telleria, Alonso, Gil, Etxebe, Belloso, Iturralde, Zubillaga, Vazquez, Zumeta eta Otxoa jokalariak. Erronkaren exijentziaren pare egon zen bidalitako enbaxada.

Iker Santxezen taldeak Ventanas Isu Leihoak liderraren aurka amore eman behar izan zuen (4-5) eta Maiorgan jubenilek errez menderatu zuten Summa Aldapeta talde donostiarra. Bi taldeek sailkapenean laugarren postu eroso batean dihardute.

2013-02-14

Laskorainek 1-1 berdindu zuen Santurtziko San Jorgeren aurka

Ibarrako Belabieta polikiroldegian jaso zuen Santurtziko San Jorgeren bisita Laskorainek Zaldunita bezperan ihauterietako astean, urtero ohi izan den moduan Usabalgo zentrua itxita egoten bait da 7 egunetan zehar.

Neurketa trabatua egokitu zitzaien tolosarrei, lehen itzulian jokaturiko partiduan bizkaitarrak erraztasunez menderatu arren, oso bestelakoa suertatu zen joan den larunbatekoa eta garaipena minutu luzeeten zehar eskura izanda ere azkenean puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten Aitorren mutilek.

Lehen zatia errespetu haundiz hartu zuten bi taldeek, 0-0-eko markagailua apurtzeko abagune gardenik gabe, bietakoren baten hutsegitea erortzeko itxaropenean ikastolakoen aldeko izan zen zortea eta Bellosok bizkaitarren hanka sartze larri bat kupidarik gabe sareratu zuen 1-0 jarri zirelarik horitxoak elektronikoan aurretik.Gol ederra bezain garrantzitsua baina aldea laburregia zen oraindik eta gogotik lan egin beharra zegoen garaipenaren jabe izan nahi izatekotan.

Bigarren zatian aldiz joan etorri ugari gertatu ziren eta bizkaitarrek, teknikoki talde kaxkarragoa izaki, norgehiagoka beraien eremura eramanez, azkenean, jokaldi arriskutsu baten ondorioz, baloia area barruan sartzea lortu eta berdinketaren gola egin zuten 12 minuturen faltan.
Laskorain kementsu eta gogotsu aritu zen bukaerararte, baita azken minutuetan atezain jokalariaren bitartez saiatuta ere, baina azkenean markagailuak berean iraun eta puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten bi taldeek. Endikaren gelditu erabakiorrek ere amaiera goibelagoa izan zitekeena ekidin zuten azkenik.

Datorren astean berriro Ibarran jokatuko du taldeak baina oraingo honetan kanpotar moduan, izan ere Ibarra liderraren aurka neurtu behar izango bait ditu indarrak urteko partidarik zailenetako batean. Sailkapeneko erdiko postuetan eroso dira Aitorren mutilak baina ahalik eta bukaerarik onena lortzeko asmoak dirau jokalari bakoitzaren buruan.
Larunbatean Ibarran Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Alonso, Telleria, Joniko, Iturralde, Zumeta, Belloso, Ekhi eta Etxebe izan ziren. Filialari dagokionez, Santxoren gazteek 3-4 irabazi zuten Euskaldunaren aurka eta laugarren postuan eta gora begira da sailkapenean.

2013-02-05

Laskorainek garaipen berri bat lortu zuen Bilbon

Hungariako ijitoak zartari eta lapikoak kolpatuz iñauterien etorrera ospatzen ari ziren bitartean jokatu zuen pasa den asteko norgehiagoka Laskorainek. Sailkapeneko zuloan egon arren , lehen garaipena eskuratu berritan moralez gainezka zen Gorataldearen aurka egin behar izan zuten ikastolako mutilek.

Eginkizun horretarako 3. astez jarraian lehen taldeko baino harrobiko jokalari gehiago zituen deialdia osatu zuen Aitor Pep prestatzaileak. Lesio eta bestelako halabeharrez bada ere, belaunaldi aldaketa bikaina ari da burutzen eta gazteek ederki erantzun diote erronkari. Aldaketa horren lekuko San Endika aulkian utzi etaAratzek osatutako partida bikaina.
Norgehiagoka guztiz eroa izan bazen ere, lehen zatian ez zen bigarrengoaren adinako gol festarik izan. Josuk eta Txikik egindako golek horitxoentzako 1-2ko abantaila utzi zuten markagailuan atsedenaldira joan aurretik.
Bigarren zatian berdintasunak bere horretan jarraitu zuen arren, ate aurrean zorrotzago aritu ziren bi taldeak eta 4na orekatu zen markagailua, Josuk berriz ere eta Etxebek egindako golei, etxekoek hiru golekin erantzun baitzien.
Partidak alde batera edo bestera egiten duten minutu erabakigarri horietan ordea Laskorainek askoz hobeto jokatu zuen eta 3 gol errenkan eginda 3 puntuak tolosako inauterietarako bidean ipini ziren. Etxekoek atezain jokalariarekin egindako azken golak 5-7koan utzi zuen markagailua.
Garaipen honekin sailkapenaren erdian goruntz begira dagoen taldean kokatu da Laskorain, konfiantza berreskuratu eta datorren astean inauteriak direla eta Ibarran jokatu beharreko partidan 3. garaipena lortzeko ilusioz.
Larunbatean Javieta Aitor prestatzaileekin batera, Aratz, Endika, Telleria, Balerdi, Josu, Etxebe, Ekhi, Txiki, Vazquez eta Jonikok osatu zuten deialdia.